Hautaprobak prestatzen (VIII): azken aholkuak

Eguna iritsi da eta hauxe izango duzue berrikasketarako azken mezua. Gogoan izan gelan esandako guztia:

1. Irakurri testua bizpahiru aldiz. Ez hasi ezer erantzuten testua bi aldiz irakurri arte.

2. Galde-erantzunak:

  • Galdegaia kontuan izan.
  • Ez idatzi zentzurik ez duen ezer.
  • Irakurri erantzuna galdera aurrean izango ez bazenute bezala eta ziurtatu zentzu osoa duela (subjektua, osagarriak eta aditza).
  • Erantzun diozue galderari?

3. Gaia:

  • Gaiaren bidez, egilea zertaz mintzatzen den adierazi behar da, ahalik eta hitz gutxien erabiliz.
  • Ez dadila izan ez orokorregia ezta zehatzegia ere.
  • Ahal dela aditzarik ez erabili (gehienera jota, aditz nominalizatuak: etortzea, sortzea…)
  • Irudiak, sinboloak edo metaforak ez ditugu gaitzat hartuko; izan ere, norbaiti testua horri buruzkoa dela esango bagenio, ez luke testuaren nondik norakoaren arrastorik ere izango.

4. Laburpena:

Laburpena idazten hasi aurretik, paragrafo bakoitzaren aldamenean ideia nagusia jarri. Ideia nagusi horien bildumak emango dizue laburpen egokiena. Lokailuak erabili ideia nagusi horiek euren artean uztartzeko (ez idatzi esaldi solteak bata bestearen atzetik, inongo loturarik gabe).

5. Esaldiak moldatu:

Ondo pentsatu lotu beharreko esaldi horien artean zer nolako erlazioa dagoen (aurkaritzakoa, ondoriozkoa, kausazkoa…) eta horren baitan erabaki zein lokailu erabili. Puntuazioa zaindu (puntu eta koma, koma…)

Ariketak egin nahi badituzu, egin klik hemen.

6. Idazlana:

Egizu gidoi bat idazten hasi aurretik. Egitura erabakitzean, pentsatu gidoian zerrendatutako ideiak zenbat paragrafotan garatuko dituzun. Paragrafo gehiago edo gutxiago erabiliz antolatuko duzu testua, baina, ahalegindu zaitez, paragrafo bakoitzean elkarrekin lotura daukaten ideiak biltzen. Izan ere, ondo antolatzen ez baduzu, ideia bat paragrafo bitan banatuta gera dakizuke, edota paragrafo berean lotura gutxidun ideiak bilduta gera dakizkizuke. Kontuan har ezazu, gidoitik aukeratutako ideiak elkarrekin ondo lotzen badituzu, irakurleari informazioa ordenatu egingo diozula, eta irakurtzean hariari errazago jarraitu ahal izango diola. Horretarako, ideiak antolatzeko, elkarrekin lotzeko eta hariari ondo eusteko, pentsatu zer lotura eta zer antolatzaile (1 eta 2) erabiliko dituzun.

Informazio gehiago nahi baduzue, joan gure wikira.

Estresa pixka bat gainetik kentzeko, abesti hau eskaini nahi dizuet. Zorte on!🙂

One Response to Hautaprobak prestatzen (VIII): azken aholkuak

  1. Amaia 2009(e)ko ekainak 11 at 7:44 pm #

    Eskerrik asko aholkuengatik!!
    Espero dut bihar ondo egitea hautaproba!

Utzi erantzuna

-->