Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Igor Esnaola, segalaria: “Gaur egungo egoera ikusita, etorkizun nahiko zaila ikusten diot segalaritzari”

Igor EsnaolaLegorretako segalari bat da, baita trontzan ibilitakoa ere bere anaiarekin batera. Elkarrizketa nori egin pentsatzen jarri ginenean, burura etorri zitzaigun euskal kirol bati buruzko zerbait interesgarria egitea, gaur egun euskal kirolak oso minoritarioak baitira eta horien artean, bereziki sega. Hori dela eta, kirol honi buruzko lan dotore bat egitea erabaki genuen, elkarrizketatuarekin kontaktu zuzena genuela aprobetxatuz. Beraz, elkarrizketa prestatzen denbora bat pasa ondoren, Igorrekin eguna eta lekua hitzartu eta hara joan ginen, kamara eta tripodea eskuetan genituela. Hantxe zegoen bera, bere jaioleku izan zen Legorretako baserri batean. Iritsi bezain laster, harrera paregabea izan genuen eta orduan konturatu ginen benetan aukeraketa bikaina egin genuela.

Igor Esnaola Eider eta Maddirekin, elkarrizketa egunean

Igor Esnaola Eider eta Maddirekin, elkarrizketa egunean

Kaixo, Igor, lehenik eta behin gustatuko litzaiguke eskerrak ematea elkarrizketa hau egin ahal izateagatik. Zuk euskal kirol nahiko famatu bat praktikatzen duzu, sega, hain zuzen ere. Kirol honi erreparatuz gero, azkenaldian, zure izena segaren jarraitzaile direnen ahoetan aurkitzea erraza dela esango genuke. Horregatik, zuri elkarrizketa egitea interesgarria iruditu zaigu segarekiko ditugun jakintzak areagotzeko. Beraz, has gaitezen.

Hasteko, zure bizitzari buruz mintzatu nahiko genuke. Badakigu, zure segarako zaletasuna txiki-txikitatik datorkizula eta gertutasun handia izan duzula mundu honekin, hau da, baserri giroa, segalariekin izandako hainbat harreman… Haurra zinenetik erabaki al zenuen entrenatzen hasi eta lehiaketetan parte hartzea edo aurreragoko erabakia izan zen? Zerk bultzatu zintuen horretara? Haurra nintzeneko kontua ez dut uste denik; izan ere, haurra nintzela -orain afizio dena lehen ofizio zen- segan egiteko beharra baitzegoen. Orain sega-makinarekin belarra errazago ebakitzen da, baina lehen segan ofizioz egiten zen afizioz baina gehiago. Urteak aurrera joan ahala, txapelketak ikusiz eta, agian, inguruko jendea ere horrela egokitu zaidalako, lehiatzen hastea erabaki nuen.

Igor Esnaola (Goierriko Hitza)

Igor Esnaola (Goierriko Hitza)

Kirol guztietan izan behar da burua hotz, nekea, kezkak eta aurretik egindako akatsak ahaztu eta, aurrera begira jarraituz, garaipena lortzeko. Horretarako prestakuntza bat ere beharko da seguruenik. Ezer berezirik egiten al duzu arlo hau lantzeko? Zu bezalako kirolari batek zer izaten du buruan lehiaketaren aurreko orduetan? Segalaritza arloa lantzeko gako handienetako bat entrenamendua da. Lehiatzeko garaian ahalik eta lan onena egitean zentratzea da emaitza onak lortzeko modurik egokiena. Horretarako, egin dezakezun lanik onenerako entrenatzen ahalegintzea da garrantzitsuena, baina plaza beste mundu bat denez, han burua hotz eduki behar da, urduritasuna beti izaten dugulako. Horri aurre egiteko ez dut teknika berezirik lantzen.

Apustu guztien atzean izaten da beti trikimailuren bat edo beste. Ziur gaude kirol oso ezaguna ez izanda ere, horrelakoren bat izango duzuela. Ausartuko al zinateke zure trikimailu handiena aitortzen, balego? Nola lortzen duzue ordubetez lanean aritzeko energia eskuratzea? Horretarako ere ba al duzue tranpatxorik? Segan bi modalitateetan jarduten naiz. Bata, azkartasuneko era edo sail txikikoa da: ea nork azkarrago eta txukunago ebaki. Bestea, berriz, kilokakoa: ordu erdi edo ordu betez belarra ebakitzen egon ondoren, nork kilo gehiago jaso. Azkartasunekoan daukadan trikimailua -egia esan, ez dut uste trikimailua denik nahiko agerikoa baita- honako hau da: normalean belarra lau ilaratan mozten da, baina nik kirten luzeagoa jartzen diot segari eta orduan hirutan mozten dut. Ez dakit hori trikimailua den, nik uste dut bakoitzaren egokitzea dela. Behin hasi nintzen horrela, froga batzuk egin nituen eta gustura geratu nintzen. Jende gehiago ere saiatu da, baina denei ez zaie ondo joaten. Energia nahikoa eskuratzeko prestakuntza handia behar da, eliteko edozein kirolariren mailakoa izatera irits daitekeela entrenamendu hori esango nuke.

Eguraldiagatik, belar motagatik, hezetasunagatik eta bakoitzaren gustu pertsonalagatik, gustuko ez duzun belar sailak tokatu izango zaizkizu lehiaketaren batean. Pentsatzen dugu horrek korrikalari batek bere lasterketa burutzeko lekua gustuko ez izatearen antzera eragingo duela zugan. Hau kontuan hartuta, inoiz gertatu al zaizu sega apustu batean parte hartzeko gogorik ez izan eta lehiaketa bertan behera uztea? Ez, segalaritza munduak ez daukalako futbolekoak edo beste kirol batek daukan bezainbesteko indarrik. Esan behar da taldeek, antolatzaileek eta kirolari guztiek egiten dutela edo dugula esfortzu handia kirol hau mantentzeko.

Igor Esnaola bere baserriaren aurrean

Igor Esnaola bere baserriaren aurrean

Aurreko urteko ekainean, Aian egin zen Gipuzkoako segalarien txapelketako finalean parte hartu zenueneta oso ondo joan zitzaizula badakigu; izan ere, garaipena lortu baitzenuen. Ordu batez belarra mozten egon ondoren,zure aurkaria izan zen Juan Joxe Lizaso bainobelarapur bat gehiagojasotzea lortu zenuen. Irakurri dugunez, arazoren bat izan zuen epaileekin, belarra mozteko erabili zuen modua egokia izan ez zelaziotelako. Zer iritzi duzu horri buruz? Aurkariekin duzun erlazioa ona al da edo beti izaten duzue lehiakortasun puntu bat? Lehiakortasuna beti izaten dugu, baina bestela giro ona egoten da segalarion artean. Beti sortzen da arazoren bat edo beste epaileekin, baina orokorrean nahiko ondo moldatzen gara eurekin. Iazko arazo horri buruz, iskanbilaren hasiera izan zen nik belar maila bat bukatu gabe utzi eta beste bat mozten hasi nintzela. Nik une horretan ez nekien maila hura bukatu beharra neukanik, baina berez maila berri bat hasi aurretik bestea bukatu beharra neukan. Lizasok antzeko teknika bat erabiltzen zuen, maila baten erdia ebaki eta atzeratu egiten baitzen beste maila ebakitzen hasteko. Epaileek kargu hartu zioten modu horretara ebakitzeagatik eta lehen mailara itzuli eta dena ebakiarazi zioten; niri, ordea, ez. Kexa justua izan zela iruditu zitzaidan, hari gauza bat aplikatu baitzioten eta niri ez. Hala ere, ez dut uste emaitzan eraginik izango zuenik. Epaileen erabakiak kontuan hartuta, esango nuke segalaritza beti izan dela nahiko “zikina”, baina orain nahiko garbituta dagoela iruditzen zait, hobeto ebakitzera behartzen baikaituzte.

Lehengo urtean Italian izan zinen Europako sega txapelketan, beste hainbat lekutan ere izango zinen ziurrenik. Kanpoko herrialdeetako lehiatzeko modua (arauak, estrategiak, sega mota eta belarra) eta bertakoaren artean ezberdintasun handia dagoela iruditzen al zaizu? Toki horietatik non lehiatu zenuen gustuen? Lehiatzeko modua antzekoa da leku guztietan, belarra antzekoa baita leku askotan. Aldatzen dena lanerako dagoen maila da. Esaterako, maila izugarria aurki daiteke Suitzan eta HegoTirolen (Italia) eta haietara iristeko urruti ez bagaude ere, nahikoa beherago gaudela iruditzen zait.

Italian egindako lanarekin momentuan ez nintzen oso gustura gelditu, gauza asko hobetzeko neuzkala iruditu zitzaidan; halere, emaitza ikusi nuenean, pozez zoratzen nengoen, ez bainuen espero lehenengo hamarretan sartzea. Hori lorpen handia izan zen niretzat.

Ez dakit zein tokitan dudan gustukoen lehiatzea; izan ere, iaz Euskal Herrian bertan oso gustura geratu nintzen emaitzekin eta baita nire gorputzarekin ere. Nazioartekoa ere oso polita da, baina akats txiki bat egiten baduzu, maila izugarria dagoenez, ez da denbora asko geratzen akatsa zuzentzeko eta gustura ateratzeak ez du ezer esan nahi, perfektuago lan egitea eskatzen baitu honek. Hala eta guztiz ere, denak dira bereziak.

Lehen esan bezala, aurreko urtean emaitza paregabeak lortu zenituen, horren adibide dira Euskal Herriko txapeldun eta Europako Sega Txapelketan laugarren postuan geratu zinela. Gaur egun duzun arrakasta ikusita, inoiz pentsatu al duzu noiz izango den zure erretiratzeko garaia edo nahiago duzu buruari ez bira gehiegirik eman eta denboran zehar erabaki hau hartu? Nik uste dut denboran zehar erabaki beharko dudala. Iaz ohiko eran hasi nintzenean, pentsatu nuen hasteko baino uzteko adina nuela. Pentsamendu hori izanda ere, gustura ibili nintzen: gozatu egin nuen, baita sufritu ere entrenatzen! Dena den, urtea borobila izan zen eta urtetik urtera ikusi beharko dut zer egin. Denbora aurrera joan ahala, gorputzak mugak jartzen dizkidala ikusten badut, orduan utzi egin beharko dut.

Igor Esnaola segan (Noticias de Gipuzkoa)

Igor Esnaola segan (Noticias de Gipuzkoa)

Gaur egungo egoera ikusita, hots, jendeak lehentasuna ematen diola telebistan agertzen diren kirol famatuetan parte hartzeari edo gimnasiora joan eta giharrak gogortzeari, zuk etorkizunik ikusten al diozu segari? Garbi dago segalaritza oso kirol minoritarioa dela, oso jende gutxi jarduten delako. Hala ere, aurten zortzi bat segalarik izena eman dugu Gipuzkoako txapelketan eta parte hartu behar dugunetatik 3-4 bat lagun gazteagoak dira. Horiek izan daitezke kirol hau apur bat mugituko dutenak. Baina gaur egungo egoera ikusita, etorkizun nahiko zaila ikusten diot.

Trontzari buruz pixka bat mintzatzea gustatuko litzaiguke. Badakigu anaiarekin batera praktikatzen zenuela eta oso trebeak zinetela, honen erakusgarri dira Gipuzkoako Trontza txapelketan eta Euskadiko txapelketan lortu zenituzten txapelak. Igor, segarekin konparatuz, zein duzu gustukoen? Bueltatuko al zinateke kirol hau praktikatzera sega utzita, atzera egin ahal izango bazenu? Egia esan, biak ditut oso gustuko. Gogorragoa zein den aukeratu beharko banu, trontza gogorragoa dela esango nuke. Trontzaren kasuan, 10-12 minutuko lanak besterik ez dira Euskal Herriko txapelketan, adibidez; eta sega, berriz, ordubetekoa da. Hala ere, trontza askoz itoagoa da eta, nire ustez, gorputzarentzako nekea handiagoa da kirol honetan lehiatzeko orduan.

Aurtengo kasuan, segan jarraitzeko asmoa daukat. Trontzan lehiatzeko ere izena eman dut lagun batekin batera, eta momentuz oso gustura gabiltza. Ikusiko dugu zer moduz joaten zaigun.

Azkenik, elkarrizketa honekin bukatzeko, jakinaren gainean gaude bi seme dauzkazula, biak oraindik ere adin txikikoak. Askotan joanak izango dira zure lehiaketak ikustera eta segaren bat hartu eta belarra mozten hasteko intentziorik ere izango zuten noizbait. Ikusten al diezu kirol honekiko interesik? Gustatuko al litzaizuke semeek zure ibilbidea jarraitzea? Bueno gustatu, gustatu… Bakoitzak bere bidea egin behar duela uste dut, baina nire ibilbidea jarraitzea erabakiko balute, garbi dago lagunduko geniekeela; hala ere, oraindik oso txikiak dira eta beste etapa luze bat dute aurretik. Baina sega, aizkora, zerra eta mota horretako gauza guztiak oso gustuko dituzte.

Igor Esnaola euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

, , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->