Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Haimar Zubeldia: “Txirrindularitza momenturik zailenetarikoa ari da bizitzen”

Elkarrizketa hasi baino lehen, bi pertsonei eskerrak eman nahi dizkiet. Lehenengoa, Josu Agirre da; izan ere, bera izan baitzen Haimarrekin harremanetan jartzeko bidea. Ziur nago aurten denboraldi ona egingo duzula, bitartean gu hemen izango gara zu animatzeko! Bigarren pertsona, noski, elkarrizketatua bera da, Haimar. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiot, elkarrizketa egin niezaion, agendan leku bat egin izanagatik. Hori gutxi balitz, elkarrizketa egunean, eguraldia txarra baino okerragoa zela eta, bere etxeko ateak zabaldu zizkidan. Bertan, bera gehiago ezagutzeaz gain, alaba Ane topatzeko parada ere izan nuen. Elkarrizketa bukatu ondoren, aitarekin etxera itzultzean, zera pentsatu nuen: Haimar txirrindulari ona da, baina pertsona oraindik hobea! Eta, azkenean, horrek egiten du bera hain handi…

Haimar eta Eneko

Haimar Zubeldia Agirre 1977ko apirilaren 1ean jaio zen Usurbilen. Bost urte zituela, aitak, garai haietan zikloturismoa praktikatzen zuenak, bizikleta gainean ibiltzen erakutsi zion. Sei urterekin hepatitis batek bere etorkizuna markatu zuen; izan ere, gaitz haren ondorioz, Haimarrek ordu asko pasa behar izan baitzituen etxean. Amak ezin geldi eutsi, eta tratu bat egin zuen mutilarekin: “Geldi egoten bazara, errepideko bizikleta erosiko dizut”. Haimar txintxo-txintxo ibili zen eta horrela lortu zuen bere lehen txirrindua. Berehala estreinatu zuen, eta, horrenbeste gustatzen zitzaionez, gurasoek herriko txirrindularitza eskolan eman zuten bere izena. Handik urte batzuetara, Dana-ona taldean hobetuz joan zen eta, geroxeago, junior mailan Gipuzkoako Itzulia birritan irabazi zuen. Orbean emaitza onak izan eta gero, 1997an Euskaltel-Euskadik fitxatu zuen. Hurrengo urtean debutatu zuen profesional mailan. 2000. urtean, Euskal Bizikletako etapa bat eta itzulia bera ere irabazi zituen. 2003 eta 2007. urteetan, 5.postuan sailkatu zen Frantziako Tourrean. Euskaltelen 11 urte pasa ondoren, aurten Astana taldeak fitxatu du.

Hasi aurretik, Haimar, mila esker zure etxean elkarrizketa egiten uzteagatik. Ikusita, gainera, egiten duen eguraldia, bada, oraindik esker gehiago. Eskerrik asko.

Lehenengo di-da batean erantzuteko galdera batzuk egingo dizkizut . Galdera hauetan busti egin beharko zara. Oso ondo.

Zarautz edo Usurbil: Usurbil.
Idolo bat: Miguel Indurain.
Igo duzun mendaterik gogorrena: Zaila da. Aingliru izan daiteke.
Garaipen handi bat edo postu on bat Frantziako Tourrean? Garaipen handi bat.
Erlojupekoak edo etapa menditsuak? Erlojupekoak.
Contador ala Armstrong? Contador (irribarre egiten du).

Beno, orain hasiko gara elkarrizketa formalarekin. Txikitan aitarekin, edo lagunekin batera, bizikletan ibiltzen zinen jolas modura. Pentsatu al zenuen inoiz jolas hori zure lanbide bilakatuko zenik? Ez. Nik uste dut bat txirrindularitzan hasten denean, hobby modura edo gustatzen zaion kirol bat bezala hartzen duela. Ni horrela hasi nintzen eta gauzak ondo joan zaizkit. Horrela, pixkanaka-pixkanaka hobby, gustu edo kirol hau gero afizio bihurtu zait. Baina nik uste dut inoren buruan ez dela ibiltzen hori hasieratik, geroago etortzen da. Behin afizionatu mailan ikusten duzunean aukerak izan ditzakezula profesionaletara pasatzeko, bada, orduan agian bai. Azkeneko urteetan nik ikusten nuen txirrindularitza izan zitekeela nire ogibidea, baina ordura arte ez nuen hori sentitu.

Zubeldia EuskaltelekinZer sentitu zenuen Euskaltel-Euskadi taldeak fitxatu zintuela jakitean? Gauza asko. Lehenik eta behin, aukerak dituzula txirrindulari izateko, eta, aldi berean, aukera horiek aprobetxatu nahia. Behin aukera hori izanda, ez aprobetxatzea niretzat txarra izango litzateke; izan ere, zaila da batek aukera horiek izatea, eta ez badituzu aukera horiek aprobetxatzen, gero asko saiatuko beharko duzu besteei txirrindulari bezala balio duzula erakusteko.

Profesional bezala daramatzazun urte hauetan zein izan dira pasa dituzun momenturik onena eta txarrena? Momentu txarrak, tamalez, asko izaten dira urtean zehar. Eta momentu onak gutxiago, baina beste une txar guztiak guztiz gainditzen laguntzen dute. Urte hauetan guztietan momentu txarrak izatekotan, lesionatzen zarenean lirateke. Azkenean, kirolean lesioak izaten dira unerik txarrenak. 2001.urtean, erorketa baten ondorioz, klabikula eta ukalondoa puskatu nituen, eta agian unerik txarrenetakoa hura izan zen, izan dudan lesio larrienetakoa izan baitzen. Momenturik onena, agian, nire 3.urtean Euskal Bizikleta irabaztea lortu nuenean izan zen. Ez nuen espero momentu hartan, eta erlojupekoa irabazita lortu nuen hura irabaztea. Gero ere izan ditut beste une on batzuk, adibidez, lehenengo aldiz tourrean 5. egin nuenean. Niretzat Tour hura handia izan zen, eta ez dut ahaztuko, baina beti garaipenarekin gelditzen naizela uste dut.

Euskaltelen pasa dituzun urte hauetan, nor izan da gehien lagundu dizun pertsona? Gehien laguntzen dutenak azkenean etxekoak dira, momentu txarretan eta onetan hor baitaude. Agian, anaia izan daiteke; izan ere, bera txirrindularia izanda, ia egunero berekin entrenatu dudalako. Eta emaztea ere bai, noski; une txarretan, etxera etorritakoan, nire gauzak ulertzen saiatu eta nire umore txarrak jasaten dituelako. Taldean ere pertsona batzuekin beste batzuekin baino afinitate gehiago daukazu, normalean horiekin entrenatzen duzulako. Euskaltelen zorte hori daukagu, txirrindulari gehienak, denak ez esateagatik, hemengoak baikara. Markel Irizar eta Amets Txurruka… esango nituzke, beraiekin konfiantza puntu bat gehiago dudalako.

Gauzak nahiko ondo joan zaizkizula ikusita, zergatik aldatu duzu taldea? Ikusten nuelako denak hasiera bat eta bukaera bat zuela. Azkeneko urte honetan pentsatzen egon naiz nire zikloa Euskaltelen bukatu dela. Gainera, gazteak ere atzetik indartsu datoz. Nire kirol bizitza pixka bat geldituta edo motelduta zegoela ikusten nuen eta motibazio berri baten beharra nuen. Astana taldearen aukera hori sortu zen, eta, buelta batzuk eman ondoren, azkenean erabaki nuen agian momentu egokiena hau zela. Beti ematen du pena; azken batean, etxeko taldean nengoen, gainera, oso gustura egon naiz eta 11 urte oparotsu izan dira. Beraiek eman zidaten aukera naizena izateko, eta gauza asko lortu ditut beraiekin. Pena handiz, baina, azkenean, erabaki nuen momentua hau zela. Pentsatu nuen une hartan izandako aukera hori aprobetxatzen ez banuen, beharbada ez nuela aukera hori berriz izango. Momentu honetan animatuta nago eta ilusio berri batzuekin. Uste dut asmatu dudala erabakian. Lehenago ere gozatzen nuen, baina ikusten nuen agian motibazio bat falta zitzaidala, denborarekin galtzen joan zaidana. Espero dut aldaketa honekin lortuko dudala motibazio hori.

Nola ikusten duzu zure talde eta taldekide berriak? Talde izugarri indartsua da. Gainera, orain nire fitxaketaren ondoren, Armstrongena etorri da, eta taldea indartsuagoa egin da. Niretzat korri egiteko beste erabat izango da. Badakit talde honetan txirrindulari handiak daudela eta badakit zein izango den nire papera talde honetan: itzuli handietan nire lana egin beharko dut eta beste momentu batzuetan nire aukerak ere izango ditut. Txirrindularitza ulertzeko beste modu bat izango da, eta gauza berriak ere ikasiko ditut. Euskaltelekin konparatuz, Astanan, lana egiteko modua beste era batekoa da. Jende berria ezagutuko dut; kanpoko taldea denez, bidaiatu egingo dut; hizkuntza berri bat ikasiko beharko dut, ingelesa, nahiz eta pixka bat dominatzen dudan…Hala ere, taldekideekin hitz egitea ezberdina izango da. Taldea izugarria da, itzuli handi guztiak irabazteko prestatuta dagoena. Nire ustez, gauzak ondo badoaz, aurtengo talderik indartsuenetakoa izango gara.

Eneko Haimar eta alabarekinNahiz eta oraindik agian azkarregi den, zein helburu dituzu hurrengo denboraldirako? Helburua Tourra izango da. Pixka bat oraindik goiz da, oraindik oporretan bainago. Baina pixkanaka hasten goazen heinean, badakit bai taldeko managerrak eta zuzendariak bakoitzaren denboraldia perfilatuko dutela. Hala ere, hori urte hasiera arte ezingo dut jakin. Badakit taldearen helburua Tourra irabaztea dela, Contadorrekin edo Armstrongrekin, eta horretarako prestatuko gara. Horretarako, lasterketa gehiago egongo dira, baina normalean denboraldia nahiko lasai hasiko dut eta Tourra datorrenerako forma onean egoten saiatuko naiz. Euskaltelen ere gutxi gorabehera berdintsua izaten zen, Tourra denboraldiko bigarren zatia izaten da Espainiako bueltarekin batera. Pentsatzen dut horrela izango dela gutxi gorabehera.

Azken urte hauetan, txirrindularitzak “fama txarra” hartu du dopinga dela eta. Zer pentsatzen duzu gai honi buruz? Bai, arrazoia duzu. Txirrindularitza bere bizitzako momenturik zailenetakoa ari da bizitzen. Gainera, ikusi besterik ez dago azkeneko egunetan Tourreko positiboek sortu dituzten iskanbilak. Ez dakit nola iritsi garen egoera honetara. Azkenean, txirrindulariak izan gara kontrol gehiago jartzearen aldekoak beti, baina, agian, hori gure aurka bideratu da. Kontrol gehiago izan nahiak sozietatean mesfidantza puntu hori sortu du. Bestalde, pentsatzen dut interesak ere egon direla txirrindularitzari kontra gogor egiteko. Beste kiroletan berdin ez direnez saiatu, guretzat hori ez da eskusa bat edo arrazoia azkenean. Azken finean, errua gurea eta txirrindularitzan dabiltzan guztiona da. Nik uste dut bide ona ari dela hartzen, baina kontrol gehiago egitea ez dakit den biderik egokiena. Bakoitzaren etxera edozein momentutan etortzea, lasterketa egunetan goizeko seietan jaikitzea, bat deskantsuan dagoen momentuan… ez zait oso egokia iruditzen. Gauzak hobeto egin daitezkeela uste dut. Horretarako dago UCI, txirrindularitza bideratzeko, eta horrela erabaki dute. Espero dut ondorengo txirrindulariek txirrindularitza sano bat ezagutzea. Ni txirrindularitzan sartu nintzenean, beste era batera ezagutu nuen. Dena den, ikusi dut nola joan den pixkanaka sinesgarritasun hori galtzen, eta pena ematen dit txirrindulari gazteengatik batik bat. Txirrindularitza gaizki dagoen momentu batean ezagutzea gogorra da, eta, gehienbat, horregatik ematen dit pena. Txirrindularitzak bide on bat har dezan espero dut.

Orain dela gutxi UCIk ezarritako arau baten arabera, dopatzen diren ziklistek 4 urteko zigorra izango dute. Ados al zaude arau honekin ala bestelako konponbideak aurkitu behar direla uste duzu dopinga murrizteko? Azkenean, UCIkoek egiten dituzte legeak. Horrek esan nahi du urtero, lizentzia berritzen duzunean, bere legeak onartzen dituzula. Nire ustez, 2tik 4 urtera pasatzea zigorra ez da soluzioa. Normalean, 2 urteko zigorra jartzen dizutenean, zure txirrindulari bizia bukatu egiten da, kasu arraroetan izan ezik, eta 4 urterekin oraindik seguruago. Beharbada, lagundu dezake, baina, nire aburuz, beste modu batera egin behar da lana. Agian, oinarriko txirrindularitzatik hasi beharko litzateke. Ez dakit zein den soluzioa, eta UCIkoak horretarako daude.

Zertan iruditzen zaizu aldatu zarela profesionaletan hasi zinenetik gaur egunera arte? Asko aldatu naiz. Behin profesionaletara pasatzen zarenean, konturatzen zara ofizioa ikasi egin behar duzula. Afizionatu mailan, jubeniletan… talde lan pittin bat egiten da, baina txirrindularitza indibidualista da, bakoitzak berarentzako lana egiten duelako. Profesionaletan, ordea, konturatzen zara asko ikasi behar duzula, bai korritzeko eran, non sufritu behar duzun gehiago, lasterketa irabazteko modua… Orain badakit nolakoa den mundu hau eta badakit ere zer-nolako entrenamenduak egin behar ditudan nire prestaketarako. Fisikoki eta mentalki heldutasunean nago, eta, beraz, oso ondo ezagutzen ditut nire burua, gorputza eta baita ofizioa ere.

Orain dela gutxi zure alaba jaio da. Gustatuko al litzaizuke zure seme-alabaren bat txirrindulari izatea? Bai, gustatuko litzaidake. Baina nire kasuan alaba da eta duda gehiago ditut. Duda hori diskriminazioagatik da; izan ere, emakumezko txirrindularitza ez dago gizonezkoarenarekin berdinduta. Alaba, gizonezkoak bezala saiatu beharko litzateke eta ez lituzke fruitu berdinak lortuko. Pena emango lidake hori gertatzea, baina berak hori erabakitzen badu %100 lagunduko diot.

Pentsatu al duzu zer egingo duzun erretiratu ondoren? Bai, hori gero eta gehiago pentsatzen da. Hala ere, momentuz 2 urte dauzkat aurretik, eta oraindik ez dut ezer erabaki. Momentua iristen denean pentsatuko dut, eta, orduan, zerbait sortuko da. Langabezia beti hor egongo da eta gustuko zerbait hartzea nahi nuke. Hala ere, txirrindularitzan egon naizen bitartean aurreztu dudanarekin uste dut ondo bizitzeko moduan egongo garela.

Hau izanda guztia. Eskerrik asko guztiagatik eta zorte on! Eskerrik asko.

,

3 Responses to Haimar Zubeldia: “Txirrindularitza momenturik zailenetarikoa ari da bizitzen”

  1. eneko 2008(e)ko abenduak 31 at 7:59 pm #

    Berriz irakurri dut nik egindako eta egia esan gustura gelditzen naiz egindako lanarengatik. Gainera, Haimar bezalako tipo jator bat ezagutzeko parada izan dut. Eta noski, baita bere alaba Ane ere!

    Bihar iristen da 2009a! Urte berri on guztioi! Ea aurtengo urte oparoa den guztiontzat!

    Txirrindularitzari buruz, espero dut ea urte hauetan pasatzen ari den momentu zail hori desagertzea, eta Haimar eta Josuk bezalako txirrindulariek guztioi poz handia ekartzea.

  2. Maite 2008(e)ko abenduak 31 at 8:15 pm #

    Aupa, Eneko!
    Zorionak, bai, egindako lanarengatik! Nik uste dut eskolak baino askoz ere gehiago erakuts dezaketela Haimar bezalako pertsonek: ikasle bat bere etxean hartu, adeitasunez galdetutako guztiari erantzun eta, gainera, alaba aurkeztu. Kirolari aparta da, baina, zuk diozun bezala, pertsona are apartagoa! :-*

    Ondo-ondo amaitu urtea!!! 😉

  3. xzabala 2009(e)ko urtarrilak 3 at 3:56 pm #

    Haimar Zubeldia bai tipo jatorra, ez dira bera bezalako kirolari asko geratzen…
    Zure lana ere aparta izan da, galdera gutxitan elkarrizketa sakona egitea lortu baituzu, zorionak!!

Utzi erantzuna

-->