Archive | musika

RSS feed for this section

Jaio.Musika.Hil

Hori da Berri Txarrak taldeak hilabete honen hasieran kaleratu zuen 5. diskaren izena. Lekunberrikoak uztailaren 10ean hasi ziren hau grabatzen etxetik gertu duten baserri batean, baina abestien nahasketak egiteko ozeanoa zeharkatu eta Kansasera joan ziren Black Lodge estudioetara. Nahasketak Coalesce, The Get Up Kids edota Kurt Cobain berarekin lan egin izanagatik ezaguna den Ed Rose ekoizleak egin zituen. Diskoaren produkzioarekin amaitzeko, hau da diskoa masterizatzeko, berriz, New Yorkera joan ziren, Turtletone estudioetara hain zuzen ere. Bertan, Mike Fossemkemper ibili zen masterizazio lanetan.

Emaitza, 12 abesti hauez osaturiko diskoa:

Jaio.Musika.Hil
1. Zertarako amestu
2. Berba eta irudia
3. Oreka
4. Iparra galdu: Hegora joan
5. Jaio.Musika.Hil
6. Onak eta txarrak
7. Iraultza Txikien Asanblada
8. Bueltatzen
9. Kezkak
10. Isiltzen banaiz
11. Breyten
12. Gelaneuria

Disko berri honek dakarren aldaketarik nabarmenena orain taldean hiru besterik ez direla da. Taldeak aipatzen duen beste aldaketa bat letrei dagokiona da. Hirukoteak dioenez, disko honetako abestien letrak inoiz idatzi dituzten gogorrenak dira, eta, era berean, pertsonalenak ere bai. Musikari dagokionez, agian aurreko diskoak baino lasaiagoa da, baina oso melodia zainduak eta, beti ere, Berri Txarraken doinu karakteristikoez bustia. Aurretik noiz edo noiz gertatu bezala, kolaborazio bat izan dute disko honetan ere, Deabruak Teilatuetan taldearen abeslari zen Aritz Mendietak Iraultza Txikien Asanblada izeneko abestian parte hartzen du.

Jaio. Musika. Hil honen abestiak zuzenean entzuteko aukera euskaldunok izan dugu jada. Urrutira joan gabe aurreko ostiralean Ibarrako gaztetxean izan ziren, baina bertara gerturatu ez zirenek badute aukera laster Gasteizen, Bilbon edota Irurtzunen taldea ikusteko. Tarteka Euskal Herritik atera eta Espainiako hainbat tokitan ere izango dira, azaroan Estatu Batuetara abiatu arte. Bertan, 4 kontzertu eskainiko dituzte, horietako bat Betagarri taldearekin batera. Ondoren bueltatu eta kontzertuak eskaintzen jarraituko dute Espainian zehar.

Nire ustez, kontzertuak disko bat zein ona den egiaztatzeko leku aproposenak diren arren, aukera ez izanez gero, ezer baino hobe diskoa bera entzutea da, beraz, ez galdu denborarik eta eros ezazue, benetan merezi du eta!

Comments { 2 }
-->