Bertsolaritza eta inprobisazioa

Xabier Paya bertsolari eta itzultzaileak Bertsolaritza eta Inprobisazioa munduan izenburuko hitzaldia emango du datorren asteazkenean, otsailak 7, Ordiziako Barrena Kultur Etxeko areto nagusian, 19:00etan.

Inprobisaziok munduan duen garrantzia kontatuko digu hitzaldian: Nola bizi izan du jendeak inprobisazioa? Nolakoak dira munduko beste inprobisazio motak, Kuban esate baterako?

Xabier Paya Algortan 1982an jaio zen eta bertsolaritzaren munduan ibilbide ikusgarria egin du, aurreko edizioan Bizkaiko Txapelketako finalean kantatu baitzuen lehen aldiz. Ondoren, plazaz plaza ibili da esperientzia hartzen, aurreko urtean Euskal Herriko Txapelketa nagusiaren final aurreraino iritsi arte eta, 2006ko abenduan, Bilboko Euskalduna Jauregian Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren txapela lortu arte. Bere amari eskerrak emanez, gaztelaniaz bota zuen bertsoak jende asko hunkitu zuen eta oihartzun handia eduki zuen hedabideetan.

Algortako bertso eskolako maisu eta ikaslea dugu Xabier Paya. Bertsolaria izateaz gain, Xabierrek interpretari egiten du lan, itzulpen lan batzuk egiten ditu, tartean Peter Pan ipuin ofizialaren bigarren partearena (“Peter Pan eta jaka eskarlata�) eta bertso eskoletako materiala egiten ere dihardu, Mainontzi mahai-jokoa, esaterako.

Hizketaldiak, hilean behingo euskarazko foro publikoa, Hitzaro Euskara Elkarteak eta Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatzen dute, 2004ko udazkenetik. Antolatzaileen asmoa da egunerokotasuneko gaien azterketa egingo duen euskarazko hitzaldi sorta antolatzea; hots, momentuan momentuko gaien edota guztion interesekoak direnen inguruan hitz egingo duten hizlariak ekarri nahi dituzte, beti ere, euskara eta aktualitatea uztarturik. Hileroko lehen asteazkenetan izaten da Hizketaldia.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->