“Hain gutxi balio duzu, non gainontzekoen bizitza izorratu behar duzun?”

kanpainaren leloaIazko abuztuan, Sevillako Udalak prostituzioaren aurkako kanpaina bati ekin zion “Hain gutxi balio duzu, non ordaindu egin behar baituzu? Prostituzioa ordaintzen duzulako existitzen da” lemapean. Argi dago lelo horren jomuga prostituzioa errotik kentzea dela, baina zer salneurritan? “Bezeroak” lotsa daitezen ahalegintzeak ez du inongo zentzurik. Batetik, prostituzioa maneiatzen duten esku beltzak hori gerta ez dadin arduratuko direlako; eta, bestetik, prostitutengan izan ditzakeen ondorio lazgarriengatik.

Egia ukaezina da diru kopuru ikaragarria mugitzen duela prostituzioaren “negozioak” egungo gizartean. Hala ere, ezin naiteke zenbaki zehatz bat ematera ausartu, ezta prostituten kopuruari edo “mundu” honen inguruan dabilen edozein daturi dagokionez ere. Ziur asko burura etortzen zaizun lehen kopurua gainditzeko modukoa izango da. Era berean, harritzerainokoa da prostituzioari buruzko informazioari dagokionez dagoen zuloa; gutxi izateaz gain, kontrajarria baita. Antonio Salas ezizenaren atzean ezkutatzen den kazetari ausartak, informazio hori zabaldu asmoz, autoanprostituzioan murgildu eta alde ilunena -argirik ba ote duen ere ez dakit oraindik- argitara eman zuen “El año que trafiqué con mujeres” liburuan. Aztertu zuen alorra emakumezko prostitutena izan bazen ere, kontuan izan behar da “prostituzio mota” anitz dagoela edonorentzat eskuragarri: emakume nahiz gizonentzakoa, homosexual edo heterosexualei zuzendua, “kaleko” edo “luxuzkoa“…

Horien guztien eskubideak aldarrikatzen dituzten hainbat talde badira eta horien artean ezagunena Hetaira dela esan daiteke. Kolektibo honek manifestu bat argitaratu zuen, non edonork euren xedearekin bat egin dezakeen: prostituten eskubideak onartuak izatea. Onetsiko balira, ordea, proxenetek ez lukete izango nori bizitza izorratu , ezta nondik probetxu atera ere. Sevillarren kanpaina oker dago: prostituzioaren hariak dantzarazten dituztenak azken aipatu horiek dira, ez bezeroak.

Txerpolari horiek ez dira euren lotsagabekeriak ezkutatzen ere gogaitzen. Horren adibide ezin garbiagoa da ANELA elkartea. Enpresarien defentsaren aitzakiaren atzean, emakume gajoen bizitzak zapaltzen diharduten gizaseme bihozgabeak baino ez dira, buruan euren interesak baino ez dituztenak. Prostitutak materiala dira lanerako presteurentzat, bai elkartrukerako eta baita eurekin sudurraren puntan jartzen zaien edozer egiteko ere. Gainerako guztien berdinak dira proxeneta okagarriak. Euren “negozioei” legaltasun kutsu bat ematen saiatzen badira ere, tabernakoa dute zerbitzu legal bakarra. “Negoziante” horien ezaugarriak antzekoak izan ohi dira. Bat aipatzearren, burdelen elkarteen sorreran zerikusirik baduen Jose Luis Roberto Navarro “jauna” dugu. España2000 alderdi faxistaren Paternako alkatetzarako hautagai izateaz gain, diskoteka atezainak eta eskoltak kudeatzen dituen enpresa bateko zuzendaria ere bada. Indibiduo honen “lokalak” barne, ANELAko burdelak dira Espainian legaltasun handiena dutenak. Zergatik ote?

Aipaturiko horretaz gain, Pablo Mayo ANELAko lehendakaria dena, El Tati, Juan Carlos Martinez eta abar dira prostituzioak berarekin dakartzan arazo askoren errudun. Hori dela eta, bezeroei baino lehen, horiei guztiei eraso behar litzaieke prostitutek jasaten duten jazarpenak eurengan duelako jatorria. Azkenik, behin entzun nuen esaldi bat etorri zait gogora: “Hobe da emakume bat bortxatu baino, burdel horietako batera joan.” Ez, bata bezain bortxazkoa baita bestea.

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->