Haritz Gardé: “Zorte handia izan dugu gertatu zaigunarekin eta disfrutatu beharra daukagu”

Gaurkoan, Euskaljakintzarako mundu osoan ezaguna den bateria-jotzaile baten bila jo dugu, Haritz Gardé La Oreja de Van Gogh taldeko bateria-jotzailearengana, hain zuzen ere. 1976ko urtarrilaren 23an jaio zen Donostian eta geroztik bertan bizi da. Unibertsitatean zuzenbidea ikasten hasi zela ezagutu zituen orain bere taldeko diren Alvaro eta Pablo. Lagunak egin eta musika talde bat sortzea erabaki zuten. Duela hamar bat urte euren bizitza goitik bera aldatuko zuen zerbait gertatu zitzaien: lehen diskoa argitaratzeko aukera. Ordutik, ez dira gelditu eta ia mundu osoan egin dira ezagunak. Berarekin tartetxo bat egoteko aukera izan dugu eta hauxe da kontatu diguna…

Haritz eta Alain elkarrizketa egunean

Zerk bultzatu zintuen bateria jotzera? Zenbat urte zenituela hasi zinen?
Egia esan, beranduegi hasi nintzela uste dut, lehenago hasi banintz hobe. Hemezortzi urterekin hasi nintzen, ikasketekin batera. Zuzenbidea ikasten hasi nintzen eta lagun talde bat elkartu ginen. Musika gogoko genuen eta gutako batzuk gitarra jotzen genuen. Nik ez nekien bateria jotzen, baina nire aitak gaztetan jotzen zuen eta probatu nezakeela esan nien. Pixkanaka jotzen hasi nintzen, praktikatuz eta jendeari entzunez ikasten joan nintzen.

Zuen bira amaitu duzue. Zein asmo duzue orain?
Orain disko berria konposatzen ari gara. Entseatzen dugun lokalean egoten gara goizero. Bostak elkartzen gara eta bakoitzak bere ideiak proposatzen ditu. Azken finean, horretan gabiltza, kontzerturik gabe, konposatzeko orduan eraginik izan ez dezan. Abestiak ongi landuak egotea nahi dugu. Biran bagabiltza, gauzak presaka eta gaizki egiten baititugu. Horregatik gauzak patxadaz hartzea nahiago dugu.

10 urte daramazue talde bezala. Zein egoeratan aurkitzen zara? Asko aldatu zara pertsonalki zuen hastapenetatik?
Nik ez dut uste pertsonalki aldatu naizenik. Orain heldutasun gehiago daukat, hori bai. Gainera, gauza asko ikasi ditut urte hauetan. Taldeak bidaiatzeko zein leku, kultura eta jende berria ezagutzeko aukera eman digu eta horrek onerako aldatzen zaitu. Aberastu egiten zaitu eta zure bizitzan eragina du, dituzun gauzak baloratzeko orduan, jendea baloratzeko orduan eta tokatu zaiguna disfrutatzeko orduan. Beti esan dugu zorte handia izan dugula gertatu zaigunarekin eta disfrutatu beharra daukagu. Azken finean, nik uste horretan aldatu garela. Bestela, betikoak izaten jarraitzen dugu, Donostian bizitzen eta betiko lagunekin. Gauza da, orain jende gehiagok ezagutzen gaituela; baina, bestela, betikoak gara.

Espainia eta Hegoamerikako talderik arrakastatsuenetakoa zarete. Disko bat kaleratzeko orduan, onuragarri gerta dakizuekeela uste duzu, gehiago saltzeko, edo arazotsu, jendeak zuengandik gehiago espero duelako?
Beno, bada, beti da onuragarria, jendeak ezagutu egiten zaituelako, eginda daukazun bide bat da. Baina batzuetan, kaltegarria ere izan daiteke, ez baduzu jendeak espero zuena ematen. Disko batzuk saltzen dituzu, aurrekoa gustatu zaienek hau ere erosiko dutelako, baina jendeari ez bazaio gustatzen entzuten duenean, hori esanez joango da eta kaltegarria izan daiteke. Baina, beno, nik uste dut beti bezala lan egiten jarraitu behar dugula, dakiguna eginez eta, konposatzeko orduan, ez dugula pentsatu behar saldu behar dugun edo ez. Bestela, horretan gehiegi pentsatuko bagenu, blokeatu egingo ginateke eta ez litzaiguke zentzuzko ezer aterako.

guapaEntzuna dut ‘Guapa’ diskoa italieraz ateratzeko asmoa duzuela. Europan ezagutzera emateko egiten duzue? Beste hizkuntzaren batean plazaratzea pentsatu duzue?
Bai. Bi abesti grabatu ziren italieraz, Dulce locura eta Muñeca de trapo. Italian jada atera dira eta, egia esan, ez da gauza handiegirik gertatu. Dena den, bai, gustatuko litzaiguke Europan sartzea. Izan ere, Hego Amerika eta Ipar Amerikan zehar ibili ondoren, hain hurbil daukagun Frantzian ere ibiltzea gustatuko litzaiguke. Baina, beno, gauza batzuengatik edo besteengatik, ezin du leku guztietan funtzionatu. Beraz, ez dizkiogu bira gehiago emango. Oraingoz, ez daukagu diskoa hizkuntza gehiagotan kaleratzeko asmorik; halere, eskatuz gero, agian egingo genuke, baina ez daukagu ezer pentsatua.

Hainbeste urte musika munduan ibili ondoren, izango duzue anekdotaren bat edo beste. Kontatuko al zenidake bakarren bat?
Anekdota asko daude. Tartetxo bat hartuko banu, ziurrenik gehiago gogoratuko nituzke, baina horrela bat-batean esateko ez dakit… Egun bakoitza anekdota bat da. Lehenengo diskoa ateratzea anekdota bat izan zen, guretzat esperientzia izugarria. Gero jendeari gustatu izana, diskoak saltzea, jendea kontzertuetara joatea… horiek guztiak guretzat anekdotak ziren eta izaten jarraitzen dute. Baina bakarren bat kontatzearren, behin Amaia eszenatokitik erori zenekoa. Abesten ari zela, eszenatokitik erori eta bertako jendeak lagundu behar izan zion igotzen, baina, egia esan, polita izan zen. Pablori ere gertatu zitzaion, baina ez zen jende aurrean izan. Jotzera atera aurretik egoten garen tokian izan zen, bera bakarrik geratu zen bere zauriekin, baina beno… Askoz ere gehiago izango ditugu, baina momentu honetan ez ditut gogoan.

Norbait ezagutzea edo norbait horrekin bizitzea ez da berdina. Argi dago, biran ibili zaretenean, elkarrekin bizi behar izan duzuela. ¿Nolakoa izan da esperientzia hori?
Nire ustez, oso aberasgarria. Lehen esan dudan bezala, jende eta herrialde berriak ezagutzea esperientzia handia da. Zurekin dauden lau pertsona ezagutzen dituzu eta, nire ustez, denok antzekoak izan gara, bostok geure gauza onak hartu ditugun zentzuan. Eztabaidak izan ditugunean, eztabaida horiek txiki egin izan ditugu, ez diegu garrantzi handirik ematen. Momentu horretan tentsioa egon bada, jakin dugu momentuko gauza izan dela eta ez da ezer gertatu. Horregatik, oso pozik gaude denok, bost lagun izaten jarraitzen dugu eta, hain ondo eramanda, gauzak beste era batera hartzen ditugu. Gainera, nik uste, gauzak hain ondo joatearen arrazoia dela dena asko hitz egiten dugula, dena denon artean erabakitzen dugu eta ez da bata bestearen gainetik nabarmentzen. Biran goazenean, dena eztabaidatu, hitz egin eta komentatzen dugu, baina, azken finean, adiskidetasuna da gure artean geratzen dena.

Haritz bateria-jotzaileaZure alabaren jaiotzaren ondoren, zailago egin zaizu biran joatea?
Bai. Konplikatuagoa baino gehiago, gogorragoa esango nuke nik, bere falta izugarri sentitzen dut. Jaio zenean, hilabete Estatu Batuetan egotea egokitu zitzaidan eta lau edo bost hilabetera Hegoamerikan, eta egia esan oso gogorra egin zitzaidan. Eskerrak, orain, teknologia berriekin Internet daukagun. Honela, webcam-aren bitartez, hotelera iritsi orduko, konektatu egiten nintzen eta emaztea eta alaba ikusten nituen. Horrek eguna alaitzen zidan. Egia da asko sentitzen dela bere falta, zaindu behar duzun alaba bat, zerbait berria… ba, bai, bere falta izugarri sentitzen dut. Hiru ordu ikusi gabe zaudenean, haren hutsunean sentitzen duzu; beraz, hilabete batzuk kanpoan egonda askoz ere gehiago. Baina esaten nuen bezala, interneta egoteak asko errazten du eta hobeto eramaten da.

Abestiak egiteko orduan, hasieran erabiltzen zenuten metodoarekin jarraitzen duzue edo beste era batera egiten duzue orain?
Ez, berdin jarraitzen dugu. Lehen esan dudan bezala, entseatzen dugun lokalean, gainera betidanik izan dugu lokal bera. Betiko bostak, abestiekin borrokan. Beti, Xabi, Amaia edo Pablok ideiaren bat ekartzen dute eta hortik hasten gara zerbait sortzen, gauzak kenduz eta beste batzuk jarriz. Sony enpresak deitu zigunean, horrela egiten genuen eta, urte asko pasa ondoren, horrela jarraitzen dugu. Gaur arte funtzionatu du eta ez dugu aldatzeko arrazoirik ikusten. Gainera, ez dakigu beste era batera egiten, horrela egitea gustatzen zaigu eta horrela egiten dakigu.

Amaiak hainbatetan beste abeslari batzuekin abestu du, Mikel Erentxunekin ‘Lau teilatu’ abestiaren bertsioa, adibidez. Nola ikusten duzue hau taldean? Ongi iruditzen zaizue?
Bai. Gu oso pozik gaude. Guretzat ohore bat da gure abeslaria beste abeslari batzuekin ere ikustea, adibidez, Mikel Erentxunekin atera berri duen Lau teilatu abestia, benetan ederra geratu baita. Baina gu oso pozik, kolaborazio puntualak dira eta, gainera, gehienak laguntza eskatu digutelako izan dira eta guk lagundu badezakegu, ondo baino hobeto. Azken honetan, hain zuzen, Lau teilaturen bertsioa proposatu ziguten eta ideia ona iruditzeaz gain, asko gustatu zaigu.

Elkartzeko orduan, nola sortzen dituzue zuen abestiak?
Bada, bostak elkartzen gara eta denon artean deia ezberdinak osatzen joaten gara. Hamar edo hamaika abestiz osaturiko disko bat kaleratzen badugu, hogeita lau edo hogeita bost abesti egiten saiatzen gara. Beti geratzen baita konbentzitzen ez gaituen bat edo beste eta horrela egiten dugu. Batzuetan erritmo bat sortzen dugu eta probatuz abestiak sortzen ditugu, erritmo eta soinu ezberdinak sartuz. Hainbatetan funtzionatzen duhorrek eta beste batzuetan, ez. Gauza asko probatzen ditugu.

Zein aholku emango zenioke hasiberria den talde bati?
Egia esan, gu ez gara eredu egokiena, nik uste; izan ere, guk zorte handia izan baikenuen. Sony-ra maketa bat bidali genuen eta lehenengoan hartu gintuzten eta hori ez da ohikoena. Normalean, talde batek konpainia askotan utzi behar du bere maketa eta asko tematu. Beti esaten dugu, gustuko duzuna egin behar dela. Guk gustatzen zaiguna egiten dugu eta zorte handia izan dugu, konpainiak askatasuna uzten digulako. Ez goaz komertzialtasunaren bila; azkenean, komertziala suertatzen bada, hobeto, baina bestela ez zaigu axola. Jendeak diskoa gustuko badu, askoz hobeto; dena den, azken finean guri gustatzen zaiguna eta sentitzen duguna egiten dugu eta, nik uste, hori egin behar duela hasten ari den talde batek, bere abestietan sinetsi eta, batez ere, gozatu.

Izango al dugu La Oreja de Van Gogh hemendik 10 urtera?
Espero dezagun baietz; nik hala uste dut. Esan dudan bezala, orain disko berria konposatzen ari gara, gogo ikaragarriz, eta nik uste dut izango garela hemendik 10 urtera, espero dezagun, behintzat. Gainera, oso ondo eramaten gara denok eta oso ondo pasatzen dugu elkarrekin. Eta hori gutxi balitz, jendeak, oraingoz, abestiekin gozatu eta ongi pasatzen du. Espero dezagun hemendik hamar urtera horrela jarraitzea, gutxienez orain daukagun arrakastaren erdia izango bagenu… baina, beno, zenbat eta gehiago orduan eta hobeto, jendeak utzi arte guk disfrutatzen jarraituko dugu.

La Oreja de Van Gogh talde donostiarra

Eta halaxe amaitu zen gure elkarrizketa. Benetan eskertzen diot Haritzi niretzat tartetxo bat hartu izana. Euskaljakintzako irakurleoi besterik ez, elkarrizketa gustuko izan baduzue, hementxe uzten dizuet bideoa ikusgai. Erdaraz izan zen, baina, nire ustez, merezi du ikustea. Hurrengora arte!

[kml_flashembed movie="http://video.google.com/googleplayer.swf?docId=135517823694817305" width="400" height="326" wmode="transparent" /]

11 Responses to Haritz Gardé: “Zorte handia izan dugu gertatu zaigunarekin eta disfrutatu beharra daukagu”

  1. amaius 2007(e)ko urriak 29 at 3:04 pm #

    Apa Alain!! oso elkarrizketa interesgarria!! nabari da lana gogor egin duzula, erderatik euskarara pasa…Meritu handia!!! jejejeje Kazetari gisa ere planta baduzu, adar joka ibili bagara ere!!!
    bihar arte
    muxux 😛

  2. ihintza 2007(e)ko urriak 29 at 6:43 pm #

    Kaixo Alain!!! a zer nolako elkarrizketa, asko gustatu zait egia esan. Ni ere bat nator Amaiarekin, ez zen lan makala izango elkarrizketa osoa euskarara itzultzea…
    Zorionak egin duzun lanagatik!!!!

  3. Gorka 2007(e)ko urriak 30 at 12:26 pm #

    Tipo hori Ordizian askotan ikusi dudala iruditzen zait. Zuei ere bai, ezta?. Animo, oso ondo ari zara lanean eta!!!

  4. Maite 2007(e)ko urriak 30 at 10:57 pm #

    Aupa, Alain! Ez dakizu ze ondo pasa dudan elkarrizketa irakurtzen baina oraindik hobeto bideoa ikusten. Badakizu zergatik, ezta??? =)) Haritz, gaixua…. 😀

    Lan polita!

  5. lbosque 2007(e)ko urriak 31 at 12:57 pm #

    Aupa Alain! Elkarrizketa oso interesgarria eta polita iruditu zait. ZOrionak eta segi horrela! Aioo.

  6. ele 2007(e)ko urriak 31 at 12:57 pm #

    Kaixo Alain!!

    Lan bikain egin duzu.
    Bideoa…oso oso ona =))

    Zorionak egindako lanagatik!! 😛

  7. ariane 2007(e)ko urriak 31 at 1:44 pm #

    Kaixo Alain..bideoa oso ona!
    batez ere kamarara begiradatxo hoiek eta hasiera ere!

    alain: Kaixo ongi etorriak euskal jakintzaraaa ajaja!
    ze serio!

    muxu bat =D>

  8. mortega 2007(e)ko urriak 31 at 1:51 pm #

    Aupa Alain 😛 !!

    Hori bai elkarrizketa!!
    Ondo geratu zaizu!!
    Niri ere Elenari bezala bideo oso ona iruditu zait =))

    Zorionak elkarrizketagatik!!
    Beste bat arte ;;)

  9. eimaz 2007(e)ko urriak 31 at 2:02 pm #

    Apa aL!!
    Elkarrizketa interesgarria, =D> benetan zoragarria,oso ondo egina zegok. 😛
    Segizak horrela hi.

  10. alain 2007(e)ko urriak 31 at 2:10 pm #

    Mila esker guztioi zuen iruzkinengatik! Badakit bideoak grazia pixka bat ematen duela, baina ez da hainbesterako!
    Maitek elkarrizketa serio egiteko esan zigun eta nik hala egin dut! xD

    Ea zuek ere bideoak jartzen dituzuen nik ere parre pixka bat egiteko! >:)

  11. Maite 2007(e)ko azaroak 19 at 9:07 pm #

    Aupa, Alain!

    Entzun duzu Amaiak taldea utzi duela???? Zurekin hitz egin zuenean jakingo zuen, ezta? Agian, zure elkarrizketa azkena izan da taldea banandu aurretik… :-O

Utzi erantzuna ele(r)i Click here to cancel reply.

-->