Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

JON URDANGARIN: “Euskarak munduan zehar aurrera egingo duela pentsatzen dut eta espero dut Euskal Herrian ere aurrera egitea”

Nire ikaskide batzuei ez bezala, erraza egin zitzaidan elkarrizketatu behar nuen pertsonarekin, Jon Urdangarinekin, harremanetan jartzea. Izan ere, bere alaba eta nire ahizpa lagunak eta gelakideak dira; beraz, elkarrizketatzeko proposamena onartu ondoren, galderak pasa nizkion. Handik egun batzuetara, telefonoz hitz egin genuen hitzordua finkatzeko. Gehienek Drindots taldeko abeslari bezala ezagutzen badute ere, bere bilakabidean gauza ugari egina da Jon Urdangarin. Agertokian etxean bezala sentitzeko adina kontzertu eskaini dizkigu, baina ez hori bakarrik, telebistan ere kantuan aritutakoa da. Musika izugarri maite du, hala ere, ez euskara baino askoz gehiago, abesten dituen kantak zein hizkuntzatan idatzirik dauden ikustea besterik ez dago. Gainera, gure lurraldearen bereizgarri den euskara ezagutu eta erabiltzearekin ez da konformatzen, hizkuntza maitagarri hau ezagutzen ez dutenei irakastea da bere lanbidea, ikasle hauek Euskal Herrian bertan nahiz hemendik at egon.

Irati eta Jon elkarrizketa egunean

Heldu zen, azkenean, hainbat egunetan buruan jira-biraka neraman eta ezer baino larriago jartzen ninduen unea. Argazki kamera, MP3a eta behar nituen guztiak hartuta abiatu nintzen Ordiziako Barrena kultur etxera argazkilari lanak egin zituen nire ahizparekin batera.

Musika gaitzat hartuz

Zuen lehenengo taldea Arrano Beltza izan zen, nahiz eta geroago izen berri bat eman. Noiz hasi zineten talde bat sortzeko asmoarekin? Zergatik aldatu zenioten izena?
Taldea bat-batean sortu genuen. Guk, lagun batzuek, artean elkarrekin jotzen genuen eta nik ikasten nuen ikastolan, Beasaingo Alkartasuna Lizeoan, festa bat egin genuen. Nik abestu egin behar nuen festa horretara Alberto Pelaez etorri zen megafonia jartzera eta esan zidan: “Hik lagunak badauzkak, ba, nik egingo niake talde bat”. Eta horrela hasi ginen. Guk, egia esan, hasieran mezetan jotzen genuen, Lazkaon bazen apaiz moderno samar bat, Jaxinto, eta euskal kantak jotzen genituen elizan. Hiru geunden, bik gitarra eta batek soinua jotzen genuen, Albertok, aldiz, bateria. Beraz, berarekin hasi ginen eta berak eman zion izena taldeari guri ezer esan gabe. Izena polita da, baina gero, denborarekin, pentsatu genuen beharbada komertzialegia ere ez zela eta aldatu egin genion. Dena den, Estatu Batuetan badago Eagles (arranoak) taldea eta asko gustatzen zaigu.

936827.jpg25 urte bete ditu dagoeneko Drindots taldeak eta bertatik musikari asko pasa da, hala eta guztiz ere, zuk eta Agirrezabalak taldean jarraitzen duzue. Hainbeste denbora eta gero, ez al da aspergarri bihurtzen? Taldekideren bat bazihoala jakitean, zer sentitzen zenuen?
Ba, egia esan, niri konturatu gabe pasa zaizkit urteak. Orain urte batzuk hasi nintzen pentsatzen utzi beharko niola taldean jotzeari, alabak hazi egiten dira eta orain nirea ikustera etortzen bada… Hasieran pentsatu nuen 35 urterekin utzi egingo nuela, baina urte hobeak eta okerragoak izaten dira eta orain, gutxi gorabehera, gustura nago. Aipatu dudan bezala, orain dela bost urte edo izan nintzen uztekotan, nahiko serio, baina jarraitu egin nuen. Gero, Euskal Kanturik Onena atera zitzaidan, horrek pixka bat piztu ninduen eta gustura nabil. Bestalde, zer sentitzen den norbaitek taldea uztean? Bada, guk lehen ia astebururo jotzen genuen eta, orduan, musikak gauza asko eman dizkit eta asko gustatzen zait. Hala ere, kendu ere egin dizkit, besteak beste, lagunekin egoteko aukera, nire Lazkaoko koadrilakoekin. Azkenean, taldekoak lagun bihurtzen dira eta batek utzi egin behar duenean, arrazoia ulertzen duzu normalean; izan ere, gehienek lanagatik utzi dute. Nahiko ondo konpondu izan gara, izan dugu gorabeheraren bat, baina, oro har, ondo konpondu gara. Hori dela eta, norbaitek uztean, penatu egiten zara, alabaina, beti moldatu gara jende gehiago aurkitzeko. Laster aldaketak izango ditugu, uste dut hurrengo urtean ni bakarrik geldituko naizela beteranoetatik… (primizia!).

1981ean lehen kontzertua eskaini zenuten Lazkaon zuek erositako musika-ekipoarekin. Zer nolako esperientzia izan zen? 1.400 bat kontzertu eman dituzue oraindaino, guztietarako ez zinela animatuta egongo suposatzen dut, zer egiten zenuen kasu hauetan?
Musika jotzeko lehenengo esperientzia Lazkaoko festetan izan zen, egitarau ofizialean izan ez bazen ere, guretzat gauza handia izan zen. Gainera, oso traste gutxi genituen. Baxua, adibidez, arratsalde hartan bertan erosi genuen. Josunek, taldeko neska bakarrak, jo behar zuen baxua, baina oraindik ez zekien eta nik pixka bat banekienez, nik jo nuen. Gero, Josuneri irakasten hasi nintzaion. Gu ilusio handiz hasi ginen 15-16 urterekin, lehenengo 10-15 urteetan izugarrizko gogoa izan genuen eta 92. urtean izan genuen arrakastarik handiena. Denborarekin, berriz, gogo gutxiago izaten da, urteen arabera bada ere. Ni musika jotzera gehienetan gustura joaten naiz, nahiz eta oso gogorra izan. Jendeak pentsatzen du: “Hauek ondo pasatuko dute, festak dauden lekuetara joan, parranda pixka bat egin…”, baina nahiko gogorra da hiru orduz eszenatoki gainean egon eta egun gehienetan itxura bat ematea. Normalen, lo gutxi eginda eta nekatuta joaten naiz; hala ere, giroak berak animatzen zaitu, jendea gustura dagoela ikusta. Bestela, tourreko ziklistek bezala, segi, pedalei eman…

Nola bizi izan zenuen 25. urteurreneko ekitaldia? Noiz arte jarraitzea espero duzue?
25 urte betetzear geundela, esaten genuen: “Egin beharko dugu, ba, zerbait berezia Lazkaoko festetan, taldetik pasa diren kideekin dantzaldiren bat edo”. Denok lanean ari ginen, ordea, ez genuen antolatzeko astirik izan eta ez genuen gauza berezirik egin. Ez dakit noiz arte jarraituko dugun. Beti asmoan eduki dudana, jendea aldatzen joan den bezala, ni ere, halako batean, jubilatuko naizela izan da. Gelditzen direnek jarraitzen badute, ondo; eta, bestela, ere bai. Nik jarraitzea nahi nuke, plazetan giro ona dagoen seinale.

Euskal Kanturik OnenaEuskal Kanturik Onena (EKO) izeneko telesaio batean ere parte hartu zenuen. Nola sortu zitzaizun aukera hau? Zer nolako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia polita izan zen. Etxean nengoen eta telefonoa hartu eta :“ Aizu, EKOtik deitzen dizugu”, ” EKO? Zer da hori?”. Banekien telebista saio bat zela, baina, egia esan, ez nuen ikusi ordura arte. Lehenengo egunean, oso gogorra egin zitzaidan zuzenean kantatzen zutela eta jendea begira zegoela ikusita. Buruari bueltak ematen hasten zara: ” Eta letra gaizki esaten badut?”; hala eta guztiz ere, pantaila bat badago karaoke modura letra jartzen dutena, baina nik ia ikusi ere ez nuen egiten. Poz handia eman zidan; izan ere, nik neure burua ez dut inoiz abeslaritzat izan, eta telebistan kantari gisa ateratzea errekonozimendu moduko bat izan zen. Harritu nintzen EITBtik nolatan deitu zidaten, geroago jakin nuen, tarteko Aitor Furundarena zegoela, gure taldean ordezkatze lanak egindakoa. Programako musika arduraduna zen, hasieran abeslari gutxiagorekin hasi baziren ere, gehiagoren beharrean aurkitu ziren eta Aitorri bururatutako horietako bat izan nintzen.

Oso ezberdina al da agertoki batean edo telebistan aritzea?
Telebistan taldekoekin ere izanda ginen. Oso desberdina da, beti playbacka, guk grabatutako kantak… Behin gogoratzen dut kanta baten playbacka egin genuela eta letra ez nekiela, nola edo hala atera behar estutasunetik! Astebete lehenago bidaltzen zigun Aitorrek playbacka korreo elektronikoz eta han ibiltzen nintzen MP3a hartu eta edozein lekutan entseatzen. Lehenengoa gogorra izan zen, hurrengoetarako ohituz joaten zara.

eko_jon_100x140.jpgEKO zuzenean birak arrakastarik izan al zuen? Abestiak horren ezagunak izanik, jendeak zuekin batera abestu eta parte hartzen al zuen edo abesti berriak nahiago zituela iruditzen zaizu?
Birak oraindik ere jarraitzen du, baina iaz ez zuen arrakasta handirik izan. Batik bat berandu hasi zelako, hau da, programa bukatu eta denbora dezente pasatu zutelako martxan jartzen. Telebistako oihartzuna oso urrun gelditzen den arren, aurten ere egin ditugu lau edo bost. Hasieran lau baginen ere, hiru abeslari joaten gara sei bat musikarirekin. Nik oso ondo pasatzen dut; izan ere, 12 abesti baino ez ditut kantatzen, gehienak ezagunak, eta jendeak gurekin batera abesten ditu.

Euskara mintzagai…

Argentinan bizi den zenbaiti euskara irakasten aritu zara online ikastaroen bidez. Munduan euskara ikasteko gogorik ba al dago?
Gezurra dirudi, baina bai.. Harrigarria gertatzen da Argentinara joan eta euskara ikasi nahi duen jendea aurkitzea. Nik 40 ikasle dauzkat bi taldetan, nire ikasleak han irakasleak dira eta 1.000 bat ikasle dauzkate, izugarria da. Uruguaykoak ere badauzkat eta datorren urtean, segur aski, Hego Amerikako herri gehiagotan. Gainera, Estatu Batuetan ere ari dira, baita unibertsitateetan klaseak ematen ere eta materiala egiten hasi behar dugu.

Ordenagailuarekin eta orokorrean teknologia berriekin ongi konpontzen al zara?
Oso ondo ere ez. Ikasleren bat etortzen bada, “ordenagailuei buruz horrekin hitz egin” esaten diete; nik, ordea, ordenagailuei buruz ez dakit ezertxo ere. Guri ordenagailuak eman digun aukera bestela sortuko ez litzatekeen talde bat sortzekoa izan da, pertsona horiek ezin baitira elkartu horrela ez bada. Hemendik ematen dizkiegu klaseak, batzuek esaten digute talde hori birtuala dela, baina benetakoa da. Gauza asko egiteko aukera ematen dizu internetek, nahiz eta oraindik gutxi aprobetxatu. Beno, zuen ikastolan gehiago, ezagunak zarete… Besteak beste, ni urte askotan ibili naiz musikan, baina besteen abestiak joz, ez naiz inoiz kanta bat sortzen jarri. Materialgintzan, berriz, euskaltegian aspaldi hasi nintzen, oso lan kreatiboa edo sortzailea da eta asko gustatzen zait. Ordenagailu bidez eta hemendik milaka kilometrora dagoen jendearekin aritzeak pixka bat “saltseatzeko” eta gauza desberdin asko egiteko aukera ematen dizu. Polita da.

Jon eta Irati elkarrizketan zeharZure iritziz online ikastaroen alde on eta txarrak zein dira? Zuk ordenagailuz edo aurrez aurre irakastea duzu nahiago?
Niri biak gustatzen zaizkit. Hala eta guztiz ere, uste dut irakaskuntzan onena, batez ere hizkuntzen kasuan, aurrez aurrekoa dela. Baina ez da leku guztietara iristen eta gaur egun, egunetik egunera, ordenagailuak komunikatzeko aukera gehiago ematen dizkizu. Orain dela hiru urte, hasi nintzenean, txat bidez bakarrik hitz egiten genuen, egun, skype eta horrelakoak ere erabiltzen ditugu. Gaur bertan, hona etorri aurretik, Argentinako ikasle batekin aritu naiz. Nahiago, agian, aurrez aurre. Iruditzen zait, online irakasle gutxiago daudela trebatuta eta datorren urteetan online aritu beharko dut. Ordenagailuak hotza izatearen fama dauka, baina ez da hotzagoa, desberdina da. Askotan, ikasle batzuekin lortzen duzun harremana aurrez aurre lortzen duzuna baino sendoagoa da; izan ere, idazten duzuna badakizu bertan geldituko dela eta gehiago pentsatzen duzu. Ahoz ari zarenean, aldiz, gauzak errazago esaten dituzu, normalean ez dagoelako inor esaten duzuna grabatzen. Beraz, batzuekin harreman estua sortzen da, urrunago eta gutxiagotan egon arren.

Nola ikusten duzu euskararen egoera urte batzuk barru?
Munduan zehar aurrera egingo duela pentsatzen dut eta espero dut Euskal Herrian ere egitea. Gauza askotan hobetu egiten da, jakin jende gehiagok daki, baina erabilera da arazoa. Orain etorri den kanpotar pilak kezka pixka bat sortzen dit; horregatik, horiek euskalduntzen egin beharko dugu ahalegina.

Horrelaxe amaitu genuen solasaldia, argazki batzuk ateratzeko aprobetxatu eta eskerrak eman nizkion. Berriro ere, nirekin egoteko tartetxo bat hartu izana eskertu nahi diot, lanpetuta ibiliko zela suposatzen baitut. Mila esker, Jon!

Hemen uzten dizkizuet Drindotsek abesten dituen kanta ezagun bi, Maritxu (hitzak) eta Ebamirentxu (hitzak), eta elkarrizketaren grabazioa.

 

13 Responses to JON URDANGARIN: “Euskarak munduan zehar aurrera egingo duela pentsatzen dut eta espero dut Euskal Herrian ere aurrera egitea”

  1. Cecilia 2007(e)ko azaroak 28 at 3:42 am #

    Kaixo!Oso elkarrizketa polita iruditzen zait. Jon gureon-line irakaslea da, kurtso erremotoan. Argentinakoa naiz eta oso gustura nago kurtsoan. Drindotsen musika ezagutzen dut eta EKOrena ere bai, eta beno, askotan entzuten dut, gustatzen zaidalako.
    ZORIONAK JON! =D>

  2. Jon 2007(e)ko azaroak 28 at 1:12 pm #

    Kaixo Euskaljakintzako guztiei eta bereziki Iratiri. Eta nola ez, Argentinako Cecilia eta Marianari. Izan ere, gaur goizean korreoa ireki eta biak ala biak azaldu zaizkit elkarrizketa irakurri dutela eta oso interesgarria iruditu zaiela esanez. Ni, eguneroko zurrunbiloan sartuta, ez naiz konturatu zein elkarrizketari buruz ari ziren, baina laster eman didate pista.
    Oso gustura irakurri dut Iratiren lana. Gauzak esan bezala idatzi dituela ikusi dut, txukun idatzi ere!
    Tira, hurbil naukazuenez, azalpen gehiago nahi izatera, deitu eta joango naiz ikastolara. Bestela, hemen elkartuko gara, hau ere komunikazioa da eta.
    Nik webgunerik ez daukat. Mezuarekin batera jarri dizuedana Argentinan Euskarazko ikasleekin egiten hasi berri garen blogarena da, zuena baino askoz xumeagoa, noski, baina,agian, interesgarri gertatuko zaizuena.
    Blog hori hobetzeko proposamenik baduzue, adierazi lasai, zerbaiten beharra badugu eta!
    Animo, jarraitu horrela artistak zarete eta!

  3. Maite 2007(e)ko azaroak 28 at 7:35 pm #

    A ze poza eman didan elkarrizketa honek arrazoi askorengatik! Hasteko, zorionak, Irati, elkarrizketa interesgarria eta landua izateaz gain, pertsonaiaren alderdi ezberdinak erakusten saiatzeagatik.=D> Jon gure ikastolako guraso eta musikari aparta izateaz gain, nire kide ere bada: euskara irakasten du eta, gainera, elkarrizketan ederki azaldu duzun bezala, teknologia berriak erabiltzen ditu gure hizkuntza munduan zehar zabaltzeko. Berarekin horri buruz behin baino gehiagotan hitz egiteko aukera izan dut eta benetan zoragarria da berak eta berak lan egiten duen euskaltegiak, Maizpide euskaltegiak, euskalduntzen eta alfabetatzen egindako lana urte askotan zehar…Zer moduz doaz zure audioak-eta, Jon? Badakizu Moodle-en modulu berri bat garatu dutela multimedia baliabideak txertatzeko? Uste dut oraindik ez dagoela erabat operatibo baina hortxe-hortxe ibiliko da…
    Bestalde, Ceciliak Argentinatik erantzun izanak ere izugarri poztu gaitu. Eutsi goiari, Cecilia! =D>

  4. Jon 2007(e)ko azaroak 29 at 11:11 am #

    Kaixo Maite eta beste guztiok!
    Audioak zer moduz doazen? Tira, ondo, baina, zuk bezalaxe, ez dut denetarako astirik eta ezin, bada, dena egin. Moodlen multimedia baliabideak txertatzeko aukera primeran etorriko zaigu. Honek darama abaila, honek!!!
    Pentsa, aste honetan jakin dut “euskaltegi birtual” batzuk garatzen ari direla komunikazioa, elkarreragina eta, batez ere, mintzamena lantzeko.
    Lehen korreoa edo idatzizko txatera mugatzen zena izugarri aldatu da urte gutxitan. Horregatik ekarri nahi ditut hona, Marianak, Argentinako ikasle batek esandakoak: Marianak eskerrak eman zizkidan ikasleak “birtual”tzat ez hartzeagatik. Izan ere, horrexek haserretzen nau izugarri irakasleon arteko bileretan, talde hauei birtual deitzeak.
    Pantailaren bi aldeetan gaudenok pertsonak gara, tekonologiagatik ez balitz, inoiz elkartuko ez ginatekeenak. Gaur egun, hitz egin dezakegu, elkar ikusi… Gure ikastaroetan baliabideak dira desberdinak, baina ez nuke esango harremana birtuala denik. 12.000 kilimetroko aldea, pantaila estu batera ekarri dugu eta hor dugu beste aldean mintzakidea, laguna, ikaslea, irakaslea, laguntzailea…
    Zuek ikastolan gertatu dena ikusi besteri ez dago! Ikastola zuen txokotik irten eta mundu osora zabaltzea lortu duzue.
    Beno, irakaskuntzatik jo dut erantzunean, baina musikaa ere banaizenez, galderatxo bat egin nahi dizuet: Iratik eman zuen primizia bat, taldekide batzuk utzi egingo dutela taldea. Ezagutzen al duzue piano jolerik? Teklista behar genuke. Inor ezagutzen baduzue, esan.
    Ongi izan eta eutsi goiari!

  5. mbarreiro 2007(e)ko azaroak 29 at 12:01 pm #

    Aupa Irati!!!oso interesgarria idatzi duzun artikulua, izan ere, elkarrizketatua abeslaria zela banekien baina beste alderdi batzuk ez nituen ezagutzen. Interesgarria da Ordizian horrelako pertsonak daudela jakitea. Zorionak Irati!!!! eta Zorionak Joni ere.

  6. eagirre 2007(e)ko azaroak 29 at 4:17 pm #

    Aupa Irati! Lehen agindu dizut idatziko nizula eta oraintxe hartu dut tarte bat irakurtzeko! Artikulu bikaina benetan! Hala ere kuriosidade txiki bat geratu zait (agian Jonek berak erantzun ahalko dit!), zenbat denboraz behin edo jotzen duzue/dute orain?

    PD: Maite, prestatu gala handirako! Eta baita Maialen eta Sara ere! :))

  7. Maite 2007(e)ko azaroak 29 at 5:41 pm #

    Aupa, Eñaut!
    Ni oraintxe bertan ari naiz prestatzen, baina zalantza bat daukat: saria ematen badigute, zu etorriko zara nirekin jasotzera??? 😀 😀 Uste dut Maialen eta Sara horren aldekoak zirela… 😛

  8. Jon 2007(e)ko azaroak 29 at 5:45 pm #

    Kaixo Eñaut!
    Guk urterik onenak larogeita hamarreko hamarkadan izan genizkian, lehengo diskoa grabatu ondorenekoak. 1992an 119 saio egin genitian. Beraz, astero jotzen genian.
    Orain, berriz, gauzak izugarri aldatu dituk eta, batik bat, udan izaten ditiagu emanaldiak, neguan ez zigutek deitzen eta patxadan edo beste zeregin batzuetan aritzen gaituk.
    Gure taldean gitarra-jolea izan ezik, (MUSIKENEn gitarra ikasten ari da)denok aritzen gaituk beste zerbaitean. Tabernariak, perkusio-irakasleak, kamioneroak, euskara-irakasleak… denetik zegok gurean.
    Orain edadea dela eta, aldatzen ari gaituk, baina gure leloa hauxe izan duk:drindots, Musikari afizionatuak eta parrandero profesioanalak.
    Aizak, noiz duk gala handi hori? Talderik ez duzue, bada, beharko?

  9. eagirre 2007(e)ko azaroak 29 at 10:48 pm #

    Zoritxarrez ez diagu ba talderik behar, jada pasa da eta! Gala (egokiago litzateke baina saribanaketa) horren berri laister izango duk, berri onak izango dituk seguru!
    PD: Parrandero profesionalena sinesten dizuet behintzat! 😛

  10. aidiakez 2007(e)ko azaroak 30 at 9:02 am #

    Elkarrizketa polita Irati! Gustura irakurtzen den horietakoa.
    Bueno, ondo segi!
    😀 😀 😀

  11. imartinez 2007(e)ko abenduak 4 at 6:01 pm #

    Epaa!
    Eskarrikasko elkarrizketa irakurri eta erantzun didazuen guztioi. Izugarrizko poza ematen du egindako lana norbaitek irakurri duela jakiteak eta are gehiago gustatu zaizuela jakiteak.
    Jon, zuri ere, mila esker eta segi horrela! Izan ere, zure ikasleek miresten zaituztela dirudi.
    Ondo segi!

  12. Jon 2007(e)ko abenduak 5 at 9:21 am #

    Eskerrik asko Irati eta euskaljakintzako guztioi. Pentsatzen dut jakingo duzuela, baina joan den larunbateko GARAren gehigarrrian artikulu honi erreferentzia egin zioten. Beren blogosferan bigarren klikatuena izan omen zen, aurretik DURANGOko azokari buruzkoa besterik ez omen zuen izan.
    Bistan da hainbeste sari jaso eta horrelako onarpena izateko gauzak ondo egiten dituzuela.
    Eskolako idatz-ariketa hutsa baino askoz gehiago da hau guztia. Idazlanak badu helburua, baditu hartzaileak eta ondo egituratua behar du, ondo pentsatua. Zer hoberik idazmena lantzeko?
    Tira, nahikoa izango dugu! Asteburu luzea dugu eta deskantsatu egin beharko dugu.

  13. arianeh 2007(e)ko abenduak 6 at 1:04 pm #

    aupa Irati!
    asko gustatu zait elkarrizketari eman diozun ikuspuntua, oso gustora egon naiz irakurtzen,zorionak egindako lanagatik!

Utzi erantzuna

-->