Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Elena Irureta: “Beti pentsatu izan dut nire lana kasualitate hutsa zela, ez zela betiko izango”

Izaro eta Lierni gara eta Elena Iruretari elkarrizketa egitea erabaki genuen unetik, buruari buelta dezente eman behar izan genizkion jarraian irakurriko dituzuen galdera interesgarri eta, Maitek berak eskatu lez, dokumentatuak sortu ahal izateko. Izan ere, hasieratik argi izan genuen elkarrizketak originala behar zuela izan, baina interesgarria aldi berean. Autoa abiatzea zertxobait kosta zitzaigula aitortu beharra daukagu, baina behin lehenengo galdera idatzirik, ezin izan genuen gelditu. Guztia prest genuela-eta Elenari deitu genion berriz, hitzordurako data zehazteko xedez.

Horrela, neguko egun hotz eta euritsu horietako batean abiatu ginen Zumaiarantz. Kostaldera hurbiltzeaz batera eguraldiak hobera egingo ote zuen esperantza ez zen bete. Halere, kirioak dantzan genituen unea gerturatzen ari zen heinean, eta hau aski izan zen berotzeko, irratiko musikak giroa bizitzen zigun bitartean. Zumaiara sartzeaz batera, Lierniren osabaren hotelean egin genuen geldialdi bizkor bat, honek Elena ezagutzen baitzuen. Berak gidatu gintuen Elena Iruretaren landetxeraino. Leku zoragarria. Itsasoa urdin ikusten zen. Berehalakoan ireki zigun atea Elenak. Unetxo bat itxaron genuen egongelan hura telefonoz ingelesez hizketan entzuten genuen bitartean, seguruenik bezeroren bat izango zen. Segituan etorri zitzaigun bueltan, eta eskuzabalik hartu gintuen bere etxean. Elkarrizketarako lekua hautatu eta guztia prestatu genuen, bitarte horretan sekulako hitz-jarioa erakutsi zigun aktoresak. Giro adeitsu eta lasai hartan ekin genion elkarrizketari.

Egun on, Elena. Kaixo, guapas.

Euskal aktorea, Zumaian jaioa eta, jakina, interpretazioaren munduan denetik egindakoa, hots, mundu horretako puntu kardinal oro ukitutakoa, nola antzerkian hala telebistan ikus baitezakegu bera. Nolanahi ere, azken honi esker da famatu, Euskal Herrian bere izena Bi eta bat, Jaun ta jabe edo Martin bezalako produkzioetan parte hartu izanagatik ezagutzen baitugu gehiengook. Halere, Elena Iruretak ibilbide luzea dauka atzetik, eta, hain zuzen ere, hau sakondu nahi izan dugu elkarrizketa honen bitartez. Hortaz, lehenik eta behin eskerrak eman nahi genizkizuke gurekin egoteko tarte bat hartu izangatik, jakin badakigu eta oso lanpetuta zabiltzala azkenaldian. Oraintxe bertan ez zuek uste bezainbeste. Hemen, etxean, oporretan gaude (landetxeari erreferentzia eginez), eta, bestela, proiektu batzuk izan baditugu, baina oraintxe, oraintxe Madrilen telesaio bat bukatu berri dut eta lasai nabil; beraz, lasai hartu.

Orduan, zure baimenarekin, elkarrizketari ekingo diogu. Nahi duzuenean.

Hasteko, atzera begiratu bat botatzea gustatuko litzaiguke; izan ere, horren ibilbide luzea eta gero, gogoratzen al zara hasierako egun haiez? Nolakoa zen 20 urteko Elena Irureta? Bada, noski gogoratzen naizela! Azken batean, honetan hasi nintzenean, pixka bat kasualitatez izan zen, nik ez baitut inoiz horrelako bokaziorik izan. Niri askotan esaten didate: ‘Noiz nabaritu zenuen horrelako zaletasuna zenuela?’. Eta ni beti horrela geratzen naiz, oraindik ere ez baitakit zein bokazio daukadan! Zera esan nahi dut, niri gauza asko egitea gustatuko litzaidake, ez dakit, esate baterako… Beno, ez dizuet esango, gauza pila gustatzen zaizkit eta! Gertatzen dena zera da, ni eskolan oso gaizki ibili nintzen, eta, orduan, arte ederrak egitea gustatuko zitzaidala erabaki nuen; oraindik hor dirau istorioak, baina bueno… Azkenean, Madrilera joan nintzen Artes y Oficios eskola batera eta urtebete besterik ez nuen egin. Handik Londresera joan nintzen, beste urtebete egin nuen han. Handik bueltan ez nekien nondik nora jo, egia esan. Aurretik dentista batekin lan egin nuen hemen, Zumaian, eta gero, bueltatu nintzenean, bada, ez nekien zer egin eta nire izebaren dendan laguntzen hasi nintzen, honek altzariak saltzen zituen eta. Orduan zabaldu zuten antzerki eskola Donostian eta hara jo nuen. Zera pentsatzen nuen: ‘Ea hortik…’

Hasi ginen han, eskolan, eta oso ondo hasi ere, lehenengo promozioan. Gerora, promozio horretatik hamabi geratu ginen ikasgela batean, sei mutil eta sei neska. Hiru urte eman genituen han eta izugarri ondo pasa genuen. Zumaiako hiru ginen taldean: Kandido Uranga, Inazio Tolosa eta ni. Patxi Santamaria ere gurekin izan genuen, eta hura Zarautzen hartu eta hantxe ibiltzen ginen, joan eta etorri. Antzerki eskolako azkenengo urtean muntaiak egiteari ekin genion. Lehena, oker ez banago, Arlekino, bi nagusiren zerbitzaria (1983) izan genuen, zuzendaria italiarra zelarik, Ferruccio Soleri, eta muntaia handi bat egin zen. Honen ostean, antzerkiaren barruan ere, Troiarrak (1983), eta besteren bat ere bai Luis Iturrirekin. Harrezkero jada lanean hasi ginen, eta orain arte; izan ere, lan batek bestera eramaten zaitu!

Behin eskolatik irten ginenean, Aizpea Goenaga eta biok Txirri, Mirri eta Txiribitonekin lan egiten hasi ginen, papertxo txikiak egiten, eta oso gustura; urtetan ibili izan gara eurekin, beti oso gustura, inondik ere. Eurek beraien produkzio enpresa zuten, eta zerbait idatzi edo egin nahi ote genuen galdetu ziguten. Guk eskaintza hura onartu eta programa batzuk egin ere egin genituen. Hau da hau izan zen horietako bat. Horrekin hasi ginen eta saio saritua izan zen Madrilen. Eta horrela, bata bestearen atzetik.

Eneko Olasagasti, Carlos Zabala… Nire kide hauekin guztiekin beste telesaio bat egiten hasi nintzen. Bi eta batekin hasi ginen eta, zuek seguruenik ez zarete gogoratuko, dagoeneko hogei urtetik gora izango dira eta hura egin genuenetik, baina oso ezaguna egin zen; izan ere, Joselontxo (Jose Ramon Soroiz) eta bertako hiru pertsonaia ziren, tira, oso… Arrakasta izan zuen, eta telesaio honekin denboraldi batzuk egin genituen. Tartean beste gauza batzuk ere egin ditut, antzerkia… Bata bestearen atzetik joan da orain arte. Ez dakit, pentsatzen dut: ‘Ai ama, ez dit denborarik emango, ez dit denborarik emango beste gauza batzuk egiteko!’. Baina, bueno, hemen nabil.

Antzerki mundua aipatu duzu oraintxe bertan. Askotan esaten da antzerkian ez dagoela etorkizunik; mundu hori guk baino hobeto ezagutzen duzu. Beharrezkoa al da telebistan eta zinean adinako sustapena eta laguntza? Bai, noski. Beti esan da antzerkiarekin ez dagoela bizitzerik, eta benetan zaila da. Baina ni bizi izan naiz. Halere, aipatzen ari naizen gauzak aspaldiko kontuak dira. Ni gogoratzen naiz nola ezer izan ez eta Kontxu eta biok, Kontxu Odriozola, zerbait idazten jarri ginela. Hemengo kontuekin Ama begira ezazu egin genuen, eta herriz herri hasi ginen. Oso muntaia txikia zen, zera, Mikel Garmendia eta Jose Ramon Soroizekin batera, laurok hasi ginen. Guk geuk guztia muntatu, desmuntatu, kamioia kargatu, eszenografia jarri… Normalean, gainera, kalean edo frontoietan edo edozein lekutan! Gogoan dut, ez dakit Errezil inguruan izan ote zen, zero azpiko tenperaturak eta gu han, bainujantzian, pertsonaiak egiten. Nik jada ezin nuen gehiago, hotzak, eta galtzerdiak bainujantziaren gainetik jarri nituen! Ezin nuen jasan, izan ere. Eta kamiseta azpitik; noski, gero disimulatzeko ‘Fresko egiten du Benidormen, eta nik kamiseta badaezpada ere jarri dut!’. Ai ene! Anekdotak.

Lan asko egin izan dugu, gertatzen dena da orain gauza askoz ere zailago dagoela, emanaldi gutxi ateratzen dira eta. Dagoeneko lau urte badira nik ez dudala antzerkirik egiten, baina lagunak nola dabiltzan jakinda, larri ikusten dut kontua, oso larri.

Zuzendari lanetan ere aritu zara, 1993an Dúplex telesailaren ardura hartu baitzenuen. Nolako esperientzia izan zen? Ba al duzu errepikatzeko asmorik? Aizpearekin batera, bestela, nik bakarrik ez nukeen lan hura hartuko. Eta ez, errepikatzeko asmorik ez, ez baitut balio horretarako; zuzentzeko ez dut balio, oso letxe txarra baitaukat. Gainera, ni neu konturatzen naiz oso urduri jartzen naizela eta ez naizela gauza, eta eskerrak Aizpea Goenagarekin egin nuela hura. Aizpea benetan oso langile eta oso zuzendari ona da, eta berak badaki nola atera jendeari berea eta nola egin behar den guztia. Pazientzia ikaragarria du. Nik ez daukat. Ni etsita ibiltzen nintzen. Ai ama! Baina ez aktoreekin, aktoreak oso jende jatorra ziren eta primeran egiten zuen bakoitzak bere lana, lanarekin berarekin baizik. Izan ere, zuzentzea lan handia da eta jende asko dago eszenatoki batean, eta dena zuzendu beharra eta errealizazioak egin beharra… Niretzat hura guztia, latza. Eneko, Aizpea, Olatz Beobide eta jende hau lana lasai eta ondo egiten dabil. horregatik, chapeau. Nik ezin dut, ez dut balio.

Argi dago jendeak Martin telesailari esker ezagutzen zaituela gehienbat. Zer suposatu du honek zure bizitzan? Bueno, ez du uste hori benetan egia denik. Zenbat urte dira Martin egin zela, zazpi edo zortzi? Ez dakit, baina aurretik beste telesaio oso ezagun batzuk egin izan dira Euskal Telebistan, Bi eta bat, esate baterako. Honekin denboraldi ugari egon ginen eta Jose Ramon, esaterako, oraindik Joselontxo da. Zera esan nahi dut, harrezkero oso ezaguna egin zen telesaio hura. Eta gero bestea, Jaun ta jabe, Jose Ramon berriro ere lehendakaria zela bertan. Eta Martin hauetako azkena da, egin genuen azkena. Orduan, ez dut uste. Lehendik datorren zerbait da. Pertsona berdinek egin genuen, bai Ane Gabarain, bai Jose Ramon Soroiz, hau beti protagonista, eta baita ni ere, eta askotan gu biok bikote modura jarri gaituzte, senar-emazte bezala. Baina, esan bezala, Martin hirugarrena izan da, aurretik ere egon dira beste telesaio ezagunak.

Euskarazko hauetatik aparte, El Comisario telesaio arrakastatsuaz gain, Telecincoko Felipe y Letizia telefilmean parte hartu duzu. Nola suertatu zitzaizun azken eskaintza hau Telecinco bezalako prentsa arrosan oinarritutako telebista kate batetik? Horiek produkzio enpresak izaten dira, hau da, niri telebistak ez dit inoiz deitu ezertarako. Beti dago produkzio enpresa bat, eta horrek saltzen du egindako lana kate batera edo bestera. Niri Felipe y Letizia telefilmerako orain dela 15 bat urte El Comisarion lan egin zuen zuzendariak deitu zidan. Zuzendariak, katalana, oso tipo jatorra, esan zidan lan hori egin behar zuela eta nik pertsonaia bat egitea nahi zuela. Egia esan, ez nekien ze pertsonaia zen; izan ere, hasiera batean esan zidan nik lanean parte hartzea nahi zuela, baina aurrerago esango zidala nik antzeztu beharreko pertsonaia. Azkenean oso pertsonaia motza izan zen, bi eguneko lana.
Non jarriko ote duten, Telecincon edo Antena3en edo, niri berdin zait. El Comisario, esate baterako, Telecincon jarri izan dute 11 urtez, eta niri berdin zait han edo hemen. Nire lanak ez dauka zerikusirik jartzen duten katearekin. Normalean programak zer audientzia daukan ikusita, jarraituko duzu lanean edo ez, edo programa hori moztuko dute edo ez, ikusten duen jende kopuruaren arabera. Edonola ere, ze katetan jarriko duten niri berdin zait.
Zure ustez, nondik dator lan hauen arrakasta, Telecincoko hauena, alegia? Ez dakit, ez dakit. Nik jakingo banu eta jendeak jakingo balu nondik datorren arrakasta, gauza arrakastatsuak besterik ez lituzkete egingo; azken batean, hori da kontua, programak arrakasta izatea eta lanean jarraitzea. Momentua izango da, El Comisario egin zenean ez baitzen horrelako programarik, poliziekin eta hau eta bestearekin.
Hasiera batean telesail hau komedia zen. Hiru bat kapitulu edo grabatu genituen eta moztu egin zuten orduan. Kateak moztu zuen esanez ez zuela bide horretatik funtzionatzen eta beste bira bat eman behar zitzaiola telesailari. Hilabete edo egon ginen lanik ezean, eta gero berriz hasi ziren zeharo beste kontu ezberdin batekin. Hasieran, gainera, alde batetik komisaria zegoen eta beste aldetik, familiako kontuak. Gero, pixkanaka-pixkanaka, aldatzen joan zen gidoia eta komisariako kontuak eta kasuak besterik ez ziren gelditu. Orduan, pertsonaia batzuk kendu egin zituzten eta gero eta paper gutxiago zeuden. Dena den, denbora luzean mantendu izan da eta alderdi horretatik ondo, lana izan dugu.
Asturiaseko printzesaren amaren azalean sartu zara arestian aipatutako produkzioan. Hau pertsonaia esanguratsua da, baina interpretatu dituzun guztien artean ba al duzu baten bat besteak baino gogokoago? Ni ez naiz bihurtzen pertsonaia hori; beraz, niri berdin zait pertsonaia bat edo bestea egitea. Zuzendariak momentu horretan zehazki zer eskatzen duen eta zer nahi duen jakiten ahalegintzen naiz eta gero eginahalak egiten ditut hori lortzeko. Demagun orain polizia dela eta aurrekoa moja. Hori mozorro bat da. Pertsonaia bat egin behar baduzu hori da egin behar duzuna, hau da, moja, polizia edo orain, esaterako, andere zahar baten papera egin dut. Hori ez zait hainbeste gustatzen, ez zaharra izateagatik, ileorde bat eraman behar izanagatik… A zer komeriak! Ordu eta piko behar zuten hura jartzeko. Ile naturala zen, oso luzea, ezin zuten moztu eta motoak egin behar ziren. Are gehiago, nire ilea aurrealdean zuritu behar zuten kanpora ateratzeko eta ile guztia itsatsita neraman. Hori bai zela benetan jasangaitza! Adibidez, goizeko zazpiak aldera ileordea jarri eta ezin nuen mugitu; izan ere, hemen (buruaren atzealdean) hogei bat urkila jarrita nituen eta burua mugitzean urkila guztiak txaka eta txaka eta txaka barrura sartzen ziren. Alde horretatik deserosoa zen, baina besterik ez. Normalean, horrelako gauza bat egiterakoan, kalean eman behar dituzu ordu asko zain. Horrelako kontuekin baldin bazabiltza, ezin duzu ez taberna batera joan ezer hartzera, ez kuluxka bat bota ileordea ezin delako ukitu. Horrelako kontuak… Bestela, berdin da pertsonaia bat edo beste egitea, agian, bat bestea baino gusturago egingo duzu, baina ez pertsonaia aldetik, idatzita dagoen modua eta kontatzen duenaren aldetik. Pertsonaia batzuk zure gustukoak dira, beste batzuk ez hainbeste eta beste batzuk batere ez. Baina, tira, hori da kontua; lana da.

Zure ibilbidean zehar jende garrantzitsuarekin lan egiteko aukera izan duzu, hala nola, Pilar Bardem, Antonio Resines, Imanol Arias, Ane Igartiburu edo Mariví Bilbao. Anekdota bitxiren bat ba al duzu gurekin partekatzeko?
Egia esan ez. Ez dakit, orain ez zait bat ere bururatzen… normalean zure lagunekin edo zure lankideekin gertatzen zaizkizunak. Horiekin esate baterako, Pilar Bardemekin Hermanasen edo Ane Igartibururekin orain dela bi edo hiru urte pelikula bat elkarrekin egin genuen, eta oso emakume jatorra da, oso jatorra eta oso lankide ona, eta besteak ere bai. Nik ez daukat ezer esaterik, zeren eta lanera zoazenean lana egitera joaten zara, ez lagunak egitera, eta ni beti lana bukatu eta handik etxera joaten naiz, zuek bezala. Azken batean, lanean ari zarenean lanean ari zara.
Nik zortea izan dut, nik beti esan izan dut zorte ikaragarria izan dudala, beti lankide benetan on-onak izan ditut. Alde horretatik, entzuten dudanean ‘ez dakit zeinek hau egin zidan…’ niri alderantziz gertatu zait; laguntza behar izan dudanean beti han izan dut eta jendea oso-oso ondo portatu izan da beti nirekin. Horregatik ez dut zer esanik inorengatik. Beti oso jende jatorrarekin lan egin izan dut egia esan. Ez daukat zer esanik inorengatik, benetan.
Hainbeste lanen ostean, ezer berririk egiteko gogorik?

Bai, noski. Orain niri gehien gustatuko litzaidakeena Euskal Telebistan lan egitea da; izan ere, urte askotan egin izan dut lan bertan eta beti oso gustura eta lagunen artean egon izan naiz. Gertatzen dena da ez dagoela dirurik eta duela 8 urtetik hona edo -beno, ez dakit 8 urte izango diren, baina 5 behintzat bai- ez didate ezer eskaini. Askotan deitzen didate, baina elkarrizketak egiteko izaten da eta niri ez zaizkit gustatzen, zuekin ari naizelako, baina niri ez zaizkit batere gustatzen elkarrizketak. Ez zait gustatzen nitaz hitz egitea, are gutxiago Euskal Telebistan baldin bada, eta askotan deitu didate esanez ‘ondo pasako dugu!’. Ondo pasa nik lagunekin kalean, baina Euskal Telebistan ni han jarri eta bota, eta bota nire buruaz hitz egiten, nik nahiago ezetz. Ez Euskal Telebistan eta ez inon, e, baina beno (barrez).

Zure eguneroko fazeta ez da hain ezaguna, baina egun landetxe bat daramazu. Nola lortzen da bi lanak era arrakastatsuan konbinatzea?
Bai, guk gelak alokatzen ditugu; baita gosariak eman ere. Tira, nik hau orain dela hamaika urte eta erdi muntatu nuen; bai, 2000. urtean zabaldu genuen hau. Beti izan nuen horrelako zerbait egiteko gogoa, izan ere, beti pentsatu izan dut, lehen esan dizuedan bezala, nire lana kasualitate hutsa zela eta momentuz hor nengoela, baina ez zela betiko izango eta beste zerbait bilatu behar nuela. Hau zabaldu nuen eta, bada, ilusio handiarekin, eta hor ari gara, ia hamaika urte eta lanean jarraitzen dugu, jo eta fuego. Bai, orain neguan itxi egiten dut, bestela urte oso, oso, oso, osoa hemen lanean ematea oso nekagarria da.

Azkenik, zure ibilbide profesional eta pertsonalari izenburu bat jarri beharko bazenio, zein izango litzateke? Hara, hor harrapatu nauzue. Ez dakit, ez dizuet ezer esango, astakeria bat izango baita. Ez dakit, ez dut inoiz horrelakorik pentsatu.

HIZAPASA
Bueno, bada, hortxe utziko dugu. Hortaz, pasa gaitezen beste atal batera; izan ere, badakigu Telecincoko Pasapalabra saioan parte hartutakoa zarela behin edo behin, eta, kasualitatez, guk euskaljakintzan badugu honen euskarazko bertsioa, HitzaPasa izenekoa. Hortaz, ondorengo jolas hau proposatu nahi genizuke. Ea zer moduz moldatzen zaren!
A: Elena Iruretak egin zuen lehenengo filma: Axut.
D: 1993an zuzendu zenuen produkzioa: Bai, Dúplex.
L: El Comisario telesaioko pertsonaia: Laura.
M: Martinen emazte xelebrea ETBko telesail arrakastatsuan: Martin eta Marta.
R: Felipe y Letizia telefilmeko zure pertsonaiaren abizena: Nola zen? Rocasolano.
Z: Elena Iruretaren jaioterria: Bai, Zumaia da hori!

KATE MOTZEAN

Oso ondo moldatu zara HitzaPasan, ea orain kate motzean nola aritzen zaren:

Zer duzu gustukoago, komedia ala misterioa? Niri komedia asko gustatzen zait, baina tokatzen zaidan testuaren arabera, misteriozko zerbait gustuko baldin badut, bada, misterioa. Segun eta zer komedia eta zer misterioko kontu den!
Pelikula bat ikusi ala egin? Egin, noski; nire lana da! Eta pelikula eta zinea ere pila bat gustatzen zaizkit.
Tabernaria, Martinen eta Los Misterios de Lauran bezala, ala polizia? Edozer gauza.
Bada, oso ondo, honekin amaitutzat emango dugu elkarrizketa. Oso ondo.
Eskerrik asko berriro ere guri tarte hau eskaintzeagatik. Zuei.

Mintzoaren jardunean, hitz eta pitz, denbora brastakoan pasa zitzaigun, konturatu ere egin gabe ia. Hogeita hamar minutu eskaini zizkigun Elenak, eta fin asko aritu zen elkarrizketa osoan zehar nola gure galderei erantzuten hala ariketa ezberdinetan. Zumaiarrarekin izan genuen hartu-emana, ordea, ez zen bere horretan geratu gurekin eraman genituen kamera eta abarrak txukun-txukun jasotzeaz amaitu genuenenean, ez horixe. Izan ere, elkarrizketa amaitzeaz batera, hizketaldi informala nagusitu zen, eta Elenak bere burua pantaila handi nahiz txikian ikusteari dion beldurraren inguruan hitz egin zigun. Hori gutxi balitz, abegikor zabaldu zizkigun bere landetxeko ateak; horren adeitsu agertu zitzaigun, ezen bere etxeko txokorik goxoenak pertsonalki erakutsi baitzizkigun, kolore eta originaltasunez jantziriko dekorazioa nagusi zelarik bertan. Benetan eskertzen dizugu une oro erakutsi zenigun adeitasuna eta gertutasuna, Elena, bihotz-bihotzez. Zorterik onena opa dizugu etorkizunean. Esker mila, enegarren aldiz.

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->