Etorkizuna noten esku

Bizitzan erabaki garrantzitsuak hartu beharreko momentuak topatzen ditugu askotan, eta, bidegurutze baten aurrean gaudenean, galdurik sentituko gara askotan. “Zein izango da biderik egokiena?”, galdetuko diogu geure buruari. Horrela, buruan aukera bakoitzaren alde eta kontrako zerrenda bat egingo dugu hobekien zein datorkigun trenkatzeko. Behin bidea aukeratuta, ez dago atzera bueltarik; bestea hobea izango ote zen pentsatuko dugu, behin eta berriro.
Aurten, horrelako bidegurutze baten aurrean gaude batxilergoko bigarren mailakook. Bidarte honek, ordea, ibilbide anitz ditu eta hauek haizemaile baten antzera zabaltzen zaizkigu aurrean.

Espainia osoko unibertsitateak, pribatu zein publikoak, kalera ateratzen dira 2011-2012 ikasturte berriko ikasleak izango garen gazteok tentatzera eurek eskaintzen dituzten aukerekin; gu etorkizuna garenez, euren unibertsitatetik pasatuz, besteetan baino hobeto prestatuta aterako garela azaltzera. Horrela azaltzen zaizkigu gure buruko zerrendan lehen aldeko eta aurkako puntuak:  zein unibertsitatek eskaintzen digun aukerarik zabalena, zein den ekonomikoki komeni zaiguna, eta, nola ez, ikasi nahi duguna egiteko notarik eskatzen zaigun edo ez, eta muga hori badaukagu, zenbatekoa den. Hortxe zabaltzen zaigu haizemailea gehien; izanere, adin honetan gazte gehienok ez baitugu argi izaten zer egin nahi dugun. Erabaki hori hartzea gutxi balitz, ametsak zapuzten dizkiguten mugak daude: ditxosozko notak.

Batxilergoko nota, Hautaprobetako azterketa eta, gainera, orain, perfektutasunak ez du hamar balio, hamalau baizik! Selektibitateko azterketari nota igoerakoak gehitu zaizkio, Bolonia plan berria dela eta. Egun, ikasleok modalitateko hiru ikasgai hautatu beharko ditugu eta notarik hoberenak izan ditugun bi azterketak hartuko dira kontuan, oinarrizko selektibitatea eta batxilergoko noten batez bestekoari gehitzeko. Nota honek garrantzi handia du, ondoren unibertsitate munduan sartu ahal izateko, publikoan batik bat. Jakina, lorturiko markaren arabera, ezin izango ditugu ate ugari ireki eta hainbat jendek nahi duen atea ireki ezinik, giltza okerra eskuan duela beste ateren bat irekitzea beste aukerarik ez du izango, nahi duen bidea alde batera utziz.

Egia da, dena den, unibertsitate pribatuen eskaintza oso tentagarria suertatzen dela, ez baitigute selektibitateko notarik eskatzen. Ikasle bakoitzaren gaitasunetan sinesten dute, hau da, ez dute pentsatzen pertsonaren notaren baitan ikasle hobea dagoenik. Beraz, notarekin justu ibili direnentzat irtenbide egokiena da euren bidea alde batera utz ez dezaten. Beti geratuko da, baina, prezioa begiratzeke.

Horrela, bada, nire buruari zera galdetzen diot: unibertsitatean nota izugarriarekin sartu eta hortik lauzpabost urtera lanean jartzen dena, giltza eskuetan kanpoan geratu dena baino hobea izango al da lan horretan? Selektibitate froga egitean egun txar bat, edo batxilergoan zorte txarra kasu, eta giltza okerraren jabe. Ez diot zentzurik hartzen batxilergoko bigarren maila bukatzean egiten den azterketa horri. Selektibitatearekin batxilergoko eskoletako irakaskuntza zalantzan jartzen ari al dira? Edo ikasleek azterketa honetan zenbat eta nota hobea eduki, lan munduan orduan eta hobeak izango direla ziurtatzen, agian? Medikuntza dugu adibiderik garbiena. Euskal Herrian, batez ere, arazo larria daukagu mediku euskaldunekin: ez ditugu. Kanpotarrei ordaintzen diegu, bertan medikuntza ikasteko asmotan dabiltzan gazte asko kanpoan geratzen diren bitartean. Ateari ezartzen dioten sarrailaren giltza ia lortezina da. Medikuarenera jo eta argentinarrak, txiletarrak eta abar dauzkagu bata zuriz. Gero kexatu egiten gara: Euskal Herriko gizarte-segurantza lotsagarria da, ez dago euskaraz hitz egiten duen medikurik ia!

Benetan merezi al du 11,503ko (Euskal Herriko Unibertsitatean) muga jartzea? Ez al zaizue iruditzen norbanakoaren pertsonalitatea ere garrantzitsua dela lana egiteko orduan? 11,503ko ikasle guztiak ez dira zertan mediku onak izan, ez du zerikusirik. Jarrai dezagun, bada, erreklamazio orriak betetzen hemen euskaraz mintzatzen diren sendagileak ez daudela nabarmenduz, alferrik izango da. Nahi duten lanean, euren izateko eragatik esaterako, onak izango liratekeen ikasle askok uko egin behar izaten diote bide horri. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, lan munduko jakintsu bat eta beste bat, eta beste bat… galtzen dugu ez dutelako eskaturiko nota lortu.

Etorkizuna geure esku dago, gazteon esku. Zer deritzozue, beraz, eraikitzen dizkiguten harresi hauei? Oraingo gazteoi eta atzetik datozen belaunaldiei etorkizuna mugatzen digutela uste al duzue?

, , ,

2 Responses to Etorkizuna noten esku

  1. Irene Usabiaga 2011(e)ko martxoak 7 at 4:33 pm #

    Erabat ados nago zurekin Maria. Hautaprobaren nondik-norakoa ez dut ulertzen. Zuk diozun moduan 11.503ko bataz-besteko nota duen ikaslea ez da zertan medikurik onena izan behar.
    Hala ere, arazoa ez da hautaprobetara bakarrik mugatzen, batxilergoaren egituran ere akats handiak aurki baikenitzake. Nik medikuntza ikasi nahi badut eta 11.503ko nota eskuratu behar badut, ezin naiz ikasgai bakar batean ere deskuidatu: medikuntzarekin zerikusirik ez duen ikasgai batekin moldatzen ez banaiz eta 5-6 nota inguruan aritzen banaiz jai daukat ezin izango bainaiz eskaturiko notara ailegatu.
    Hau guztia laburbilduz, ondorio bakarra atera dezaket: hezkuntza sailak aldaketa bat behar du.

  2. Lierni Garmendia 2011(e)ko martxoak 9 at 5:35 pm #

    Guztiz ados nago artikluan diozunarekin, Maria. DBHO 1eko ikasleok ere laster sartuko gara, buruz sartu ere, zurrunbiloz beteriko itsaso horretan, eta egoerak horrela jarraituz gero, beti hor dauden zalantzez gain, selektibitateko eta batxilergoko notekiko dependentzia hortxe izango dugu. Zalantzarik gabe, ez da zilegi azterketa batean zeure etorkizuna jokatzea, honek sekulako bira eman dezakeela pentsatzea. Irenek esan bezala, bete beharreko zulo bat daukagu hezkuntza sisteman.

Utzi erantzuna

-->