Busti gaitezen denok! (Euskaljakintza 7kook iritsi gara)

Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz. Hitz hauexekin itxi zuen duela bi urte eskas Maialen Lujanbiok ziurrenik bere bertsorik famatuena bilakatu dena. Eta hitz horiexekin zabaldu nahi dugu Euskaljakintzaren garai berria, hastear dagoena. Idazlumak alde batera utzi ditugu, eta euskara bera izanen dugu tresna bakarra. Gure hizkuntzarekin olgetan ibili nahi dugu, zipriztindu gaitzan utzi gura diogu, eta, batez ere, zipriztin hauek amaraunean zehar zabaldu nahi ditugu, guztiok euskaraz blai buka dezagun.

Horrela, estreinakoz eskerrak eman nahi genizkieke lekukoa pasa berri diguten gure kideei, irrikaz hartu baitugu hauxe, irrika biziz hartu ere. Eskerrak, baita ere, urte hauetan guztietan Euskaljakintzaren esentzia mantentzen jakin duzuenoi; eta, nola ez, gidari den Maiteri, berak eman baitigu itsaso zabal honetara buruz, birritan pentsatu gabe, botatzeko grina.

Ikasturtez ikasturte, gero eta maila handiagoetara iristen joan ahala, pixkanaka, Euskaljakintzaren berri izaten joan gara. Familia edo lagunen bitartez izan genuen lehen kontaktua Euskaljakintzarekin, eta orain gezurra dirudi guri ere parte hartzeko garaia iritsi zaigunik. 7 urte dira Maitek proiektu hau martxan jarri zuela; pentsa, 10 urte besterik ez genituen euskara bultzatzen duen txoko hau sortu zenetik!

Hazi gara, ordea, eta guneak bere fruituak ematen dihardu. Gu berriak gara, baina lekukoari gogoz heltzeko irrikaz iritsi gara.  Eta hau hasiera baino ez da…

Ikasturte honetan zehar Euskaljakintza 7kook eginen gara lemazain. Eta dagoeneko hor dauden elkarrizketa, artikulu eta beste horrenbesteren mailako lanak egitea espero dugu, eta, zergatik ez, hauek gainditzea! Zuek guztiok ere gonbidaturik zaudete parte hartzera. Euskaraz blai egitera. Euskaratik eta euskaraz. Busti gaitezen denok!

, , ,

One Response to Busti gaitezen denok! (Euskaljakintza 7kook iritsi gara)

  1. Lakunza 2011(e)ko urriak 18 at 3:16 pm #

    Suerte Euskaljakintza7 >:)

Utzi erantzuna

-->