Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Archive | idazlehiaketak

RSS feed for this section

Berriz BHIko Garazi Mugarza, aurtengo Urruzuno idazlehiaketako irabazleetako bat

Aurrekoan, Berriz BHIko Mikel Ortiz de Etxebarria irakasleak bere ikasle baten berri eman zidan, Garazi Mugarza du izena. Mikel oso pozik zegoen bere ikasleak Urruzuno idazlehiaketako irabazleetako bat izan delako. Gure ikastolako ikasleek, dakizuen bezala, hainbatetan irabazi izan dituzte literatura lehiaketa ezberdinetako sariak eta beti saiatu gara euren lanak hemen ipintzen, jakin badakigulako beste eskola batzuetan gustura irakurtzen dituztela euren adinekoek idatzitako lanak eta haiekin asko gozatzen dutela.

Bada, gauzak horrela, gaur Garaziren lana ekarri dugu hona, literaturaz gozatzen duzuenok bere berri izan dezazuen. Garazi Mugarza Mallabiakoa da eta aipatutako Berriz BHIn  DBH 4. maila egin du aurten. 16 urte bete zituen apirilean Garazik eta ikasle aparta da, dudarik gabe. Bere irakaslearen hitzetan, “lotsatia eta isila da, baina idazten duenean, munduak margozten ditu sentimenduaz zipristinduz, grinak mamituz eta hitzez bihotz taupadak konpartituz”.  Irailean Bretainiara joango da astebete, beste 20 idazle gazterekin batera, Urruzuno saria irabazi izanagatik. Periootx blogean irakurri ahal izango dituzue bere lan guztiak eta, blogean duen lizentziari esker, handik hartu dugu bere azken sarrera, Ausardia, lehiaketarako aurkeztutako idazlana oraindik argitaratu ezin delako. Saria idazten jarraitzeko akuilu izan dadila! Zorionak, Garazi!

AUSARDIA

Bera da muga, elikatzen nau, baina ez asetu. Ez nuen sekula ezagutu, eta ez dut ezagutzen. Lurrin hori ez dago nire baitan. Ez dut gerraren erokeria ezagutu nahi, ez dut deabruaren negarra entzun nahi, ez dut oin biluziekin iltzeak zapaltzerik nahi. Beldur naiz. Neure bizitzaren putzuan itotzeko beldur. Koloreztatutako atzazkalak ditut eta horma zuriari begiratzen diot. Harro, horma zuriari begira. Koldarkeriak irentsi nau, bainuontziko urak irensten gaituen modu berean. Lotsa mugitzen da nire zainetan. Eta lotsa, galtzeko zerbait dutela uste dutenek sentitzen dute. Iraganean izandako pisuaren zama jasaten jarraitzen dut, zeinen luzea den biderik laburrena inpotenziaren besoetan. Joanaren eskulan merkea naiz eta loturik nago, iraganeko pasadizoetara begira, beti pentsatu izan dudalako ispilurik onena lagunik zaharrena dela. Eta iraganeko koldarkeriak, ezinegonak jota nagoenean, modu jasanezinean erakartzen nau. Ispilu horretan islatzen naiz, koldarkeriaren ispiluan, lotsaren ispiluan.Elizan, jainkoarenak garela diote, denok norbaitenak garela, ba hara, ni koldarkeriarena naiz. Ispilu horrek konfiantza lapurtzen dit, eta nik bere alde borrokatzen dut. Zergatik, hura ez bada nire gerra?

Ez naiz mugara heltzen, konfiantza ezak asetzen nauelako. Eta ausardiak elikatu, bidean, gutxienez galdu gabe jarraitzeko, berak uzten dizkidan ogi apurrei jarraituz. Neure iragan propioaren torturapean bizitzen jarraitzen dut. Inork estimatzen ote nauen galdetzen diodalako joanari. Inork antzeman ote dezakeen nire atzazkaletako kolore beltzaren iluntasuna horma zuriari bultza egiten diodan bitartean.

Inguruko ezustekoen beldur naiz, hesiaz besteko etorkizunak ikaratzen nau. Nire bidean iraganaren ispilua aurrean daramadalako. Eta beti galdetzen diot ispiluaz besteko aldeari, non galdurik daude oroitzen nautenak?

Comments { 0 }

Sari mordoxka Jakintza Ikastolako ikasleentzat XXI. Beasain Idazlehiaketan

Urduritasuna, kezka, hitzak trabatzea… duda izpirik gabe, edonork izan ditzakeen sentsazio eta bizi ditzakeen sentimenduak ditugu. Halere, badirudi arestian aipaturiko emozio horiek guztiak pertsona bakar batean eta une berean uztartzerik badagoela. Eta, hain zuzen ere, horixe da pasa den larunbatean, otsailak 12, goizeko 12:00ak heltzeko azken segundoak kontatzen ari ginen bitartean gehienoi sentitzea tokatu zitzaiguna. Lipar batez baino ez zen izan, atoan urduritasunari ilusioa eta poza gailendu baitzitzaizkion.

Izan ere, beste behin, dagoeneko bere XXI. ediziora heldu den Beasaingo idazlehiaketa burutu zen eguerdiko 12:00etan Beasaingo Udalaren eskutik. Hain juxtu, aipatzekoa da sariketa honek ia bi dozena urte badaramatzala literaturzale gazteen egarria asetzeko lanetan; eta, aurtengoan ere, Jakintza ikastolako ikasle garenok, Goierri eskualdeko idazle gaztetxo eta ez horren gaztetxoekin batera, gogotsu zapaldu dugu Beasaingo Usurbe Antzokiko zorua.

Horren entzutetsua den lehiaketa honetarako ibilbidea iazko urrian hasi zen. Jakintza ikastolako ikasleok, patxadaz eta beharrezko denbora hartuz, lanak idatzi eta geure irakasleei eman genizkien, hauek zuzenketa eta hautaketa prozesuari hel ziezaioten. Hala, bakoitza zegokion kategoriara aurkeztu zuten abendu hasiera aldera. Bada, urtarrilaren amaierarako hortxe genituen horrenbeste lan egin eta gero lortutako emaitzak. Ez dira gutxi izan, aurten ere, Jakintzakook maila ezberdinetan eskuratutako sariak.

Horrela, larunbatean, sari-banaketako ekitaldirako ateak zabaldu zizkiguten, eta guztiok Usurbe Antzoki barrura sartu ginen ezjakintasuna eta urduritasuna begietan. Dantzari, txistu eta danbolinak eman zioten hasiera bizi eta koloretsua ekitaldiari, eta, Irati Goikoetxea aritu zen aurkezle lanetan, beste mutiko batekin batera jardunean. Jarraian, Ekaitz Goikoetxea epaikideak hartu zuen lekukoa, eta, honen hitzaldi eta azalpenen ondoren, sariak banatzeari ekin zioten.

Edizio honetan ere, Jakintza Ikastolari sari ugari egokitu zaizkio. Ikasle sarituon artean, batzuek lehenengo aldiz arnastu dugu sari-banaketako oholtza. Beste batzuen kasuan, aldiz, esperientzia daukagu euskal literaturaren ibai luzetik baldekada bat ur hartu eta honi hurrupa egiten. Halere, historialak gorabehera, sariak oso gustura heldu dira gure eskuetara, irribarrea lagun.

Gure lanak zuekin partekatu nahi ditugula eta, hementxe uzten dizkizuegu:

Gure idazlan sarituak:

Hitz lauz, A mailan

Olerkian, A mailan



Comments { 8 }

XIX. Beasain Idazlehiaketa abian

XIX. Beasain Idazlehiaketa abian da. Beraz, lanen bat aurkezteko asmoa duzuenontzat hona hemen aurtengo baldintza nagusiak:

Idazlanak

Hitz lauz

Gaia librea izango da. Idazlanak, prosaz edozein generotan euskaraz norberak idatziak, originalak, beste inongo lehiaketara aurkeztu gabeak eta argitaratu gabeak izango dira. Itzulpenek ez dute balio izango.

Anima

zaitez

parte

hartzera!

Idazlanen neurriak honako hauek izango dira:

  • A mailan 5 orrialde gutxienez eta 6 gehienez.
  • B mailan 4 orrialde gutxienez eta 5 gehienez.
  • D mailan 3 orrialde gutxienez eta 4 gehienez.
  • E mailan 2 orrialde gutxienez eta 3 gehienez.
  • F mailan orrialde 1 gutxienez eta 2 gehienez.

Orrialdeak, ordenagailuz lerro biz bat idatzitakoak ulertu behar dira, hau da, orrialdeko 1.500 digitu ingurukoak.

Olerkiak

A mailako ikasleentzat, olerki-saria ere eratu da (bertsoek ez dute balio). Gaia librea izango da. Olerkiak, euskaraz norberak idatziak, originalak, beste inongo lehiaketara aurkeztu gabeak eta argitaratu gabeak izango dira. Itzulpenek ez dute balio izango eta neurria gutxienez ere 60 lerrokoa izan behar du.

Oharra: Hitz lauzko idazlanak eta olerkiak originalak ez direla edota beste lehiaketaren batera aurkeztu direla egiaztatzen bada, besterik gabe lehiaketatik kanpo geldituko dira. Egiaztapena sariak banatu ondoren egingo balitz, emandako sariak kendu egingo lirateke. Horrelakoen egileek ez lukete gehiago beren lanik lehiaketa honetara aurkezterik izango.

Epea

Idazlanak 2008ko abenduaren 12rako aurkeztu behar dira Udaletxeko Euskara Zer­bi­tzuan.

Informazio osoa ikus nahi izanez gero, egin klik ondorengo estekan: XIX. Beasain Idazlehiaketa.

Comments { 0 }
-->