Galdutako urtea edo bizitzako onena?

Aurtengo oporrak nire bizitzan eduki ditudan berezienak izan dira niretzat. Zuetako batzuek dakizuen bezala, 3 hilabete Australian igaro ditut ingelesa ikasten. Bertan, familia batean egon naiz eta, horretaz gain, klaseetara ere joan naiz. Hiru hilabete igaro eta beraien bizimodura moldatu eta gero, konturatu naiz oso ohitura ezberdinak ditugula: janaria, festak, parrandak… Dena den, gehien harritu nauen azturetako bat ikasketena izan da. Eskolan sei gai besterik ez dituzte eta, gainera, hauek guztiak hautazkoak dira. Han ikasten dituzten gaiek ez daukate zerikusirik hemengoekin, hauetako asko eta asko Arte Ederretako Batxilergoan topa ditzakegun irakasgaiak baitira; esate baterako, antzerkia, eskulanak, sukaldaritza, diseinua…

Euskaljakintzako Leire eta Sara Australian

Baina, tira, ez dut adarretatik joan nahi. Gauza da, atentzioa eman zidan zerbait, eskolan gauza gehiegi ez egiteaz gain, jendeak normalean urte sabatiko bat hartzen duela unibertsitatea hasi aurretik. Hemen, ordea, eskola bukatu eta denbora galdu gabe unibertsitatera joan edo modulu bat egiten hasten gara. Baina ohitura hau ez da Australian bakarrik ematen, ez. Espainiatik kanpo beste leku askotan ere berdin egiten dute. Urte hori kanpoan, lan egin eta dirua ateratzeko erabiltzen dute. Egia esan, hemen hori ez dago batere ondo ikusita. Agian, urte bat kanpora joatea denbora galtzea dela iruditzen zaigu. Gainera, batzuen ustez, ikasketak urtebetez eteteak betiko uzteko arriskua dakar. Baina, nire uste apalean, ez du zertan horrela izan. Hori pertsonaren baitan dago.

Nire ustez, kanpoan urtebete igarotzea aukera ezin hobea da leku berriak ezagutu eta, batez ere, esperientzia berriak bizi izateko. Urte bat etxetik kanpo pasatzeak asko lagundu dezake heldutasun maila batera iritsi eta norberak bere kontuei bakarrik aurre egiten. Etxean gauden bitartean sortzen zaizkigun arazoei aurre egiteko beste pertsonen laguntza izan ohi dugu, baina kanpoan gaudenean ez dugu horrelako babesik. Geuk bakar-bakarrik aurrera egiten ikasi behar dugu, bizitzan nola jokatu ez baita liburuetan ikasten. Are gehiago, esperientzia ezin hobea behar du izan; bertan ezagututako jendea, lekuak eta bizitako esperientziak oso bereziak izan baitaitezke.

Hala eta guztiz ere, zenbaitzuek ez dituzte aintzat hartzen kanpora ateratzeak ekar ditzakeen abantailak. Nahiz eta aukera izan, jendea ez da ausartzen horrelako irteerak egitera. Gero eta pertsona gehiagok etxetik gertu dauden herri edo hirietan egiten ditu unibertsitateko ikasketak, kanpora ez joateagatik. Horrela, etxean dena eskura dutenez, ez dute egoera berri bati aurre egin beharrik; ezta beharrezko dutena beraien kabuz lortu beharrik ere.

Bukatzeko, jendea kanpora joatera animatu nahi nuke, esperientzia ahaztezinak bizi izaten baitira! Lehenengoz atera ondoren, niri gertatu zaidan legez eta irudietan ikus daitekeen moduan, hor barnean zerbait gelditzen zaizu berriro mundutik bidaiatzera tentatzen edo bultzatzen zaituena. Nik, behintzat, argi daukat: ahal dudan guztietan kanpora joango naiz ingelesa ikasi, ikasketak egin edo lanean hastera. Zuek zer iritzi duzue honen inguruan?

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/Vd0emg7WajE" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

4 Responses to Galdutako urtea edo bizitzako onena?

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.