Archive | musika

RSS feed for this section

Instrumentu bat jotzeak onurarik ba al dakar?

Gaur egun, haurrek hainbat jarduera egiteko aukera izaten dute: kirolak (futbola, saskibaloia…), lagunekin jolastu eta beste asko. Hautetako jarduerarik garrantzitsuenetakoa izan daitekeenetako bat, baina, musika-tresna bat jotzearena da.

Egun, musika-tresnak jotzen erakusteko lekuak daude, hau da, musika eskolak. Bertan hainbat musika-tresna jotzen erakutsi ahal digute: saxofoia, tropeta, biolina… Aktibitate honek hainbat onura ekar ditzake, Consumer Eroski aldizkariak esaten duenez. Musika instrumentu bat jotzeak eskuak eta begiak trebatzen omen ditu. Horretaz gain, memoria eta sormena ere lantzen dituen aktibitatea ei da.

Instrumentu bat jotzeak bere abantailak ditu. Musika tresnak desberdinak dira, baina gehienek nolabaiteko lasaitasuna eragiten dute. Instrumentu batetik zeure kabuz musika sortzen ari zarela ikustea zoragarria da, eta doinu oso politak jo daitezke musika sentituz. Halere, desabantailak ere baditu, batez ere denbora eta diru aldetik. Denbora asko galtzea eragin dezake, bai klaseetakoa eta baita etxean egin beharreko entseguak direla eta ere. Hortaz gain, instrumentu batek diru asko balio du, eta baita hau ikasteko beharrezkoak diren saioak ordaintzeak ere.

Nire ustez, oso ariketa ona izango litzateke umeak musika eskoletan sartzea, baina, hori bai, inolako presiorik gabe; bestela, umea ez litzateke gustura joango klasera eta, beraz, ez luke etekinik aterako. Iritzi guztiak errespetagarriak dira; halere, nire uste apalean, futbolean aritzeak ez dio pertsonari ekarpen handiegirik egiten; jarduera honek, berriz, hainbat balio txertatu eta ekarkin asko izan ditzake. Onartu behar da, dena den, futbolak ere ekar ditzakeela onura batzuk (fisikoki ongi mantentzea, lagun berriak egitea, erreflexuak hobetzea…), baina ez musikak adina.

Laburtuz, nire ustez, egokiena umeak txikitatik musika eskolara eramatea izango litzateke, hainbat abantaila eskaintzen dizkiolako haurrari.

Comments { 1 }

“Está noche serás mía” edo nola Reggaetonak emakumea degradatzen duen

Wikipediaren arabera Jamaikako reggaean errotuta dagoen genero musikal hau Panaman sortu zen,  latindar reggae gisa. 90eko hamarkadan lortu zuen ospea gazte latinamerikarren artean eta 2004az geroztik Ipar Amerika, Europa eta Asiara hedatu da. Musikari dagokionez, reggae, rap eta hip-hoparen fusioa dela esan daiteke, nahiz bomba, salsa, champeta , cumbia eta merengue generoen eraginak ere badituen. Dem Bow izeneko perkusio erritmo errepikakorra da bere beste bereizgarri musikaletako bat. Letra edo hitzei dagokienez, hasieran hip-hop erako kritika sozialaz ziharduten; gaur egun, ordea, gehienak sexuan eta eguneroko bizitzako istorioetan oinarritzen dira. Gauza da abesti hauen gehiengoak emakumea objektu sexualtzat daukala eta esplizituki adiderazten duela hori bere letretan. Hau ez dut begi onez ikusten.

Bere erritmo dantzagarria askoren gustuko da, batez ere aldakak mugitu nahi dituztenentzat, eta bere letrek duten morboa gogoko dugu batzuek; beste batzuek, ordea, gorrotagarri deritzote erritmo errepikakor eta letra arloteei. Egia da, nolanahi ere, adierazpen askatasunaren eskubidea badugula. Hala ere, erabiltzen duten hizkuntza eta emakumea irantze hori justifikaezinak direla iruditzen zait, emakumeari perra eta antzekoak esanez eta jarrera matxistaz tratatuz agertzen baita abeslaria -gehienetan gizonezkoa dena- kantu hauetan. Honela emakumea degradatu, bere rola gizonezkoa asetzera mugatu eta berdintasunaren alde egin den borroka oro ezerezean uzten dute. Honen erakusle dauzakagu ondorengo esaldiak: “Si se porta mal, dale con el látigo!” (Toby Toon), “Esta noche serás mía” (Wisin Y Yandel ), “Atácala sin piedad, cógela” (Luny Tunes ) eta beste mila adibide. Erabilitako hizkuntza zaindugabea da, eta esaten dituzten astakeriak ere ikus daitezke ondorengo esaldietan: “Si las más putas son las más finas” (Tego Calderon) , “Que va a explotar como palestino” (Calle 13),”Pa las que son más zorras que los cazadores” (Daddy Yankee ).

Reggaetona ez da emakumea degradatzen duen genero musikal bakarra, horren lekuko Tangoa, Alejandro Fernándezen Ranchera polemikoa edo Guetta eta Akon ek House-Technora eraman duten Sexy Bitch abestia. Baina generoa bere osotasunean hartuta, matxismo gehien islatzen duena izango da ziurrenik.

House, ranchera edo reggaetona dela, nik ez nuke nahi nire seme-alabek bitch piropotzat erabiltzea, ezta emakumea iraintzen duten letrak ohikoak direla pentsatzea ere. Bestalde, generoko ikur garrantzitsu den Tego Calderonek ere bere alaba txikiak reggaetona dantzatzea ez litzaiokeela gustatuko aitortu zuen, perreo edo grindingak ere eman baitu zer esan: Puerto Ricon gobernuak perreoa debekatzeko erabakia hartu zuen, baina mundu osoan zehar izan duen arrakastak dakarkion diru sarreragatik iritziz aldatu zuen. Perreoa eta diru kontuak alde batera utzita, genero honetan aritzen direnek letra gehiago zaindu eta emakumea errespetuz trata dezaten gustatuko litzaidake.

Bibliografia
http://es.wikipedia.org
http://www.bbc.co.uk
http://www.elpais.com
http://en.wikipedia.org

Comments { 1 }

Mikel Urdangarinen “Zubia” kalean da. Nik erosi dut!

Zain egon gara, itxaro; iritsi da, baina. Mikel Urdangarinek Jon Intsausti eta biok urte hasieran egin genion elkarrizketan jakinarazi zigun bezala, argitara atera du bere azken obra: Zubia. Desberdina da. Desberdina, baina goxoa eta beretik egindakoa. Ezberdina da, baina bera da ilusioa. Irailaren 30ean izan zen aurkezpena Arriagan, eta oker ez banabil egun hartan bertan erosi nuen Donostian Mikelen lana. Irrabarretsu irten nintzen musika, literatura eta batek daki zenbat ondareren mundutik, Fnac-etik. Bere pisua apenas igartzen zen poltsa fuerte heldu eta han joan nintzen aurrera, ilusioz, noiz etxera helduko.
Treneko eserleku huts bakarrean eseri, eta ingurukoek buruan zer zuten pentsatu ere egin gabe pasa zitzaizkidan gutxi gorabeherako 45 minutuak, Baga-biga produkzioak grabatutako Zubia diskoaren letrak irakurriz.

Jada auskalo zenbat bider entzun ote dudan; eta, ez, ez naiz aspertu! Hau da nire propaganda. Duintasunik galdu gabe, doan daukat salgai altxor berri honen gaineko iritzia. Askori esan diet “nik erosi dut!”… eta erosi egin dute. Hau guri eskainitako obra bat gehiago da, eta gure esku dago gure kapritxoen presentzia. Musikariek eta guk osatzen dugu beste zubi bat. Nik erosi dut!

Zuk nahi baduzu… gozatu! Azaroaren 30ean izango da Arriagan, zuzen-zuzenean, Zubia lan berriarekin.

Comments { 1 }
-->