Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

EVA ARGIÑANO: “Postreak egitea joko malabarekin ibiltzea bezala da”

Maitek elkarrizketa egin behar genuela esan zigunean, Eva Argiñanori egitea bururatu zitzaidan. Berarekin geratu eta hortxe joan nintzen, Sara laguntzaile nuela, entrebista egitera. Zarautzen geratuta nengoen ostegun bateko 17:30ean. Trenean gindoazen bitartean, urduritasuna zela eta ez zela, probak egiten, grabatzen, hortaz hitz egiten hasi ginen. Baina bat-batean hara non gelditzen zaigun trena Andoainen! Denbora aurrera zihoan eta trena ez zen mugitzen… Egoera ikusirik, Sara eta nire urduritasuna handiagotu egin zen. Beraz, trenetik jaitsi ginen taxi bat hartzeko asmoz. Taxi geltokia bilatzen geundenean, autobus bat zegoela konturatu ginen. Bi aldiz pentsatu gabe, bertara igo eta Donostiarantz abiatu ginen. Zoritxarrez, oso berandu egin zitzaigun eta eginahalak egin genituen Evarekin hitz egin eta hitzordua bertan behera uzteko. Ikusi behar zenuten Sara 11 8 11 informazio telefonora deitzen Evaren telefono zenbakia lortzeko! Azkenean, ez dakit nola, Evarekin hitz egitea lortu eta elkarrizketa beste egun baterako utzi genuen. A zer komeriak! Gero esan dezatela ez dugula lanik egiten…

Eva eta Leire 3

Kontua da hainbeste komeri ondoren, Evarekin elkartu ginela eta bere agenda bete-betea egon arren, guri txoko bat egin eta benetan oso tratu ona eman zigula. Egia esan, primeran pasa genuen. Elkarrizketa bat izan ordez, betiko lagun batekin hitz egitea bezala izan zen. Hemen duzue bertan hitz egindakoa. Barkatuko dituzue argazki eta bideoaren kalitatea baina horrekin ere denetarik pasa zitzaigun. Dena den, istorio hori beste baterako utzi beharko dugu, luzea da eta…

Zer moduz, Eva?
Oso ondo.

Lehenik eta behin, mila esker etortzeagatik eta elkarrizketa hau posible egiteagatik.
Oso gustura. Beraz, lasai.

Eva eta Leire elkarrizketaz zehar 1Galdeketarekin hasiko gara. Badakigu 16 urte inguru zenituenean hasi zinela zure anaia Karlosi bere jatetxeko sukaldean laguntzen. Txikitatik al zenuen sukaldean ibiltzeko zaletasuna?
Oso txikia nintzenean hasi nintzen etxean, baina ez da egia 16 urterekin hasi nintzela berarekin sukaldean. Berarekin hasi nintzen, baina arraskan, ez sukaldean laguntzen. Ezberdina da. Sukaldean dago baina ez janaria prestatzen.

Zu goiz hasi zinen. Gaur egun, ordea, jendea gero eta beranduago hasten da. Zer esango zenioke gazte bati janaria prestatzera animatzeko?
Nik uste dut gauzak prestatzen hastea asko eskatzea dela. Nire ustez, gero eta jende gehiago dago janariari buruz asko dakiena, baina gero eta gutxiago ibiltzen dena sukaldean. Beraz, esango nioke ez estutzeko, ez larritzeko. Amonak eta amak gauzak egiten badituzte arreta pixka bat jartzeko, garrantzitsua dela.

Jakingo duzun bezala, gaur egun gazte jendeak ez du denbora gehiegi pasatzen sukaldean, dena “prekozinatuta” edo aurrez prestatuta erosten baitute. Zer iritzi duzu “fast food” delako honi buruz?
Txarra dela, baina ez nik esaten dudalako. Prekozinatutako gauzak beti eramaten dituzte kontserbanteak, zaporea altxatzeko produktuak, bitaminak galdu egiten dituzte… Gainera, etxean janaria prestatzeko ez da hainbeste denbora behar; organizazio on bat besterik ez.

Hasieratik hasi al zinen postreak egiten edo aurretik beste platerak prestatzen zenituen? Horrela bada, nondik atera duzu postreak prestatzeko trebetasuna?
Egia esan, gaztea nintzenean, nire amak ez zidan postreak prestatzen uzten. Hori tontakeriak zirela esaten zidan. Beraz, betiko gauzak ikasi nituen: pasta, arroza, babarrunak, porru patatak, saldak eta gauza horiek. Gero, Karlosen jatetxera joan nintzen lan bila. Momentu hartan gozogilea jatetxetik joan zitzaionez eta sukaldean ibiltzeko jende nahikoa zegoenez, anaiak esan zidan: “Zu, pastelerira!” Imajina dezakezunez, nik ez nekien ezer egiten, ezta bizkotxo bat, ez natilak… ezertxo ere ez! Arroz esnea besterik ez. Anaiari beti esaten diot dezente diru gehiago aurreztuko zuela unibertsitateko karrera bat ordaindu izan balit; izan ere, zakarrontzira denetik botatzen nuen ezkutuan, nire artean pentsatzen nuen: “Harrapatzen banau…”

Bai, ezta? Lehenengo txapuzak…
Bai, bai. Baina pixkanaka ikasi nuen. Liburu onak erabiliz… Egia esan, hasieran ez zitzaidan gustatzen, konplikatua ikusten nuen. Baina ez da batere konplikatua, desberdina besterik ez. Trukua harrapatu ondoren, oso erreza da. Eta horrela… pixkanaka.

Eginez eta eginez, ezta?
Bai. Eginez, probatuz, ikusiz zer atera zaidan goxoa eta zer ez, pentsatuz nik egingo nukeena, zer gehiago botako niokeen…

Eva eta Leire 2Normalean, etxeetan emakumeak dira sukaldean aritzen direnak. Profesionalak, berriz, gehienak gizonezkoak dira. Zure ustez zergatik ote da?
Hori gaizki dago. Euskal Herriko sukaldea beti emakumeek eraman dute. Antzina, emakumeak izaten ziren sukaldariak eta gizonezkoak ardoa dastatzen zutenak. Horregatik, taberna edo jatetxe bat irekitzea bururatzen zitzaienean, gizona zen jende aurrean egoten zena eta emakumea sukaldean. Beraz, Euskal Herriko sukalde profesionalak etxekoandreek eraman dituzte aurrera. Gizona tabernan egon arren, emakumeak izan dira sukaldeaz arduratu direnak. Gainera, badakigu sukaldean bezala beste edozein lanetan beti gizona egon dela: ekonomian, abokatutzan, kiroletan… beti gizonak. Izan ere, beraiek orain arte indarrak etxetik kanpo zentratu dituzte. Emakumeek, ordea, familian zentratu dituzte indar hauek. Eta, noski, inork ez badu hartzen familiako errelebo hori, nork egingo du lan hau? Etxekoa ere garrantzitsua da…

Telebistan ateratzeaz gain, Karlos Argiñano jatetxean postreak egiten eta Aiala sukaldaritza eskolan irakasle zara. Horrenbeste eginbeharrekin ba al duzu denborarik zuretzat edo zure familiarentzat?
Oso denbora gutxi nuen eta oso lanpetuta ibili nintzen. Horregatik, aurreko urtea pixka bat erlaxatzeko erabili nuen. Ez zen benetako urte sabatiko bat izan, telebistan jarraitzen bainuen. Baina urte lasaia izan zen. Egia esan, hasieran oso gaizki ibili nintzen. Lan gehiegi, gorputzak pixka bat geratzeko eskatzen zidan. Beraz, aurten paseatzen, aspaldiko lagunei bisitatzen, nire semeei denbora gehiago eskaintzen nabil… Dena lasaiago hartzen.

Zer moduz moldatzen zara telebista aurrean hitz egiteko, jakinda milaka pertsonak ikusten zaituztela? Eroso sentitzen al zara?
Hasieran beldurtu egiten nintzen esaten nituen gauzei garrantzi handia ematen nielako: “Horrenbeste jende ni ikusten, eta hau edo bestea esaten badut … zer pentsatuko dute nitaz? Ikusten banaute nolakoa naizen…”. Baina orain dagoeneko berdin zait. Naizen bezalakoa naiz eta batzuetan konfunditu egiten naiz mundu guztia bezala, beraz, orain disfrutatzen ari naiz gauzei horrenbeste garrantzirik eman gabe.

Eva Orain La Sexta telebista katean Hoy cocinas tú programa egiten ari zara. Bertara jendea joaten da eta zuk plater zehatz bat nola egiten den erakusten diezu. Sukaldaritza egiteaz gain, irakastea gustatzen zaizu?
Bai. Programarekin eta gonbidatuekin asko disfrutatzen ari naiz. Jende asko ezagutzen ari naiz eta denak oso desberdinak: Madrilgoak, Sevillakoak, Galiziakoak… Gainera, oso maila ezberdinetako jendea etortzen da: kale-garbitzaileak, zientifikoak… eta denak oso irekiak, telebista aurrean jartzeko ausarta izan behar baitzara. Eta ez bakarrik beraiek, beraien koadrilakoak eta familiakoak ere bai. Ni harritu egiten naiz. Beraz, gustatzen zait jendearekin sortzen den giro hori. Nik beti galdetu egiten diet, telebistan azaldu aurretik, ea zergatik etortzen diren programara. Askok erantzuten didate: “Ikusten dudalako izugarrizko giroa daukazuela hemen eta ondo pasatzen duzuela”. Eta egia da!! Barre asko egiten dugu. A! Eta aurretik esan dugunari erreferentzia eginez, taldeko ia denak emakumeak gara, oso jende gaztea gainera. Ni naiz zaharrena, baina atzean dagoen taldea oso gaztea da.

Telebistan, beti izan da zure anaia Karlos sukaldaria eta zu, ordea, postreak egiten zenituena. Hla ere, La Sexta telebista katean egiten hasi zaren programan, denetarik prestatzen duzu. Zein arlotan sentitzen zara erosoago sukaldaritzan edo gozogintzan? Zergatik?
Hasieran oso gustura ibiltzen nintzen sukaldaritzan. Orain, ordea, postreak egiten lasaiago, hauei denbora gehiago jarri baitiet. Profesionalki horretan zentratu naiz. Hala ere, biekin ondo moldatzen naiz, baina postreak egitea joko malabarekin ibiltzea bezala da.

Nahi gabe ateratzen zaizu ezta?
Bai, bai. Erraztasun handia dut.

Sukaldaria izan ez bazina, zer gustatuko zitzaizukeen izatea?
Txikitan esaten nuen baleteko dantzari izan nahi nuela. Hala ere, 15-16 urterekin lan munduan aurkituko nuenaren beldur nintzenez, klausurako moja sartzea pentsatu nuen. Neure buruari esaten nion: “Klausurako mojak onak izango dira eta ez naute handik botako. Gainera, mutilekin ere hainbeste buruhauste…”. Horrela, harri batez bi kolpe egingo nituen: lana, mutila… Eta orain eskulana den edozer gauza gustatuko litzaidake egitea. Berdin zait margolari, buztinlari… eskulana den edozer gauza.

Gainera badakit zure familia oso artistikoa dela.
Bai, bai. Eta behar dut eskuekin gauzak ukitu eta ibili. Adibidez, dentista… (Sarari erreferentzia eginez, gurasoak dentistak baititu). Izan daiteke ere, zergatik ez.

Eva postre bat prestatzen

Nahiz eta sukaldari aparta izan, ziur nago noizbait hanka sartzeak ere egingo zenituela, ezta? Konta al dezakezu gertatutako anekdotaren bat?
Aurretik esan dudana, postreak ikasteko zakarrontzira pila bat gauza botatzen nituela, adibidez. Orain kontatuko dudana anekdota serio bat da. Bikote bat jatetxera etorri zen beraien ezkontzarako tarta berezi bat nahi zutelako. Oso berezia, handia eta ondo apaindutakoa. Eta “Santonore” bat aukeratu zuten. “Santonore” petisuz eginiko dorre bat da. Baina beraiek izugarri handia nahi zuten. Nik egin, egin nuen. Baina arkitekturaz ezer ez nekienez, pisua, zentrua, grabitatea… ez nituen kontutan hartu. Ondorioz, dorrea balantzaka hasi zen. Gainera, zementuaren ordez karamelua ipini nion. Imajina dezakezue nola bukatu zuen “Santonore” horrek! Azkenean, tartatxoak jan behar izan zituzten. Goxoa zegoen, baina itsura ez zen beraiek nahi zuten bezalakoa…

Egia esan, Evarekin hitz egiten hasi eta orduak eta orduak eman ditzakezu bere solasaldi atseginarekin, baina hortxe eman genion amaiera gure elkarrizketari. Eskerrak eman nahi dizkiot bihotzez Evari hain ondo portatzeagatik gurekin. Oso ondo pasa genuen eta, bideoan ikus dezakezuen bezala, izugarrizko barre algarak egin genituen. Mila esker, Eva, zure denboraren zati txiki bat guri eskaintzeagatik. Jarraitu horrela!!

[kml_flashembed movie="http://video.google.com/googleplayer.swf?docid=-8118128451254757653" width="400" height="326" wmode="transparent" /]

3 Responses to EVA ARGIÑANO: “Postreak egitea joko malabarekin ibiltzea bezala da”

  1. eagirre 2008(e)ko urtarrilak 28 at 7:25 pm #

    Elkarrizketa bikaina benetan Leire! =D> Irakurtzen ari nintzen heinean lerdea dariola jartzen ari nintzela ohartu naiz, postreak gora eta postreak behera! Beraz, orain afaltzera noa, tripazorriak ere hasi zaizkit eta! Horrelaxe segi!

  2. Maite 2008(e)ko urtarrilak 28 at 11:53 pm #

    Zuk nahi duzuna esango duzu, Leire, baina komunikazioa edo harremanak edo biak uztartzen dituen lan baterako eginda zaude (urte sabatikoaren aurretik edo ondoren…)! 😛
    Zorionak elkarrizketarengatik eta baita lehenengo zailtasunaren aurrean etsi ez zenuelako ere. 😉

Trackbacks/Pingbacks

  1. euskaljakintza» Blog Archive » Korrika Ordizian - 2009(e)ko apirilak 4

    […] euskaljakintzako Leirek idatzi zigun atzo, esanez KORRIKAri buruzko artikulurik ez ote genuen argitaratu behar esanez . […]

Utzi erantzuna

-->