Heriotza Zigorra= ERAILKETA

heriotzaHeriotza zigorra Estatuak lege konkretu bat hautsi duen gaizkilea exekutatzean datza. Hori izango litzateke, sinple-sinple azalduta, kontzeptuaren definizioa. Agian, ez zen beharrezkoa artikulu honetako hainbat lerro erabiltzea hura deskribatzeko, denok baitakigu, tamalez, zer esan nahi duen eta. Baina, badaezpada, beti komeni da azalpentxo bat ematea, irakurle guztiek izan dezaten argi zeri buruz ari garen.

Gizarte, zibilizazio edota herrialde ia guztiek erabili izan ohi dute heriotza zigor bezala, euren historiako garairen batean; eta, egun, munduko herrialde askotan jarraitzen du indarrean. Eta ez, ez da Hirugarren Munduko gauza bakarrik. Europa eta Ozeania osoan abolitua dago dagoeneko, salbuespen batzuekin; baita Hego Ameriketako herrialde gehienetan ere. Hala ere, badira oso garatuak diren lurraldeak, AEB eta Japonia esaterako, non legezkoa eta indarrean den oraindik.

Legala da, baina legala izateak ez du inondik ere morala izatea ziurtatzen. Morala al da pertsona bati, egin duena egin duela, bizitza kentzea zigor modura? Nire iritziz, ez. Ezerk ez du pertsona baten heriotza justifikatzen.

Alde batetik, Nazio Batuen asanbladak 1948ko abenduaren 11n atera zuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 3. artikuluaren aurka doa funtsean. Bizitzaren aurka, gizabanakoaren eskubiderik oinarrizkoenaren aurka; gizaki hori hiltzaile, bortxatzaile, torturatzaile edo delakoa dela ere. Zigorra jaso beharko du, zalantzarik gabe, baina zertarako balioko du gaizkilea akabatzeak bere mailan jartzeko ez bada? Ezinezkoa da, alde batetik, bizitzaren alde egitea; eta, bestetik, heriotza zigorrak suposatzen duen erailketa publikoa defendatzea. Kontraesana da, hipokresia, faltsukeria. Bizitza unibertsala da, denok dugu bizitzarako eskubidea gizaki garen heinean. Talde horretan denok gaude; baita gaizkilea ere. Horregatik, heriotza zigorra demokraziaren eta Jainkoaren hitzaren (ikus Hamar Aginduetako 5.a) aurka doan konbentzimendu osoa dut. Beraz, benetako demokrata, kristau edo bizitzaren defendatzaile sutsuak ezingo du inoiz heriotza zigorra defendatu, kontraesanean erori nahi ez badu behintzat.

Bestetik, adituen arabera, heriotza zigorrak ez du onura sozialik; hau da, ez du ezertarako balio delituak ekiditeko. Ez dago frogatua heriotza zigorra praktikatzen den herrialdeetan debekatuta dauden besteetan baino erailketa edota bortxaketa gutxiago dagoenik. Beraz, esan daiteke ez duela balio gaizkileak beldurtzeko, delitua burutu ez dezaten.

Gainera, gerta daiteke prozesu judizialetan erroreak egotea, eta errugabea den pertsona exekutatua izatea; batez ere garatu eta garapen bidean dauden herrialdeetan, non epaiketa juxtu bat eramateko baliabideak urriagoak diren. Esaterako, Columbiako Unibertsitateko ikerketa batek dioenez, AEBtako Floridako Estatuan, 1973 eta 1995 bitartean, lautik hiru heriotza zigor kondena baliogabetu egin zituzten errore larriak detektatu zirelako. Hauek exekuzioak aurrera eraman aurretik antzeman ziren, baina beste asko ondoren hauteman ziren. Errugabe askok galdu du bizia horrela.

Horregatik guztiagatik, munduan zehar pertsona askok nik bezala pentsatzea gustatuko litzaidake, heriotza ez dela justiziarentzat alternatiba. Bai, aldiz, askatasun eza. Biziarteko kartzela-zigorrak heriotza zigorra ordezkatu beharko luke eta hura aplikatu heriotza zigorra ez dagoen herrialdeetan, Europan esaterako. Gizakia aske izateko jaioa den izakia da; beraz, askatasun falta da zigorrik gogorrena. Azken finean, heriotzak ez luke gure esku egon behar.

, ,

9 Responses to Heriotza Zigorra= ERAILKETA

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.