Janari organikoa, uste bezain ona?

Azkenaldi honetan asko hitz egiten da janari organikoek gure gorputzari ekar diezazkioketen onurei buruz, batez ere, hauek dituzten bitamina kantitateak janari normalenak baino altuagoak direlako eta antioxidatzaile gehiago dituztelako. Baina hain ona al da janari organikoak jatea? Jaki normalarekin alderaturik, hainbesterainoko ezberdintasuna al dago?

Orain dela gutxi, Europar Batasunak “Quality Low Input Food” izeneko ikerketa baten lehen ondorioak argitaratu ditu, eta, ikerketa honek dioenez, janari organikoek betikoek baino antioxidatzaile gehiago dituzte. Hala ere, ez dago garbi sustantzia honek gizakiarengan sortzen dituen onurak hainbesterainokoak diren eta merezi duen mota honetako produktuak kontsumitzea. Ikerketa honek janari organikoen eta arrunten arteko ezberdintasunak txikiak direla erakusten digu, aurretik produktu hauei buruz uste zen guztia alde batera utziz.

Bestalde, esan behar da fruitu eta barazki organikoak ez direla uste izan diren bezain onuragarriak. Alde batetik, labore industrial batek labore ekologiko bat kutsatzeko dagoen aukera hartu behar da kontuan; airearen bidez askotan bertan erabilitako pestizidak uzta ekologikoetaraino iristen baitira, hauek kutsatuz. Bestetik, ongarri organikoek gure osasunarengan duten arriskua dago; hauek ez baitira kaltegabekoak, nahiz eta pestizida komertzialak baino arrisku gutxiago izan.

Haragiaren kasuan ez da hori gertatzen, behi haragi eta esnearen kasuan batez ere. Organikoak ez diren abeletxeetan animaliak egoera penagarrian hazi eta hormonaz eta antibiotikoz betetzen dituzte. Baserritarrek ematen dizkieten hormona eta antibiotikoen erruz, hondar kimikoak iristen dira haragira eta, behien kasuan, esnera. Hauek jaten dituen pertsonari ondorio latzak ekar diezazkiokete: AEBetako unibertsitate batzuk elkarrekin eginiko ikerketa batean, bertako neskatoak nerabezarora 90eko hamarkadan baino bi aldiz azkarrago iristen direla azaltzen da; gehienbat beraien ingurunean eta, batez ere, haragian agertzen diren hormonengatik. Baina ez dira hauek haragi industrialak dituen gaitz bakarrak. Frogatuta dago larreetan libreki hazitako abereek omega 3 eta 6 portzentaia handiagoak dituztela. Elikagai hauek minbizia, bihotzeko eritasunak eta antzeko gaixotasunak izateko arriskua jaisten dute. Horregatik, esan daiteke haragi organikoa kontsumitzea onuragarria gerta daitekeela gure gorputzarentzat.

Hala ere, norbait janari organikoa erostera doanean ustekabe handi bat aurki dezake dendan, produktu organikoak normalak baino askoz garestiagoak baitira eta, askotan, ez dira oso erraz topatzen. Honek sarritan mota honetako elikagaiak erostea galarazten digu. Ondorioz, merkeagoak diren produktuak erosten ditugu, hauek dakartzaten emariak alde batera utziz, gaur egun bizi dugun egoeran ezin baitugu dirua xahutu.

Laburbilduz, esan dezakegu, barazki eta fruituen kasuan, organikoak ez direla uste izan den bezain onak, eta, beraien prezio altua dela eta, organikoak ez diren produktuekin pasa daitekeela. Haragiaren kasuan, ordea, hobe da organikoa kontsumitzea, horrela produktu kimikoen eragina saihets dezakegulako eta, gainera, zenbait gaixotasun aldentzen lagun diezagukeelako.

,

3 Responses to Janari organikoa, uste bezain ona?

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.