Hil eta gero… zer?

Badira eguneroko bizitzan tabutzat hartzen ditugun zenbait gai, saihesten saiatzen garenak. Ez ditugu gogoko baina ezinbestekoak dira aipatzea. Heriotza, esaterako, horren sinplea eta horren krudela. Pentsatze hutsak jende askori deserosotasun handia sortzen dio, hala ere, lasaitasun puntu batez hartzea nahitaezkoa da, heriotzari inork alde egiteko gaitasunik ez baitu oraindik. Etorri etorriko da, bai, baina bizitzaz gozatzea besterik ez zaigu geratzen etortzen den bitartean .
goibelJaiotzen garen unetik gure azken hatsa ematen dugun arte, mota guztietako pasadizoak pairatu behar izaten ditugu, momentu on asko eta tarteka txarrak ere izaten dira, nahiz eta orokorrean une zoriontsuenekin gelditzen ahalegintzen garen. Dena dela, garai txarrek bizitzan baliagarri diren zenbait ikasgai erakusten dizkigute. Bizitzaz disfrutatzea da kontua, bestela, zertarako bizi?Galdera hauxe dabilkio buruan ospitalean edo etxeko ohean mugitu ezinik dagoen gaixo asko eta askori, filme ezagun batean ikusi ahal izan genuen bezala. Gisa honetako gaixoek ez dute inolako irtenbiderik aurkitzen, infernu horretan bizitzea kondenatuak daude. Beste zenbait gaixok, aldiz, egoera bera jasaten badute ere, esperantza handiz bizi izaten dute egoera eta beraien helburu bakarra aurretik zuten bizitza berreskuratzea bihurtzen da. Bizitzeko duten bigarren aukera hori lortzea zaila izaten da askotan, epe luze eta astunak jasan behar izaten baitituzte dei bakar bat noiz helduko zain. Horregatik, gure inguruan ohikoa den geurekoitasuna alde batera utzi, eta pertsona hauek beraien azalean sufritu behar izaten duten egoera gogor horri buruz kontzientziatu eta eskua luzatu beharrean gaude.

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman dituen datuen arabera, 1987tik hona 1.500 organo emaile izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Osasun Sailak eta Osakidetzak beraien esker ona adierazi nahi izan die, bai emaile guztiei eta baita hauen familiartekoei ere; izan ere, erakutsi duten eskuzabaltasunagatik izan ez balitz, milaka eta milaka gizakumek ez zuketen beraien bizi kalitatea hobetuko eta, kasu batzuetan, beraien bizia salbatuko. Emaile hauei esker, 3.300etik gora organo transplante ahalbidetu dira:

  • organoa2.210 giltzurrun
  • 844 gibel
  • 255 bihotz
  • 67 birika

Aipatutakoez gain, bestelako hauek ere egin dira:

  • 3000 kornea
  • 6000 osteotendinosokoak
  • 70 larruazal

Denok dugu organo donazioa egiteko aukera, baldintza bakarra eman behar diren organoak egoera onean egotea da. Zoritxarrez, oso gutxitan gertatzen da hori; izan ere, ospitaleetan hiltzen diren 100 pertsonatatik bakarra egoten baita organo emaile izateko egoeran. Datuak oso onak ez izan arren, ez da etsi behar, gauzak hobetuko diren esperantza ez baitugu inoiz galdu behar.

Gai hau tentuz hartzekoa bada ere, beharrezkoa iruditzen zait jende honek bizi behar izaten duen errealitateaz ohartzea eta oharraraztea. Azken batean, mundu honetatik desagertzen garenean, beste norbaitek guk atzean utzitako bizitzaz gozatzeko aukera izatea izugarria da. Gugandik at dagoen zerbait ematen badu ere, gure inguruan sekulako jende pila dago organo berri baten zain, bakoitzak istorio lazgarri bat bizkar gainean duela.

Amaitzeko, gai honi buruz duzuen ikuspuntua jakitea gustatuko litzaidakeela jakinarazten dizuet.

4 Responses to Hil eta gero… zer?

  1. ihintza 2007(e)ko abenduak 12 at 4:47 pm #

    Apa Amaia!!!
    Artikulua interesgarria da benetan, heriotzaren kontuaz hitz egitea asko gustatzen ez bazait ere. Gai honek ez luke tabua izan behar, baina ez denez oso hizketagai atsegina… zuk esan bezala ekiditen saiatzen gara.

    Lan bikaina, Zorionak!

    Aiooooooo…

    Aioooooooo!!

  2. eagirre 2007(e)ko abenduak 13 at 5:06 pm #

    Aizue, eta organoak emateko hil arte itxarongo ez bagenu zer? Esan nahi dut, ez al litzateke hobe 18 urtez gaindikoen artean urtero zozketa egitea eta 100 biztanleren artean bat sakrifikatzea? >:)
    Honela behintzat organoak egoera onean eta fresko-freskoak egongo lirateke!

  3. jolaus 2007(e)ko abenduak 13 at 5:27 pm #

    Katxisss… Lastima, baina ezingo duzue nirekin kontatu, Eñaut. Soldaduska egitetik libratu nintzenean, gorputz osoko analisi sakona egin zidaten eta ondoren, “inutil” nintzela esan zidaten. A ze putada egingo nioke nire gorputzeko zatiak tokatuko zitzaizkionari, ez zaizu iruditzen? B-)

  4. eagirre 2007(e)ko abenduak 13 at 5:42 pm #

    Bueno, baino adin muga ere jarri beharko diagu ala? 😕 Ez al zaik iruditzen 30 urte arte ondo legokeela? Kanpoan geratuko haiz, ezta? 😛

Utzi erantzuna

-->