‘BLACKOUT’ – XABIER MONTOIA

Aste honetan nire ikasleei aurkeztu diet urtean zehar egin beharreko jarduera bat: euskal autore berri baten lan bat hautatu (nahi dutena), irakurri eta gure blogean idatzi beroni buruzko iritzia, iruzkina, autoreari iradokizunak, beraien ikuspuntua, kritika edo, azken finean, bururatzen zaiena.

Ez dira gutxi izan erreferentziaren bat eskatu dutenak, beraz, aurreko batean Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da nobelaren berri eman genuen legez, oraingo honetan Xabier Montoiaren Blackout eleberria ezagutzera emango dugu.

Bigarren Mundu Gerran girotua dago ‘Blackout’, naziek hartutako Parisen. Duela bost urte kaleratutako ‘Hezur gabeko hilak’ nobelako Jean Etxegoein pertsonaia ekarri du liburu honetan ere. Liburua ‘Hilen bizimoldea’ izeneko trigologia beteko bigarrena da, eta hirugarrena ere idazten ari da Montoia. Hirugarrenak ‘Elektrika’ izena izango du, eta Aljeriako Gerra garaian kokatua dago. Etxegoien alemaniarren aurkako lubakietan ageri zen ‘Hezur gabeko hilak’ liburuan, hemen berriz, kazetari gisa azalduko da, eta alemaniarrek Frantziara ordena ekarriko dutelakoan dago.

Pixkanaka-pixkanaka obra ezberdinen inguruko informazioa jasoz, agian, euren gustuko batekin topo egingo dute (nik, behintzat, esperantza hori dut!). Baina gatozen harira.
Hurrengo kritika Ibon Egañak BERRIA egunkarirako idatzitakoa da, bertatik atera dut bere osotasunean Egañak idazlanaz pentsatzen duena ezagut dezazuen. Esteka klikatzen baduzue, gainera, nobelaren pasarte bat irakurtzeko aukera izango duzue!

Xabier Montoiaren Blackout eleberriaren azala

Traizioak

Ez zuen ezer demostratu beharrik Montoiak, baina nobela honekin berriro erakutsi digu euskal narratzaile onenetariko bat dela T.S. Ellioten The Waste Land liburuko poema batek zabaltzen zuen Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak (Susa 1999) nobela, Hilen bizimoldea trilogiako lehena, iradokiz eta aurreratuz nobelan zehar nola trilogian barrena idazleak hizpide izango zuen gaia: gerra dela eremurik idorrena, lurrik mortuena, non desagertzen baita (ala azaleratzen?) jendetasunaren ezaugarri eta adierazgarri oro. Ipar Euskal Herriko eta Frantziako XX. mendeko historiaz egindako irakurketa pertsonala da trilogia hau: I. Mundu Gerra zuen hizpide Hezur gabeko hilak eleberriak, II. Mundu Gerran Petain marexalaren mendeko Frantzian garatzen da Blackout. Biek ere Jean Etxegoien miarriztarra dute protagonista, gerran soldadu lehen nobelan, Paris okupatuan kazetari bigarrenean, eta biek ere gerrak azaleratzen dituen giza ezaugarriak ezaugarrietan makurrenak dituzte aztergai. Aljeriako gerrari eskainitako nobelak itxiko bide du honezkero bi ale eder badituen trilogia.

Gerraren zentzugabea eta iheserako beharra eta ezina ekartzen zituen hizpidera Hezur gabeko hilak liburuak. Gerra den no man´s land mortuak gizakion psikologian, portaeran eta moralean duen eragina aztertzen du Blackout-ek, eta oroz gain, traizioaz dihardu. Judas Iskariotek Jesus Nazaretekoari eginiko traiziotik haste, traizioa etikoki onargarria denaren zerrendan azken postuetan kokatu du mendebaldeko zibilizazioak. Saldukeria da gizakiak izan dezakeen jarreretan makurrenetakoa; fideltasuna, leial izatea, gorenetakoa. Baina gerran, idealak eta ideologiak galdu direnean, helburua irautea denean, traizioa eta saldukeria azaleratzen dira eguneroko jardunean. Jean Etxegoien pertsonaiaren figuran gorpuzten du Montoiak traizioaren ideia. Traizioa maila eta bizitzaren esparru anitzetara eramana: herriari eginiko traizioa, Etxegoien anarkista ohiaren kolaborazionismoan irudikatua, emazteari fideltasunik ezaz eginiko traizioa, gertueneko lagunei, maitaleei eginiko traizioak. Mailaz maila eta gerrak aurrera egin ahala, traizioak blaitzen ditu bizitzaren esparru guztiak. Amaieran, «Harrigarria duk gerla. Norberak duen txarrena agerrarazten dik, goiz ala berant» aitortzen dio Etxegoienek David katuari. Baina gerla egoerak hori ere posible ez ezik, onargarri ere egiten du, Etxegoienen aburuz.«Beti miretsi izan dut gaiztoa, gaizkilea, putakumea. Ez zaizkit gustatzen ile motzeko eta lan oneko mutil gorbatadunak». Hala zioen Bukowskik behin elkarrizketa batean. Eta halatsu Montoiaren lanetan ere, ez dute lekurik mutil zintzo-zuzenek. Traidorearen eta heroiaren gaia, gai klasikoa berritu zuen Borgesek izen bereko ipuinean, baina honezkero gaia ez da heroiaren eta traidorearena, ezpada soilik traidorearena. Blackout lekuko. Bertsio ofizialak dio aliatuak zirela zintzoak, naziak eta kolaborazionistak gaiztoak. Eta, ohikoaz bestera, gaiztoa-ren ikuspegia, traidorearena ematen du idazleak liburuan, baina sekula juzku etikorik eman gabe, irakaspenik emateko asmoetatik urrun. Aspaldi ez dela, orri hauetan irakurri genion egileari berari literaturarenak egin duela etikaren eta juzku moralen morroi baldin bada. Ihes egiten dio morrontza horri Montoiak, literaturaren beregaintasuna eta ahalmena ageriago utziz.

1939 eta 1945. urteen arteko Parisera garamatza gasteiztarraren nobelak, zinema klasikoaren estetikatik edaten duen girotze ongi dokumentatu, sinesgarri eta bikainak lagunduta. Ez da berria Montoiaren lanean pertsonaia euskaldunak sorterritik urrun kokatzea. Aurreko nobelan, Madrilen kokatu zuen Ezenarro gasteiztarra, Baina bihotzak dio bildumako ipuinetako pertsonaia guztiak zeuden sorterritik urrun, eta Frantzian barrena dabil Etxe- goien hala nobela honetan nola aurrekoan. Etxetik urrun, deserrian, deserrotuta beti. Bizitza etengabeko erbestea balitz bezala. Sorterritik urrundu ahala, familia eta jatorrizko ingurua utzi ahala, aurreko izaera ere aldatuz, galduz eta berriak hartuz doaz Montoiaren pertsonaiak, askatasun eremu berriak eta identitate berriak eskuratuz. Barne mugak apurtuz muga fisikoak gainditzeaz bat. Laxatuz doa urrutiramenduarekin batera onargarria eta onartezinaren arteko muga. Parisen dela, Etxegoienek ez du aditu nahi en langue basque abestutako kanturik. Izan zenaren memoriarik gorde nahi ez duelako agian, traditu duena gogora datorkiolako agian. Elkarrizketa biziak, bat-batean ebakitzen diren plano labur-azkarrak, batzuetan thriller kutsua hartzen duen tentsio ongi eramana… Zinematik asko edaten du Blackout-en estetikak. 1999ko Hezurrik gabeko hilak-etik hona, estilo baten definitze eta fintzean sakondu du idazleak, eskuartean duguna bezain emaitza bikaina lortu arte. Prezisioa bilatzen duen estiloa garatzen du nobela berriak, doi-doi beharrezkoa dena agertuz eta liburu batentzat zama baino ez den gainerako guztia ezabatuz, elkarrizketetan bezala deskribapenetan eta narrazioan. Komikian edo film batean bezala, hitzak behar-beharrezkoak direnean soilik paratzen ditu idazleak, esaten ez denaren eta esaten denaren arteko oreka lortuz. Eta hori, oreka zehatz hori, luma trebatu gutxi batzuek baino lor ez dezaketen zerbait da. Ez zuen ezer demostratu beharrik, baina Blackout-ekin berriro erakutsi digu Montoiak maizegi gutxietsia euskal narratzaile onenetariko bat dela. Ibon Egaña

‘BLACKOUT’ Egilea: Xabier Montoia.

Argitaletxea: Susa.Urtea: 2004.

Orrialde kopurua: 180.

Bukatzeko esan beharrean nago aipatutako bi euskal idazleak, Gabiria eta Montoia, Olasagarre eta Canorekin batera, Euskadi Sarietarako hautagai zirela. Eta gaur jakin dut, azkenean, saria Canorentzat izan dela. Dena den, berri honek bere baitan garrantzi handia duenez, beste post baterako utziko dugu…

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->