Diruak zoriona dakar?

Jende asko dirua eta zoriona sinonimoak direlakoan dago, hau da, diruak zoriona ekartzen duela uste du; nire iritziz, ordea, hori ez da horrela. Izan ere, munduan dirurik ez duen jende zoriontsua bizi da, eta, alderantziz, diru asko duen jende ez zoriontsua. Pasa gaitezen, bada, gaia aztertzera.

Hasteko, diruak, zoriontasuna baino gehiago, erraztasunak ekartzen dituelakoan nago. Diruarekin nahi bezainbeste eros dezakezu, baina horrek ez du esan nahi, gura adina gauza izateagatik, zoriontsuagoa izango zarenik. Izan zaitezke, baina, azkenerako, desiratutako gauza guztiak erosiko dituzu, eta, orduan, ez duzunez zer erosirik izango, ez zara zoriontsu izango. Beraz, zorion mota hori artifiziala dela iruditzen zait.

Bigarrenik, dirua edo aberastasunak izatean, besteenganako konfiantza galtzen da. Ez dakizu zure inguruko jendea diruagatik dabilen ala ez, eta, azkenerako, beraiengandik urruntzen joan zaitezke, hauek zuretaz aprobetxatuko diren beldurrez. Eta zure bizitzako momentu batean bakarrik sentituko zara, zoriontasunetik oso urrun.

Gainera, munduan dirurik gabe edo diru gutxirekin bizi den jende zoriontsua badago. Hauek zoriona adiskideengan, konfiantzan, maitasunean… topatzen dute eta dirudun asko baino zoriontsuago dira, behar duten guztia alboan baitute.

Hala ere, badago diruak zoriontsu egiten duen jendea. Jende xume askok loteria erosten du diru kantitate izugarria irabazteko itxaropenaz. Hauetako batzuk, halako diru kantitatea irabaztean, munduko pertsona zoriontsuenak direla uste dute. Halaxe da, zoriontsu dira. Ez hori bakarrik, badago diruduna den jendea, duten diruagatik zoriontsuak direnak. Halere, oso jende kopuru txikia da. Hauek beraiek lortu dutela zoriontasuna konturatzen dira, eta ez euren diruak.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: dirua eta zoriona oso kontzeptu ezberdinak dira. Batzuetan jendeak, nahastuta, biak elkartzen ditu, erlazioa izango balute bezala. Apika, kasu batzuetan izan daiteke, baina hori ez da errealitatea.

, , ,

7 Responses to Diruak zoriona dakar?

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.