Diruak zoriona dakar?

Jende asko dirua eta zoriona sinonimoak direlakoan dago, hau da, diruak zoriona ekartzen duela uste du; nire iritziz, ordea, hori ez da horrela. Izan ere, munduan dirurik ez duen jende zoriontsua bizi da, eta, alderantziz, diru asko duen jende ez zoriontsua. Pasa gaitezen, bada, gaia aztertzera.

Hasteko, diruak, zoriontasuna baino gehiago, erraztasunak ekartzen dituelakoan nago. Diruarekin nahi bezainbeste eros dezakezu, baina horrek ez du esan nahi, gura adina gauza izateagatik, zoriontsuagoa izango zarenik. Izan zaitezke, baina, azkenerako, desiratutako gauza guztiak erosiko dituzu, eta, orduan, ez duzunez zer erosirik izango, ez zara zoriontsu izango. Beraz, zorion mota hori artifiziala dela iruditzen zait.

Bigarrenik, dirua edo aberastasunak izatean, besteenganako konfiantza galtzen da. Ez dakizu zure inguruko jendea diruagatik dabilen ala ez, eta, azkenerako, beraiengandik urruntzen joan zaitezke, hauek zuretaz aprobetxatuko diren beldurrez. Eta zure bizitzako momentu batean bakarrik sentituko zara, zoriontasunetik oso urrun.

Gainera, munduan dirurik gabe edo diru gutxirekin bizi den jende zoriontsua badago. Hauek zoriona adiskideengan, konfiantzan, maitasunean… topatzen dute eta dirudun asko baino zoriontsuago dira, behar duten guztia alboan baitute.

Hala ere, badago diruak zoriontsu egiten duen jendea. Jende xume askok loteria erosten du diru kantitate izugarria irabazteko itxaropenaz. Hauetako batzuk, halako diru kantitatea irabaztean, munduko pertsona zoriontsuenak direla uste dute. Halaxe da, zoriontsu dira. Ez hori bakarrik, badago diruduna den jendea, duten diruagatik zoriontsuak direnak. Halere, oso jende kopuru txikia da. Hauek beraiek lortu dutela zoriontasuna konturatzen dira, eta ez euren diruak.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: dirua eta zoriona oso kontzeptu ezberdinak dira. Batzuetan jendeak, nahastuta, biak elkartzen ditu, erlazioa izango balute bezala. Apika, kasu batzuetan izan daiteke, baina hori ez da errealitatea.

, , ,

7 Responses to Diruak zoriona dakar?

  1. Alazne 2010(e)ko azaroak 12 at 11:29 pm #

    Uneoro ari gara galdera bera erantzuten; diruak zoriona al dakar?
    Dirua eta zoriona sinonimoak ez direla esaten duzunarekin bat nator, zoriontsua den pertsona bat ez baita aberatsa izan beharrik eta alderantziz, diruduna denak ez digu ziurtatzen zoriontsua denik. Hala eta guztiz ere, ez nago guztiz ados, zerikusirik ez dutela adierazten duzunean. Nahiz eta gauza berdina ez izan, dirua baduzu plazerrak eduki ahal ditzazkezu eta horrek nolanahi ere, zoriontasunaren argia pizten dizu. Honekin ez dut esanahi berdinak direnik; baina argi dago, dirua zoriontasunaren eragile bat dela. Egia da, artikuluak dihon bezala, diruduna baldin bazara, agian jendeak zure diruarengatik maiteko zaitu eta ez zu zarenagatik; eta horrek dohakabetasuna ekar dezakela.
    Artikulua ondo dago, hala ere, zuku gehiago atera zeniezaioke gaiari!

  2. Cristian 2010(e)ko azaroak 13 at 12:32 pm #

    Sarritan entzuten dugu gaur egungo gizartea kapitalaren bidez mugitzen dela. Gizakiok sortzen dugun guztia, dirua dute abiapuntu eta dirua helburu. Zuk oso ondo islatu duzun bezala, benetako zoriontasuna zer den ahazten ari garela pentsatzen dut, dirua haren ordezkoa bihurtuz. Hala ere, nahiago dut sinestea, Platonek bere garaian egin zuen antzera, mundua, eta bertan bizi garen gizakiok, maitasunaren bidez mugitzen garela eta ez paper zati batzuen bidez. Beraz, bergogorazi behar dugu, benetako zoriontasuna une oro egiten ditugun gauz txikietan aurkitu dezakegula, hala nola, besteak errespetazen, maitatzen, edota zuzen jokatzen.

  3. Irene Usabiaga 2010(e)ko azaroak 14 at 8:16 pm #

    Alaznerekin bat nator. Gaia oso interesgarria izanik zuku gehiago atera zeniezaioke artikuluari.

    Zuk adierazi duzun moduan jende askok bere nahi materialak erosten dituenean zoriontasuna lortzen duela uste du, baina hori momentuko zoriontasuna da. Azken batean Olentzerok txikiak ginenean egiten zizkigun opariekin konpara genezake. Hasiera batean izugarrizko zoriontasuna dakarkigu, baina kasu ia guztietan hilabete pare batean, eta zenbaitetan aste pare batean bertan, jada aspertuta, baztertuta uzten ditugu.

    Benetako zoriontasuna sentimenduekin neur daitekeen guztiak ekartzen digu, hau da, maitasunak, laguntasunak… eta hori ezin da inolaz ere ez diruarekin erosi. Hala eta guztiz ere, badago jendea honako hau pentsatzen duena: “Zerbait gaizki ateratzen ari zaitenean, dirudun izan edo ez izan berdin sentituko naiz, hala ere, nahiago dut nire Ferrarian negar egin”

    Laburbilduz, dirudun izateak erraztasunak ekartzen dizkizun arren ez dizu zoriontasuna ekartzen.

  4. Saioa 2010(e)ko azaroak 14 at 8:28 pm #

    Gai oso interesgarria…ez dut uste diruak zoriontasuna dakarrenik, baina zoriotsu izaten laguntzen duela bat nator!

  5. maria 2010(e)ko azaroak 19 at 10:08 am #

    Gai interesgarria den arren, testu formalegia idatzi duzula iruditu zait. Gai honi, aurrez esan duten bezala, probetxu gehiago atera baitiezaiokezu; egoera pertsonalen bat azalduz agian.
    Gaia egokia da testu aberatsgarri bat idazteko, izan ere, betiko galdera izan da ea diruak zoriontasuna dakarren. Galdera honen aurrean zure iritziarekin bat nator; dirua egun, gure gizarte kontsumistan beharrezkoa den arren, ez baitzait iruditzen beharrezko faktorea zoriotsu izateko.

  6. txiribiton 2010(e)ko azaroak 19 at 10:14 am #

    ez egin jaramonik hauei! testua primeran dagooo ederto ez da motzegia eta oso ondo dago mamia

Trackbacks/Pingbacks

  1. Tweets that mention euskaljakintza» Blog Archive » Diruak zoriona dakar? -- Topsy.com - 2010(e)ko azaroak 12

    […] This post was mentioned on Twitter by Maite Goñi, Gorka Bikuña. Gorka Bikuña said: Diruak zoriona dakar? – http://berria.euskaljakintza.com/2010/11/12/diruak-zoriona-dakar/ […]

Utzi erantzuna

-->