Irakaskuntza Finlandian

finlandieraGauza jakina da finlandiar jendeak oso izakera serio eta idorra duela. Txiki-txikitatik etxean heziera gogor eta diziplinatua ezartzen zaie eta hamazortzi urte bete bezain pronto, etxetik alde egiten dute euren kontura bizitzen hasteko. Honek guztiak ondorio nabarmenak uzten ditu jarreran. Pisako informeak (1 eta 2) dioen bezala, finlandiar ikasleek Europa mailan gai zientifikoetan nota hoberenak ateratzen dituzte eta matematika eta irakurketan bigarren postuan daude. Gu, ordea, 30-35 artean kokatzen gaituzte. Baina, nola da posible hau gertatzea? Zein faktorek hartzen du parte hau horrela izan dadin?

Eragile nagusia heziketa da. Ikasleak erabat diziplinatuak izanik, irakasleek diote begirada batez tinko ditzaketela. Bestalde, ikasleei ez zaie bururatu ere egiten txuletak egitea. Haiek diote denbora galtzea dela eta, norbaitek egiten badu, baztertu egiten dute. Astero liburu bat irakurtzen dute, finlandieraz edo ingelesez. Horrez gain, egunero etxerako lan mordoa izaten dituzte eta egunero bi orduz egon behar izaten dute hauek egiten. Finlandiar gazteentzat ikasketak lanaren antzekoak dira eta bizitzan erabateko lehentasuna dute.

Ikastetxeen %95 publikoak dira eta teknologikoki denak daude ikaragarri garatuta (bi ikaslek ordenagailu bat partekatzen dute, plasma-telebistak dituzte ikasgela guztietan…), eta puntako teknologia hori guztia gobernuak ordaintzen du. Finlandiak 90. hamarkadan beherakada ekonomiko larri bat bizi izan zuen eta ezinezkoa zirudien arren, gobernuak egoerari bira eman zion irakaskuntzan dirutza handi bat xahutuz. Ondorioz, txiroa den pertsona batek nahi dituen ikasketak egin ditzake emaitzak onak diren bitartean. Gainera, irakasle izatea ospe eta soldata handiko ogibidea da eta ikasketa hauek egiteko bederatziko batez bestekoa behar da. Beraz, ikasleak duen irakaslea eredugarria izango da beti.

Azterketak lehenengo aukeran gainditu behar dira, ez daude errekuperazioak. Ikasle batek azterketa bat ez badu gainditzen, arratsaldez ikastetxean geratzen da irakasleari edukia menperatzen duela erakutsi arte. Baina hau ez da oso ohikoa ikasle guztiak oso langileak direlako.

Hala eta guztiz ere, nahiz eta egunaren zati handi bat ikasketei eskaini, finlandiar gazteek bizitza osasuntsu eta erosoa daramate, eta guztiz zoriontsuak dira. Azken finean, euren kultura gurearekiko desberdina izan arren, denok baikara pertsonak.

2 Responses to Irakaskuntza Finlandian

  1. jolaus 2008(e)ko urtarrilak 7 at 3:15 pm #

    Aupa Imanol

    Zure artikulua irakurrita irudipena daukat bertako ideia nagusienak, duela aste batzuk El Diario Vascoko XL Semanal astekarian argitaratu zen artikulu honetatik atera dituzula. Lehenengoz irakurri nuenean frustrazio puntu bat zuen guraso batek idatzita zegoela iruditu zitzaidan. Konparaketa ugari baina arazoaren muinera joan gabe, nire iritziz.

    Sakonagoak iruditzen zaizkit Mikelek ikastolako blogan idatzitako lau artikuluak (I, II, III eta IV). Egoeraren analisia egiten saiatzen da hiru ardatz nagusien inguruan. Bistazo bat botatzea gonbidatzen dizut gaiaren inguruan ikuspegi zabalagoa izan dezazun.

    Bide batez, hurrengo baterako gaia proposatzen dizut: aurreko artikulu guztiak guraso eta irakasle baten ikuspegitik garatuta daude. Eta zuek? Nola ikusten duzue gaia? Nola ikusten duzue zerrendako 30-35.ak izatea? Zertan desberdintzen zarete? Zer ekarriko zenuten finlandiarren eredutik Euskal Herrira? Zeintzuk dira zure iritziz dituzuen gabeziarik handienak? Asko estimatuko nuke gai honetan zuen ikuspegia zein den argitzea, benetan.

    Tira, ea norbait animatzen den horrelako zerbait egitea. 😉

  2. Maite 2008(e)ko urtarrilak 7 at 9:20 pm #

    Aupa, Imanol! Lehenik eta behin, zorionak honelako gai interesgarria ekartzeagatik. Nik ere Mikelen artikuluak aipatu behar nizkizuen (IKTeroetan irakurri nituenean zer pentsa eman zidaten) baina Jokin aurreratu egin zait. Bat nator Jokinek esaten duen guztiarekin eta niri ere asko gustatuko litzaidake zuen ikuspuntua jakitea. Bestalde, Leirek Australiako ikasketei buruz duela gutxi idatzi zuenarekin ere akordatu naiz…

    Garbi dago gure irakaskuntzak baduela zer hobetu (badugula denok zer eta zertan hobetu). Dena den, gehiengoa horretaz kontziente izan arren, ez dira aldaketa sakonak ematen, ez zaio gaiari errotik heltzen. Nahiko faltsua da politikariek, kazetariek eta irakasleok jokatzen dugun papera: Pisa txostena edo antzekoak argitaratu orduko, aieneka hasten gara baina hilabetea pasatzen denean, nori axola? Noiz arte? :-S

Utzi erantzuna

-->