Euskadi sariak: HARKAITZ CANO (“Belarraren ahoa”) eta XABIER OLASO (“Pupuan trapua”)

Maitek idatzitako artikuluari estuki loturik, Euskadi Literatura sarietan garaile suertatu diren Harkaitz Cano eta Xabier Olasoren berri ematera natorkizue post honetan.

Xabier Olaso eta Harkaitz Cano, atzo Eusko Jaurlaritzak Donostian daukan egoitzan.Iaz euskaraz argitaratutako liburu onena iritzi diote epaimahaikoek Cano Lasarteko semeak idatzitako Belarraren ahoari. Liburu honekin batera Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da , Xabier Montoiaren Blackout eta Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak ziren finalista, euskaljakintza gure blog honetan aztergai izan ditugunak (Han goitik itsasoa ikusten da, Blackout). Dena dela, azkenean, epaimahaiak Canoren aldeko hautua egin du. Ikus finalistak.

«Oso ideia original eta iradokitzailean oinarritzen da Cano eleberri liriko hau antolatzeko. Testua askatasun pertsonal zein kolektiboaren metafora bikaina dela esan genezake, eta aipagarriak direla bere idazkera landu eta dotorea, prosa erabakitsu eta doia. Charles Chaplinen Diktadore handia-ri gorazarre eginez, Historia eta Fikzioa nahastuz, errealitateak ezkutuko geruza ugari dituela iradoki digu egileak».

Azken finean, lanaren “literaturtasuna” azpimarratu du, beraz, bereziki epaimahaiak. Halere, onartu du eztabaida handiak izan dituztela finalisten artean sariduna aukeratzeko. Epaimahaiko kide zen Lourdes Otaegik atzoko ekitaldian esan zuenez, epaimahaian iritzi oso desberdinak egon ziren, azkenean Canoren eleberriaren aldekoa nagusitu bazen ere.

«Eleberri honek duen originaltasuna eta ausardia gustatu zitzaigun. Nik uste liburu honen literariotasuna eta bere hizkera literario bereziki landu hori gailendu zirela epaimahaian. Ez zen aho bateko erabakia izan».

Liburuari berari dagokionean, Belarraren ahoa zer den esan nahi bada, derrigorrez aipatu behar da “iraganeko fikzioa�?, horixe baita ipuin luze honen oinarria; gertakari historikoen itzulikatzea da Canoren eleberriaren abiaburua: Alemania nazia II. Mundu Gerra irabazten ari da eta Adolf Hitlerrek, Europa konkistatu ondoren, Ameriketako Estatu Batuak hartuko ditu menpean. Harantz doa orain itsasontzi batean, ontzi horretako gela ilunenean, Charles Chaplin artista preso, “Diktadore Handia�? filman irri egin zion pertsonaia huraxe bera. New York-en beste pertsonaia bat ezagutuko dugu, Olivier le Grand izenekoa, askatasunaren estatuaren barnean ihesi etorritako langile goseti bat. Historiari heldu eta aurrerantz, egungo egoerarantz egiten du tira Canok liburu honetan, gauzak birritan bizi ahal balira bezala. Harkaitz Cano beraren hitzetan,

«Greziarrek esaten zutenaren kontra, Monterosok berak esaten zuen bezala, posible da bi aldiz ibai berean bainatzea baldin eta bizikleta bat edo zaldi azkar bat izanez gero eta ibaiaren isuria oso azkarra ez bada».

Batek daki idazle eredugarri honen hitzen esanahia. Bizikleta, zaldi azkarra, ibaiaren isuri motela… liburuaren, historian zehar atzerantz egiteko tresnaren, sinonimo gisa erabiliko ote ditu? Horixe uste dut nik, bederen.

IZENBURUA: Belarraren ahoa.

EGILEA: Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975).

ARGITALETXEA: Alberdania.

Sariekin jarraituz, ezin utzi aipatu gabe Xabier Olaso otxandiarrak jasotakoa: Haur eta Gazte Literatura Saria eskuratu du, Pupuan Trapua 86 poemaz osaturiko liburuari esker. Hitz jokoz eta irudiz betetakoak ditugu poemok. Lehen zatikoek helburutzat “jolasa” duten bitartean, bigarren zatikoek “atsedena” sentiarazten digute.

«Liburuak bi zati ditu. Lehenengoari izenburu hau jarri nion: Esna irauteko poemak; eta bigarrenari, Lotarako kanta-kontuak. Bi zati oso ezberdin dira, baina aldi berean osagarriak. Lehenengo horretan, poema laburrak, jostagarriak, hurbilak, bizkorrak daude; izenburuak adierazi nahi duen haritik, loa eragozten duten olerkiak dira. Eta bigarren partean gaia gaua da, gaua eta ametsak».

Olasok «haurren hizkuntza berreskuratu eta honi balioa eman» nahi izan omen dio. Bere hitzetan, «jostagarria eta ozenki irakurri beharrekoa» da Pupuan Trapua.

Xabier Olasoren
IZENBURUA: Pupuan trapua.

EGILEA: Xabier Olaso (Otxandio, 1964).

ARGITALETXEA: Pamiela

Ordea, Olasoren lanaz gain hauek izan ziren finalistak: Javi Cillero (Esne katilu batean ezkutatu egiten zen neska); Arantxa Iturbe (Bi ipotx gure etxeko sofan), Kirmen Uribe (Garmendia errege); eta Patxi Zubizarreta (Atxiki sekretua. Sorginen eskuliburua). Dena dela, beste atalean ez bezala, honetan aho bateko erabakia hartu zuen epaimahaiak.

Azkenik, Euskadi Sariak azaroaren 29an Gasteizen emango direla esatea baino ez.

Bi idazle hauei buruturiko elkarrizketak irakurri nahi izanez gero, jo Euskal literaturara: bi elkarrizketa Harkaiz Canori edota Xabier Olasori buruturiko elkarrizketa.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->