Botelloia gazteen artean

Botelloia XX. mendean sortu zen termino bat da, gehienbat gazteen artean. Gazte talde handi batek alkohola kontsumitzeari deritzo, bai tabakoz lagundua, baita edozein freskagarriz lagundua ere. Hitzari dagokionez, botelloi hitza jada Mexiko hirian ezaguna zen Espainiara iritsi aurretik. Kalean edatearen ohitura horrek barneratu zuen termino berri honen izena.

Baina zergatik egiten dituzte edo ditugu botila-festak egungo gazteek? Dimertimendu bezala, edateagatik edaten dugulako, hobeto sentitzeko, desinhibitzeko, diru gutxiago xahutzeko… Hauek dira gaur egungo gazteak litronak egitera bultzatzen gaituzten zenbait arrazoi. Hauetaz guztiez gain, badaude  beste bi arrazoi nagusi: lagunak nahiz giro soziala.

Lehenengo arrazoiari dagokionez, nerabeen zati handi batek alkohola edaten du bere ingurukoek horrela egiten dutelako eta beraien antzera jokatu nahi izaten dutelako; hau da, beraien lagunak imitatu nahian ibiltzen dira. Hau egitean, taldeko beste kideen antzera ibil daitezkeela ikusten dute, beste lotsarik gabe. Onartu beharra dago zenbait gazte desberdin sentitzen dela bere lagunek egiten duten gauzaren bat egiten ez badute; egoera horretatik at egiteko besteak imitatzen saiatzen dira.

Bestalde, ezin da ukatu inguratzen gaituen giroak zerikusi handia izaten duela gazteek egiten ditugun zenbait ekintzatan, hala nola edari alkoholikoak edatean. Honetaz aparte, publizitateak ere badu zeresana arlo honetan. Antza denez, marka garestiko alkoholdun edariak besteak baino publizitate gehiago egiten dute. Ondorioz, jendeak, parranda egitean, hauek erosiko ditu. Esan beharra dago garestiak diren edari hauek alkohol gehien daramaten edariak izaten direla, garagardoa alde batera utzita noski.

Aurreko guztia alde batera utzita, gaur egungo gazteek ba al dakite, baina, kale-zurrutak zein ondorio ekar diezaiekeen? Ez hori bakarrik, esan beharra dago ere lagunekin edatea edo bakarrik edatea ez dela gauza bera. Kasu hauetan, badago beti norbait besteak baino gehiago edan nahi izaten duena harroputzarena egiteko. Hasiera batean, ez da konturatuko eta ez du batere kontrolatuko edaten ari den kantitatea, ezta bere garunean nola eragingo dion ere. Denbora pasa ahala, zorabioak sentituko ditu; halere, hasiera baino ez dela pentsatuz, edaten jarraituko du. Eta honela, benetan gaizki sentitu arte. Bestalde, litro-festak egiten diren gauetan ez da ohiko asko afaltzea, ogitarte bat eta nahiko. Horregatik, edaten den guztia errazago igotzen da burura. Arriskurik handiena, dakigunez, koma etilikoa da, baina honetaz aparte badaude beste zenbait: oreka galdu eta, ondorioz, lurrera erori golpe txarren bat hartuta; pertzepzioen galera; intoxikazioa; zorabioa… Gainera, gazte jendearen ia gehiengoa, edanda joaten denean, suminkor jartzen da eta edonori edozer gauza esatera ausartzen da, horrek ekar ditzakeen atzetikoekin.

Amaitzeko, zenbait herri eta hiritan jada debakatu egin da botelloia bezalako ekintzak egitea, hau da, toki publikoetan erretzea eta edatea. Lege berri hauekin kaleetan zehar sortzen diren hainbat eskandaluri ihes egin nahi diete. Askorentzat gehiegizkoak dira neurri hauek. Zer iritzi duzu zuk?

, ,

One Response to Botelloia gazteen artean

  1. inaxio 2009(e)ko abenduak 29 at 7:46 pm #

    debekuak inoiz ez du ezer konpondu, aldrebes desioa edo nahia pizten du beraz, hoberena edaten jakitea da, harroputzarik gabe eta neurriz. badakit adin horrekin zaila dela baina, ikasi behar da hainbat ezagutza bezala. 🙁

Utzi erantzuna

-->