Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Emma García: “Audientziaren menpe bizi gara”

Maitek euskaljakintzarako elkarrizketa bat egin behar genuela esan bezain pronto, Emma Garcia elkarrizketatzea pentsatu nuen. Emma ordiziarra da eta oso ezaguna Tele 5 telebista katean aurkezle gisa egiten duen lanengatik. Herri berekoak izanda, nahiz eta egun urrun bizi, nola edo hala berarengana iritsiko nintzela pentsatu eta, azkenean, Maria gelakide eta lagunaren bitartez lortu nuen jarraian irakur dezakezuen elkarrizketarako hitzordua egitea. Egia esan, pare bat hilabete egon nintzen galdetuko niona prestatzen; izan ere, ez baita erraza hainbestetan elkarrizketatua izan den pertsona bati ezer originala galdetzea, baina web ezberdinetan topatu nituen biografiak (Wikipedian eta Telecincon, besteak beste) eta pare bat irakasleren laguntzari esker, lortu nuen, azkenean, galderak prest izatea elkarrizketa egunerako…

Arratsalde on, Emma. Ezer baino lehen, mila esker elkarrizketa hau eskaintzeagatik. Hasteko, gustatuko litzaidake jakitea ea noiztik datorkizun kazetari izateko bokazio hori. Arratsalde on. Nik uste dut bokazio hori jaiotzatik datorkidala. Betidanik kazetari izan nahi nuen. Gure familiako inor ez da kazetari, baina erakarri egiten ninduen; ez telebista munduak bakarrik, denak: kazetari izateak, bidaiatzeak, notizia guztien berri izateak… Orduan, aukeratzeko adina bete nuenean, kazetaritza ikasten hasi nintzen, eta, eskerrak, ez baitakit zer ikasi izango nuen bestela. Horrela hasi nintzen kazetari izateko ametsa betetzen.

Zer esangura izan zuen zuretzat lehen aldiz probintziako telebista batean lan egiteak? Nola gogoratzen dituzu kazetari gisa lehen urte horiek? Hasiera horiek maitasun eta malenkonia handiz gogoratzen ditut eta, batzuetan, tristuraz ere bai. Ni “Diario de noticias” egunkarian lan egiten ari nintzela sortu zen aukera hori. Kate probintzial bat ireki behar zuten Iruñean eta unibertsitatetik atera berria zen gazte talde bat elkartu ginen asko ikasteko eta lan pila egiteko gogo biziz. Nafarroako Canal 4k aukera hori eman zigun: gozatu, lan egin eta ia-ia ez kobratu (algara artean). Han emandako denboran asko ikasi genuen, guk egiten baikenuen gidoilari, aurkezle eta errejidore lana; ozta-ozta ez genuen elkar makillatzen! Lan asko egin genuen eta hori, gerora, oso ondo etortzen da. Beste kate batzuetara joaten zarenean, beste gauza batzuk egiten hasten zarenean, badakizu telebista batek barrualdetik nola funtzionatzen duen.

Zer suposatu zuen bai profesionalki eta baita pertsonalki ere Telecincon lan egiten hasteak? Zoramena, zoramena! (barrezka). Egia esan, joan-etorri ugari bizi izan nituen. Momentu horretan Canal 4n nengoen eta bertatik Telecincora joan nintzen ustez amaitzekotan zen programa batera. Telecincora joan nintzen Canal 4n ikas nezakeen ia-guztia ikasi nuela ikusi nuelako; mugara heldu nintzen ustea nuen eta pentsatzen nuen ez nuela han aurrera egingo. Horren ostean, Cinemania katera joan nintzen zinearen inguruko programa bat aurkeztera, aurkezle eta gidoigile lanetan arituz. Gero, EITBtik deitu zidaten. EITBra etorri nintzenean, Aitorrekin ezkontzekoa nintzen, lasai nengoen… Gutxi gorabehera bizitza zoragarria hasi behar genuen, ezta? (bere senarrari begira) Ba, orduntxe Telecincotik deitu zidaten. Honek zorabio pittin bat suposatu zuen. Momentu hartan lasai bizi nintzen, eta ondo zebilen programa batean –Esta es mi gente– nengoen, hau martxan jartzea pittin bat kostatu bazitzaigun ere. Gauza pila bat pasa zitzaizkidan burutik, eta esan nuen: “Zergatik ez? Goazen saiatzera. Ezin naiz hemen gelditu nire buruari behin eta berriz Telecincora joan izan banintz zer gertatuko zen galdetuz”. Halaxe joan nintzen.

Garrantzitsua izango zen zuretzat bi urtez jarraian (2002 eta 2003) Urrezko TP sarien irabazle izatea, eta, 2004an, berriro ere izendatua izatea Oso pozgarria izan zen. Lehen esan dizudan bezala, dena oso azkar gertatu zen. Esta es mi gente-n nengoela, Telecincotik deitu zidaten. Ostiral batean zuzeneko saioa bukatu eta astelehenean Telecincon nintzen… Ez nuen denborarik izan zoramen hura guztia neureganatzeko. Otsailean iritsi ginen Madrilera eta saria urte horren amaieran eman zidaten. Oso pozgarria izan zen; kemen, indar eta asetasun ziztada bat. Talde oso gaztea ginen, gainera. Telecincoko arratsaldeetan proiektu asko egonak ziren aurretik, baina ez zuten sendotzea lortu. Gu ilusio handiz iritsi ginen, errespetu eta ilusio handiz. Ikusleek izendatu eta TP saria eman zigutenean, zoratzen jarri nintzen. Maitasun eta poz handiz oroitzen ditut une haiek. Gero, hurrengo egunean, pentsatzen duzu zer ondo dagoela saria irabazi izana, baina handik aurrera ikusleei lehen baino gehiago eskaini behar diezula. Zentratuta egon behar duzu eta ezin duzu etsi, baina oso ondo ospatu genuen.

Orain Telecinco-ra joan zineneko galderak egingo dizkizut. Zer sentitzen duzu hainbeste ikusle duten programetan lan egiten? Programa bat aurkezten duzun bakoitzean, ikusle kopuruaren presioa hor egoten da. Aurkezle gisa lan egiten duen bat, edota kazetari bat, egunero ari da azterketa egiten. Egunero, goizeko zortzietan, notaren zain egoten gara. Mundu hau horrelakoa da. Oporretan zaudenean eta erlaxatu egin nahi duzuenan ere, zortzietako nota begiratzen jarraitzen duzu zenbateko audientzia izan duzun jakiteko. Ez duzu erlaxatzeko aukerarik, nahiz eta programa ondo joan, ezinezkoa da. Badakizue nolakoa den telebista: gaur oso ondo joan zaitezke eta hurrengo egunean oso gaizki, eta horrek urduritasuna dakar. Beti da pozgarria jendeari zure lana gustatzea, baina programak funtzionatu edo ez, nik gogo berarekin aurkezten dut. Hemen, ordea, zuek duzue azken hitza. Gustatzen bazaizue eta ikusten jarraitzen baduzue, programak aurrera egingo du; eta bestela ez. Dena den, niri beti gustatzen zait egiten dudan lanarekin gustura gelditzea eta nire gogo guztiak eskaintzen dizkiet aurkezten ditudan lan eta proiektu guztiei. Hortik aurrera, goizeko mezu guztien zain geratzea baino ez zait gelditzen.

Gaur egun zuzeneko programak faltan sumatzen dituzu? Orain aurkezten ari naizen programa, “Mujeres y hombres y viceversa”, ez da grabatzen den momentu berean emititzen, baina zuzeneko “faltsu” bat da, hau da, guk ez dugu gelditzen. 12:30ean emititzen da, eta guk goizeko 10:00etan grabatzen dugu, baina horregatik ez du zuzeneko kutsu hori galtzen. Gainera, oso programa freskoa da, non, ikus dezakezuen bezala, gauza asko gertatzen diren. Zorionez, beti harritzen gaituzte egoerek eta pertsonek eta, orduan, nik zuzenean ematen den programa bat bezala bizi dut. Horregatik, nik beti esaten dut argiak edo soinuak huts egiten badigu, uzteko bere horretan. Programa honek horrelakoa izan behar du. Nire kokapenak eta mikrofonoa eskuan izateak ere oso fresko eta hurbileko egiten du saioa.

Itzuliko al zinateke egunkari bateko erredakziora? Ez dakit. Egunkari bateko erredakzioan nengoenean, ez nuen pentsatzen kamera baten aurrean egongo nintzenik; beraz, ez dakit. Nik ez dut nire etorkizuna planteatzen, momentuan egiten ditudan gauzak ondo egin nahi ditut, hori baino ez. Nik uste dut kazetaritzan, beste lan askotan bezala, bokazioa, grina eta gogoa izan behar direla ordu askoz lan egin ahal izateko. Idaztea asko gustatzen zait, baina ez dakit erredakzio batera joateko bezainbestekoa den. Dena den, nik beti esaten dut gaitasun handiagoa dudala ideiak idatziz adierazteko, ahoz baino.

Zein izan da telebistan bizi izan duzun momenturik gogorrena? eta goxoena? Hainbeste bizi izan ditut! Momentu gogor bat baino gehiago datorkit burura. Horietako bat uztailaren 23an bizi izan nuen. A tu lado programa hastear geunden eta ez zen lankide bat agertzen, Carmina Ordoñez. Hil egin zela jakin genuen gero. Mundu guztiak jakin zuen bezala jakin genuen guk ere, ikaragarria izan zen.Pentsa dezakezue zein latza den lankide bat hiltzea, eta are gehiago egoera horietan. Denboraldi gogorra bizitzea tokatu zitzaigun, ez baitzen heriotza bakarra izan. Hilabete batzuk lehenago, Gran Hermanoko bat amarekin etorri zain geundela, istripu bat izan eta hil egin zirela jakin genuen. Gauza oso gogorrak gertatu zitzaizkigun eta tristura handiz gogoratzen ditut une haiek. Gero, momentu goxo asko daude (irribarre handi batekin dio). Behin Felisucok, izugarri gozarazi eta barre asko eragin didan lankideak, lanera etorri ezin zuela esateko deitu zidala esanez: “Emma, ZTGra sartu behar naute, gaizki nago”. Bihotzekoak eman zion. Nik horrela kontatzen dut berak ere horrela kontatzen duelako, baina sekulako istorioa izan zen. Egun batzuk ospitalean sendatzen eman ondoren, niri ezer esan gabe, zuzenean agertu zen lore sorta batekin. Asko gustatu zitzaidan, ilusio handia egin zidan. Honekin batera, beste momentu goxo bat ere gogoratzen dut (hemen etenaldi bat eginez, asko hitz egiten badu esateko abisua ematen dit). Dakizuen bezala, beste leku batera joaten zarenean, faltan sumatzen duzu familia eta haiek ere zu. Hasieran, amak, eta familiak orokorrean, gaizki pasa zuen. Kontua da Telecincon, A tu ladon, hiru urte neramatzala eta, nire urtebetetze egunez, amak telebistara deitu zuela ni zoriontzeko. Programa aurrera zihoala, dei bat neukala esan zidaten eta nik deia sartzeko baimena eman nuen. Nor da?, galdetu nuen. Berak ¡hola! erantzun zuen. Berriz ere nor zen galde egin nion eta berak ea ez al nuen ezagutzen ihardetsi. Nik, lasai-lasai, ezetz esan nion, eta berak ama naiz esan zidan. Ez nuen inolaz ere espero, eta pozez zoratzen negar batean hasi nintzen esan zizkidan hitzengatik . Zoriontzeko eta maite ninduela esateko baino ez zuela deitzen esan zidan, baina niretzat oso momentu goxo eta hunkigarria izan zen. Gehiago dauzkat, baina…(algara artean.

Damutzen al zara programaren bat aurkeztu izanaz? Ez, egin ditudan saio guztiek erakutsi baitidate zerbait. Oso programa gogorrak aurkeztu ditut, horien artean El juego de tu vida. Programa horrek asko erakutsi zidan, nire beste alderdi bat ezagutzeko aukera eman zidan. Gogorra zen aurkeztea; izan ere, hau egiterakoan gurutza ezin daitekeen muga bat baitago. Agortu egiten ninduen, oso nekatuta bukatzen nuen. Dena den, ez naiz aurkeztu izanaz damutzen, bizi izan genituen gertaera gogorrenetatik ere ikasi egin baitut. Ez du graziarik gertakizun gogorrik gabeko programak egitea. Horietatik ez duzu ikasten; izan ere, gertaera gogorrak bizitzen dituzunean bakarrik hartzen baitituzu indarrak edo ikasten baituzu.

Zure ibilbide profesionala, hau da saio hauek guztiak (El submarino amarillo, Mejor imposible, Abre los ojos, A tu Lado, Clever, El debate de supervivientes, El juego de tu vida eta Mujeres y hombres y viceversa) aurkeztu dituzula kontuan izanda, anekdota pila bat izango dituzu. Partekatu al dezakezu horietakoren bat gurekin? Uff…itxaron pixka bat! Elkarrizketetan, pasadizoez galdetzen didatenean, ni eta beste asko barrez lehertu garen momentuez oroitzen naiz. Momentu hauek hotzean kontatzeak, agian, ez du barregurarik eragiten. Barreari eutsi ezin diozun egoerak dira eta zaila da hori ikusleari helaraztea. Gainera, nik edozer gauzagatik egiten dut barre. Oso irri errazekoa naiz eta, zorionez, nirekin daudenak kutsatzeko gai izaten naiz. Gogoan dut gonbidatu bat elkarrizketatzen ari nintzela, depilatu gabe zegoela konturatu nintzela. Aurkezten ari naizela denerako astia izaten dudanez eta ni naizenez dena kontrolatzen duena, pentsatu nuen: “Ai ama! A ze ileak dituen hanketan! Elkarrizketa erdian, Felixi esatea bururatu zitzaidan, berarekin konplizitate ikaragarria baitut. Bera bertan zeuden guztiei esaten joan zen. Denak barrez lehertzen amaitu genuen! Emakume gaixoa pentsatzen: “Hauek saiora sartu baino lehen koparen bat hartuko zuten…” Barrez lehertu ginen, baina eskerrak ondo disimulatzen jakin genuen. Horrelakoak pila bat izan ditut.

Nola bizi du zure familiak zure arrakasta profesionala? Erraza al da “Emmaren senarra”, “Emmaren ama”, “Emmaren anaia/arreba” izatea? Nik uste dut nire familiak, Ordizitiak ezagutzen baduzue, modu oso arruntean bizi duela nire ibilbide profesionala, nire anaiaren lana edota beste lan arrunt bat izango balitz bezala. Lan arrunt bat dela esan daiteke, beraiek ez bainaute aurkezle gisa ikusten, alaba gisa baizik. Etorri, zapatak kendu, mototsa egin eta zuek etxean egiten duzuena egiten duen alaba naiz, eta horregatik bai daude harro. Beti mundu honetan sartu gabe bizi nahi izan dute. Amak edo aitak, programa bat ematen didatenean, ez didate zer moduz doan galdetzen audientzia eta horrelakoengatik, ni nola nagoen galdetzen didate, nola daramadan. Zure familiarentzat betikoa izaten jarraitzen duzula jakitea oso pozgarria da, Emma edo Mariemma, hemen beti deitu izan didaten bezala.

Zure familiartean ezkutuan mantentzen duzu, nola egiten duzu? Asko, asko. Norberak bere lehentasunak ezartzen ditu; nik uste dut telebistan agertzea nahikoa dela. Niretzako garrantzitsuak diren gertakizunetara joaten naiz, ez dakit intersgarriak diren, baina. Esate baterako, Felixek antzerki bat estreinatzen badu, antzokira joaten naiz; edota festa batera gonbidatzen banaute eta joateko gogoa badaukat, bada, joan egiten naiz. Bizitza sozial asko ez egiten saiatzen naiz, arrazoi logiko batengatik; senarra eta alaba dauzkat eta nahiago dut eurekin etxean egon. Norberak bere lehentasunak ezartzen ditu, eta atera egin behar duela sentitzen duen jendea dagoen bezala, etxean lasai egotea gustazen zaiona dago. Orokorrean nahiko errespetatua eta maitatua sentitzen naiz, mundu guztia jarraitzen duten bezala jarraitzen banaute ere eta bikinian gustatzen ez zaizkidan argazkiak egin. Zure burua portada batean ikusten duzu eta horrek harritu egiten zaitu, eta pentsatzen duzu; nola aterako nintzen, zein posturatan, nola aterako zitzaidan ipurdia…Gauza horiek guztiak, zuei ere gertatuko litzaizkizuenak, niri ere gertatzen zaizkit. Eta ez duzunean ezer ere saltzen eta bizi arrunt bat duzunean eta euren lana egiten ari direnak errespetu handiz tratatzen dituzunean, berdina jasotzen da. Nik ez dut inongo arazorik izan gaur arte!

Programak aurkezteko eran, ba al duzu erreferenterik? Niri Merecedes Milák atentzioa detizen dit eta gustatu egiten zait. Urte asko daramatza mundu honetan, denetarik egin du eta lanerako izugarrizko grina eta ilusioa ikusten zaizkio. Posible da gustatzea edo ez gustatzea, baina kamararen aurrean beti indar handiz agertzen da. Niri asko gustatzen zait, trasmititu egiten baitu egiten dituen gauzetan duen sinesmen eta ilusioa. Hala ere, aurkezle guztietan fijatu naiz, baina inoiz ez naiz kopiatzen saiatu, ez bainaiz gai horretarako. Denen zerbaitekin geratzen zara, ikasi nahi dugunean belakien antzera jarduten dugulako nolabait, baina ez nizuke esango pertsona konkretu bat bezalakoa izan nahi dudanik. Izatekotan, ama edo aita bezalakoa izatea gustatuko litzaidake.

Orain, amaitzeko, zure etorkizuneko egitasmoen inguruan pare bat galdera egingo dizkizut. Etorkizunean aurkeztuko al zenuke gaueko bederatzietako albistegia? Ados, sinatzen dut! Lehengo baten galdetu zidaten ea zer falta zaidan egiteko. Gauza asko falta zaizkit, baina aurkezle gisa ez ditut sekula ez albistegiak, ez haurrentzako programak aurkeztu. Zergatik ez? Nork daki! Gertatzen dena da ni platoan asko mugitzera eta keinu asko egitera ohituta nagoela. Orduan ez dakit zein neurrira arte izango nintzatekeen gai eserita egoteko, cube bat irakurtzen, era formalago batean…Agian, hemendik hamar bat urtera, albistegiak aurkezteko era aldatzen bada, aurkezleak platoan bueltaka badabiltza, aukera hori eskainiko didate.

Orain, “Sueños cumplidos” grabatzen hasi behar zara (abenduan egindako elkarrizketa da). Zein amets geratzen zaio Emmari betetzeko? Asko, asko. Esparru profesionalean ikasten jarraitzea gustatuko litzaidake, hau funtsezkoa baita ogibide honetan, oraindik asko daukat ikasteke. Esparru pertsonalean nire familiaz gozatzen jarraitu nahi nuke eta hauek ondo ikusi, urruntasunetik bada ere, horrek indar eta energiaz betetzen baitzaitu. Oso pozik nago hasi behar dugun programa berri honekin, La noche de los sueños. Gure gizarte honetan apur bat suminduta bizi gara iristen zaizkigun berri txar guztiekin: langabezia, ezbeharrak, miseria.. Programa honekin guk gure harri koskorra jarriko dugu hori aldatu eta jende askoren ametsak egia bihurtzeko. Halaber, Ilusio handia egiten dit, nik Isabel Gemioren Sorpresa-sorpresa programa ikusten bainuen. Ez da berdina izango, baina azken finean sorpresak izango dira protagonista, eta neure burua maitagarri gisa ikusteak errespetu handia ematen badit ere, hasteko eta jendeari poz pittin bat emateko gogo handiz nago.

Proiekturen bat epe labur edo luzean? Gutxi iruditzen zaizu, ala? (barrezka) Momentuz “Mujeres y hombres y viceversa” programarekin jarraitzea gustatuko litzaidake, albistegiena hemendik urte batzuetarako apuntatuko dut. Ez dakit, ikuslegoa joango da eskatzen eta espero dut kateak eskaintzen jarraitzea. Ni saiatuko naiz ahal dudan guztia ematen egiten dudan programa bakoitzean.

Milesker denagatik, Emma! Hau izan da dena. Asko hitz egin al dut?
Ez! Eskerrik asko, Ioritz!

Gogoratzen dut Emma Garciarekin elkartzekotan nintzenean, ez zegoela gelditu ginen lekuan. Pare bat segundo igaro ondoren eskaileretatik behera takoi batzuen hotsa entzun nuenean, gogoan dut bat-batean sentitu nuen urduritasuna. Ez nekien zer egin! Elkarrizketa hasi bezain laster, ordea, oso gustura sentitu nintzen. Hemendik eskerrak eman nahi dizkizut berriz ere, Emma, elkarrizketa eskaini eta hain jator portatu izanagatik!

, , ,

9 Responses to Emma García: “Audientziaren menpe bizi gara”

  1. maria 2011(e)ko martxoak 31 at 3:24 pm #

    Lan ona Ioritz!!
    Egia esan elkarrizketa zuzenean ikusteko aukera izan nuen eta benetan interesgarria iruditu zitzaidan! Emmak bere etxean sartu bezain pronto adeitsu jaso gintuen bere familiarekin batera eta ilusio handiarekin partekatu zuen telebistan bizi izandakoa.
    Elkarrizketa benetan erakargarria egitea lortu duzu, zorionak!

  2. Natale.unanue 2011(e)ko martxoak 31 at 3:28 pm #

    Osol elkarrizketa interesgarria Ioritz! asko gustatu zait elkarrizketa nola bideratu duzun!halere nahiko urduri ikusi zaitut ehh 😉

  3. Irene Usabiaga 2011(e)ko martxoak 31 at 5:55 pm #

    Asko gustatu zait Ioritz.

    Oso galdera interesgarriak egin dituzulakoan nago, baina nire ustez garrantzitsuena eta aipagarriena elkarrizketatua eroso eta gustura mantendu duen galderak egin dituzula da.

    Emmaren pertsonalitate alaiak lagunduta oso elkarrizketa alaia eta gustagarria geratu da. Hala ere, zerbait zuzentzekotan eta Nataleri arrazoia emanez, zure urduritasuna nabarmendu beharko nuke.

    Zorionak!! 😀

  4. amaia.ruizdegauna 2011(e)ko martxoak 31 at 8:17 pm #

    Zoriooonak Ioriiitz!
    elkarrizketa interesgarria benetan! Izan ere Emmaren alderdi informalena erakustea lortu duzu. Eta nahiz eta urduri xamar egon oso ondo atera zaizu!

  5. Iñigo 2011(e)ko apirilak 1 at 8:49 am #

    Aspaldiko nahia bete da.Bideoan urduri xamara baino hori gutxienekoa da, oso ondo bestela.

  6. jone.auzmendi 2011(e)ko apirilak 1 at 8:51 am #

    Behingoz argitaratu da zure elkarrizketa! Asko gustatu zait Emmaren jarrera, oso jatorra dela ematen du. Zorionak Ioritz!!

  7. Ainhoa 2011(e)ko apirilak 1 at 9:00 am #

    Zorionaak Ioritz! oso elkarrizketa ona, urduri xamar ikusten zaizu bideoan eh? beno, normala da hala ere… asko gustatu zait! 🙂

  8. marta 2011(e)ko apirilak 1 at 9:02 am #

    Asko gustatu zait elkarrizketa, galdera oso intersgarriak egin dituzu eta hasieran urduri egon harren oso ondo eraman duzu elkarrizketa.

    Zorionak Ioritz!!! =D>

  9. Amaia Morales 2011(e)ko apirilak 3 at 2:03 pm #

    Elkarrizketa bikaina, Ioritz! Aspalditik genuen zure elkarrizketa irakurtzeko gogoa! Asko gustatu zait egin duzun lana. Gainera, Euskarara itzultzea ere ez da lan erraza.
    Beraz, zorionak! 😛

Utzi erantzuna

-->