JON URDANGARIN: “Euskarak munduan zehar aurrera egingo duela pentsatzen dut eta espero dut Euskal Herrian ere aurrera egitea”

Nire ikaskide batzuei ez bezala, erraza egin zitzaidan elkarrizketatu behar nuen pertsonarekin, Jon Urdangarinekin, harremanetan jartzea. Izan ere, bere alaba eta nire ahizpa lagunak eta gelakideak dira; beraz, elkarrizketatzeko proposamena onartu ondoren, galderak pasa nizkion. Handik egun batzuetara, telefonoz hitz egin genuen hitzordua finkatzeko. Gehienek Drindots taldeko abeslari bezala ezagutzen badute ere, bere bilakabidean gauza ugari egina da Jon Urdangarin. Agertokian etxean bezala sentitzeko adina kontzertu eskaini dizkigu, baina ez hori bakarrik, telebistan ere kantuan aritutakoa da. Musika izugarri maite du, hala ere, ez euskara baino askoz gehiago, abesten dituen kantak zein hizkuntzatan idatzirik dauden ikustea besterik ez dago. Gainera, gure lurraldearen bereizgarri den euskara ezagutu eta erabiltzearekin ez da konformatzen, hizkuntza maitagarri hau ezagutzen ez dutenei irakastea da bere lanbidea, ikasle hauek Euskal Herrian bertan nahiz hemendik at egon.

Irati eta Jon elkarrizketa egunean

Heldu zen, azkenean, hainbat egunetan buruan jira-biraka neraman eta ezer baino larriago jartzen ninduen unea. Argazki kamera, MP3a eta behar nituen guztiak hartuta abiatu nintzen Ordiziako Barrena kultur etxera argazkilari lanak egin zituen nire ahizparekin batera.

Musika gaitzat hartuz

Zuen lehenengo taldea Arrano Beltza izan zen, nahiz eta geroago izen berri bat eman. Noiz hasi zineten talde bat sortzeko asmoarekin? Zergatik aldatu zenioten izena?
Taldea bat-batean sortu genuen. Guk, lagun batzuek, artean elkarrekin jotzen genuen eta nik ikasten nuen ikastolan, Beasaingo Alkartasuna Lizeoan, festa bat egin genuen. Nik abestu egin behar nuen festa horretara Alberto Pelaez etorri zen megafonia jartzera eta esan zidan: “Hik lagunak badauzkak, ba, nik egingo niake talde bat”. Eta horrela hasi ginen. Guk, egia esan, hasieran mezetan jotzen genuen, Lazkaon bazen apaiz moderno samar bat, Jaxinto, eta euskal kantak jotzen genituen elizan. Hiru geunden, bik gitarra eta batek soinua jotzen genuen, Albertok, aldiz, bateria. Beraz, berarekin hasi ginen eta berak eman zion izena taldeari guri ezer esan gabe. Izena polita da, baina gero, denborarekin, pentsatu genuen beharbada komertzialegia ere ez zela eta aldatu egin genion. Dena den, Estatu Batuetan badago Eagles (arranoak) taldea eta asko gustatzen zaigu.

936827.jpg25 urte bete ditu dagoeneko Drindots taldeak eta bertatik musikari asko pasa da, hala eta guztiz ere, zuk eta Agirrezabalak taldean jarraitzen duzue. Hainbeste denbora eta gero, ez al da aspergarri bihurtzen? Taldekideren bat bazihoala jakitean, zer sentitzen zenuen?
Ba, egia esan, niri konturatu gabe pasa zaizkit urteak. Orain urte batzuk hasi nintzen pentsatzen utzi beharko niola taldean jotzeari, alabak hazi egiten dira eta orain nirea ikustera etortzen bada… Hasieran pentsatu nuen 35 urterekin utzi egingo nuela, baina urte hobeak eta okerragoak izaten dira eta orain, gutxi gorabehera, gustura nago. Aipatu dudan bezala, orain dela bost urte edo izan nintzen uztekotan, nahiko serio, baina jarraitu egin nuen. Gero, Euskal Kanturik Onena atera zitzaidan, horrek pixka bat piztu ninduen eta gustura nabil. Bestalde, zer sentitzen den norbaitek taldea uztean? Bada, guk lehen ia astebururo jotzen genuen eta, orduan, musikak gauza asko eman dizkit eta asko gustatzen zait. Hala ere, kendu ere egin dizkit, besteak beste, lagunekin egoteko aukera, nire Lazkaoko koadrilakoekin. Azkenean, taldekoak lagun bihurtzen dira eta batek utzi egin behar duenean, arrazoia ulertzen duzu normalean; izan ere, gehienek lanagatik utzi dute. Nahiko ondo konpondu izan gara, izan dugu gorabeheraren bat, baina, oro har, ondo konpondu gara. Hori dela eta, norbaitek uztean, penatu egiten zara, alabaina, beti moldatu gara jende gehiago aurkitzeko. Laster aldaketak izango ditugu, uste dut hurrengo urtean ni bakarrik geldituko naizela beteranoetatik… (primizia!).

1981ean lehen kontzertua eskaini zenuten Lazkaon zuek erositako musika-ekipoarekin. Zer nolako esperientzia izan zen? 1.400 bat kontzertu eman dituzue oraindaino, guztietarako ez zinela animatuta egongo suposatzen dut, zer egiten zenuen kasu hauetan?
Musika jotzeko lehenengo esperientzia Lazkaoko festetan izan zen, egitarau ofizialean izan ez bazen ere, guretzat gauza handia izan zen. Gainera, oso traste gutxi genituen. Baxua, adibidez, arratsalde hartan bertan erosi genuen. Josunek, taldeko neska bakarrak, jo behar zuen baxua, baina oraindik ez zekien eta nik pixka bat banekienez, nik jo nuen. Gero, Josuneri irakasten hasi nintzaion. Gu ilusio handiz hasi ginen 15-16 urterekin, lehenengo 10-15 urteetan izugarrizko gogoa izan genuen eta 92. urtean izan genuen arrakastarik handiena. Denborarekin, berriz, gogo gutxiago izaten da, urteen arabera bada ere. Ni musika jotzera gehienetan gustura joaten naiz, nahiz eta oso gogorra izan. Jendeak pentsatzen du: “Hauek ondo pasatuko dute, festak dauden lekuetara joan, parranda pixka bat egin…”, baina nahiko gogorra da hiru orduz eszenatoki gainean egon eta egun gehienetan itxura bat ematea. Normalen, lo gutxi eginda eta nekatuta joaten naiz; hala ere, giroak berak animatzen zaitu, jendea gustura dagoela ikusta. Bestela, tourreko ziklistek bezala, segi, pedalei eman…

Nola bizi izan zenuen 25. urteurreneko ekitaldia? Noiz arte jarraitzea espero duzue?
25 urte betetzear geundela, esaten genuen: “Egin beharko dugu, ba, zerbait berezia Lazkaoko festetan, taldetik pasa diren kideekin dantzaldiren bat edo”. Denok lanean ari ginen, ordea, ez genuen antolatzeko astirik izan eta ez genuen gauza berezirik egin. Ez dakit noiz arte jarraituko dugun. Beti asmoan eduki dudana, jendea aldatzen joan den bezala, ni ere, halako batean, jubilatuko naizela izan da. Gelditzen direnek jarraitzen badute, ondo; eta, bestela, ere bai. Nik jarraitzea nahi nuke, plazetan giro ona dagoen seinale.

Euskal Kanturik OnenaEuskal Kanturik Onena (EKO) izeneko telesaio batean ere parte hartu zenuen. Nola sortu zitzaizun aukera hau? Zer nolako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia polita izan zen. Etxean nengoen eta telefonoa hartu eta :“ Aizu, EKOtik deitzen dizugu”, ” EKO? Zer da hori?”. Banekien telebista saio bat zela, baina, egia esan, ez nuen ikusi ordura arte. Lehenengo egunean, oso gogorra egin zitzaidan zuzenean kantatzen zutela eta jendea begira zegoela ikusita. Buruari bueltak ematen hasten zara: ” Eta letra gaizki esaten badut?”; hala eta guztiz ere, pantaila bat badago karaoke modura letra jartzen dutena, baina nik ia ikusi ere ez nuen egiten. Poz handia eman zidan; izan ere, nik neure burua ez dut inoiz abeslaritzat izan, eta telebistan kantari gisa ateratzea errekonozimendu moduko bat izan zen. Harritu nintzen EITBtik nolatan deitu zidaten, geroago jakin nuen, tarteko Aitor Furundarena zegoela, gure taldean ordezkatze lanak egindakoa. Programako musika arduraduna zen, hasieran abeslari gutxiagorekin hasi baziren ere, gehiagoren beharrean aurkitu ziren eta Aitorri bururatutako horietako bat izan nintzen.

Oso ezberdina al da agertoki batean edo telebistan aritzea?
Telebistan taldekoekin ere izanda ginen. Oso desberdina da, beti playbacka, guk grabatutako kantak… Behin gogoratzen dut kanta baten playbacka egin genuela eta letra ez nekiela, nola edo hala atera behar estutasunetik! Astebete lehenago bidaltzen zigun Aitorrek playbacka korreo elektronikoz eta han ibiltzen nintzen MP3a hartu eta edozein lekutan entseatzen. Lehenengoa gogorra izan zen, hurrengoetarako ohituz joaten zara.

eko_jon_100x140.jpgEKO zuzenean birak arrakastarik izan al zuen? Abestiak horren ezagunak izanik, jendeak zuekin batera abestu eta parte hartzen al zuen edo abesti berriak nahiago zituela iruditzen zaizu?
Birak oraindik ere jarraitzen du, baina iaz ez zuen arrakasta handirik izan. Batik bat berandu hasi zelako, hau da, programa bukatu eta denbora dezente pasatu zutelako martxan jartzen. Telebistako oihartzuna oso urrun gelditzen den arren, aurten ere egin ditugu lau edo bost. Hasieran lau baginen ere, hiru abeslari joaten gara sei bat musikarirekin. Nik oso ondo pasatzen dut; izan ere, 12 abesti baino ez ditut kantatzen, gehienak ezagunak, eta jendeak gurekin batera abesten ditu.

Euskara mintzagai…

Argentinan bizi den zenbaiti euskara irakasten aritu zara online ikastaroen bidez. Munduan euskara ikasteko gogorik ba al dago?
Gezurra dirudi, baina bai.. Harrigarria gertatzen da Argentinara joan eta euskara ikasi nahi duen jendea aurkitzea. Nik 40 ikasle dauzkat bi taldetan, nire ikasleak han irakasleak dira eta 1.000 bat ikasle dauzkate, izugarria da. Uruguaykoak ere badauzkat eta datorren urtean, segur aski, Hego Amerikako herri gehiagotan. Gainera, Estatu Batuetan ere ari dira, baita unibertsitateetan klaseak ematen ere eta materiala egiten hasi behar dugu.

Ordenagailuarekin eta orokorrean teknologia berriekin ongi konpontzen al zara?
Oso ondo ere ez. Ikasleren bat etortzen bada, “ordenagailuei buruz horrekin hitz egin” esaten diete; nik, ordea, ordenagailuei buruz ez dakit ezertxo ere. Guri ordenagailuak eman digun aukera bestela sortuko ez litzatekeen talde bat sortzekoa izan da, pertsona horiek ezin baitira elkartu horrela ez bada. Hemendik ematen dizkiegu klaseak, batzuek esaten digute talde hori birtuala dela, baina benetakoa da. Gauza asko egiteko aukera ematen dizu internetek, nahiz eta oraindik gutxi aprobetxatu. Beno, zuen ikastolan gehiago, ezagunak zarete… Besteak beste, ni urte askotan ibili naiz musikan, baina besteen abestiak joz, ez naiz inoiz kanta bat sortzen jarri. Materialgintzan, berriz, euskaltegian aspaldi hasi nintzen, oso lan kreatiboa edo sortzailea da eta asko gustatzen zait. Ordenagailu bidez eta hemendik milaka kilometrora dagoen jendearekin aritzeak pixka bat “saltseatzeko” eta gauza desberdin asko egiteko aukera ematen dizu. Polita da.

Jon eta Irati elkarrizketan zeharZure iritziz online ikastaroen alde on eta txarrak zein dira? Zuk ordenagailuz edo aurrez aurre irakastea duzu nahiago?
Niri biak gustatzen zaizkit. Hala eta guztiz ere, uste dut irakaskuntzan onena, batez ere hizkuntzen kasuan, aurrez aurrekoa dela. Baina ez da leku guztietara iristen eta gaur egun, egunetik egunera, ordenagailuak komunikatzeko aukera gehiago ematen dizkizu. Orain dela hiru urte, hasi nintzenean, txat bidez bakarrik hitz egiten genuen, egun, skype eta horrelakoak ere erabiltzen ditugu. Gaur bertan, hona etorri aurretik, Argentinako ikasle batekin aritu naiz. Nahiago, agian, aurrez aurre. Iruditzen zait, online irakasle gutxiago daudela trebatuta eta datorren urteetan online aritu beharko dut. Ordenagailuak hotza izatearen fama dauka, baina ez da hotzagoa, desberdina da. Askotan, ikasle batzuekin lortzen duzun harremana aurrez aurre lortzen duzuna baino sendoagoa da; izan ere, idazten duzuna badakizu bertan geldituko dela eta gehiago pentsatzen duzu. Ahoz ari zarenean, aldiz, gauzak errazago esaten dituzu, normalean ez dagoelako inor esaten duzuna grabatzen. Beraz, batzuekin harreman estua sortzen da, urrunago eta gutxiagotan egon arren.

Nola ikusten duzu euskararen egoera urte batzuk barru?
Munduan zehar aurrera egingo duela pentsatzen dut eta espero dut Euskal Herrian ere egitea. Gauza askotan hobetu egiten da, jakin jende gehiagok daki, baina erabilera da arazoa. Orain etorri den kanpotar pilak kezka pixka bat sortzen dit; horregatik, horiek euskalduntzen egin beharko dugu ahalegina.

Horrelaxe amaitu genuen solasaldia, argazki batzuk ateratzeko aprobetxatu eta eskerrak eman nizkion. Berriro ere, nirekin egoteko tartetxo bat hartu izana eskertu nahi diot, lanpetuta ibiliko zela suposatzen baitut. Mila esker, Jon!

Hemen uzten dizkizuet Drindotsek abesten dituen kanta ezagun bi, Maritxu (hitzak) eta Ebamirentxu (hitzak), eta elkarrizketaren grabazioa.

 

13 Responses to JON URDANGARIN: “Euskarak munduan zehar aurrera egingo duela pentsatzen dut eta espero dut Euskal Herrian ere aurrera egitea”

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.