Gizakiak gizaki izateari uzten dionean

torturaXXI. mendean bizi gara, gizarte aurrerakoi batean. Gizarte osoan aurrerapauso izugarriak eman dira, bai medikuntzan, bai ekonomian eta baita teknologia berrien munduan ere. Gizakiak ilargira joatea ere lortu du. Horrela ikusita, edozeinek esango luke gizarte perfektu batean bizi garela, ezta? Baina ez al da harrigarria medikuntzan eman diren aurkikuntzak eta egin diren asmakuntza guztiak ikusirik, animaliek oraindik ere jasaten dituzten torturak jasaten aritzea? Gainera, okerrena da tortura hauek hain daudela sartuta gure kulturan, non ez baikara konturatzen zein gogorrak eta ikaragarriak diren. Adibide garbiena, zezenketak, noski. Horregatik, gai honi buruz idaztea erabaki dut; jendea konbentzitu ahal izateko, tortura ez dela kultura, eta are gutxiago artea.

Zezenketa gure kulturan oso sartuta dago, baina ez dugu ahaztu behar, sartuta egon ala ez, tortura baino ez dela. Toreatzaileak ez du nahikoa zezena hiltzearekin; aitzitik, prozesu luze eta mingarri honetan animalia torturatzen du bizia kendu arte. Gainera, zezena ez da bere egoera naturalean ateratzen plazara. Honen aurretik, tortura ugari jasaten ditu: jipoitu egiten dute, sulfato kantitate handiak ematen dizkiote tripako mina eta nekea senti dezan, begiak baselinaz igurzten dizkiote ikusmena gutxitzeko asmoz… Horregatik, oso ahul iristen da zezen-plazara eta ez da gai izaten bere kabuz defendatzeko. Esan dezakegu “drogatua” iristen dela plazara; horrela, toreatzaileak ziurtatuta dauka borroka honen garaipena. Zer uste zenuten, baina, toreatzaileak zezen osasuntsu eta sendo bati aurre egiten ziola? Ez. Ikuskizunaren aurretik, dena ondo moldatzen dute animalia indartsuegi ez ateratzeko, gizakiaren garaipena ziurtatuz.

Bere tokian ipini

Baina jokoa ez da hemen bukatzen; izan ere, zezen gaixoari zezen-ziriak eta ezpata sartu ondoren (nahiko iraingarria nire ustez), belarria mozten diote bizirik egon arren.

Guztiarekin, dena den, okerrena da zezenketak ikustera joaten direnek gozatu egiten dutela animalia baten sakrifizioarekin. Ez al da nahiko bihozgabea, hori dena eginda, zezenaren sakrifizioa ospatzea? Nire ustez, jasanezina da; baina, tira, ikus dezakegunez, jendeari izugarri gustatzen zaizkio tortura makabroak.

larruazalakBeste alde batetik, animalien larruazalaren arazoa dago; izan ere, gero eta animalia gehiago akabatzen dira beraien larruazala erabiltzeko asmoz. Larru-industriek urtero 140 milioi animalia baino gehiago hiltzen dituzte mundu osoan larruazala kendu eta jantziak egiteko. Baina larrugintzak ez dakar bizidunen heriotza bakarrik, sufrimendua ere badakar. Larrua kendu ahal izateko, animalia astintzen dute makila bat erabiliz, hauek konortea galtzen duten arte. Baina ez dute piztia hiltzen, hobe baita azala bizirik daudenean kentzea. Honek, noski, animaliaren sufrimendua areagotzen du.

Bestalde, ekintza basati honek ehunka animaliaren bizia arriskuan jarri du; izan ere, bizidun asko galdu dira eta beste asko galzorian daude industria hauengatik. Adibide garbiak dira kastorea, pantera, itsas igaraba, tigrea, koala, txintxilla, katamotza, hartza eta beste hainbeste. Galdera, dena den, hauxe izango litzateke: beharrezkoak al ditu gizakiak horrelako larruazalak? Erantzuna uste dut garbia dela. Nahiz eta pertsona batzuek animalien azalez eginiko arropak gustuko izan, inork ez ditu beharrezko foka, azeri edo beste edozein animaliarekin eginiko jantziak. Honek guztiak bizi garen gizarte kontsumista agerian uzten du.

Bukatzeko, esan nahi dut nik bi animalia tortura motaz baino ez dudala hitz egin; halere, beste asko daude. Txinan, adibidez, hartzen bilisa erabiltzen dute propietate sendagarriak dituela pentsatzen dutelako. Noski, ez da egia. Mundu osoan kasu desberdin ugari daude eta nik, behintzat, ez dut bat gogoko; horregatik, edozein tortura dela, horren kontra borrokatuko dut. Espero dut artikulua irakurri ondoren, zuek ere begiak ireki eta hauen aurka ihardukitzea.

Hementxe uzten dizuet Reincidentes taldeak zezenketaren kontra idatziriko abesti bat. Letra entzun besterik ez duzue, ezin hobea!

,

4 Responses to Gizakiak gizaki izateari uzten dionean

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.