Iñaki Puyadena: “Partiduan etsai dena kanpoan lagun bihurtzen da, zelaian zelaikoa eta kanpoan kanpokoa”

Udazken arratsalde batean, Ordiziako errugbi zelaira inguratu nintzen, Trevijano zelaira, alegia. Bertan, Iñaki Puyadena nire zain zegoen eta, urduri samar bada ere, hantxe joan nintzaion nire galdera sortarekin elkarrizketa burutzera. Hasieran, esan bezala, oso artega bageunden ere, denbora pasa ahala, galdeketa bere baitan itxura ona hartzen joan zen eta, egia esan, ederki pasa genuen arratsaldea.

Maialen eta Iñaki

Iñaki Puyadenak Ordiziako errugbi taldean jokatzen du, ohorezko mailan. Horrez gain, beste zaletasun batzuk dituela kontatu zidan, hala nola, gitarra jotzea eta lagunekin festaz festa ibiltzea. Gure kirolaria, orain dela 22 urte jaio zen Legorretan eta, gaur egun, Ordizian bizi da. 7 urte zituela hasi zen kirol hau praktikatzen eta gaurdaino gauza asko egin ditu errugbi munduan; esate baterako, 2004. urtean etorkizuneko kirolaria izendatu zuten eta, bestetik, Ordiziako taldea gorengo mailara igo zenean, bera izan zen partidu erabakigarri hura entsegu paregabe batez itxi zuena.

Hasieran, informazio horrekin guztiarekin nahikoa nuela Iñaki ezagutzeko pentsatu nuen baina solasaldiaren ondoren, informazio anitza lortu eta, batez ere, pertsona zoragarri bat ezagutu nuela konturatu nintzen.

puyadenaZer pentsatzen duzu errugbiak azkenaldi honetan Ordizian daukan arrakastari buruz?
Pertsonalki, oso gustura nago Ordizian errugbiak izan duen zaletasun gorakada honekin. Asko pozten nau kalera irten eta errugbiko baloiaz jolasten ari diren haurrak ikusteak, orain arte futbolekoak eta saskibaloikoak ikusten baitziren gehienez. Badirudi, maila altuenean jokatzea lortu genuenetik, interes bat piztu zela Goierriko biztanleen artean eta hori, egia esan, jokalarientzat izugarri garrantzitsua da, batez ere, errugbian aritzeko ohiturarik ez dagoelako bailara honetan. Zoragarria eta eskertzeko modukoa da kalean jendeak emandako babesa eta animoa.

2005. urtean ohorezko mailara igo zineten, hots, errugbiak estatu mailan lor dezakeen mailarik altuena lortu zenuten. Gainera, zu izan zinen partidu erabakigarri hura itxi zuena entsegu bat tarteko. Zer eragin izan zuen partidu hura zuregan?
Egun handia izan zen hura.Liceo Frances talde madrildarra genuen aurrean eta joaneko emaitzaren ondoren, 3 puntuko aldeaz irabazi behar genuen. Ilusio handia hartu genuen ohorezko mailara igo ginenean, gainera, ez genuen gure bizitzako partidurik onena jokatu, ezta gutxiagorik ere. Baina emaitza zen garrantzitsuena eta lortu genuen:17-3. Entseguari dagokionez, ez nuen gauza handirik egin. Beste taldekide batzuen lana aipagarriagoa izan zen, baloia lapurtu zuenarena edo azken pasea eman zidanarena, esaterako.Hau aipatzea topikoa izan arren, talde osoak partidu osoan erakutsitakoa izan zen erabakigarria eta ez jokaldi puntual bat.

Ohorezko maila batean egoteak exijentzia edo eskaera handiagoa eskatzen du, gehiago entrenatzea, adibidez. Ba al daukazu denbora librea zure gauzak egiteko?
Entrenamenduei dagokienez, astean 3 egiten ditugun arren, arratsaldeko zortzietan izaten dira eta, ondorioz, badugu beste edozer gauza egiteko denbora. Partiduei dagokienez, bidaiak izaten dira denbora gehien kentzen digutenak, batzuetan asteburu osoa kanpoan igarotzea suposatzen baitute. Hala ere, urtean zehar ez ditugu bidaia gehiegi egiten, zazpi gehienez. Halaber, maila honetan jokatzea sakrifizio hau merezi duela iruditzen zait, bertan egotea asko kostatu baita eta ez dakigu noiz jaits gaitezkeen.

Puyadena elkarrizketan 1Errugbiko zati garrantzitsuena partidua da. Zer da pentsatzen duzun lehenengo gauza errugbiko partidu bat jolasten ari zarenean?
Partiduaren aurreko uneak izaten dira gogorrenak. Urduritasuna dela eta, akiturik sentitzen naiz askotan eta lehen minutuak arnasestuka igarotzen ditut. Hala ere, segituan pasatzen da urduritasuna, eta gauzak ahalik eta ondoen nola egin pentsatzen dut. Jokoan sartu eta emaitza onak lortzea da pentsatzen dudana.

Zer pasatu zitzaizun burutik 2004. urteko egun hartan etorkizuneko kirolaria izendatu zintuztenean?
Hasteko, esan beharra dago ez nuela inondik inora etorkizuneko jokalaria izendatuko nindutela espero. Ordiziako bi kide izan ginen sarituak, beste talde batzuetako hainbat jokalari eta beste gazte batzuekin batera. Kursaalean egin zen ekitaldia eta, egia esan, ilusio puntu bat sentitu nuen une hartan, entrenamenduetan egindako lanaren onarpen modukoa izan baitzen. Are gehiago, izendapenarekin batera, bakoitzaren kirolak dituen gastuei aurre egiteko diru-laguntza jaso genuen.

Jakin badakigu errugbian hirugarren denbora bat badagoela. Zer egiten duzue hirugarren denbora horretan? Zer iruditzen zaizu hirugarren denbora hori?
Errugbiak daukan gauzarik politena da hirugarren denbora. Esan bezala, bi zati zelai barruan jokatzen dira eta hirugarrena kanpoan. Partidu baten ondoren, izandako borroka eta lehiakortasuna alde batera utzi eta zelaiaren barruan etsai zena lagun bihurtzen da. Janariz eta edariz lagunduriko mahai-inguru batean, partiduaren gorabeherez aritzen dira bi taldeetako jokalariak.Niretzat esan nahi duenagatik da oso berezia hirugarren denbora: zelaian zelaikoa eta kanpoan kanpokoa.

Oso goiz hasi zinen kirol honetan, hau da, 7 urtetatik zabiltza errugbian eta oraindik denbora asko daukazu ikasteko. Ba al duzu planik etorkizunean errugbian jarraitzeko?
Zuk esan bezala, urte asko daramatzat errugbian jokatzen eta beti egon da nire bizitzari oso lotua. Oraingoz, jarraitzeko asmoa daukat, betiere, lesioek errespetatzen banaute. Gainera, ezin da ahaztu ez garela kirol honetako profesionalak eta, ondorioz, norberak bere lanbidea daukala. Baina momentuz jolasten jarraituko dut. Aurten, behintzat, bai; etorkizunean nork daki.

Euskal selekzio eta Espainiako selekzioekin hainbat entrenamendu eta partidu jokatu dituzula jakin dut,. Gauzak horrela, asko bidaiatu duzu. Zein lekutara bidaiatu duzu errugbiko partiduak jolasteko edota ikusteko?
Atzerrira eginiko bidaiak selekzio desberdinekin egin ditut.”Euskarians” izeneko Euskal Herriko selekzioarekin Dublinera joan nintzen, Irlandara hain zuzen ere, bertako taldearekin lehiatzera. Espainiako selekzioarekin, berriz, Sizilian izan nintzen Mediterraneoko txapelketa batean, non Tunez, Italia eta Frantziaren aurka jolastu genuen. Oso gogorra izan zen Siziliara joan ginenean, 11 egun egon baikinen eta entrenamendu asko izan baikenituen.

Puyadena gitarra jotzenErrugbiaz aparte, zein zaletasun duzu zure denbora librean?
Nire beste zaletasun bat musika da. Gitarra jotzen dut talde batean eta ikaragarri gogoko dut abestiak konposatu eta beste taldekideekin batera jotzea. Egia esan, errugbia eta musika oso desberdinak dira, horregatik dut gustuko bi gauza hauek egitea.

Futboleko zelaia zena berritu dute Ordizian. Berrikuntza horretan errugbiarentzako instalazioak jarri dituzte. Zer iritzi daukazu honi buruz? Zein zelaitan nahiago duzu jolastea?
Egia esan behar badut Altamirako instalazioak Trebijano zelaikoak baino askoz ere prestatuagoak daude eta, alde horretatik, aldaketa positiboa izango litzatekeela iruditzen zait. Baina nik pertsonalki nahiago dut Trebijanon jolastea, alde batetik belar naturala duelako eta, beste alde batetik, horrenbeste laguntzen digun jendearen berotasuna hemen daukagulako. Nire ikuspegitik, zelai berriari jendearen berotasuna falta zaio. Gainera, Altamirako zelaian ez gaude gu bakarrik softball, futbol eta atletismoko taldeek ere entrenatzen baitute zelai berrian, eta zelaien banaketa egiteko orduan, liskarrak sor daitezkeela iruditzen zait.

Errugbiko jokalaria alde batera utzi eta pentsatu ikusle bat zarela. Nola ikusten duzu taldea aurtengo denboraldian?
Aurtengoa, beste edozein denboraldi hasiera bezalakoa ari da suertatzen: jokalari batzuk joan, besteak etorri, zalantza asko, ,joko ona egiteko arazoak…Beraz, ez dugu itxaropena galdu behar, betikoa delako. Lehenengo partiduak funtsezkoak izango dira nola gauden eta zer landu behar dugun ikusteko, baina ziurrenik gure jokoa aurkitu eta liga polit bat egingo dugu.

Puyadena elkarrizketan 2Zer esango zenioke errugbian hasiberria den pertsonari?
Gogoa eta ilusioa. Benetan kirol hau gustatzen bazaio, aurrera jarraitzeko, ez zaiola kostatuko ezer ere. Entrenamenduei dagokienez, batzuetan nagitasuna sortuko zaiola, baina benetan gustatzen bazaio ez dago arazorik. Beste alde batetik, pertsona horrek apika pentsa dezake lehiakortasun handia dagoela taldekideen artean, baina oker dago. Nire aburuz, zaletasun bat bezala hartu beharra dago kirola. Beraz, pertsona horri zorte handia opa, eta ilusioa eta babesa emango nizkioke.

Ohorezko mailan, zenbat pertsona osatzen duzue taldea?
Bi talde daude. Ezin daiteke esan bakoitza zein taldekoa den. Denera, 50 pertsona inguru, bi taldeetan banaturik.

Bukatzeko, badakizu elkarrizketa hau euskaljakintza blogean argitaratu behar dugula. Zer esango zenioke elkarrizketa hau irakurtzen ari den blogariari?
Espero dut elkarrizketa gustatu izana eta Trebijano zelaira hurbitzera animatu nahi zaituzte, gure partiduak ikustera eta animatzera, babesa eta berotasun hori funtzezkoa baita.

Beraz, blogariok, hori guztia kontatu zidan Iñaki Puyadenak. Hain famatua ez den, baina gauza asko egin dituen, kirolari euskaldun bat ezagutu duzue. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiot Trebijano zelaian elkarrizketa burutzeagatik eta zorte ona opa aurtengo denboraldian.

[kml_flashembed movie=”http://video.google.com/googleplayer.swf?docId=-5558154717066891281″ width=”400″ height=”326″ wmode=”transparent” /]

9 Responses to Iñaki Puyadena: “Partiduan etsai dena kanpoan lagun bihurtzen da, zelaian zelaikoa eta kanpoan kanpokoa”

  1. imartinez 2007(e)ko urriak 22 at 1:07 pm #

    Epa, barreiro!Zorionak zure elkarrizketagatik!Asko gustatu zait eta batik bat azkeneko argazkia,oso berezia. Nolatan bururatu zitzaizun horrela, lurretik, ateratzea?
    Segi horrela! 😛

  2. iromero 2007(e)ko urriak 22 at 5:42 pm #

    Aupa! Zorionak, elkarrizketa polita atera zaizu. Niri ere argazki hori gustatu zait bereziki, originala da.

  3. mbarreiro 2007(e)ko urriak 22 at 6:17 pm #

    Aupa Iratis!!!
    jajaja ba argazki hori pilo bat kostatu zitzaidan ateratzea….ikusiko bazenute argazkiaren proba guztiak….
    ale mila esker iruzkinengatik!

  4. Maite 2007(e)ko urriak 22 at 9:00 pm #

    Aupa, Maialen!

    Gustura irakurri dut elkarrizketa; izan ere, Iñaki ikasle ohia dut eta asko poztu nau jakiteak zein ondo dihoazkion gauzak. Ez neukan ideiarik ere etorkizuneko jokalari izendatu zutenik, ezta musikaria denik ere! Zenbat gauza ikasten ari naizen zuen lanekin. 🙂
    Zorionak elkarrizketa eta argazkiengatik (niri ere asko gustatu zait) eta segi \”hots\” hori erabiltzen!!! 😀

  5. Zezilio 2007(e)ko urriak 23 at 11:15 am #

    Mezu hau orokorrean euskaljakintza osatzen duzuen guztiontzat da. Pozgarria da ikustea egiten duzuen lana, bere kalitatea eta jartzen duzuen gogoa. Segi horrela! Azkoittitik re jarraitzen zaituztegu!

  6. mbarreiro 2007(e)ko urriak 23 at 3:17 pm #

    Eskerrik asko iruzkina idatzi duzuen guztioi.Ilusio handia ematen du norbait zure lanarengatik zoriontzea.Mila esker berriro ere.

  7. Iñaki 2007(e)ko urriak 23 at 5:21 pm #

    aupa! eskerrik asko elkarrizketa irakurri duzuen guztioi. Beste elkarrizketa batzuk irakurtzeko aukera izan dut eta egia esan, lotsatu xamarra sentitu naiz hainbeste pertsonaia ospetsu ikustean. Ez dut gauza handirik egin elkarrizketatua izateko, baina tira, espero dut kontatutakoa gustokoa izatea. Zorionak Maialen, ederki zuzendu dituzu hitz egiterakoan egin nituen hankasartzeak. Geroarte!

  8. arianeh 2007(e)ko urriak 23 at 7:07 pm #

    Kaixo Maialen!
    Elkarrizketa asko gustatu zait, beharbada Iñaki gaixoa zu baino urduriago zegoen hor kamararen aurrean jarrita!
    Zorionak egin duzun lanagatik eta espero dut urrungoan zeu ere bideoan agertzea!
    muxu bat euskaljakintzako beste idazle baten txokotik!txalogarria benetan! =D>

  9. Maite 2007(e)ko urriak 24 at 9:18 am #

    Aupa, Iñaki!

    Mila esker zuri, gure galderei erantzun eta euskaljakintzan parte hartzeagatik! Gainera, oso interesgarria da kontatzen diguzun guztia. Ea aurtengoa ere arrakastaz betetako urtea duzu(e)n! 🙂

Utzi erantzuna

-->