JON SARASUA: “Euskararen etorkizuna lortzen duen gizarte bizitzan dago, teknologia berrietan aukera gutxi izango baitu”

Lankiko zuzendaria zarela ere esan dugu, Lankidetzaren ikertegia dugu hau. Zein da zure egitekoa bertan? Orain ez naiz zuzendaria, hamar bat urtean izan naiz zuzendari eta iaz utzi nuen nekez, egia esanda, hamar urtean egon eta gero. Zuzendari izatea, eta, batez ere, gurea bezala hazten joan den eta hazteko borrokatu behar izan duen talde bat izanik, neketsua da. Azkenean, zuzendari baten lana da talde horren, erakunde horren norabidea pentsatu, dirua lortu, jendea lortu, jendea ekarri, lanpostuak sortu, lanpostuei eutsi… Horretarako beste erakunde handiago baten menpe bazaude, askotan, erakunde handi horretako ikuspegi batzuekin borrokatu, taldea defendatu, taldea mimatu, taldean giro ona egon dadin ziurtatu, estrategia landu… behar duzu. Horrek neke bat ekartzen du, ezta?

Gaur egun nire asmoa gehiago da kudeaketa mota horretara baino, sorkuntzara dedikatzea; izan ere, inpresioa daukat gure unibertsitatea eta fakultatea oso txikiak direla. Orduan, profesional berdinei askotan hiru lan oso desberdin egitea tokatzen zaigu: lehenengoa, irakaskuntza; bigarrena, lan intelektuala, sorkuntza edo ikerkuntza, nolabait esanda; eta, hirugarrena, kudeaketa, zuzendaritza, dirua, kostuak eta hori guztia. Hiru batera egiteko asko dira, egia esan. Hamar urte hauetan pixka bat gainetik egin arren ikerkuntza edo, ekarpen intelektuala bazterrean utzi dut. Orain hori nahi nuke pixka bat gehiago landu. Horrekin eta irakaskuntzarekin nahikoa eta soberan, ezta?

Oker ez banago, hizkuntza gutxituak aztertzen ibili zara. Zein azterketa egiten dituzue? Zertan oinarritu da lan hau? Hasteko, bai nire inguruko hainbatek eta baita nik ere traiektoria euskalgintzari lotua egin dugu, euskalgintzaren inguruko gauza batzuk pentsatzen edo praktikak eginez. Ni ez naiz liburu jaleegia edo, nolabait ere, teoria zaleegia, ez bada organoen praktikari lotua. Pentsamendu organikoa da mugitzen nauena edo aldarrikatzen dudana, eta hizkuntza gutxituen gai honetan ere hurbildu gara praktikatik, euskara elkarteetatik eta gero euskalgintzako erakundeen esperientziatik, eta horretarako pista batzuk landu nahi izatetik. Batetik hori. Bestetik, hortik hurbildu gara baita ere munduko beste hizkuntza gutxitu batzuetara, besteak beste, hor ikusi dugulako, kooperatibagintzan ibili ginenean ere, intuizio hori izan genuela, munduan zubiak eraikitzea eta esperientziak trukatzea aberasgarri eta bizigarri zitzaigula. Euskalgintzan ere beste horrenbeste: ikusi dugu euskararentzat bizigarri edo interesgarri izan daitekeela munduko beste hizkuntza gutxituekiko harremana. Eta euskararen ikaskuntzak eduki baditu, bost hamarkada hauetan, orduko beste herri indigenak edo hizkuntza gutxituen esperientziekin trukatzea. Hor bidea jorratu nahian hasi gara urte hauetan.

Hizkuntza horiekin egindako azterketekin konparatuz, nola ikusten duzu gaur egun euskararen egoera? Euskarak munduko hizkuntza gutxituen -edo jatorrizko hizkuntza deitu izan zaien- hizkuntza indigenen plaza horretan oso ibilbide bereziak egin ditu. Egia esanda, plaza horretan badu zer ekarria, zer erakutsia, baita zer ikasia ere. Baina zer irakatsia ere badauka, ezta? Azkenean, ikusi behar dugu bost hamarraldi hauetan, 50 urtetik hona, euskarak loraldi bat bizi izan duela, eta loraldi horren baitan estrategia batzuk landu dituela: gorputza berreskuratzeko estrategiak, hezkuntza estrategia batzuk ikastolen mugimenduaren sorreratik hasita, hedabide edo komunikabideak sortzeko estrategiak, familia transmisioak, eta beste hainbat kultura sorkuntzak.

Nik uste, horretan, estrategia horietan eta 50 urteetan egin dugun ibilbide horretan, munduko beste hizkuntza gutxitu eta herri indigena askoren ispilu garela. Inork gutxik egin du ibilbide hau hizkuntza berreskurapenaren historia modernoan, ezta? Beste batzuk hor daude, juduak hebreerarekin eta beste hainbat hizkuntza guk baino berreskurapen sendoagoa egin dutenak, betiere estatutik eta, nolabait, gobernutik goitik behera. Gure bidea, berriz, izan da gehiago, frankismoan hasita, herri ekimenetik sortutako erakundeek egina eta gero beste erakunde publikoekin konpartitua. Orduan, ibilbide horretan, iruditzen zait badugula zer egina hizkuntzen plaza horretan.

Nola ikusten duzu gure hizkuntza etorkizunean? Hemendik 40 urtera, adibidez? Erantzuna nahiko paradoxikoa eta kontraesankorra da, ezta? Batetik, ikusten da kezka eta arrangura handiarekin, hau da, euskarak aurrean dituen desafioak handiak dira. Bai, desafio zahar horietariko batzuk ditugu hor. Azkenean, arlo askotan hizkuntza gutxitua izatearen kondizio minorizatu hori bizi dugulako, eta desafio berriak ditugu aurrean, etorkizunean gero eta gehiago beste hizkuntza handiagoek etxeko salan eta gure nortasun indibidual horretan eragin handia dutelako eta izango dutelako; beraz, ez daukagu erraz. Bestetik, ordea, begiratu positiboarekin ikusten dut zer egin dugun. 50 urte hauetan egin duguna ikaragarria izan da, eta hori hala izan bada, izan da hiztun komunitate horrek -nik ez dut gizarteaz hitz egiten, hiztun komunitateaz baizik- izan duelako nahimen bat, borondate bat, bizi nahi bat… Etorkizunean ere galdera izango da ea ahalegin hori, birproduzitzeko ahalegin hori, nahimen hori, borondate hori biziberritzeko gai izango garen. Eta erantzuna izan liteke baietz. Nolabait ikusten dut, euskararen inguruko komunitate hau bizirik, bizitzeko gogoz, ekimen handiz eta hori izango da gure bizi nahiaren eta izango ditugun zailtasunen arteko borroka.

, ,

8 Responses to JON SARASUA: “Euskararen etorkizuna lortzen duen gizarte bizitzan dago, teknologia berrietan aukera gutxi izango baitu”

  1. irati.otamendi 2012(e)ko irailak 13 at 2:57 pm #

    Horrenbeste komeriren ondoren azkenean euskaljakintza berria martxan da! Ia urtebete beranduago, baina azkenean Mikelen elkarrizketa irakurtzeko aukera izan dugu. Zorionak Mikel egindako lanagatik, benetan interesgarriak dira eta Jonek euskararen inguruan emandako azalpen asko.

Utzi erantzuna

-->