Archive | orokorra

RSS feed for this section

PHPWebquest euskaraz!

Egun batzuk pasa dira jolausek Webquest eraginkorrak sortzeko bidea Edutekan artikulua idatzi zuenetik. Bertan, webquestak egiteko sarean topa daitezkeen webguneak aipatzen zituen eta gu, hari horretatik tira eginez, PHP Webquest eta Instant Webquest-era heldu ginen. Bietan adibideak sortu ditugu jakiteko zeinetan egiten den lan erosoen, zeinek eskaintzen dituen aukera gehien, zein testu editore mota duen… eta oso garbi dugu: PHPWebquest-ak txantiloia pertsonalizatzeko eskaintzen duen aukera eta prozesuan zehar ematen dituen azalpenekin gelditzen gara!

Halere, programak bazuen eragozpen bat: ez zegoen euskaraz! IKTerook , nahiz eta nahiko lanpetuta ibili, udako egun batzuk hartu eta programa euskaratzeari ekin genion edonork gure hizkuntzan erabiltzeko aukera izan zezan. Euskaratutakoa, gainera, azken bertsioa da (PHPWebquest 2.0), egunotan martxan jartzen ari dena, eta nahiz eta oraindik batzuetan arazotxoren bat eman, lasai asko lanean hasteko moduan dago.
Programa erabiltzea eta webquest-ak sortzea oso erraza da, edonork egin dezake informatikako ezaguera berezirik gabe. Hainbat txantiloi duzu aukeran eta, onena da, behin horietako bat aukeratuta, nahi adina aldaketa sar ditzakezula (koloreak, hizki mota…) gure adibideetan ikusiko duzuen moduan. Testua sartzeko tresnak, hau da, testu editoreak aukera mordo bat eskaintzen dizkigu, horien artean beste gune batean gordetako flash-ak sartzearena!
Gainera, PHPWebquest programarekin webquest-ak sortzeaz gain, Altxorraren Bila eta miniquest-ak ere sor daitezke.
Gure asmoa irakasle guztiak teknologia berrien mundura erakartzea izanik, honelako jarduerak sortzera animatu nahi zaituztegu. Benetan erraza dela zin dagizuegu!!! Zuen Webquestak hemen sortu nahi izanez gero, egin behar duzuen gauza bakarra helbide honetara jotzea eta erabiltzaile kontu bat eskatzea da. Berehala jasoko duzue baimena lanean hasteko!
Dena den, gure aholkua da aldez aurretik ondo pentsatuta izatea edukia eta argazkiak prestatuta (sartu behar badituzue, behintzat) eta honela webquest-a sortzea minutu batzuetako kontua izango da.
Baina egintzak bear dia, ez itzak (edo horrela esaten dute, behintzat) eta hona hemen magic-ek eta nik dagoeneko sortu ditugunak:

Weblogak: zure iritzia mundura!

xx. mendeko euskal literatura

e-postaz komunika zaitez

Comments { 0 }

Kilometroak 05eko abestia!

Uda garai honetan dena ez da lana izan behar eta aisialdiari tartetxo bat eskaintzeko xedez, sustatun irakurri dudan azken berrietako bat zabaldu nahi dut: Kilometroak 05eko abestia dagoeneko entzungai dugu. Dakizuen bezala, aurten Arizmendi Ikastolak antolatuko du euskara eta euskalzaleon bilgune den jaia. Bertan entzun ahal izango dugu Jon Sarasuak letra jarri eta Liken (2,1 MB, mp3) taldeak musikatutako abestia. Aitor Ziardegi, Andoni Arana, Iker Iglesias, Igor Herrarte eta Oier Sarasuak osatzen dute talde hau. Atxabaltarrak dira lau eta Igor arrasatearra. Talde bezala gorpuztuta 3 urte inguru daramatzate musika egiten, sortzen eta jotzen.
Bestalde, esan beharra dago abestia benetan bitxia dela. Hauxe da Sarasuak dioena berak sortutako hitzei buruz:

Esperimentazioa da bere izpiritua. Fonemekin jolasten du letrak. Soinu jolas bat da, eta hasieran ez da ulertzen esaten duena. Gero, sakonean, bai, esaten ditu gauzak. Sormenerako dei bat da, hizkuntzaren oihu bat, izateko aldarrikapen bat. Baina deszifratu egin behar da. Deszifratzeko kantu bat asmatu dugu.

Entseatzen joan gaitezen hona hemen kantuaren hitzak: [ abestia jaitsi ]

Globoko-txoko oso
nodoko gogo soro
logos orokor
jo gogo zoroz oro.
Globoko-txoko gozo
nodoko gogo-soro
golkoko motor
jo gogo zoroz oro.
Koop soro
oro nor, oro hor, orok joko.
Osoro
txoko soro, logos orokor
osoro
oro so gozoro.
Osoro txoko, osoro globo
Osoro joko, osoro gogo
I
Ni, hitz-hiri txiki
intziritik isilik
ifini irriz
ifini ni bizirik.
Ni, hitz-hiri txiki
irrikitik zintzilik
ifini irriz
ifini ni bizirik.
Irriz irriz
irriki-irrintziz iriki ni
Bizirik
ifini ni, irriz ifini
bizirik
ifini bizirik.
A
Lana dala ama
haran maratza zara
atara dana
atara ba plazara
Lana dala zama
gara-baratza zara
atara lana
atara ba plazara
Azal hatsa,
hatsa da baratza daramana
Bazara
atara ba atara dana
bazara
atara plazara.
Atara zama, atara lana
atara ama, atara dana.

Beraz, anima zaitezte eta urrirako ikasi nahi baduzue, hobe izango duzue letra lehenbailehen barneratzen bazoazte, ez baitirudi lan erraza!

Comments { 0 }

Euskal blogosfera sustatzen: Iruñean ikastaroa

Dakizuen bezala (beste artikuluren batean aipatu dudalako) uztailaren amaiera aldean Iruñean izan nintzen UEUk antolatu eta Patxi Gaztelumendik ezin hobeto zuzendutako ikastaro batean euskal blogosferaren inguruan gehixeago jakin nahian. Ordundik pentsatuta neukan idaztea han ikusi eta ikasitakoaz baina, batetik, Ordiziako jaiak hasi ziren egunean bukatu ziren nire joan-etorriak Iruñera eta, bestetik, hainbeste ideia atera nituen bertatik nire blogean buru-belarri sartuta egon bainaiz horietako batzuk martxan jarriz. Berandu bada ere, hona hemen agindutakoa.
Hasteko, aipatzekoa da han bildu ginenon perfil aniztasuna (informatikariak, irakasleak, kazetaritza mundukoak…) eta horrexek eman zion, nire ustez, ikastaroari benetako aberastasuna. Hori bai, bagenuen denok zerbait komuna: euskal blogosferako partaide izan eta bakoitzak gure ikuspuntu ezberdinetik berau eraiki eta handitzen lagundu nahia!
Aipatzekoa ere hainbestetan entzundako izenei aurpegi bat jarri izana. Nork ez du inoiz Gari Araolazarekin, adibidez, hitzen bat partekatu aurki.com-en bidez jasotzen dugun artikuluren batean? Edo nork ez du Jabi Zabalaren sarean.com ezagutzen? Bada, ikastaro honek, ondoren aipatuko ditudan jarduera guztiak egiteko baliagarri suertatzeaz gain, hainbestetan entzundako izenei itxura emateko ere balio izan du. Baina gatozen harira.
Aipatu bezala, ikastaroan gai anitz jorratu dugu. Lehenengo arratsaldean Patxi Gaztelumendi kazetaritza partehartzaileaz aritu zen (benetan interesgarria Patxik mahai gainean jarritako gaia: blogen eztandak komunikazioaren ingurugiroan izan duen eragina, hartu duen indarra eta irabazten ari den audientzia) . Ondoren ikasle bakoitzak blog bat sortu genuen. Bigarren egunean, goizean, Gari Araolaza(aurki.com eta eibar.org ) eta Jabi Zabala (sarean.com) ezagutzeko aukera izan genuen. Garik aurki.com aurkeztu zigun zehaztasun osoz eta, ondoren, Jabik euskarazko blogintzaren bilakaerari errepaso dotorea eman zion. Saio hauen bukaeran burututako mahai-inguruan aparteko parada izan genuen bilduta geundenon interesei buruz hitz egiteko eta geroari begira asmoak azaltzeko ere. Baina, esan behar, azken puntu hau airean gelditu zela. Galdera eta gogoeta ugari geure buruetan: euskal blogosfera txikia izanik ere, dispertsio handia dagoela sumatzen da. Zein bideari jarraitu behar diogu? Zer egin dezakegu gure blogosferan atomizazioa saihestu eta benetako euskal blogosfera -jada atzera pausorik onartzen ez duen euskal blogosfera- indartzeko??? Tamalez, erantzuna ez da hain erraza, baina gure esku dago… Arratsaldean, wordpress euskaratuarekin aritu ginen lanean (honen inguruan ez naiz gehiago luzatuko nire blogkide den Jolausek ederki azaldu zuelako beste artikulu batean!) Hurrengo goizean Iñaki Alegria (EHUko informatika saileko irakaslea) eta Gorka Juliok (teketen) software ezbedinak aztertu zituzten ikuspegi informatikotik (guztiz interesgarria eta ulertzeko erraza informatika mundutik hain gertu ez garenontzat. Gorkaren blogean aurki dezakezue material guztia. Mila esker, Gorka, microwikiagatik!). Ikastaroa amaitzeko, Berriako zuzendari den Martxelo Otamendik Blogak eta euskal prentsaren inguruan gogoeta egin zuen. Bere jario atseginaz, prentsaren erraiak azaleratu eta blogen munduari astindu txiki bat ere eman zion (benetako informazio iturri gisa edo kazetaritza partehartzaile hori pixka bat zalantzan jarriz???? Dena den, badirudi beraiek ere mundu honetan sartzekoak direla eta han geundenon iradokizunen bat baino gehiago jasota joan zen bera ere.
Ikusten duzuen bezala, aniztasuna izan da ikastaroaren gakoa: pertsonen aniztasuna, helburuen aniztasuna eta jorratutako edukien aniztasuna!
Handik bueltan, erabaki dezente hartu nituen nire blogaren inguruan: wordpress erabili, wiki bat sartu ikasleekin istorio elkarreragileak sortzeko…eta, azkenean, horiek guztiak hementxe irudikatu ditut (pixkanaka osatzen joango naiz).
Beraz, ikastaro oparoa eta emankorra alde guztietatik.
IKTerook eskerrak eman nahi dizkizuegu gure bloga (gor)aipatzeagatik eta nik, bereziki, jasotako adeitasunagatik. Mila esker Patxi, Gari, Jabi, Xabi, Iñaki eta Julio! Ondo izan eta laster arte…

Comments { 0 }
-->