JON SARASUA: “Euskararen etorkizuna lortzen duen gizarte bizitzan dago, teknologia berrietan aukera gutxi izango baitu”

Ertzeko zatiak liburua, testu bilduma bat dela esan dezakegu, zuk bizitako Hego Ameriketako gertakari zatiak kontatzen dituzu bertan. Ze motatako gertakariak dira hauek? Hori da liburu bat hasieran liburu izateko pentsatua ez zena. Orain dela zazpi urte eskatu genuen hiru-lau hilabeteko eszedentzia, egoera berezi batean han pasatu genituen hilabete batzuk Brasilgo Lurrik gabeko mugimendua ezagutzen eta haiekiko elkarte bat aberasten. Lurrik gabeko mugimendua munduko mugimendu sozialik handienetako bat da. Egiten du, nolabait, Brasilgo pobreziatik, lurrik gabe dauden pertsonak bildu, antolatu, lurra okupatu… Hasieran, nolabait legez kanpo eta, gero, urteen poderioz, askotan lortzen dute lurra legalki beraiena izatea. Saiatzen dira hor beste bizitza eredu batekin pertsonen bizitza antolatzen. Bestetik, ia milioi bat pertsona antolatzen dituzte horrela.

Orduan, horiekiko harremana izan dugu guk aspalditik, Euskal Herriko kooperatiba esperientzia munduko beste pobreziatik sortutako kooperatiba esperientziekin trukatzen saiatzen garelako. Liburu horretan kontatzen da, orain dela zazpi urtetik hasita, horiekin izandako harreman, bizipen, esperientzia pertsonalak… Nagusiki liburuan Brasil agertzen da, baina baita Bolivia, Ekuador eta horrelako leku batzuetan herri indigenekin eta hango agintariekin izandako igurtzi, harreman eta kontuak ere. New Yorken, Nazio Batuen Erakundean egindako gauza batzuk ere bai. Nolabait esanda, munduko hegoaldeko herriekin egindako elkarlanetik ateratako gogoeta eta esperientzia laburrak.

Zer proiektu edo ikerketa antolatzen ari zara hurrengorako? Emango al zeniguke pistaren bat? Egia esanda, Lankiren barruan eta Lanki ez den beste arlo batzuetan, HUEZIn, jardun dut. Orduan, arlo asko samar dira kooperatibagintzari lotuak. Gainera, nire kasuan, kooperatibagintza hori munduko hegoaldeko kooperatibagintza pobrearekiko lotura du. Hor ikerketa baino gehiago, jardun, formazio eta lanak egiten ditut nire kasuan. Gero, beste adarra erabiltzen dut gehiago munduko hizkuntza gutxituen azterketarako. Eta hirugarrena izan liteke euskararen, euskalgintzaren etorkizuneko estrategien ingurukoa, eta, horren barruan, euskal kulturgintza. Azkenaldian, ari naiz liburu bat prestatzen azken hamar urteotan izan ditudan gogoeten inguruan. Horretaz, euskalgintzaren norabideaz edo euskal hiztun kopuru desberdinen estrategiez eta horrelako gauzatxo batzuk ari naiz prestatzen. Eta hori azpimarratuko nuke azkenaldi honetan egiten ari naizenetik.

Euskaljakintzan saiatzen gara euskara sarean hedatzen teknologia berrien bitartez. Gaur egun duten garrantzia ikusirik, bertan euskara zabaltzeko zer egingo zenuke? Nik uste alor hori oso garrantzizkoa dela, ezta? Gehiegira ere eraman gabe, hau da, nik uste dut euskararen etorkizuneko gako inportanteenetako bat izango dela zenbaterainoko gizarte bizitza, gizarte sarea, tokian tokiko herri sare hori, ez birtuala, baizik eta gu hemen gauden bezala, ezta? Herrietako koadrila, elkarteak, kultur taldeak, bertso eskolak, dantza taldeak, kantu taldeak, literatur taldeak… Hau da, benetako gizarte bizitza hori, herrietan bizirik egongo dena. Zergatik esaten dut hau? Oro har, “American way of life” horretan, hau da, soldata, kontsumoa, bakoitza bere telebistan, bere ordenagailuan eta, gehienez ere, lagun gutxi batzuk etxera gonbidatu, hau da, bizitza gero eta isolatuago, teknologia berrien arlo horretan, seguru asko euskara bezalako gizarte dinamika behar duen hizkuntza batek aukera gutxi izango du. Orduan, nondik nora noa hemendik? Euskararen zoria, neurri batean behintzat, lotua egongo dela zenbateraino garen gai “American way of life” isolatu horretatik atera eta gizarte bizitza, koadrila, elkarte, sare bizitza… egiteko, horrek eutsiko baitio euskaldun izatearen motibazioari, motibazio horren biziberritzeari neurri batean.

Bestetik, noski, beharko dugu, baita ere, beste mundu birtual, pantailen mundu horretan ere euskarak bere lekutxoa edukitzea, betiere kontziente izanik leku txiki bat besterik ez dela izango, eta hor askoz mezu olde aberatsagoak, interesgarriagoak eta zabalagoa izango dela beste hizkuntzetan. Orduan, nik uste gure bide nagusia gizarte ehuna josten datzala, baina, bestetik, baita pantailetan eta sarean ere behar dugula horren parte bat bulkatu gure presentzia bermatuz.

Hau izan da guztia. Eskerrik asko, Jon, elkarrizketa hau egiteko aukera emateagatik.

, ,

8 Responses to JON SARASUA: “Euskararen etorkizuna lortzen duen gizarte bizitzan dago, teknologia berrietan aukera gutxi izango baitu”

  1. irati.otamendi 2012(e)ko irailak 13 at 2:57 pm #

    Horrenbeste komeriren ondoren azkenean euskaljakintza berria martxan da! Ia urtebete beranduago, baina azkenean Mikelen elkarrizketa irakurtzeko aukera izan dugu. Zorionak Mikel egindako lanagatik, benetan interesgarriak dira eta Jonek euskararen inguruan emandako azalpen asko.

Utzi erantzuna

-->