Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Gurutz Linazasoro: “Eutanasia, energia nuklearra eta bizitza artifizialaren sorreran gizarte osoak du azken hitza, eta ez politikoek edo zientzialariek bakarrik”

Medikuntza, gainerako zientzien antzera, sekulako abiadan garatzen ari da. Orain dela lau hamarkada gutxi gorabehera transplantatu zen giza bihotz bat lehen aldiz; iaz, berriz, lau urteko ume bati bost organo ematea lortu zen, arrakasta handiz. Batek daki zer etorriko den etorkizunean!

Gurutz Linazasoro Gipuzkoako poliklinikako neurologoa da, gaitz neurodegeneratiboak aztertzea helburu duen INBIOMED institutuaren buru izateaz gainera. Inongo zalantzarik gabe esan genezake Gurutz bera medikuntzaren etorkizuna “eraikitzen” ari den horietako bat dela. Elkarrizketa bat egitea proposatu zigutenean, gure gizartearen ongizateari hainbeste laguntzen dion norbait elkarrizketatzea zein interesgarria izango litzatekeen pentsatu nuen. Eta ez nengoen oker. Solasaldi bat izateko aukera eskatu eta ezbairik gabe ireki zigun bere bulegoko atea, abegikor.

Arratsalde on, Gurutz. Hasteko, eskerrak eman nahi nizkizuke tarte bat egin izanagatik. Zure baimenarekin, aurkezpen xume bat egiten saiatuko naiz… Parkinsonaren antzeko gaixotasun neurologikoetan espezializaturiko neurologoa, INBIOMED institutuko burua, EHUn lankidea eta Diario Vascoko zutabegilea… Honaino heltzeko bideak luzea eta neketsua behar du izan, inongo zalantzarik gabe. Baina has gaitezen hasieratik. Betidanik izan al duzu mediku izateko grina?  Bai, hala da. Faktore ugarik dute nik mediku bilakatu nahi izanaren errua. Alde batetik, osaba medikua nuen. Eta bestetik, ni zu baino gazteago nintzela, medikuei buruzko hainbat telesail –Marcus Welby eta Doctor Gannonenak, besteak beste- arrakasta handikoak ziren telebistan. Horrek arrastoa uzten du, zalantzarik gabe. Pentsa, Valladoliden matrikulatu ginenean -hura zen Gipuzkoako unibertsitate-barrutia garai hartan-, mila pertsonatik goiti ginen medikuntzan; jende kopuru izugarri handia zen medikuntza ikasi nahi zuena.

Eta behin ikasten ari zinela, neurologiaren adarrak erakarri eta bertan espezializatu zinen. Zeren kariaz? Faktore ugari egon ziren hemen ere,  garrantzitsuenetariko bat neurologian bikaina zen irakasle bat izatea: José Félix Martí Massó. Honek asko bultzatzen zintuen ikastera. Beste arrazoi garrantzitsu bat izan zen neurologia ikasi eta hemendik, Donostiako ospitaletik, irtendako jende ugari kanpoan aise moldatzen ari zela; Pepe Obeso eta beste zenbait, kasu. Gure asmoen ispilu ziren nolabait. Horrez gain, garuna eta garuneko gaitzak beti gustatu izan zaizkit; beti egin zaizkit erakargarri.

   

Ikasketen ostean, nolakoak izan ziren zure lehen urteak lan-munduan? Karrera amaitu eta berehala soldadutza egin behar izan nuen. Hau burutzerako, jada eskuratua nuen tokia MIRean (Gaztelaniazko Médico Interno Residentetik), eta ordurako jada hautatua nuen neurologia ikastea. Donostiara etorri nintzen neurologia ikastera. Lehen urteak egoiliar lanetan igaro nituen, ikasi eta ikasi beste lau urtez. 87an amaitu nuen nire egoiliar garaia, eta lanean hasi nintzen, neurologo gisa, parkinsonaren antzeko gaitzetara zuzendua. Horretan oinarritu dut nire lana.

Gaur egun, INBIOMEDen buru zara. Institutu hau, 1997an sortua, hiru proiektuen inguruan oinarrituta dago oro har; minbiziaren, gaitz kardiobaskularren eta gaitz neurodegeneratiboen inguruan, hurrenez hurren. Azken honetan aditua izanik, azalduko al zeniguke zein proiektu garatu dituen institutuak adar honen barruan? INBIOMEDek ama zelulak ikertzen ditu, eta bere proiekturik garrantzitsuenetariko bat gaitz neurodegeneratiboen azterketa da, parkinsonarena batez ere. Horren arrazoia da parkinsona terapia zelularrarekin tratatua izateko aukera ematen duen gaitz degeneratiboetako bat izatea. Parkinsonean, dopamina sortzen duten neurona batzuk faltatu ohi dira, eta, terapia zelular horren bitartez, neurona horiek ordeztea lortu nahi dugu. Hauek laborategian sortu nahi ditugu, gero gabezia hori duten pertsonei txertatzeko. Horretan dihardugu gaur egun. Gutxi barru, gainera, parkinsona duten animalietan frogak egiten hasiko gara, eta, horiengan duen emaitzaren arabera, tratamendua klinikara igarotzearen inguruko hausnarketa egingo dugu. Izan ere, INBIOMEDen helburu garrantzitsuenetariko bat pazientearekiko gertutasuna mantentzea da, bertan sortzen den jakintza guztia lehenbailehen aplikatu nahi baitiegu gaixoei.

Eta zer suposatzen du zuretzat honelako institutu baten buru izateak? Hasteko, erantzukizun handia da; izan ere, zabalkuntza fase batean baikaude orain: jende berria kontratatu behar da, ditugun programak sendotu… eta, gainera, datozen bost edo sei urteetarako estrategia antolatu behar da. Horregatik, aurrez jakin behar da gutxi gorabehera zein bide hartuko duten datozen urteetan terapia zelularrak eta birsortze-medizinak. Hori askotan ez da gauza erraza. Eguneratua egoteak eskatzen duen erantzukizuna handia da, beraz. Gainera, nik ez nuen honetarako trebakuntza jaso; gaixoak nola aztertu ikasi nuen. Orain ikerketara bideraturiko lan-talde bat koordinatzen nabil, eta, apur bat desberdina bada ere, erronka bat da funtsean.

Gainera, 2009an, laguntzarekin, biomedikuntzaren sailean ikertzeko BIOKUTXA izeneko edifizio berri baten eraikuntza iragarri zen. Zure ustez, zer berrikuntza ekar lezake zentru berri honek aurrez aipaturiko gaixotasunen ikerketan? Kutxako gizarte ekintzak ekintza horien zati handi bat ikerketa biomedikoa sustatzeari eskaintzea erabaki du, bere fruituak ematean gipuzkoar gizarteari onurak ekarriko dizkiola bai baitaki. Gizarte hau da Kutxan bere konfiantza ezartzen duena. Hau da bere apusturik estrategikoetariko bat. Ikerketa biomediko hau guztia koordinatzeko, Biokutxa fundazioa jarri du martxan eta egoitza nagusia Miramongo parkeko Arbide dorreetan egongo da. Fundazio honen ikerketa biomedikoko proiekturik adierazgarriena INBIOMED da gaur egun. Orain gutxira arte institutu onkologikoa izan da egitasmorik garrantzitsuena -hau izan da Kutxako Gizarte Ekintzaren bultzatzailea urte askotan, eta oraindik ere hala da-, baina ikerketa biologikora eta biokteknologiara zuzenduriko zatirik handiena INBIOMED izango da. Horregatik, INBIOMEDeko instalazio berriak eraikin honetan egongo dira. Nire ustez, hau dena oso garrantzitsua izango da Gipuzkoako biomedikuntza ikerketarako. Aurrezki kutxa batek ikerketa sustatzeko apostua egitea erabat garrantzitsua da. Biokutxari esker, adimen handiko jendea erakarriko dugu atzerritik, eta gure inguruko ikerketa zientifikoaren kalitatea hobetzea lortuko dugu.

Eta, zure ustez, aipaturikoen antzeko zentruak garrantzitsuak al dira Euskal Herriko zientzia modu egokian garatu eta nazioartean aintzat hartzeko? Bai, nire ustez, izugarrizko garrantzia dute. Gainera, Biokutxa egitasmoa Kutxak berak duen asmo sendo batekin sortu zen, sinergiak ezartzearena, elkarbanatzearena alegia. Eta Miramongo parkeko inguruneak gauza bat du ona: bere inguruan ospitaleak, zentro teknologikoak, enpresa bioteknologikoak daude… Zientziara eskainiriko jende asko, alegia. Orain, Biokutxak hori guztia antolatzen lagunduko du, indarrak batze aldera, denen artean sinergiak ezarriz eta elkarrekin lan eginez. Hau da mundu osoarentzat Gipuzkoa erakargarri bilakatzeko biderik onena. Singapurreko ikerlari batek, esaterako, lanera eta bere proiektua garatzera Donostiara etortzea erabaki lezake.

Gainera, Donostiako X. Zientzia Astearekin ere elkarlanean aritu zara. Zientzialariek duzuen jakinduria hori guztia gizarteari zabaltzea garrantzitsua dela uste al duzu? Bai, oinarri-oinarrizkoa dela deritzot; izan ere, zientzia, jakinduria zientifikoa eta honen arlo ezberdinetan ematen diren aurrerapenak ongizatearen zutaberik garrantzitsuenak baitira. Gu, orain, elkarrizketa hau kamara txiki batez grabatzen ari gara, eta orain urte batzuk hau pentsaezina litzateke. Horrek denak gauzak errazten, gizartea gero eta garatuagoa egon dadin, eta gero eta hobe bizi gaitezen laguntzen du. Baina zientziak badu beste alderdi garrantzitsu bat: jendearen bizitzarekin zerikusi handia duten erabakiak hartzearen beharra. Garunaz hitz egitean, esaterako. Gero eta hobeto ezagutzen dugu organo hau, posible da ez bakarrik bertan txipak txertatzea, baita erabaki moralak hartzeko orduan eragiten duten garun-mekanismoak zein diren ezagutzea ere. Honek guztiak marketinean, gauzak erosteko orduan eta erabakiak hartzeko orduan eragin handia du… Gizarteak badu zeresana honen guztiaren inguruan: hori dena erabili behar den edo ez… Eutanasia da beste adibide bat, edo energia nuklearra, edo bizitza artifizialaren sorrera… Eredu hauetan guztietan gizarteak du azken hitza, gizarte osoak, eta ez zientzialariek edo politikoek. Horregatik, gizarteak zientziaren inguruan zertxobait jakin behar du. Ez dugu zertan fisika nuklearrean adituak izan, zentral nuklearren inguruan iritzia emateko; halere, zerbait jakitea garrantzizkoa da, iritziek oinarri sendo bat izan dezaten. Eta hori da, azkenean, zientziaren zabalkundearen helburua. Izan ere, zientziak gaur egun ematen duen beldurraren erantzukizunaren zati handi bat gurea da, gizarteak baitio hori dena oso zaila dela. Guk geuk zabaldu behar dugu zientzia modu ulerterrazean, baina arruntegia bilakatu gabe. Eta hori da lortu nahi dena. Ahalegin hori, behintzat, egin behar da.

Has gaitezen orain garunari buruz -bere funtzionamendu propioa ulertzen saiatzeko erabiltzen den organo misteriotsu eta paradoxiko honi buruz- hitz egiten. Gizakia organo hau aztertzen hasi zenetik eman diren aurrerapenek mito asko sortuko zituzten, ezta? Bai, garunari buruzko mito ugari daude: ehuneko hamarra besterik ez dugula erabiltzen; zenbat eta handiagoa izan organoa, orduan eta ahaltsuagoa dela; ordenagailu perfektu bat dela… Horiek denak mitoak dira.

Zure espezialitatea neurologia da. Azalduko al zeniguke modu labur batean zer diren parkinsona eta alzheimerra?  Parikinsona eta alzheimerra gaixotasun neurodegeneratibo ohikoenak eta garrantzitsuenak dira. “Neurodegeneratibo” hitzak garunean degeneratzen ari diren -funtzionatzeari uzten ari diren- neurona multzo bat dagoela esan nahi du. Gehienetan, zahartzeari loturiko gaitzak dira: zenbat eta zaharragoa izan pertsona, orduan eta errazagoa da parkinson eta alzheimer bezalako eritasunek pertsona jotzea. Ondorioz, zenbat eta altuagoa izan populazioaren adina, orduan eta altuagoa izango da parkinson eta alzheimer kasuen kopurua. Bi eritasun hauetan hori da gertatzen dena: neurona multzo batek funtzionatzeari uzten dio. Parkinsonaren kasuan, dopamina sortzen duten neuronak dira, garunaren zonalde jakin batean kokaturik daudenak. Eta dopamina gabezia hori da parkinsonaren sintomak agerrarazten dituena: dardara, zurruntasuna eta ibiltzeko zailtasuna, alegia. Alzheimerraren kasuan, aldiz, azetilkolina sortzen duten neurona batzuk dira huts egiten dutenak. Hauek jada sakabanatuagoak daude burmuin osoan zehar. Horregatik da zailagoa alzheimerra arrakastaz sendatzea parkinsona baino. Dena den, elementu berdin asko dituzte: bi gaitzak arruntak dira zahartzaroan, eta neurona horien “heriotza” dakarten mekanismoak berdinak direla uste da. Beraz, alzheimerrari esker ikasten den guztia parkinsonean aplika daiteke, eta alderantziz.

Mark Gungorrek bere “Tale Of Two Brains” -Bi garunen istorioa- lanean dio gizonen eta emakumeen burmuinen antolaketa oso ezberdina dela. Hau ere mito bat da, edo badu oinarri zientifikorik? Errealitatea da eta badu oinarri zientifikorik. Garunaren garapenean, eraketan, bakoitzak duen dotazio genetikoaren antzeko faktoreez gain, hormonek ere badute eragina; burmuina amaren sabelean garatzen ari denean jasotako estrogeno eta testosterona kopurua, kasu. Eragin handia dute, era berean, norbanakoak jasotako hezkuntzak eta sorturiko harremanek, etab. Aspektu hauetan guztietan gizonekoak eta emakumezkoak oso desberdinak dira. Hau esan ostean, dena den, bada argi utzi behar den zerbait: “desberdina” izateak ez dakar bata bestea baino hobea edo okerragoa izatea; esan nahi da “desberdinak” direla, besterik gabe. Jar dezagun adibide bat. Emakumezkoen garunak neurona gutxiago ditu lobulu tenporala izeneko zonalde batean. Hau, gizonek, gizon matxistek, “gu baino neurona gutxiago dituzue lobulu tenporalean” esanez interpretatzen dute. Emakumezkoek honela erantzun ohi dute: “Zuek baino azkarragoak izateko, neurona gutxiagorekin nahikoa dugu.”

Hau dena bakoitzak egiten duen interpretazioaren araberakoa da. Dena den, bistan da garunak desberdinak izateak ez dakarrela bata bestea baino azkarragoa edo hobea izatea. Egia da, halere, badirela sexu ezberdinek garatuagoak dituzten gaitasunak: emakumezkoek adimen emozional handiagoa dute, enpatia gehiago dute, eta intuitiboagoak dira; gizonezkoak, aldiz, analitikoagoak eta agresiboagoak dira. Honek denak zerikusi handia du burmuinaren egiturarekin.

Eta desberdintasun hauek eragiten al dute aurrez aipatu ditugun gaixotasunek garunean eragiteko moduan? Printzipioz, ez. Gizon batek edo emakume batek, parkinsona edo alzheimerra duenean, sintoma berdinak izan ditzake. Horrek ez du zerikusirik.

Nola eta zenbat lagun dezakete aipaturiko ama zelulek, nanoteknologiak eta Remberraren antzeko botikek eritasun hauen sendabidean?  Gaixotasun hauen sendabidearen giltza beraien kausa zein den ondo zehaztetik abiatzen da. Ondoezaren kausa ezagutzen dugun eritasunak baino ezin senda ditzakegu medikuok. Gaztelaniazko “muerto el perro se acabo la rabia” esaerak dioen antzera, kausa ezagutzen dugunean jakingo dugu zeri egin behar diogun aurre. Gainerakoak tratamendu sintomatikoak dira, galderan ongi azalduta daudenak. Alde batetik, farmakoak ditugu. Parkinsona, esaterako, farmakoekin tratatu izan da azken berrogei urteotan, eta gaixoarentzat bizi kalitate ona lortu da. Alzheimerraren tratamenduan, aldiz, farmakoak berriagoak dira, orain hamar urtekoak, eta erantzuna ez da parkinsonaren kasuan bezain ona. Ama zelulak erabiltzen dituzten tratamenduek ere eragin hobea dute parkinson kasuetan, alzheimer kasuetan baino; izan ere, parkinsonean “arazoa” leku jakin batean kokaturik baitago, eta ez, ordea, alzheimerrean. Azkenik, nanoteknologia dago, etorkizunean teknologia oso garrantzitsua izango dena nire ustez. Nanoteknologiak botikak emateko modua aldatzea ahalbidera dezake eta zelulekin konbina daitezke terapiak, eraginkorragoak bilakatzeko. Hots, erabilera handia izango duen teknologia izango dela uste dut, bere erabilerak arriskurik ez dakarrela frogatzen bada betiere. Horretan ari gara gaur egun.

Eta ba al dago gaitz hauen agerpena aurrezaintzeko edo atzeratzeko neurririk? Hemen bi ideia hartu behar dira kontuan. Alde batetik, ez dugu kausa ongi ezagutzen; eta ezin dugu, beraz, aurrezaindu. Baina, bestetik, badakiguna da bizitzeko moduak eragina duela eritasun hauengan. Bizitzeko modu egokia ondorengo honetan oinarritzen da: dieta osasuntsu eta orekatua izatea, mediterranearra; ariketa fisikoa, psikologikoa eta soziala egitea; eta, azkenik, estresa saihestea. Hauek denak neuronak sortzeko gaitasuna handitzen duten faktoreak dira. Eta gaitz hauek dakarten arazoa neurona galera bada, hauek sortzeko gaitasun hori ongietorria da, positiboa da. Gainera, ekintza hauek guztiek plastikotasunari onura ekartzen diote, hau da,  garunak konexio eta neuronen arteko erlazio berriak sortzeko duen gaitasunari. Eta hau da ikasketaren eta memoriaren oinarria. Horregatik, denon eskura dauden aurrez aipaturiko ekintzak jarraitzea, hots, bizitza osasuntsu bat izatea burmuinarentzat onuragarria izango da.

Azkenik, helduko al gara inoiz garunaren funtzionamendua oso-osorik ezagutzera? Eta lagunduko al du horrek aurrez aipaturiko eritasunen sendabidean? Ezagutze horretan barrena bidea egiten ari gara, eta horren helburuak ondorengoak dira. Alde batetik, gaitz hauek ezagutu eta tratatzeko gai izatea. Bestetik, gizakia hobeto ezagutzea; gu, azken finean, gure garuna baikara. Eta hau dena -aurrez eginiko galdera bati lotuz- gizarteak nahi badu ahalbideratu behar da. Adibidez, pertsona baten garunean txip bat ezartzeak edo hau operatzeak subjektu horren izaera aldatzeko aukera ematea gerta dadin nahi dugun edo ez pentsatu beharko dugu lehenik. Nire ustez, adibide honek esan nahi dudana azaltzeko balio du: edozein aurrerapen zientifikoren -oso garatua badago, “mugan” badago batez ere- erabilera okerrak eragin negatiboak izan ditzake. Horregatik, teknologia eta ezagutza hauen erabilera okerra ekiditeko, garrantzitsua da gizarteak erabaki bat hartzea eta beharrezkoak diren lege guztiak erregulatzea.

Gai honetan etikak eragin handia izango duela suposatzen dut… Bai, hala da. Orain dela gutxi sortu berri den espezialitate bat, neuroetika, garunaren ezagutza honen guztiaren erabilera okerrak izan ditzakeen ondorioak aurreikusten saiatzen da. “Neuroetika” du izena, eta zorigaitzak ekiditen saiatzeko pentsatu da.

Bada, hemen amaitu da gure elkarrizketa. Eskerrik asko berriz ere tarte hau eskaintzeagatik, eta zorte ona opa dizugu hastear dagoen “Biokutxa” proiektu honetan. Eskerrik asko.

Inongo dudarik gabe, arratsalde ahaztezina izan zen hura, behin hasierako urduritasuna alboratzea lortu ostean, Gurutzen azalpenez gozatzeko denbora franko izan bainuen. Izandako hizketaldiari bueltak emanez eta zenbait gaitz neurologikoen nondik norakoa, hauen aurkako sendagaiak, gizarteak medikuntzan duen eragina, eta beste mila ideia gogoan nituela itzuli nintzen Ordiziara, gustura.

Behin esan dugu, baina ez da nahikoa. Mila esker berriz ere, Gurutz, eskainitako tarteagatik. Zorte on!

, , , , , , , , , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->