Bernardo Atxaga: “Ez goaz argirantz, ilunak bultzatzen gaitu” (I)

Pare bat astez itxaron ondoren, iritsi zen urriaren 17a. Udazkeneko egun hotz horietakoa bazirudien ere, eguzkiaren berotasunak emeki-emeki epeldu zuen giroa. Agian, zuetako askok, egutegiak aurrera egin ahala, erraz ahaztuko duzue. Nik, ordea, luzaroan gogoratuko dudan sentipena daukat, hain izan zen handia bizi izandakoa!

Atxaga eta Irune solasean

Goizeko 11:00etan abiatu ginen ikaskide eta lagun dudan Laura, aita eta hirurok Zalduondorantz. Bidaiaren zati handiena isilean egin genuen, pentsakor. Urduritasuna errealitatearen jabe egiten denean, batzuetan, halakoak gertatzen dira. Isiltasun hori, alabaina, uren banalerroa zeharkatu bezain laster galdu zen. The Rose abestuz ailegatu ginen Zalduondora. Atxagaren etxea bistaratu, eta dei egin genion. Berehala azaldu zen, Argi eta Gorki inguruan zebilzkiola, harrera egitera. Bere emazte den Asun Garikano itzultzailea aurkeztu, eta Elisabete eta Jone alabak ezagutzeko parada izan genuen. Horri jarraiki, bere liburutegia ikusteko gonbita luzatu zigun, baita guk gogo handiz onartu ere! Horrela, ganbarara igo ginen, zer aurkituko genuen oso ondo ez genekiela. Han aurkitutakoak aho bete hortz utzi gintuen. Lilura nagusi zen gure aurpegietan; halako zirrara berezi bat sentitu nuen, nik behintzat, barrenean. Behin liburutegia ikusirik, bere idazgelara jaitsi ginen. Berotzen utzia zeukan gela eta epela nabari zen. Goxotasun hartan, eta aholku pare baten ondoren, ekin genion elkarrizketari.

Izenez, Jose Irazu; goitizenez, Bernardo Atxaga. Zuk nola deitzea nahiago?
Atxaga gaztetan, Bilbon, hartu nuen ezizena da, batez ere diktaduraren garaian pittin bat isilpean ibiltzeko. Izen hori, egia esan, astuna egiten zait orain, zama bihurtu da. Hori tatuaia bezalako zerbait da. Aurrena, tatuaiak, agian, ilusio pittin bat egiten du, baina tatuaia berbera 30 urtez, azkenean ez duzu begi aurrean ikusi ere egin nahi.
Gauzak horrela, nire jaioterrian beti Joxe izan banaiz ere, hemen eta Bilbon, orain denek Joseba deitzen didate. Beraz, Joseba da nire izena, eta Atxaga eta Bernardo dira nire lan marka.

Zure baimenarekin denboran atzera egingo dugu. Haurtzaroa Asteasun eta nerabezaroa Andoainen igaro ondoren, Bilbora joan zinen Ekonomia Zientziak ikastera. Herritik hirirako egokitze prozesu horrek zer berrikuntza ekarri zituen zure bizitzara?
Niretzat jauzirik handiena Asteasutik Andoainakoa izan zen. Beharbada, hori da Euskal Herriak duen ezaugarrietako bat. Ez dago harreman zuzenik distantzia fisikoa, tarte fisikoa, eta tarte kulturalaren artean. Asteasutik Andoaina, oinez ere, ordubete nahikoa izango da, lau kilometro izango dira, bost. Hala ere, ni hara 1963an joan nintzenean, hamabi-hamahiru urterekin, aurkitu nuena hain zen desberdina!
Asteasun politikaz, esate baterako, ez zen arrastorik ere. Nik dakidala, inork ez zuen horretaz hitz egiten. Andoaina iritsi nintzenean, jakin nuen aurreneko gauza hamazazpi talde politiko klandestino zeudela izan zen. Harrigarria egin zitzaidan. Gogoratzen naiz batek esan zidala: “Ni troskista naiz”. Nik, orduan, ez nekien zer zen troskista izatea ere, eta gero gehitu zuen: “Hemen hiru talde troskista gara, elkarrekin haserretuta gaude eta ni horietako batekoa naiz; ez halako troskista orokorrean”.
Alde batetik, hori. Eta bestetik, gauza askok harritu ninduten, esate baterako, neskekiko hurbiltasunak. Gure kasuan, Asteasun, neska eta mutilen artean harremanik ez zegoen. Ez geneukan inolako konfiantzarik, ez zegoen laguntasunik. Bai, halako batean bikote bat sortzen zen, eta gero ezkondu, eta abar eta abar; baina harremana, horrela esanda, ez zegoen. Andoainen eta leku horietan, koadrilak neskek eta mutilek osatutakoak ziren; oso deigarria iruditu zitzaidan. Beraz, niretzat jauzia izan zen nekazal gune batetik industria giro batera joatea, Andoaina. Hori oso jauzi erabakiorra izan zen nire bizitzan.

Aldaketa horiek eraginik izan al zuten, gerora, Obabakoak nobelan, basoa -herriko bizimodua- eta hiria bereizteko azalduriko grina horretan?
Bai. Hain zuzen ere, nik uste dut nire gaietako bat aldaketarena izan dela; baita eraldaketarena ere, edota transformaketarena. Era guztietako aldaketak interesatu izan zaizkit. Obabakoaken badago ipuin bat, non baitirudi haur bat basurde bihurtu dela. Hori transformaketa bat da.
Gero, badago beste transformaketa orokorragoa munduarekin zerikusia daukana. Zer da mundua? Mundua da zerbait, ez dakit nola esan, unibertso bat, halako osotasun bat duen gune bat. Niretzat hala zen Gipuzkoako edo Euskal Herriko nekazal mundu hori, osotasun bat zuen zerbait zen: bere festak zituen, bere kirolak zituen, bere hitz egiteko moduak zituen, bere portaerak zituen, bere irudiak zeuzkan buruan –imaginaire esango lukete-, eta abar. Horrek osotasun bat zuen, eta hori une horretan zarpailtzen ari zen; desegiten bezala ari zen, ez erabat, baina desegiten ari zen. Obabakoaken, beste ardatz pare batekin batera, hori da ardatz nagusia.
Baina zein da benetako zailtasuna horrelako gai baten aurrean? Bada, klasikoek zehaztasun poetikoa esango lukete, exaktitude poetikoa. Zuk begiratu Asteasu edo horrelako herri bati, eta hortik sor dezakezu, esate baterako, literatura naturalista bat: hango kasuak kontatu, hango xelebreak, hango ez dakit zer… Hori ez da zehaztasun poetikoa. Leku horri ez dio justizia egiten horrelako erretratu batek. Niri kosta egin zitzaidan mundu hori ikusteko zirrikitu bat aurkitzea.
Behin baino gehiagotan kontatu izan dut Napolesera amarekin joan nintzenekoa. Han museo arkeologikoa ikusi nuen, eta museo arkeologiko horretan Ponpeiako mosaikoak daude. Mosaiko batean ikusi nuen batazaka-biazaka, kurkuruxetan, tabak jostaketa hori. “Ze gauza harrigarria!” pentsatu nuen, “hemen dagoen jostaketa hori –kurkuruxetan uste dut esaten ziotela Asteasuko neskek- orain dela 2000 urteko mosaiko honetan dago”. Nik hori ikusi egin dut nire herrian. Nire lehengusinak eta, horretan jostatzen ikusi ditut; gaur egun, ordea, jostaketa hori galdua dago, jolas hori galdua da. Orduan pentsatu nuen: “Orain dela bi mila urte behintzat bazen hari bat ia nire haurtzarora arte egon da, eta hari hori eten egin da. Zergatik ez tratatu Obaba, Asteasu eta mundu hau halako antzinako mundu bat balitz bezala? Baina ez antzinako 1900ekoa, Virgilioren garaikoa baizik, orain dela bi mila urtekoa”. Horrek ondorio literario asko ditu, esate baterako, ezin duzu inolako lexiko psikologikorik erabili. Ezin duzu esan pertsonaia bat deprimituta dagoela, deprimitu hitza Freud eta psikoanalisiarekin sortu baita, eta hori mila bederatziehun eta ez dakit zenbatekoa da; beraz, hori ez dagokio Obabari. Obaban, barruko gauzak adierazteko fantasmekin, mamuekin, animalien istorioekin, eta abar jokatu behar duzu. Aldaketa hori ikusi eta zirrikitu bat aurkitzea izan da, antzinako leku bat zela pentsatuz, hori adierazteko zirrikitu bat.

Idazteko zaletasuna gaztetatik izan duzun zerbait dela badakigu. Ikasten ari zinela, euskaraz argitaratu zen zure lehen lana Borobila eta puntua izan zen. Geroago, lana eta idazketa uztartu behar izan zenituen, eta horrela jaio ziren Ziutateaz nobela eta Etiopia poema sorta. Urte batzuk behar izan zenituen idaztera mugatzeko erabakia hartzeko. Hasieran zaletasuna zena, nola pasa zen ogibide izatera? Zerk animatu zintuen horretara?
Hori erraz esan dezaket. Bada esaldi bat nik askotan errepikatzen dudana gure artean: “Ez goaz argirantz, ilunak bultzatzen gaitu”. ‘Ilunak bultzatzen gaitu’ ez da zu inora zoazela, zerbaitek hara eramaten zaituela baizik.
Zerk eraman ninduen ni idaztera? Bada, lan edo ogibide arruntek ematen zidaten amorruak. Nik ezin nuen sufritu ekonomialari bezala banku batean lan egiten, gaixotu egiten nintzen. Ez zen nire nahia, eta neure burua ikusten nuenean 23-24 urterekin, han, gorbata batekin jantzita, banku batean lanean eta pentsatuz han egin beharko nituela ez dakit zenbat urte, ito egiten nintzen. Irakasle bezala ahalegindu nintzen, baina irakasle izatea ez zitzaidan batere gustatzen. Halako batean, pentsatu nuen: “Begira, hemen zer edo zer egina daukat, zer edo zer argitaratua daukat…”
Benetakoa den pasadizo bat esango dizut. Nire lehen egile eskubideak Tejero Kongresuan sartu zenean kobratu nituen, 1981eko otsailaren 23an, eta pixka baterako lana uzteko askatasuna emango zidaten. Gogoratzen naiz egun horretan anaietako batek esango zidala: “Aizak, hau eta hau gertatu duk edo gertatzen ari duk. Ematen dik, beharbada, estatu kolpe bat izango dela eta erne ibili beharko diagu”. Eta nik pentsatu nuen: “Erne ibili beharko diagu, baina ni ez nauk geldituko nire egile eskubideak kobratu gabe!” Eta hartu, eta Donostiara joan nintzen. Dena hutsik zegoen, eta hantxe iritsi nintzen bulego batera. Han pertsona bakar bat zegoen, eta esan nion: “Begira, ni nire egile eskubideak kobratzera etorri naiz. A! Bai, bai. Ordainduko dizkizugu”. Eta haiekin, azken autobusean, itzuli nintzen etxera. 23-F niretzat bi esanahiko eguna da.

Bernardo Atxaga

Behin idazle profesional izatea erabakirik, 80.eko hamarkadan, Bartzelonara joan zinen filosofia ikasketak burutzera. Garai hartan aipatu zenuen lehenengoz Obaba Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena izeneko liburuan. Zure izena mundura zabaldu zuen lana, ordea, Obabakoak izan zen, Espaniako Narratiba Sari Nazionalari esker izandako oihartzunagatik batik bat. 26 hizkuntzatara itzulia izan da. Espero al zenuen horrelakorik? Bizitza erabat aldatu zizun, ala?
Inola ere ez nuen espero. Ni Bartzelonara joan nintzenean, itzulpenak eta irrati-gidoiak egiten nituen. Ez ziren oso urte samurrak izan. Benetan eta azkar esateko, juxtu-juxtu bizi nintzen. Bizitzeko lain diru irabazten nuen, juxtu-juxtu. Bai, beharbada, nire bizitzako urte gogorrenak izan ziren.
Obabakoakekin gertatutakoa erabat inpensan etorri zen. Gaur egun, oraintxe bertan, Uribek irabazi du azkenekoa. Aurrez gertatu da bi aldiz, hiru aldiz… Mariasun Landa, bide batez esanda inork ez du aipatu, baina berak ere “nazionala” irabazi zuen aurten Haur eta Gazte Literaturan. Nire kasuan, erabat harrigarria izan zen; harrigarria baino gehiago. Aurreneko aldiz deitu zidatenean, esan zidaten ezagutzen zutela itzulita ez dakit zenbat ipuin nituela aldizkari batean atera zirelako, eta ea gehiago itzuliko nituen, halako Premio Nazional bat zegoela… Gogoratzen naiz Asteasun nengoela nire lagunekin, eta esan niela: “Ez dakit zertaz aritu zaizkidan, egia esatea nahi baduzue. Premio Nazional bat aipatu didate…” Eta ez nion kasurik ere egin, ez nuen aintzat ere hartu. Berriro handik hamabost egunera deitu zidaten, eta azkenean hiru pertsonaren artean egin genuen itzulpena, korrika. Oso latza izan zen, egia esan, hain zen ustekabeko gauza!
Niri, aurrena, “nazionalak” atea estatu guztira zabaldu zidan, eta hori fase bat da. Gero, bigarrena, itzulpenena da. Zuek jolasten duzue orain txingoetara? Txingoetan bezala, hor, gure bizitzan, gure bizitza profesionalean, lauki batetik bestera pauso handi bat ematen dugu horrelako oihartzuna duen Nazional Saria-edo irabaztean. Gero, liburu hori Ingalaterrako argitaletxe batera joaten da. Joaten da, edo ez da joaten. Baina joaten bada, han erabaki behar dute atera ala ez atera. Suerte handia behar da, egia esan, zeren ez pentsa ingelesak asko inpresionatzen direnik Espainian gertatutako arrakastekin, e! Inola ere ez. Eta suerte hori handia izan da. Niretzat izugarria izan da batez ere ingelesez argitaratzea; zeren ingelesez argitaratzen duzunean, liburu hori eraman dezakezu -edo eraman dezake agente batek- Japoniara eta esan: “Begira, hau da liburua”. Normalean, ingelesa da hizkuntza koinéa. Zu errumaniarra bazara, eta ni bulgariarra, eta bion artean italieraz hitz egiten badugu, italiera da koiné hizkuntza. Halako tarteko hizkuntza da; gaur, ingelesa.

soinujolearen-semea2003an, Soinujolearen semearekin Obabari agur esan zenion. Betiko?
Bai, bai. Nik planak egiten ditut, hemen, mahai honetan. Badago Cernudaren poema bat dioena: “Qué poco sabe del amor el amante cuando el amor se va”. Esan nahi nizuke, bat-batean, maitasunarekin bezala gertatzen da kontu hauekin, poetikarekin. Bat-batean, ez duzu sentitzen, eta ez duzu ezer jakin nahi. Ez dakit nola esan, halako sentimendu eza da. Iruditzen zaizu bukatu egin dela mundu hori, mundu hori hor dagoela, kanpoan, liburuetan. Liburuetan ikusten duzu eta ondo irizten diozu, baina kanpoan sentitzen zara.
Gertatzen dena da idaztea, jostea bezala, mantsoa dela; poliki-poliki egiten da. Nik nahi baino, behar baino, zazpi edo zortzi urte geroago bukatu dut Obabarekin. Bueno, kalkuluak egin egiten dira, baina gero ez da hain erraza.

Zure bizitzan tarte bat hartu eta Renora joan zinen. Renotik bueltan Zazpi Etxe Frantzian ekarri duzu. Bertan orain arte ikusi gabeko umore beltza azaldu duzu, gerrako pasarte asko izugarrizko hoztasunarekin kontatuz. Zer eragin izan du Renok zugan?
zazpi-etxe-frantzianNiretzat Far West-edo esaten diogun horretan egoteak eragin handia izan du. Orain, nire emaztea den Asun Garikanok aterako du Far Westeko Euskal Herria izena duen liburu bat. Bat-batean, nik beste Euskal Herri bat aurkitu nuen han. Esan nahi dut ez nuela Amerika bakarrik aurkitu. Amerika ere aurkitu nuen; eta gero Amerika eta Euskal Herriaren usain bat bezala. Oso eroso sentitu naiz hor, oso bakean, oso ondo. Egia esan, ondo etorri zait halako parentesi hori. Aspaldi neukan gogoa aurrera eramateko, zeren horretarako ere denbora behar da. Hango egonaldiaren ondorioz, gaztetako nire beste erregistro batera jo dut berriro.
Nik gaztetan ipuin umoretsu asko egin nituen. Gogoratzen naiz Punto y Hora de Euskal Herria-n ateratzen nituela. Inork ez zituen irakurtzen -agian ez ziren batere taxuzkoak-, baina euskaraz zeuden; poesietan-eta banuen nik umore beltza. Gauza asko egin nituen, eta pixka bat hura errekuperatu dut. Umore asko daude, baina umore batek pentsarazi egin nahi du; lortzen duen ala ez, ez dakigu. Umorea oso bide ona da, nire ustez, errealitatea harrapatzeko.

Zure azken nobela XX.mende hasierako Kongo Belgikarrean kokatzen da. Hala ere, Obaba eta Yangambiren artean nik ez dut alde handirik sumatu. Benetan horrelako desberdintasunik ba al da?
Bada, hori da. Bueno, ez dago eta badago; esango dizut. Oso ondo iruditzen zait zure ikuspuntua, zeren jendeak bala-bala esaten du, baita kritikoek ere: ” Beste mundu batera joan da, Kongora”. Hori tontakeria bat da. Azken batean leku batek, nobela batean, eragin oso marjinala du; ez da gaia bezala. Nobela bat beste zerbait da, horren atzean dagoen edo egon beharko lukeen zerbait da. Beraz, Yangambi eta Obaba teknika aldetik nahiko berdinak dira. Bere matematika literarioa berdina da: bi leku isolatu, bi leku basoz inguratu, irteera bakar batekin -batak erreka, besteak trena-, eta oso pertsonaia gutxi mugitzen dira bertan. Alde horretatik arrazoi guztia duzu, nik uste dut parekotasun handia dagoela. Hareago esango dizut, Chrysostome pertsonaia izan liteke zuzen-zuzen Obabako nekazari bat. Nekazari bat, niretzat, Belgikakoa izan edo Euskal Herrikoa izan berdin-berdin da.
Aldea zein da? Yangambin militarrak eta mertzenarioak daudela. Jakina, horrek bai, horrek eragina du nobelan. Zein pertsonaia aukeratzen diren nobela baterako, horrek sekulako eragina dauka. Labur esanda, nik esango nuke nobela pertsonaien mundua dela. Zein pertsonaia aukeratzen dituzun, horrek erabakitzen du dena. Halaxe da. Ipuinetan ez, poemetan ez; teatroan eta nobelan, ordea, pertsonaiak ia dena dira. Kasu honetan, pertsonaia bereziak dira: militarrak dira, mertzenarioak dira. Europa erreka bat balitz bezala da. Erreka horrek, garai batean Oriak bezala, gainean sortzen du bits zikin hori… Horrelako pertsonaiak dira, Europaren zikinarekin, bits zikinarekin, egindako pertsonaiak. Horrek aldatu egiten du zentzu poetiko hori.

Elkarrizketaren bigarren zatia irakurri nahi baduzu:

Bernardo Atxaga: “Ez goaz argirantz, ilunak bultzatzen gaitu” (II)

,

10 Responses to Bernardo Atxaga: “Ez goaz argirantz, ilunak bultzatzen gaitu” (I)

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.