Archive | ikasketak

RSS feed for this section

We don’t need no education… or yes?

Hemendik gutxira erabaki garrantzitsu bat hartu beharko dugu DBHO 2 burutzen ari garenok. Alde batetik, ikasketak utzi eta lanean hasteko erabakia hartuko dutenak egongo dira (horrek ez du esan nahi pertsona horiek ikasteari utziko diotenik, beste era batera ikasiko dute eta). Bestetik, goi mailako ikasketak edota beste mota bateko ikasketak egitea aukeratuko dituztenak egongo dira. Askotan erabaki hau hartzea ez da erraza izaten; izan ere, gaur egun, oso aukera zabala eskaintzen zaigu eta honen aurrean, ikasleok, oso garbi eduki ezean, ez dakigu zer egin. Ni ikasketa posibleen zerrenda bat egiten hasiko nintzateke eta hauen inguruko informazioa biltzen joan, gustatzen ez zaizkidanak zerrendatik ezabatzen joateko.

Nik neuk, oraintxe bertan, ez dakit ziur zer egin. Horrenbestez, garrantzitsuena ateak ez ixtea da; eta horretarako, funtsezkoa da informatzea. Askok, euren burua ezin kokaturik ibiltzen direnek, hori esatea erraza dela diote. Pazientzia pixka batekin eta tresna egokiak erabiliz, ordea, informazioa guregana berehala etor daiteke. Esaterako, gure irakasle batek orientaziorako hainbat webgune interesgarri bidaltzen dizkigu Posterousen bidez, eta nik deliciousen gordetzen ditut.

Informazioa eskuratzeko beste modu bat unibertsitateek eskaintzen dituzten ate irekietara joatea da. Beharbada batzuei honek atzera eragiten die, ez dakitelako oraindik zer ikasi. Dena den, modu honetara gradu ezberdinen informazioa lortzeaz gain, baliteke gure erabakiak hartzen laguntzea, zerrendako hainbat gauza azpimarratu edota ezabatzeko aukera emanez.

http://flickrcc.bluemountains.net/flickrCC/index.php?terms=question%20mark&page=1&edit=yes&com=noEra berean, badira unibertsitate ezberdinak joaten diren azoka bereziak, hala nola, Unitourek antolatzen dituenak. Azoka hauetara unibertsitate asko propaganda zabaltzera joaten badira ere, beste batzuek ikasketei buruzko azalpen interesgarriak eskaintzen dizkigute. Nahiz eta guri unibertsitate horrek interesa ez piztu, seguru informazio interesgarria izango duela eskaintzen dituen ikasketei buruz. Eta horrela, nahiz eta unibertsitate horretan ikasi nahi ez izan, baduzu gradu bati buruzko informazioa. Hori bai, horrek ez du esan nahi zuk ikasiko duzun unibertsitatean gradua azaldu dizutenaren berdin-berdina izango dela; halere, baduzu informazioa gradu horri buruz eta ideia bat egiteko oso ondo etorriko zaizu.

Azkenik, unibertsitate batzuek, ate irekietako egunaz gain, bertako orientatzailearekin elkartzeko aukera eskaintzen digute. Egia esan, nik ez dut probatu, baina esan didatenez, oso ondo dago buruan dituzun kezkak argitzeko; izan ere, graduekin lotura duten galderak erantzuten omen dizkizu. Horrez gain, tokia eta bertako jendea ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke.

Beraz, nahastu samar bagaude, onena informatzea izango da; izan ere, askotan informazio ezak egoera korapilatsu horretara eramaten baikaitu. Halaber, komeni da ez izutzea gaur egun graduek dituzten izen arraroekin, horietako askoren atzean betidanik ezagutzen ditugun ikasketak baitaude.

Comments { 0 }
-->