Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Izaro Iraeta, kamerak gustuko duen aurpegia

“Amaia, gaur ikastolatik ateratzean, elkarrizketa!”. Hitzok entzundakoan, klasera itzuli eta ondorengo bi edo hiru orduetan ezin izan nuen esaldi hura burutik kendu, txirrinak noiz joko zain egon nintzen nerbioak airean nituela. Honela, bada, tramankulu guztiak bizkarrean hartu eta erdigunerantz abiatu ginen nire laguna den Marta eta ni Izaro Iraeta elkarrizketatzeko asmoz.

Duela 30 urte Zaldibian jaio zen Izaro Iraeta familia handi batean. Leioako Kazetaritza Fakultatean ikasten ari zela, Euskal Telebistan hasi zen Ikimilikiliklip izeneko musika programan aurkezle lanetan, ikasketak eta lana uztartzen zituela. Behin lizentziatura lortu eta gero, ETB2ko La Monda programan erreportari moduan kolaboratu zuen. Ondoren, Ikusgela saio didaktikoa aurkeztu zuen 5 urtez ETB1ean. Azkenik, EITBko 2. katean, astean zehar arratsaldero Ésta es mi gente elkarrizketa-saioa presentatu zuen. Horretaz gain, beste hainbat emanaldi berezi ere aurkeztu izan ditu Euskal Herriko kate publikoan.

Hitzordua egokitu genuen tabernara zuzendu eta barrura sartzean Izaro Iraeta bertan ez zegoela konturatzean, kanpora atera ginen. Kalean itxaroten ari ginela, bat-batean tabernak bi ate dituela konturatu eta berriro barrurantz egin genuen. Hantxe zegoen. Nire laguna eta ni, nerbioak askatzeko edo, barrez algaraka hasi ginen, baina ez zegoen horretarako astirik. Ahal izan genuen bezala Izaro Iraetarekin hitz batzuk trukatu eta grabatzeko lekua aukeratu ondoren, elkarrizketarekin hasi ginen.

Izaro Iraeta1. Aurtengoa ikastolan igaroko dugun azken urtea da eta, dakizunez, gure bizitzako erabaki garrantzitsuenetako bat hartzekotan gaude. Zuk betidanik izan al duzu kazetari izateko grina?
Kazetari izan nahi nuela argi-argi beti ez dut eduki, banekien nireak letrak zirela eta ez zientziak. Hori oso argi neukan, eta Jakintzako irakasleek ere oso garbi edukiko dute, baina zehazki kazetaritza egin nahi nuela ez. Soziologia, hizkuntzak eta baita kazetaritza ere baziren hainbat karrera gustuko nituenak. Azkenean, pentsatu nuen kazetaritza zela egin nahi nuenarekin egokiena zihoana.

2. 19 urterekin lehen aldiz telebista saio bat, Ikimilikiliklip, aurkezteko parada izan zenuen. Hasiera gogorra izan al zen?
Ez, ez, jolas baten antzekoa zen. Gazteak ginen (19 urterekin hasi ginen), lau gaztek egiten genuen saioa eta orain pentsatzen jarrita, arratsalde eta batzuetan egun osoa pasatzen genuen programa grabatzen, ez zen zuzenekoa. Gure artean oso giro ona zegoen eta baita kamera atzean lan egiten zutenen artean ere. Oso ondo pasatzen genuen, guretzat denbora-pasa on bat zen eta nik ez dut gogoratzen inongo nerbiorik.

3. Aurkezle izateaz gain, erreportari moduan ere egin duzu lan, zein dira bakoitzaren alde on eta txarrak?
Aurkezlea izateak duen alde txarra zera izaten da, zuk ez duzula esan behar duzun informazio hori lantzen eta askotan eguneroko programa batean, esaterako, ez dago aukerarik horretarako eta hori handicap bat da. Azkenean, informazioa zuk lantzen baduzu eta zuk osatzen badituzu gidoiak, gaia barneratuagoa duzu eta, gauzak esaterakoan, zure moduan esateko aukera izaten duzu. Aurkezle izanda ez dago horretarako aukerarik eta besteek egindako gidoiak zureak izango balira bezala esan behar dituzu.

Bestalde, erreportari izateak gauza on asko ditu, eta txarrak ere bai tamalez, beti ibiltzen garelako denbora gutxirekin gaia lantzeko. Askotan kalera joan behar izaten dugu grabatzera. Aurkitzen ditugun egoerak ez dira aproposenak izaten. Adibidez, euria hasten badu, grabazioa moztu behar izaten dugu eta beste toki batera joan, edo obraren bat badago, audioa gaizki sartzen da eta errepikatu beharra izaten dugu behin eta berriz. Baina niri gustatzen zaidan lana da.

4. Nolakoak izaten dira telebista saioren bat aurkeztu baino lehen pasa behar izaten diren probak?
Pentsatzen dut telebistan behin baino gehiagotan ikusiko zenituztela, ezta? Horrelakoxeak dira. Ahalik eta egoera muturrenekoetan jartzen saiatzen dira, egoera horien aurrean zuk nola erreakzionatzen duzun ikusteko. Nik denetatik egin dut: txisteak kontatu, dantza egin… Horrez gain, seria-seria jarri eta ez dakit zein etorri dela eta, elkarrizketa bat egin behar diozula eta inprobisatzen hasten zara. Gero zera esaten dizute, zuzeneko programa batean zaudela eta ezbehar bat gertatu dela autopistan, 10 hildako daudela eta informazio hori eman behar duzula… Egia esan, gero horrelakoak gertatzen dira telebistan, albistegietan. Castinga egiten dutenak oso ondo pasatzen dute castinga egiten!

Izaro 5. EITB 2an “Ésta es mi gente” saioa aurkeztu zenuen. Kasu honetan, arratsaldero etortzen ziren gonbidatuekin gaztelaniaz solastu behar izaten zenuen. Eroso sentitzen al zinen?
Ahal nuen bezala. Nire ama hizkuntza euskara da eta ni euskaraz bizi naiz. Euskaraz egin nituen ikasketak eta orduan euskaraz moldatzen naiz hobekien, erraztasun gehiago eta hizkuntza aldetik aberastasun gehiago dut euskaraz. Egoerara moldatu behar izan nuen, herri honetan bi hizkuntza ditugulako eta bietara moldatzen jakin behar dugulako, erdaraz ez euskaraz bezain ondo baina moldatu behar. Niri gertatzen zitzaidana erdaraz hitz egiterakoan, erdaldunei gertatzen zaienaren kontra, zera zen: euskarakadak botatzen nituela. Euskaraz pentsatu eta gero gaztelaniaz itzultzean, hori gertatzen da.

6. Kamera baten aurrean zaudenean zer sentitzen duzu?
Nerbio asko ez, egia esan. Azkenean, ez dakit zer daukan kamerak baina komunikatzeko modu bat da. Esaten da grina bat edo har txiki bat sartzen dela hor barruan eta tiratu egiten dizula eta egia da. Badu zerbait barrura sartzen zaizuna eta gero kamera ikusten duzunean gustatzen zaizuna.

7. Zaila egiten al zaizu zuzeneko saio bat aurkeztea edo, agian, nahiago duzu aurretik grabatutako bat egitea?
Nik nahiago dut zuzenekoa egitea aurretik grabatzea baino. Grabaketa ona da, hanka sartzeren bat egiten baduzu, moztu daitekeelako eta zuzendu daitekeelako, baina horrek alde onak eta, aldi berean, txarrak ere baditu jendea asko erlaxatzen delako. ”Egingo dugu”,”lasai”… eta horrela gauzak asko luzatzen dira eta gero zuzenekoak duen freskotasuna ez du izaten. Kazetari bezala eta aurkezle bezala, erronka handiagoa da zuzenekoak egitea, zure burua frogan jartzen duzu eta gehiago bizi duzu telebistako mundu hori.

8. Urte hauetan seguru nago anekdotaren bat izango zenuela. Baten bat kontatu al dezakezu?
Anekdotak, asko. Gauza asko gertatzen dira zuzenekoetan. Baten bat aipatzekotan, barrez lehertzen zaren momentu horietako bat, askotan ezin izaten duzu aguantatu eta, azkenean, lehertu. Edo kremailera hausten ari zaizula notatzen duzula eta esku batekin eutsi behar hori…Horrelako gauza asko gertatzen dira.

Izaro eta Amaia elkarrizketa egunean

9. Ordizian edo beste nonbait kalean zoazela, jendeak begiratzen zaituela nabarituko duzulakoan nago. Horrek molestatzen al zaitu?
Ordizian ez, hemen denak ezagutzen gara. Kanpora joanez gero, Donostiara edo beste herriren batera, orduan bai nabari ditut begiradak. Gainera, jendeari iruditzen zaio zu ez zarela konturatzen, “ez da konturatu, ikusi digu baina ez da konturatu”, eta enteratuko ez bazina bezala, aurrera jarraitzen duzu. Bestetik, jende askori gertatzen zaio aurpegi ezaguna ikusten dutela, baina ez dakitela nondik nora ezagutzen zaituzten: “Aizu! Ezautzen zaitut, ez? Nundio?”. Hala ere, ez du molestatzen.

10. Telebistako aurkezle izango ez bazina, ikusten al duzu zeure burua beste lanbideren batean?

Egia esan, ni ez naiz telebistako aurkezle bakarrik. Beste hainbat lan ere egiten ditut. Orain, adibidez, enpresa bat martxan jarri dugu. Halaber, telebistan noizbehinka jarraitzen dut lan egiten, nahiz eta orain burutzen dudan lana kamera atzean egitekoa den, ekitaldiak, sari banaketak edo galak antolatuz, produkzioaz arduratuz, gidoiak idatziz… Horien koordinazioa eramaten dut eta hori ere asko gustatzen zaidan lana da.

11.Kazetari izan nahi duen bati zein aholku emango zenioke?
Alde batetik, pazientzia asko izatea ez delako erraza hasieratik lanean hastea. Nik badakit sekulako suertea izan nuela, baina ez da batere erraza. Hasieran bekari moduan hasi behar duzu, mila buelta emanez, praktikak toki batean edo bestean egiten. Pazientzia behar da. Gero, kuriositate handia izatea eta ikasteko gogoa. Nik uste bi gauza horiek batera doazela. Azken finean, kazetari bati gai asko jorratzea tokatzen zaio eta garrantzitsua da bakoitzean haratago iristea.

Nabari da neska ederra izateaz gain, langile sutsua ere badela Izaro Iraeta. Bere ibilbidean zehar lortutako fruituak bere esfortzuaren isla dira, hain zuzen ere. Kontuak kontu, berak bere jarduna eskaintzen jarraituko du hainbeste maite duen mundurako, telebistaren mundurako. Beraz, bai kamera aurrean, zein atzean bere lana ikus ahal izango dugu.

Solasaldi paregabea izan zen arratsalde hartakoa. Grabazioan zehar hainbat bitxikeria gertatu ziren; mobilaren pare bat interbentzio, kamioi handi baten presentzia… Hala ere, umorez hartu genituen eta nik uste elkarrizketari halako puntu dibertigarri bat ere eman diela. Bukatzeko, nola ez, Izaro Iraetari eskerrak eman nahi nizkioke eskaini zidan denboragatik eta grabaketa osoan zehar erakutsi zuen adeitasunagatik, horrelako jarrera jatorrak gauzak zeharo erraztu baitzizkidan.

[kml_flashembed movie="http://video.google.com/googleplayer.swf?docid=5149103729670707097" width="400" height="326" wmode="transparent" /]

9 Responses to Izaro Iraeta, kamerak gustuko duen aurpegia

  1. Patxi 2007(e)ko urriak 17 at 9:09 am #

    Banan bana ezin izango zaituztet zoriondu danak, izugarria da alkarrizketa hauetan erakuten ari zeraten maila. Segi holaxe!

    Maite, portatu notak ipintzerakoan 😉

  2. manu 2007(e)ko urriak 17 at 5:19 pm #

    Hirugarren elkarrizketa ere bikaina. Segi horrela Amaia!

  3. ihintza 2007(e)ko urriak 17 at 6:01 pm #

    Apa amaiaa!!!
    A ze elkarrizketa,e? earki geittu zaizu. =D> Ta bideoa?jeje… pixkat ikusi det eta… benetako kazetari bat ematen dezu!
    😉

  4. eagirre 2007(e)ko urriak 17 at 6:53 pm #

    Benetako kazetaria baino gehiago, adi ibili, edozein egunetan BBC-koak edo etorriko zaizkizu (EITB txiki geratuta…) eta Ixiarrek ingeleran zure bideoak jarri beharko ditu! 😛

  5. amaius 2007(e)ko urriak 17 at 7:35 pm #

    jajajaaja!! katxondeo gutxiago mesedez!!! :)) agirre, agirre…
    bestela eskertzen dira zuen iruzkinak

    bihar arte

  6. Maite 2007(e)ko urriak 17 at 9:41 pm #

    Aupa, Amaia!

    Nola katxondeoa?? Ni Eñautekin bat nator, kostatu zait jakitea zein den benetan esatari profesionala eta zein nire ikaslea!!!! 😛

    Zorionak elkarrizketarengatik eta jarraitu fin-fin lanean. 🙂

    Patxi, milioi bat esker euskaljakintzako lana jarraitu eta zure blogean gure berri emateagatik. Horrelako jarraitzaile zintzoak izanda, gusturago lan egiten da. Portatzearena beste kontu bat da… 😉

  7. alain 2007(e)ko urriak 19 at 4:34 pm #

    Amaia! elkarrizketa oso ona da eta bideoa ere izugarri gustatu zait. Pentsatu al duzu kazetaritza ikastea? :O) Segi horrela! 🙂

  8. arianeh 2007(e)ko urriak 20 at 5:54 pm #

    Amaia oso guapa bideoan!ez delako batere erraza izango izaroren aurrean jarri eta hitz egiten hastea!kazetari bikaina (katxondeoarekin jarraituz)

    muxu bat!

  9. HDP 2012(e)ko irailak 27 at 9:57 am #

    nik ori ez dut nahi

Utzi erantzuna

-->