Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Jon Maia:”Neure buruari ez diot mugarik jartzen, jarriko dizkit bizitzak berak”

Ihintza eta JonAsteazken euritsu batean Ikastolatik irten eta, nire ahizpa gidari nuela, Zumaiarantz abiatu nintzen hainbeste miresten dudan Jon Maia elkarrizketatzeko xedez.Duela 35 urte Urretxun jaioa dugu Jon Maia. Gaztetxo zenean, Zumaiara joan zen bizitzera eta bertan hasi zuen egun dena izatera iristeko traiektoria. Bertsolaritza, musika eta letragintza oso lotuta doaz zumaiar honen lanean. Bere beharretan oso argi azaltzen ditu bere jatorria eta ama-hizkuntza direla medio bizitako momentu gazi-gozoak eta egungo gizartean gori-gori dauden gertakizunak.

Autoa aparkatu, ordenagailua eta bideo kamera eskuetan hartu eta, kazetari moduan, hitzordua adosturik genuen lekura hurbildu nintzen. Etxera igo, besaulkian jesarri eta kafetxo bat hartu ondoren… hasiera eman genion gure elkarrizketari.

Idazten iaioa, abesten aparta, bertsotan paregabea… halakoxea zara zure jarraitzaileentzat. Baina zu, hauetako zein arlotan sentitzen zara erosoen? Eta deserosoen?
Erosoen bertsotan sentitzen naiz, hori baita umea nintzenetik egiten dudana. Hamar urterekin hasi nintzen, orain hogeita hamabost dauzkat, beraz, hogeita bost urte pasa ditut bertsotan. Hauxe da gehien ezagutzen dudana eta, hortaz, gehien kontrolatzen dudana, bat-batean sortzen ohituta nago jada. Idaztea lana da niretzat, kosta egiten zait idazten jartzea, honetarako gogo eta motibazio handia behar dut. Abesten ere ondo pasatzen dudala aitortu behar dut, hori kontzertuetan nabaritzen delakoan nago.

RiomundoRiomundo zure lehen eleberrian aipatzen duzunez, hasiera batean sobera zaila izan zen zuretzat euskaraz hitz bakar bat ere jakin barik euskaldun giroan bateratzea, kontu hau dela eta zure familiaz lotsatuz. Zein dira garai haien inguruan dituzun oroitzapenak?
Gaztetxo garaian hasiera-hasieratik Urretxuko ikastolara joan nintzen. Etxean erdaraz egiten zuten, eta beraz, nire hizkuntza gaztelera zen. Nahiz eta euskaraz ikasi ikastolan, bertan bai euskaldunek eta bai erdaldunek, ia denok hitz egiten genuen gazteleraz.

Gero, Zumaiara etorri nintzenean, hemen jendea, batez ere, euskaraz mintzatzen zen eta hor konturatu nintzen pixka bat zailagoa zela niretzat lehen bezala segitzea. Edade horietan beti izaten dira konplexuak eta horrelako gauzak, bakoitzak bere gauzengatik, eta nik ere banuen nirea; ez nuela hitz egiten besteek bezala euskaraz, hitz batzuk ez nituen ezagutzen… eta horrelako gauzak. Nik gaizki pasatzen nuen.
Lagunartean denek zituzten zortzi abizen euskaldunak, eta ze mania gainera denak esateko… nire abizen denak ardaldunak dira eta lotsa apur bat sentitzen nuen. Hori gutxi balitz, ama ez dakit nongoa eta aita bestekoa zutela ere aritzeko ohitura zegoen, eta orduan ere… isilik egon behar, ama Cabeza del Buey-koa baitzen, eta izen hori esatea ba… ez zen oso erosoa niretzat.
Kanpotarroi buruz nola hitz egiten zen ere entzun behar izaten genuen, belarrimotzak, maketoak koreanoak… denetarik deitzen ziguten. Hamar, hamabi, hamalau… urte izatean horrek denak eragin egiten du. Hortik etorri ziren nire lotsa eta konplexuak.

Apaizac ObetoApaizac obeto liburua idazterakoan Kanadara eginiko bidaian oinarritu zara. Asmo bereziren batek bultzatu zintuen bidaia hau egitera? Zer nolako esperientzia bizi izan zenuen bertan?
Abentura handi eta zoragarria izan zen, ez baitzen kirol marka bat egitea edo dena delako mendi gailur bat igotzera joatea izan. Euskal Herriko itsas historia berreskuratzea izan zen, espedizio ikusgarri baten bidez jendeari ezagutzera emateko modua, nolabait esateko, historiaren bila egindako bidaia bat. 2000 km inguru nabigatu genuen Kanadako ipar Atlantikoan, euskaldunek balea arrantzatzen zuten lekuetan. Ez nuen pentsatuko sekula horrelako gauza bat egingo nuenik, espedizio bat, baina kronista bat behar zuten hango kontuak idazteko eta… Esperientzia izugarria izan da niretzat, bukatu eta gero ere asko eman didana.

Hamaika urte zenituela Zumaiako bertso eskolan hasi zinen ikasten, eta gaur egun, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian hirutan izana zara. Jakin badakigu, gainera, Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko duzula. Nola doakizu prestaketa?
Duela gutxi hasi naiz zertxobait prestatzen, orain arte ez dut ezer asko egin, pereza handia ematen dit egia esan. Lehiaketa hor dagoela gogora ekartzea, hori da egin dudan gauza bakarra. Doinu berri batzuk hasia naiz probatzen, errimak lantzen… kontzentratzen hasteko hurbilketa bat. Gauza askotan ibiltzen naizenez, azkeneko txapelketetara batere prestatu gabe joan naiz eta, oraingoan, pixka bat finago ailegatzea nahi nuke.

Hainbeste urtez bertsotan murgildu ostean, zerk bultzatu zintuen musika talde bat sortzera?
Pixka bat bertsoen kontura dator taldea ere. Ez da hain harrigarria gure moduko bertsolariek musikan zerbait egitea, urte asko baitira musika munduarekin harremanetan nagoela; beste talde batzuei hitzak idazten, hala nola, Gari, Fermin Muguruza eta Benito Lertxundiri, kontzertuetan bertsotan egiten… oso hurbiletik bizi dugun mundua da, gure kultura delako. Garai bateko bertsolarien kasua ez zen egungoa, baina gu rock kulturatik gatozen bertsolariak gara eta horrekin harremanetan bizi izan gara beti.
Karidadeko Benta inguruko musikari lagunak ditudalako sortu zen. Enkargu bat eman zidaten eta bertatik tiraka-tiraka lan bat egin genuen. Jarraian, egina zegoen lanaz baliatuz, tonto-tonto sei urtez aritu gara lanean.

Karidadeko BentaKaridadeko Benta, izen honekin bataiatu duzue musika taldea. Nondik datorkio izen bitxi hau?
Garai bateko benta zahar batetik datorkio izena. Benta hau Billabona inguruan zegoen eta Pello Errotak bere bertso batean aipatzen du. Karidadeko Benta oso bertso famatua izan da, garai bateko sei bertsolariren izenak esaten dituelako bertso bakar batean eta denak zeuden Karidadeko Bentan. Beti egin zait kuriosoa leku hori imajinatzea, bertsolariak edatera eta kantatzera elkartzen ziren lekua, bidegurutze batean, gauak ere pasa zitezkeen tokia, oheekin eta guzti. Leku honek imajinatzeko bide asko ematen ditu.
Geure taldea pixka bat horrelakoa izan da, bidegurutze bat, gaua, bertsoa, musika, festa… izan dituena.

Talde hau gainontzeko euskal taldeekin alderatzean, begi bistakoa da aparteko doinua duela. Zertan euskarritzen zara musika mota hau sortzeko?
Musika Jon Manzisidorrek, gure taldeko gitarra-joleak egin ditu, batez ere, ia denak. Taldeko denok ezagutzen ditugu bertso doinuak, bertsoak… eta hasieran bide horretatik hasi ginen, gero, bertso izaera hori pixka bat alde batera utzi bagenuen ere, benetako kantuak egiten hasiz. Ez gara gitarra elektriko, bateria eta baxua daukan talde horietako bat, gure instrumentu motak ere, haizezko instrumentuek, perkusioak… musika mota hori egitera eramaten gaitu, mediterraneo aldekoa.

Dagoeneko kaleratuak dituzue hiru disko eta guztietan gizartean pil-pilean dauden zenbait gai jorratzen dituzue umorearen laguntzaz, hala nola, maitasuna, errealitate politikoa, etxebizitzen egoera… Zein da zure helburua abesti hauek idatzi eta abesterakoan?
Zerbait kontatzea, zerbait konkretuki, nonbaitetik jendearen arreta bereganatuko duena, esaten dugunagatik edo esateko moduagatik. Karidadeko Bentan istorio asko kontatu ditugu, pertsonaien bizitzak eta gaur egungo bizimoduaren gaineko hitzak, askotan umore handiz eta ironiarekin. Nik uste dut euskal musikan ez dagoela umorerik apenas, oso zaila da kantu bat entzunez barre egitea. Baina, nire aburuz, gure kantuek badute hori, umore handia. Eta posible da, gainera, gure zenbait kantu entzunda, dantza egiteaz gain barre egitea.

Haurrentzat, gaztetxoentzat, helduentzat… nori zuzendua dago zuen musika?
Egia esan, ez dago inori zuzendua, gure publikoa denetarikoa da. Zure adinekoak diren batzuk aurrez aipatu ditugun bateria, gitarra elektriko eta baxudun taldeen jarraitzaileak dira, baina ez denak. Zu baino helduxeagoak direnak ere hurbiltzen dira gure ekitaldietara eta haurrak ba… zenbait guraso eta hezitzailek esan didatenez, Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoei deskantsatzen uzteko modu bakarra gure musika ipintzea ei da.

Karidadeko Bentak duela gutxi itxi ditu bere ateak. Ze zapore utzi dizu sei urteko ibilbide honen amaierak?
Espero genuena baino ibilbide luzeagoa egin dugu,egia esan. Ateak itxi ditugu, baina pozik. Talde batzuek gainbehera jasaten dutenean bertan behera uzten dute dena, baina hau ez da gure kasua. Azken sei hilabete hauetan inoiz baino jende gehiago bildu da gure emanaldietan eta Zumaiako Itzurun hondartzan jo genuen agurreko kontzertuan bi mila pertsona inguru elkartu ginen. Agurra, beraz, hunkigarria eta ahaztezina izan da. Oso gustura gaude taldea osatu dugunok.

Kanadara eginiko bidaiak liburu bat idazten lagundu dizu. Baina horrez gain, baliagarria al zaizu abestien letrak sortu eta bertsoak asmatzeko orduan?
Denak balio du. Ni ez naiz asko ibili munduan, baina bai, ibiltzen zarenean leku berriek, esperientzia berriek… material bat ematen dute beti, buruko disko gogorrean gordetzen dena. Jagondako hau noizbait atera egiten da kantu modura, liburu modura edo dena dela. Baina, auzoan buelta bat emanda ere berdin-berdin etor daiteke istorio bat burura ikusten den edozerekin.
Azken finean, jakintzaren osaketa, leku berrien ezagutza baino, jarrera mota baten emaitza da. Jarrera hau burua beti piztuta edukitzean datza, zauden lekuan zaudela, gauzak jasotzen aritzean. Hori da nire modukook egiten duguna.

Hainbeste saltsatan sartuta egonik, nola moldatzen zara bizitza pribaturako tarte bat izateko?
Batzuetan larri. Batzuetan oso zoroa eta irregularra da gure ibilera, edozein ordutan edozein lekutan baitzaude. Jendea lanetik etxera bueltatzen denean, astearte gau batean, esaterako, agian orduan hasten da nirea. Boladak izaten dira, baina ni hainbeste gauzetan batera ibiltzen naizenez, nahiko zoratuta ibiltzen naiz beti. Tarteka gertatu izan zait egun eta ordu berean bi leku ezberdinetan hitzordua izatea, gaizki apuntatu dudalako edo, eta bietakoren bat suspenditu edo atzeratu beharra izatea. Adibidez, duela astebete inguru, huts egin nuen Ordizian adostua nuen hitzordura eta elkarrizketa hau… nire burua zuritzeko aprobetxatuko dut, ordiziarrei barkamena eskatzeko.
Azkeneko lau urteotan hiru disko, bi liburu, bi txapelketa, espedizio bat eta zazpiehun bat emanaldi-bertso, hitzaldi eta kontzerturen artean- gauzatu ditut. Hori guztia, hain denbora gutxian eginda, seguraski gehiegi da eta ez da hain harritzekoa horrelakoak gertatzea. Guk, zoritxarrez, ez daukagu sekretario bat hartzeko adina diru eta hori dela eta, norberak egin behar du dena; sortu, administratu, kontuak eraman eta dena.

Bertsolari, idazle, abeslari, bidaiari… non ikusiko dugu etorkizunean Jon Maia?
Agian hor aipatu ez duzun beste zerbaitetan, auskalo. Nire bizitza zer izango den ez jakitea gustatzen zait. Horrela bizitzera ohitu naiz eta… zenbait gauzetan jarraituko dudala jakin nahiko nuke, baina beti nago prest gauza berriren bat ezagutzeko eta probatzeko. Nik behintzat neure buruari ez diot mugarik jartzen, jarriko dizkit bizitzak berak.

Ikus ahal izan dugunez, gure Jon Maia bertsolari, abeslari, idazle… eta nola ez, benetako solaskide jatorrak, bere traiektoria luze, aberats eta interesgarriaren berri eman digu elkarrizketa labur eta mamitsu honetan. Musika taldea desegiteak, zorionez, ez du esan nahi komunikabideetan agertzeari eta jarraitzaileei lan zoragarriak eskaintzen segitzeari uko egingo dionik, musika ez den beste arloetan jo ta su lanean jarraituko baitu oraingoz, eta berak dioen bezala, ahal bada baita arlo berrietan ere.

Solasaldi ezin atseginagoa izan zen. Hasieran urduritasun apur bat sentitu banuen ere, asko erraztu zidan lana. Nire iritziz, beraz, profesional aparta izateaz gain pertsona paregabea dugu Jon Maia eta biziki eskertu nahi diot nirekin elkarrizketa egiteko tarte txiki hura hartu izana, egun korapilatsu samarra izan baitzuen.

Azkenik, hona hemen solasaldiaren amaiera borobiltzeko euskaljakintzari eskaini zion bertsoa:

[kml_flashembed movie="http://video.google.com/googleplayer.swf?docid=2334730152644741046" width="400" height="326" wmode="transparent" /]

Jarraian, elkarrizketa osorik eta Jon Maiaren Ia guriak egin du abestia entzungai:

[kml_flashembed movie="http://www.goear.com/files/localplayer.swf" width="366" height="75" fvars="file=9d86a0b" wmode="transparent" /]

[kml_flashembed movie="http://www.goear.com/files/localplayer.swf" width="366" height="75" fvars="file=30ac950" wmode="transparent" /]

14 Responses to Jon Maia:”Neure buruari ez diot mugarik jartzen, jarriko dizkit bizitzak berak”

  1. Patxi 2007(e)ko urriak 13 at 12:26 pm #

    Zorionak Ihintza. Txalogarria benetan.

  2. Magic 2007(e)ko urriak 13 at 12:55 pm #

    Zorionak Ihintza eta Euskaljakintzako kide guztioi abian jarri duzuen egitasmo berri honengatik.
    Hasteko, elkarrizketa bikaina. Zaila izango duzue marka gainditzea.

  3. Maite 2007(e)ko urriak 13 at 1:05 pm #

    Ihintza, zorionak egindako lan bikainagatik. Elkarrizketa sakona, ondo landua eta oso interesgarria… Egia esan, elkarrizketatuaren tamainakoa! ;-)Ikusi duzu Patxitraperok bere nabarmenduen artean ipini zaitula?
    Bide batez, Joni eskerrak eman nahi dizkiot; izan ere, zuretzat tartea eginez, euskaljakintzari ere tartea egin baitio. Eta sartuta dagoen saltsa guztiak ikusita… Mila esker, Jon, zure eskuzabaltasunagatik! :-*
    Magic, adi datozen elkarrizketetara, ikusiko duzu…

  4. eagirre 2007(e)ko urriak 13 at 5:47 pm #

    Bikaina elkarrizketa Ihintza! Oraintxe hartu dut tartetxo bat irakurtzeko eta ikusi besterik ez dago lan aparta egin duzula ikusteko! Zorionak eta ea gainerakook ere honelakoxe elkarrizketa ederrak egiten ditugun! 😉
    PD: Txintxo ibili Zaldibin… XD!

  5. ihintza 2007(e)ko urriak 14 at 8:00 pm #

    Pozten naiz elkarrizketa gustatu zaizuelako, ea Jon Maiari ere zuei adina gustatzen zaion. Besterik gabe, eskerrik asko solasaldi honi begiradatxo bat ematera animatu zaretenoi eta baita zuen iritzia eman duzuen guztioi ere.

  6. manu 2007(e)ko urriak 14 at 8:57 pm #

    Oso gustura irakurri dut Ihintza, Jon Maiari egindako elkarrizketa.
    Lan bikaina egin duzu Euskaljakintzarako. Animo eta segi horrela!

  7. Miren 2007(e)ko urriak 15 at 6:56 pm #

    Aupa Ihintzaaa!!!

    Hemendik pasatu naiz eta elkarrizketa irakurtzea bururatu zait!! Zorionak!! =D>

    aiooo!!!

  8. arianeh 2007(e)ko urriak 20 at 6:01 pm #

    Txalo bero bat egindako lanagatik! =D>

  9. goiatz 2007(e)ko azaroak 14 at 10:51 am #

    Zorionak Ihintza!!! Berandu xamar baina hemen naiz… A ze elkarrizketa! Merezi izan zuen Zumaiara egin genuen joan-etorri azkar baino interesgarri hark! Zein ondo isladatu dituzun Jonek adierazitako hitzak! Egia esan, zenbat lan eta zenbat buruhauste izan duzun! Baina emaitza, bikaina! Jarraitu orain arte bezela lanean eta eutsi goiari! Animoak gure etorkizuneko andereñorentzat! Je, Je!!!

  10. vanessa 2008(e)ko maiatzak 21 at 8:34 am #

    Zorionak Ihintza! zure elkarrizketa irakurtzea benetan zoragarria izan da. =D> nire ikasleak horrelako zerbait eginez gero bikain bat izango lukete.

  11. Maite 2008(e)ko maiatzak 22 at 11:35 am #

    Erabat ados nago zurekin, Vanessa! Elkarrizketa interesgarria eta landua…eta bikain jarri nion, noski! 😉
    Mila esker gure txoko honetan parte hartzeagatik. 🙂

  12. Eusk@io 2011(e)ko maiatzak 20 at 4:44 pm #

    Euskal Herrian bizi den italiar bat naiz.
    Gara’ko paperezko edizioan irakurri dut Jon Maiaren itsasoari buruzko iritzia eta asko gustatu zait; izaten den bertsolari handia bezala, Maiak ñabardura guztiak urgainerarazten ditu.

Trackbacks/Pingbacks

  1. euskaljakintza» Blog Archive » Jon Maiaren Riomundoz autorearekin hitz egin ondoren… - 2008(e)ko apirilak 18

    […] bidaiari… non ikusiko dugu etorkizunean Jon Maia? Galdera honek itxi zuen Jon Maiari egin nion elkarrizketa. Solasaldi hartan bere anekdota erakargarri ugariren berri izateko abagunea izan nuen, nire […]

  2. euskaljakintza» Blog Archive » Ongi etorri euskaljakintza 5era! - 2009(e)ko urriak 9

    […] konplexuenetaraino. Euskal kulturan ezagunak diren pertsonaiei (kirolari, sukaldari, musikari, idazle…) eginiko elkarrizketek ere aparteko garrantzia hartu dute blogean. Horiei guztiei esker, […]

Utzi erantzuna

-->