Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Archive | dirua

RSS feed for this section

Mediumen trikimailuak agerian

http://www.flickr.com/photos/41890366@N03/4984779476Telebista kate batean programa berri bat estreinatu zuten orain dela hilabete batzuk. Saio honek “Mas alla de la vida” du izena eta Anne Germain izeneko medium bat azaltzen da bertan. Honek, programara gonbidatutako pertsona famatu eta anonimoei hildako senitarteko edo lagun batei buruz hitz egiten die, zehaztasun intimoak emanez, beraiekin kontaktatzen duela egiaztatzeko. Nik neuk ez dut sinesten honelako gauzetan, baina aurreko batean zur eta lur geratu nintzen xehetasun dezente asmatu zituenean. Ezaguna den pertsona baten senitarteko bati horrelako gauzak asmatzeak ez ninduen harritu; bai, ordea, pertsona anonimoei ere asmatzea.

Maitek hurrengo artikulurako gai bat aukeratzeko esan zigunean, gai honi buruz ikertzen hasi nintzen. Horrela, gune askotan mediumak erabiltzen dituzten trikimailuei buruz irakurtzen hasi nintzen. Magonian topatutako artikulu hau oso interesgarria iruditu zitzaidan: ‘Más allá de la vida’: Los trucos de los mediums de la tele para simular que se comunican con los muertos. Horretaz aparte, bideo oso interesgarria aurkitu nuen telesail amerikar batekoa “Leverage” izenekoa. Bertan, mediumak erabiltzen dituen trikimailuak azaltzen dituzte eta honek jarraitzen dituen urratsak ere bai. Esate baterako, mediumak orokorrean hasten dira hitz egiten beti, eta, pertsonaren aurpegiaren bitartez, pistak jasotzen dituzte; ondoren, bere ondorioak ateratzeko. Hementxe uzten dizuet bideoa:

Hala ere, lehen aipaturiko webgune gehienek baieztatzen dute Germainen trikimailuak beste batzuk direla. Pertsona ospetsuekin hitz egiteko aurretik ikerketa batzuk egiten dituzte, ateratako aldizkari eta telesaioetatik informazioa jasoz. Geroago, saioan zehar, Anneri dena entzungailu batetik esaten diote. Pertsona ezezagunekin, berriz, teknika pixka bat aldatzen da, hauei buruzko informazioa ezin baita hain erraz topatu. Horregatik, saioa hasi baino lehen, pertsona bat infiltratzen dute ikuslen artean, zeinek hauei buruzko informazioa lortzen duen. Gero, programan, dena azaltzen du Annek entzungailuak lagunduta. Egia esan, zertarako behar du Annek entzungailu bat hildakoekin harremanetan jartzeko?

Edonola ere, hau ez da kasu bakarra; izan ere, munduan zehar pertsona asko baitaude horrelakoetan lan egiten dutenak: etorkizuna asmatzen dutenak, mediumak (hildakoekin hitz egiten dutenak), madarikazioak ipini edo kentzen dituztenak… Nire ustez, pertsona hauek gaizki pasatzen ari diren pertsona batzuez baliatzen dira eta etekina ateratzen dute inongo gupidarik gabe. Pertsona horiek dirua ateratzen dute senitarteko edo lagun bat hil delako triste dauden beste batzuez baliatuz, eta hori jasangaitza iruditzen zait. Ez al du inork ezer egingo hori geratzeko?

Comments { 0 }

Futbola, arazo guztien konponbidea

Kristo aurreko mendeetara egin behar dugu atzera, pilota sortu zen garaira, egun futbola izenez ezagutzen dugun kirolaren hastapenak ezagutzeko. Hain ezaguna den kirola garatuz joan da eliteko kirol bihurtu arte, eta guk nahi ala ez edozein lekutan ikus daitekeen kirol bilakatu da. Orain dela urte batzuk, ez zitzaion horrenbeste garrantzi ematen kirol honi, baina ikaragarria da azken urte hauetan hartu duen boterea. Telebista eta prentsaren babesa tarteko, izugarrizko negozioa bihurtu dela ukaezina da; kirol hau, baina, negoziorako edo gozamenerako bakarrik ez dela ohartu naiz. Izan ere, herriari etengabe futbola emanez, beste arazoak ikusezin bihur daitezkeela baitirudi.

Krisi ekonomikoa, Ipar Korea eta Hego Koreako gatazkak, Sahara eta Marokoren arteko gorrotoa… Komunikabideek futbola erakutsi didaten bitartean, konturatu ez naizen beste zenbait arazo hor daude. Eta nire galdera zera da: futbolaren bidez konpon al ditzakegu aipatutako arazo hauek guztiak? Ez dut uste.

Horregatik iruditzen zait lehentasuna beste arazo batzuei eman beharko geniekeela, baina, zoritxarrez, ez dugu horrela jokatzen. Honen erantzule nagusia telebista da; izan ere, hor erabakitzen baitute partiduak zein ordutan eman behar diren (ez ahaztu telebista kateetako arduradunek ordutegiarekiko duten boterea zenbait futbol elkarterena baino handiagoa dela). Jendea bere etxeko sofetan lasai dagoen bitartean ematen dituzte futbolari buruzko berriak -eta baita partidu gehienak ere-, ikusle gehien izango den orduan hain zuzen. Pantailari begira gauden bitartean poza izaten da nagusi, baina ez gara konturatzen gizartean jazotzen ari den guztiaz.

Beste ildo batetik, dirua gauza garrantzitsutzat jo beharko genuke futbolaz ari garenean, kirol honek sortzen duen diru kopurua ikaragarria baita artikulu honetako taulak adierazten duen bezala. Garbi ikusten da zifrak ikaragarri handiak direla; hori ez da, halere, okerrena. Krisi garai hauetan, gainerako herritarren lan baldintzak eta diru sarrerak okerrera egin dute; eliteko kirol honetan zerikusia dutenen kontratuen aberastasuna, aldiz, gero eta handiagoa da. Garbi ikus daiteke hori Real Madrilek eta Barcelonak Cristiano Ronaldo, Kaka, Benzema, Ibrahimovic, David Villa… erosteko xahututako diru kopuruan. Halere, ez pentsa klub hauek dirua galtzen dutenik; izan ere, jokalari hauen bitartez urte gutxitan berreskuratzen baitute (baita irabazi ere) hasieran galdutako dirua. Hots, inbertsio hitza erabil daiteke.

Honek guztiak argi eta garbi uzten du futbola gustukoa den kirola izateaz gain, gizartean gertatzen ari diren zenbait gauza ahazteko eta negozio biribila egiteko ere balio duela. Honi guztiari aurre egitea gure baitan dago, gu baikara kirol honi garrantzia ematen diogunak eta gure baitan baitago duen boterea gutxitzea, eta kirol hau gaur egun ikusten den bezainbeste ikustea edo ez.

Futbolaren negozioaren hastapenak argitzen dituen bideo hau uzten dizuet, gaiaren inguruan hausnarketa egin dezazuen:

Comments { 0 }

Zer da jubilazioaren kontu hori guztia?

Gaur egun ahoz aho dabilen gaietako bat jubilazioaren gaia da. Estatua, ekonomiari dagokionean, krisi sakon batean murgildurik dago, eta honi aurre egiteko aukeretako bat jubilazioaren epea pixka bat luzatzea delakoan daude. Ez litzateke epe luzeegia izango, pare bat urtekoa besterik ez, 65 urtetik 67 urtera arte hain zuzen. Guk, gazteok, oso urrun ikusten dugu oraindik muga hori, baina erretiroaren zain dauden langileentzataldaketa nabarmena izan daitekeelakoan nago.

Gainera, ez zait ideia ona iruditzen zenbaitek hanka sartze handi bat egin zutelako, langile guztiek hanka sartze horrek ekarritako arazo guztiei aurre egin beharra izatea, hankasartze hori egin dutenek trankil asko eta inongo eragozpenik gabe bizi diren bitartean. Azken finean, estatuak duen krisia krisi ekonomikoa da, eta, maiz, erabaki garrantzitsu horiek gaizki hartzen dituzten pertsonek lan gogorragoetan dirauen langile arrunt batek irabazten duen soldata baino askoz ere handiagoak irabazten dituzte, zenbait kasutan hauek langile batek dituen ikasketa maila bajuagoa izanda ere.

Bestalde, orain arte, bakoitzak jubilazioan zehar kobratu beharreko diru kopurua, azkeneko 15 urteetan irabaziriko batez bestekoarekin lortzen zen. Jubilazioa 67 urtera arte atzeratzearekin batera, 15 urteko epe hori azken 20 edo 25 lan urtera arte igo nahi dute, zenbaitek bizitza osoan irabaziriko diruaren batez bestekoa ere egin nahi dutela.

Hau guztia ikusirik, jubilatzeko data bere horretan uztea nahi duten horiekin ados nagoela esan beharra daukat. Lehenik eta behin, ez zaidalako batetere ondo iruditzen erabakiak hartzeko gaitasuna duten gutxi horiek ongi bizi daitezen, gu guztiok lanean bukatzeko epea pixka bat luzatu beharra izatea. Bestalde, bidezkoena eta logika gehien izango lukeen irtenbidea da, nire uste apalean, krisi hau honaino heltzeko erabaki txar horiek hartu dituztenen soldata jaistea. Hauek sekulako dirutza irabazten baitute pare bat erabaki eta hitzaldi batzuen truke.

Hemen esandako guztia egia ote? Ala guztiari irtenbide bat emateko erabil daitekeen aitzakietako bat da?

Comments { 1 }
-->