Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Ifar aldeko orduak, Joseba Sarrionandia

Gabonak iristear, azterketaz lepo eta hara non Maitek esaten digun liburu bat hautatu behar dugula oporretan irakurtzeko. Tira, horrela esanda, ez dirudi lan batere interesgarria, baina aipatu beharra daukat Joseba Sarrionandiaren Ifar aldeko orduak  liburua izan zela lan hori interesgarria izanaren erruduna. Joseba Sarrionandia, gartzelatik bozgorailu batzuetatik ihes egin zuena da, bai. Egia esan, hori baino askoz ere gehiago ez nekien nik idazle honi buruz. Lana bidalitako egun berberan etxera iritsi eta liburuen apalean kuxkuxeatzen hasi nintzen, eta hara non aurkitu nuen liburu hau, Ifar aldeko orduak. Amari galdetu nion ea liburu hori interesgarria zen eta zera erantzun zidan: “Joseba Sarrionandiaren liburu guztiak dira interesgarriak”.

Ezer baino lehen, 1958an Iurretan jaio zen idazle bizkaitarrari buruz zertxobait kontatuko dizuet. Ziurrenik, denek jakingo duzue 1980an, ETAko kide izateagatik atxilotua izan zela, eta, 1985. urtean, kontzertu baten ondoren, bozgorailu batzuen barruan ezkutaturik ihes egin zuela. Ordutik ihes eginda dago, baina horrek ez du bere lanak irakurtzeko parada izatea eragotzi. Hori dena anekdota bat besterik ez da bere literatura ekarpenen ondoan. Euskal filologian lizentziatua izateaz gain, irakasle lanetan aritu zen atxilotua izan baino lehen. Pott Bandan ere partaide izan zen Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika eta beste hainbat euskaldun idazlerekin batera. Hori gutxi balitz, euskal literaturan ekarpen handiak egin ditu eta lan ugari idatzi ditu. Gehien landu dituen arloak poesia eta narrazioa izan dira, eta guztien artean Ifar aldeko orduak narrazioez osatutako liburua izan da nik hautatutakoa.

Arestian esan bezala, Ifar aldeko orduak narrazio motzez osatutako liburua da. Aio aioma, Disiecti membra poetae, Haurrak pindaturiko paisaia, Ukabilka, Oroitzera eseri, Ifar aldeko nasa, Gerla historia, Amorante ausarta, Liburuetako mundu horietara herbestera zaitezkeela, Hamar liburuak eta Oroimena eta desira narrazio motzak kontatzen ditu liburuan. Josu Landak liburu honi egindako kritikan dioen bezala, ‘trajedien kronika’ bat egiten du Josebak. Narrazioak independenteak dira euren artean, hau da, ez dute segida bat osatzen; pertsonaia eta istorio ezberdinak kontatzen dira narrazio bakoitzean. Hala ere, narrazio bakoitzean trajedia moduko bat kontatuz, erreibindikazioak egiten dituela esan daiteke; amodioa, gerra, gartzela edota bizitza bezalako gaietan oinarrituz. Hauetan aipagarriena, agian, bigarren narrazioan bizitzari buruz egiten duen hausnarketa sakona izan daiteke.

Aipatu bezala, Sarrionandiak narrazio desberdinetan banatzen du liburua. Narrazio bakoitza hasi baino lehen, baliabide original bat erabiltzen du, ziurrenik gehien gustatu zaidan baliabidea izan da: aipu bat txertatzen du narrazio bakoitzeko, idazle eta filosofo ezberdinen aipuak zehazki. Aipu hauek, irakurleari pentsarazteaz gain, arreta mantentzen laguntzen dute; beraz, baliabide bikaina dela esan daiteke. Sarrera bezala txertatzen dituen aipuez gain, esaldi landu eta aberats asko erabiltzen ditu Sarrionandiak. Esaldi horien adibide bezala hauxe aukeratu dut: “Inori ezkutatzen zaiona, norbere buruari ezkutatzen zaio”. Bide batez, honelako aipuak irakurri edota bidali nahi badituzue, euskaljakintan badugu gure aipuen txokoa: euskaljakintza aipuak.

Lehengo harira itzuliz, Sarrionandiaren hizkuntza maila eta estiloari buruz hitz egitean, lexiko aberatsa erabiltzen duela esan beharra dago. Hiztegia alboan edukita hobeto ulertzen den liburu bat da hau, nahiz eta testuinguruagatik hitzak ulertzea posible den. Irakurleak liburuarekin gozatzeaz gain, lexikoa ere lantzen du liburu hau irakurtzean. 

Ifar aldeko orduak narrazio liburuaren lexikoa lantzeko ariketa:

 

Halaber, Sarrionandiak barne bakarrizketak, deskribapenak edota elkarrizketak erabiltzen ditu; izan ere, narrazioak beraien artean independienteak izatean, baliabide ezberdin ugari erabiltzeko aukera du.

Arlo guztiak aztertuz, ezbairik gabe Ifar aldeko orduak osatzen dituzten narrazioak irakurtzera bultzatu nahi zaituztet arrazoi askorengatik. Bat, irakurlea etengabe entretenituta mantentzen duelako narrazio motzen bidez. Bi, hiztegi oso aberatsa duelako eta lexikoa lantzeko oso baliagarria delako. Hiru, narrazio bakoitza baino lehenago txertatzen dituen aipuak irakurtzea merezi duelako. Lau, Josebak egiten dituen hausnarketak irakurlea ere hausnarketa egitera bultzatzen duelako. Horrela, milaka arrazoi eman ditzaket gelditu barik. Beraz, euskara eta literatura gustuko duen orori gomendatzen diot liburua irakurtzea. Horretarako, amak liburua hautatzerakoan esan zidana esango dizuet: “Joseba Sarrionandiaren liburu guztiak dira interesgarriak”. Azken batean, amek beti arrazoi!

Amaitzeko, liburuan bertan azaltzen den laburpena utziko dizuet:

Ismael du izena ipuin hauetako protagonistetako batek, Moby Dick balea zuriaren bila zihoan marinel hark bezala. Balearik ezean, elurra ari du Ifar honetako paisaian, elurra norberaren barnean, elurra baita -ur kristaldua- labirintoak har dezakeen forma perfektuenetarikoa, desertuarekin eta itsasoarekin batean. Haurtzaro eta sorterri-minezko orduetan, grinak eta ezereza zuritasun infinitoan nahasten direnean, hutsalak dirudite ametsek nabigante noragabetuarentzat. Bide guztiak ez dira berdinak, ordea, eta errauts eta ahanzturazko amaieraren aurrean duintasuna da, giza duintasuna, bizitzari zentzu pixka bat ematen diona.

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->