Eskuetan mapak – ASIER SERRANO

Drogak, sexua, asierserranomusika, adiskidetasuna, traizioak, maitasuna, desamodioa, gorrotoa… Zer gehiago aurkitu nahi du hamazazpi urteko gazte batek eleberri batean?

EH Sukarraren kanten letren sortzailea eta Lorelei taldearen gidari izandakoa den Asier Serrano euskal idazle eta kantugilea Eibarren jaio zen 1975. urtean, maiatzaren 20an hain zuzen ere. Literatura arloan, narrazioan, eleberrian, poesian nahiz haur eta gazte literaturan jardun du, Hoteleko kontuak, Eskuetan mapak, Bada hiri gorri bat, Mari Basajaunaren eremuan eta Picassoren zaldia izanik berak idatzitako obrak. Literaturaz bestalde, berriki aipatu legez, musika munduan murgildurik dago idazle gipuzkoarra. Hiru disko plazaratu ditu jada: Ez esan inori (2002), Gerrari bai (2003) eta Hoteleko kantuak (2005).

Eibar du kokagune istorio honek. Hiri iluna, tristea. Beltza. Horrela aurkezten digu Asier Serranok Gipuzkoa mendebaldean kokaturik dagoen herri populatua. Lau protagonistek, Aitor, Josu, Bizen eta Kepak, gorrotatu egiten dute beraiek hezten ikusi zituen hiria, zulo batean sentitzen baitira. Musika talde bat sortu eta bizi ziren zuloa azpimarratu nahian, Zuloan izena jartzen diote taldeari eibartarrek.

Lau lagunen gertakizunak Roka, hasieran taldearen gitarrista, hiltzean hasten dira. Lagunaren suizidioaren ondorioz, Kepa ordezkotzat hartzen dute. Laurek laguntasunaren, maitasunaren eta drogaren alde gozoak nahiz garratzak dastatuko dituzte. Ondoren, nobelako pertsonaia nagusienak deskribatuko dizkizuet, haien berri gehiago izan dezazuen:

  • Aitor: eleberriko protagonista nagusia da, berak narratzen baititu Zuloan taldearen eta bertako partaideen gorabeherak. Bere euskarri nabarmenena Kepa da; hala ere, beraien arteko erlazioa denboran zehar okertuz joango da, Aneren, Keparen neska, eta bere lagun-minaren arteko maitasun-erlazioa dela medio. Jeloskor jokatzen du askotan, gehienetan, ia beti. Rokaren heriotzak beregan arrasto nabaria utziko du, faltan botako baitu bere lagun ona.
  • Kepa: lehen aipatu bezala, Aneren mutil-laguna eta Aitorren lagun mina. Hala ez badirudi ere, ez da gazte zoriontsua, ez baitu bere benetako lekua aurkitzen.
  • Josu: Zuloan taldeko partaidea eta drogomenpekotasun izugarria duen gazte eibartarra da. Esan bezala, drogekin arazo ikaragarriak ditu eta, orobat, ez du bere gaztetasuna guztiz gozatzen.
  • Bizen: bere buruarekin gatazka nabarmenak dituen gaztea dugu Bizen. Bere homosexualitatea bere lagunei azaldu ondoren eta azken horiek guztizko normaltasunez onartu ondoren, beste erronka bat gelditzen zaio: bere familiari mutilak, eta ez neskak, gustuko dituela esatea. Ez da lan erraza berarentzat, familia burges batetik baitator, ideia tradizionaleko familia batetik hain zuzen ere.
  • Ane: Keparen neska-laguna eta Zuloan taldekoen lagun ona dugu. Halaber, Aitorrekin oso erlazio estua dauka; halere, erlazio hori adiskidetasunean dago oinarriturik, nahiz eta Aitorrek hori ez gustuko izan.

Bizitza noria ostia bat besterik ez dun: zorionaren gailurrean hagoenean pizten diten beherako motorra, miseriara zuzen nola hoan ikusten dun eta zorabiatu egiten haiz, eta zulora ohitu zarenean, motor putari eragiten zioten berriro, izorratzeko, hire zorabioan zoriona berreskuratu ahal duala sinetsarazteko. Putakumeak.”

Parrafo horretan ikus daitekeen bezala, gure protagonistak noria batean bezala ibiliko dira. Zenbaitetan momentu gorenean aurkituko dira, bai giro profesionalean nahiz pertsonalean. Beste batzuetan, aldiz, behean edirengo dira. Talde bezala, Zuloanek arrakasta nabaria bermatzen du, bi disko plazaratuz (hirugarrenarekin lanean ibili bai, baina azkenean ez dute argitaratzen), hainbat kontzertu emanez… Aipaturiko kontzertuek zenbait buruhauste eta arazo ematen dizkiete gure protagonistei eta afera horiek guztiek beraien etorkizun profesionalean marka sakona uzten diete.

– Gogoratu, Aitor, sekula aberririk izan ez duena munduan librea da, norbere bihotza norbere aberria delako.

Protagonisten ibilbidean asko markatuko duen bira antolatzen dute Europarantz. Londres, Milan, Zittaw, Tharandt eta Berlinen izaten dituzte gure protagonistek gertaerarik aipagarrienak. Adiskide berriak egiten dituzte, lehen beraientzat ezezagunak ziren hainbat balore beraiengan txertatu ostean. Hori gutxi balitz, bira honek beraien etorkizunean, taldearen etorkizunean hain zuzen ere, lorratz aski ageria uzten du. Zuloanen etorkizuna aldatu eta honen guztiaren ondoren, inoiz dena ez da berdina izango.

eskuetan_mapakBenetan harrigarria eta, batez ere, miresgarria da Asier Serranok lortu duena, euskarazko eleberri bat niri pertsonalki izugarri gustatu izatea. Azken urte hauetan gutxi irakurtzen dut, eta euskaraz are gutxiago. Nabari da Asier Serrano, denak bezala, gazte izana dela, baina gaur egungo gazteen azalean jartzea benetan lortu duela diot nik, iritzi umileko ikasle batek. Ahal dudan gelakide eta ez-gelakideei gomendatu behar izango diet zalantzarik gabe, eleberria izpiritu gazteko liburua baita.

Hori guztia gutxi balitz, amaiera trabatsua duela esan genezake. Nik behintzat, amaiera bi aldiz baino gehiagotan irakurri beharra izan dut ideiak elkarrekin lotzeko! Ondorioz, adi egon irakurtzen duzuen hitz bakoitzean, edozein zati izan baitaiteke garrantzitsua amaierako egoera zein den jakiteko.

Hala eta guztiz ere, nahiz eta nire ustetan liburu aberatsa izan, badago zein endredatuko duenik. Liburua bi zatitan banatzen dela azal dezakegu; alde batetik, gazteen bizia eta esperientziak zuzenean kontatzen dituena; bestetik, kapitulu bakoitzaren amaieran kontaturiko narrazioak daude. Guztiz erlazionaturik dago, noski, istorioarekin; dena den, hasiera batean ez du zentzurik izango bertan idazleak kontatzen duenak. Ostera, eleberrian aurrera joan ahala, dena zuzen lotzeko aukera eta beharra izango du irakurleak.

Besterik gabe, azpimarratu egin nahi dut Asier Serranok lortu duena; hots, berriro gazte edo nerabe izatea lortu izana nobela honek duen ukitua lortu ahal izateko.

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->