DiarioVasco.com sariketan irabazle izan gara!

Arratsaldeko 06:30ak inguruan genuen zita Maiterekin Jakintza Ikastolako ikasle eta Euskaljakintzako hiru partaidek. Euskaljakintza.com webgunea diariovasco.com sariketako finalistetakoa zela jakin bagenekien, eta baita irabazle izan gintezkeela ere, baina sekulakoa da saria jasotzeak eman digun poza!

sariarekin

Esan bezala, 06:30 aldera abiatu eta Manu, ikastolako zuzendaria, Tolosan jaso ondoren, Miramongo parke teknologikora joan gara 20:00ak inguruan hastekoa zen sari-banaketan egoteko. Iritsi baino lehen ere aurreko egunetan eztabaidagai izan duguna izan dugu berriz ere mintzagai: nork lagunduko Maiteri taulatura saria irabaztekotan? Batek ez duela balio, bestea erdi-gaixo dagoela… Lunch-a jango genuela esan zuenean, ez genuen bada halako oztoporik jarri! Azkenean, Maialeni egokitu zaio igotzea, eta, zer esango dut bada, Sara eta ni behintzat pozik geratu gara!

Ekitaldia hasteko 10 bat minutu falta zirenean, Maite batekin eta bestearekin hizketan: diariovasco.com-eko gerentea dela, Euskaltubeko administraria den Haritz Rodriguez dela, Luistxo Fernandez… Eta gu, berriz, noiz hasiko deseatzen, bai irabazle ote ginen jakin nahi genuelako, eta baita gosetuta ginelako ere! Ekitaldia hasi eta, hainbat sari eman ondoren, iritsi da gurea (Maite atzazalak beharrean, hatzak ere jaten ari zen ordurako!). Laukote “famoso” (nik ez nituen ezagutzen baina Golden Apple Quartet izena dute) baten zaratotsak egoerari are tentsio gehiago eransteko eta, azkenean, esan dute irabazlearen izena… EUSKALJAKINTZA!

Igo dira Maite eta Maialen saria jasotzera, bata irribarrea ezkutatu ezinik (berak hala nahi izan arren) eta bestea, berriz, musuak gorri-gorri zituela. Ekitaldia bukatu arte itxoin, eta denok tripa-festa egiteko prest geundenean, bateko argazkia dela, “miradme a mí, una foto” etab. Mahaiak beste puntan ikusten genituen eta gu flashen aurrean itsututa! Formalismoen ondoren, eta beste sarituak zoriondu bezain laster, izan dugu sabela betetzeko abagunea, nahiz eta eskaini dizkiguten pintxo guztiak ez diren hain onak izan (ikusi besterik ez dago “berenjena rellena de ternera” non geratu den bestela!).

Horretan ari ginela, ordura arte baino dexente isilago nik uste, iritsi zaigu Maite horrenbeste poztu duen berria. Iñigo Kortabitarte izeneko gizonkote bat (altua zelako diot hori!) etorri zaigu primiziatxo bat ematera: jaso dugun sariaz gain, publikoaren saria ere guri zegokigula esan digu, baina ez dugula jaso bi sari jasotzerik ez genuelako! Horrek bai borobildu duela eguna!

Beno, ba, horixe izan da gutxi gorabehera gaurko gauak eskaini duena, eta badakit baten bat penatuko dela hau entzutean, baina ezin izan dugu lunchetik ezer atera dena oso ona zegoen arren (pasteltxoak bereziki goxoak zeuden!). Zorionak eman nahiko genizkieke hemendik saria irabazi duten gainerakoei: Irungo udala, Euskaltube.com ataria, Euskal Camping elkartea, Gurutzeta sagardotegia eta Ikea. Eta baita saririk lortu ez dutenei ere! Tira, ba, horrelako sariak jasota, artikulu txanda bikaina egingo dugu hurrengoan, ezta? Euskaljakintza, behintzat, bide onetik doala erakusten dute honelakoek! Ondo segi!

Ateratako argazkiak ikusi nahi badituzue, egin klik hemen.

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/6pA642oPpZ8" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Subscribe

Subscribe to our e-mail newsletter to receive updates.

15 Responses to DiarioVasco.com sariketan irabazle izan gara!

  1. Patxi 2007(e)ko azaroak 30 at 7:00 am #

    Zorionak Euskaljakintzako ikasle guztioi, sari berri honengatik, merezia daukazue benetan.

    Maite, fenomeno paregabe hori, muxu haundi bat!

    Muaaaa!!

  2. gurekuadrila.com 2007(e)ko azaroak 30 at 10:26 am #

    Zorionak danoi!! Lan ona iten dezue, merezitako saria.

  3. alain 2007(e)ko azaroak 30 at 10:37 am #

    Zorionak lagunok! FENOMENO EGIN DUGU! Pena da Ari eta nik ez dugula Puntacanarako bidaia eskuratu, ilusio ikaragarria baikenuen!

    Jarraitu horrela =)

  4. arianeh 2007(e)ko azaroak 30 at 10:41 am #

    ueeeeii!
    gustoa ematen du lana egin ondoren horrelako sariak jasotzea, hori bai, ez dezagun ahaztu bloga ez dela administratzen, baizik eta maitek ere lana hartzen duela!
    aupa gu!

  5. Enovo 2007(e)ko azaroak 30 at 10:43 am #

    😀 Irabazi dugu!!!! Lan gogorraren saria. Ea horrela jarraitzen dugu. Zorionak guztiontzat!
    😉

  6. Dzmn 2007(e)ko azaroak 30 at 10:46 am #

    ZORIONAK, koadrila!!!  Beno, badugu aurtengo oparia ezta?? Benga, horrela segi!! ONENAK gera!!!

  7. mortega 2007(e)ko azaroak 30 at 10:47 am #

    ZORIONAK denoi!!

  8. Unai 2007(e)ko azaroak 30 at 10:49 am #

    Irabazi dugu!!!! Denen lanei esker izan da. Hori bai, lana egiten jarraitu behar dugu sari gehiago irabazteko.

  9. Mikele 2007(e)ko azaroak 30 at 12:46 pm #

    Zorionak Euskaljakintzako ikasle guztioi. Segi orain arte bezala lan interesgarri eta bikainak egiten ari bai zarete. A ze aukera Euskaraz idazteko trebetasuna eta IKTn erabilera garatzeko, eta zuen arteko harremank sendotzeko. Zorionak Maite ikasleak hain motibatuta eta langile mantentzeagatik.Segi horrela!

  10. Magic 2007(e)ko azaroak 30 at 5:20 pm #

    ZORIONAK GUZTIOI!!!

    Maite proiektu honekin hasi zenean, beti bezala, mila buelta eman zion gaiari, baina hasieratik ohartu zen bete-betean asmatu zuela bere erabakiarekin. Garai hartako ikasleen erantzun paregabeak horrela adierazten baitzuen. Horrek eman zion indarraz eta kemenaz baliatu zen indar gehiagorekin jarraitzeko. Hortik aurrera, proiektuak hazi besterik ez du egin. Urtetik urtera hobetzen eta aberasten doa.
    Euskaljakintza gertutik eta hasieratik jarraitzen dugunok zuen lanarekin harrituta gaude, nola ez. Eta konbentzituta gaude, zalantzarik gabe, une honetan euskal hezkuntzarako adibide bat dela eta badela garaia Hezkuntza Sailak hori guztia aitortzeko eta eredu gisa hartzeko.
    Jakintza Ikastolak IKT baliabideen erabilera gardenerako Hezkuntza Sailaren laborategi bat izan beharko luke. Baldintza guztiak betetzen dira eta egindako bideak mereziko luke hori eta gehiago.

    Beno, berriro MILA ZORION ETA EUTSI EUSKALJAKINTZARI!!!

  11. Jozulin 2007(e)ko azaroak 30 at 8:08 pm #

    Zer esango dut ba! Zorionak berriro ere, eta segi lanean (baina ez hainbeste, kontxo!) >:)

  12. Ketxus 2007(e)ko abenduak 1 at 4:07 pm #

    ZORIONAK DENOI !!!!!!!!!!
    =D>  =D>  =D>

  13. Koro 2007(e)ko abenduak 1 at 9:14 pm #

    Berandu samar nabil nire zorion zibernetikoak eman nahian, baina envivoyendirecto ere eman nizkizuen eta ulertuko duzuen itxaropenean nago. ZORIONAAAAAAAAAAAAAAAAKKKK! eta, larga vida al rock&roll!

  14. manu 2007(e)ko abenduak 2 at 11:16 pm #

    Euskaljakintza hasieratik ezagutu eta jarraitu duten horietarikoa nauzue ni ere. Gaur baino lehenago, esan izan dut benetan ederra zela egiten ari zirena. Udazkeneko koloreek natura edertzen duten bezala, egin dituzuen eta egiten ari zareten elkarrizketak itxura bikaina eman diote euskaljakintzari.
    Sariaren gira bueltan irakurri dut, Jakintzako ikasleak izan zirela bertako errebelazioa. Guretzat ez da horrela, orain baino lehenago bagenekielako nolako altxorra genuen.
    Zorionak denoi eta bereziki Maiteri. Aupa Jakintza!

  15. Maite 2007(e)ko abenduak 5 at 12:14 am #

    Ezin ukatu benetan pozik gaudela lortutako errekonozimenduarekin! Pozik gaude, batez ere, euskararen presentzia sarean zehar zabaltzen laguntzen ari garelako. Guk egindako lanak besteek erabiltzen dituzuela jakiteak izugarrizko bultzada ematen digu eta etorkizunean ere bide berriak urratzera animatzen gaitu.

    Aitortu beharrean nago, erabat harro sentitzen naizela nire ikasleez (oraingoez eta orain artekoez). Orduak eta orduak ematen dituzte euren artikuluak idazten, ariketak sortzen, ideia berriak ekartzen eta, hori gutxi balitz, egunetik egunera erakusten didate gauzak gero eta hobeto egin nahian dabiltzala. Harro egoteko moduan nago, ezta? >:D< Bestalde, eskerrak eman nahi dizkizuet Mikele, Koro, Ketxus, gurekuadrila eta betidanik gurekin egon zaretenoi: Manu (proiektuan sinesteagatik), Patxi (beti iruzkin atsegin eta goxo bat eskaintzeagatik) eta Mikel (denagatik baina, bereziki, zurekin duela urte batzuk izandako hizketaldi triste baten ondorioz, barnean neraman sua piztu zelako). 😉

    Jozulin, oso ona zure iruzkina!!
    😀

Utzi erantzuna

-->