Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Joseina Etxeberria: “Irratiak hezi egin nauela uste dut”

Telefonoz eguna adostu genuenetik, eguna noiz iritsiko zain egon nintzen. Konturatzerako, hantxe nuen Maite kamera guztiak eskuan hartuta. Eskolak amaitu bezain laster, Ainhoa kameralaria lagun nuela, hitzordua adostuta genuen lekurantz abiatu ginen. San Martinen geratu ginen, baina ez Ataunen, Donostian baizik. Trena hartu eta hiru ordu laurdeneko bidaiaren ostean, gero eta gertuago zegoen elkarrizketa egiteko unea. Dendetan gainbegiratu txiki bat egin, elkarrizketari azkeneko errepasoa eman eta Joseina zitatuta genuen lekura joan ginen. Denbora gutxiren buruan lortu genuen hura jende multzo handiaren artean topatzea.

joseina-eta-ane

Joseina Etxeberria 1968an jaio zen Ataunen, gaur egun Donostian bizi den arren. Kazetaritza ikasketak burutu zituen Bilbon, eta komunikabideen hiru arloak probatu ditu: telebista, irratia eta prentsa. Egun, Euskadi Gaztean dabil lanean, Di-Da saioan hain zuzen ere, baina, aurretik hainbat irratsaiotan aritu da, Gaztearen sorreratik baitabil bertan lanean.

Ikasle garaian ez da batere erraza zer ikasi erabakitzea. Zuk argi al zenuen kazetaritza ikasi nahi zenuela? Erabakia hartzeko garaia iritsi zenean, bai; orduan argi neukan. Hasiera batean ez nuen pentsatzen kazetaritza munduan, musika munduan… eta horietan aritzea; hala ere, argi nuen musika asko gustatzen zitzaidala. Dena den, nire familian gauza bitxi bat gertatu zen. Ni baino arreba zaharragoa dut, eta berak kazetaritza ikasi nahi zuen, baina amak ez zion uzten kazetaritza fakultatea Bilbon zegoelako. Gu Ataunen bizi ginenez, ez zen komeni. Berak, azkenean, irakaskuntza ikasi zuen eta ez dakit zergatik, agian amak debekatu izanagatik edo, erakarpen berezi bat sortu zitzaidan kazetaritzarekiko. Gainera, iruditu zitzaidan kazetaritza ikasi eta, agian, musikaren inguruan zerbait egin nezakeela. Eta begira, hemen gaude!

Inoiz pentsatu al zenuen dena bertan behera uztea? Bai, noski, horrelako momentuak izaten dira, batez ere, azterketa garaian larritzen zarenean; hala ere, nik zortea izan nuen. Kazetaritza gure garaian 5 urteko karrera bat zen, gaur egun 4 urtekoa den arren, eta jada bigarren urtean irratian hasi nintzen lanean. Beraz, karrerarekin nekatzeko astirik ez nuen izan, ikasketak hasi eta hurrengo urteko Eguberrietan jakin bainuen irratian jende gaztea eskatzen zutela musika aurkezteko. Musika betidanik nire pasioa izan denez, aurkeztu egin nintzen. Zortea izan nuen eta hartu egin ninduten. Geroztik, oporrak hartu behar izaten nituen lanean azterketak egiteko. Oso gogorra egin zitzaidan, eta behin bukatuta bake galanta eman zuen.

Euskadi Gaztearen sorreratik zabiltza bertan lanean. Gogorra izan al zen hasiera hura? Ez, ez dut gogorra egin zitzaidaneko oroimenik. Zalantzarik gabe, gogorren egin zitzaidan eta gehien sufritu nuen momentua Disko Festaren garaia izan zen. Zenbaitzuek ni negozio batean nenbilela uste zuten, langile soil bat baino ez nintzen bitartean. Horrez gain, goizez irratian aritzen nintzen eta gauean berriro ere lan egin behar izaten nuen. Asko mugitzen ginen hara eta hona, eta ikaragarri nekatu nintzen denboraldi hartan. Oso gogorra egin zitzaidan.

didaBadira urte batzuk irratian hasi zinela. Zer eman dizu eta zer eman diozu Gazteari? Nik Gazteari nire bizitzaren erdia eman diot, nik 40 urte dauzkat eta jada 20 bertan igaro ditut lanean. Azken batean, nire ogibidea da eta bizitza honetan ez dut beste lanik egin, horixe ezagutu dut gazte-gaztetatik. Aldiz, irratiak hezi egin nauela uste dut. Izan ere, 20 urte eskas nituen bertan lanean hasi nintzenean; beraz, pentsa zenbat gauza gertatu den denbora horretan guztian. Irratia nire bizitza goitik behera mantendu duen esperientzia dela uste dut.

Duela pare bat urte arte arratsaldeetan aritzen zinen Are Gazteago saio arrakastatsuan; gaur, aldiz, goizetan entzun zaitzakegu Di-Da saio umoretsuan. Zergatik aldaketa hori?
Hori ez da guk erabakitzen dugun zerbait. Gu azken finean, langile batzuk baino ez gara eta horrelako erabakiak zuzendaritzak hartzen ditu. Erabaki horietako bat ni goizera pasatzea izan zen. Hasiera batean, sekulako shocka izan zen niretzat, urteak neramatzalako arratsaldez lan egiten, eta bat-batean goizera pasatzea, hain ordu bortitzetara, oso zaila izan zen. Baina, era berean, erronka bat zela iruditu zitzaidan; ez nekien zein lankiderekin egingo nuen topo, lan talde berri bat zen… Ordura arte, gainera, Mikel Apaolazarekin aritzen nintzen lanean eta lankideak baino gehiago lagunak ginen, eta gara oraindik, eta bat-batean hainbeste ezagutzen ez nuen jendearekin lan egitera pasatu behar nuen. Izan ere, goizez lan egiten dutenek ez dute arratsaldez lan egiten dutenekin topo egiten, eta alderantziz. Hortaz, ezagutzen nituen, baina ez nuen tratu pertsonalik beraiekin. Eta zuzendaritzak zergatik hartu zuen erabaki hori? Bada, gure arratsaldeetako saioa oso arrakastatsua izaten ari zen, oso gustura zeuden gurekin, baina ez zen urte luzetarako produktu bat; aldatzeko unea zela pentsatu genuen. Gauzak horrela, goizean zeuden hutsune batzuk konpondu nahian, goizera pasa nindu

Galdera laburrak:

Kolore bat: urdina
Zenbaki bat: 2
Herria ala hiria: biak
Lankide bat: Hori ezin dut esan!
Liburu bat: Cien años de soledad
Musika talde bat: Ramones.
Abesti bat: Ezin dut bakarra aukeratu.

Zaila izan al zen Mikel Apaolazari agur esatea? eta Edurne Garmendia eta Ion Gotzoni, kaixo? Beti dago aldaketa. Gu geure artean oso ondo moldatzen gara, nahiz eta aparteko traturik ez eduki. Dudarik gabe, gogorra izan zen Mikel Apaolazari agur esatea. Beno, agur, alde batetik; nik Mikelekin sekulako adiskidetasuna mantentzen baitut oraindik ere. Edonola ere, Edurnek eta lonek oso ondo hartu naute, eta ni ere oso gustura nago beraiekin.

Irratia entzutean, umore ona eta algarak nagusi izaten dira zuen saioan. Erraza al da egunero irribarre batekin esnatzea? Ez, ez da batere erraza. Gu egunero goizeko 04:30ean esnatzen gara, eta ordu hori uste dut ez litzatekeela ordularian existitu ere egin beharko, ez behintzat lanera joateko! Parrandatik etxera itzultzeko agian, bai; baina lanera joateko… Gainera, kontuan izan behar da lankideak garela eta elkarren artean oso ondo moldatu arren, tentsio handiko lana egiten ari garela. Izan ere, taldea 3 pertsonak osatzen dugu eta erabaki asko hartu behar izaten ditugu; tarteka, normala da baten bat erabakiarekin konforme ez egotea. Hori dela eta tentsio uneak izaten dira, baina kantua bukatu orduko, irribarre batekin aurrera jarraitu behar izaten dugu, ezer pasa izan ez balitz bezala. Azken finean, hori gure kontratuaren barnean dago eta ahalik eta egokien eramaten saiatzen gara.

Irratia alde batera utzi gabe, telebistan zu ikusteko parada izan dugu. E-Klipsean egin zenuen pantailarako jauzia. Zaila egin al zitzaizun kamerara egokitzea? Bai. Irratian arraroa egiten da norberaren ahotsa lehenbizikoz aditzea. Baina, hori baino shock handiagoa da norberak bere burua telebistan ikustea. Nik urteetan ikaragarri sufritu nuen, zure burua entzuteaz gain, ikusi ere egiten duzulako; hots, zure burua, egiten dituzun mugimenduak… lehendabiziko aldiz ikusten dituzu, eta ez dira zuk uste dituzun bezalakoak. Baina, beno, azkenerako bat ohitu egiten dela uste dut.

Disko Festa inondik inora

errepikatuko ez nukeen

esperientzia izan zen

Lehen aipatu diguzun legez, geroago, Disko Festan DJ lanetan ibilia zara, nahiz eta gaur egun egitasmo hori alde batera utzia izan. Nolakoa izan zen esperientzia hura? Zergatik utzi zenuen? Bai, lehen aipatu dudan bezala, hori nire bizitzako esperientziarik gogorrenetako bat izan zen. Egia da gauza onak eman dizkidala, baina txarrak ere asko eman dizkit. Gugatik balitz, hau da, nire familiagatik balitz, lehenbiziko egunean egin eta utzi egingo nuen. Inoiz ez nintzen oso eroso sentitu eta azkeneko urteetan bereziki bortitza egin zitzaidan. Jendeak hori guztia nik antolatutako zerbait zela uste zuen, langile sinple bat nintzen bitartean. Disko Festa irratiaren produktu bat zen, non dantzariak eta musika eskaintzen ziren. Horrek guztiak kostu ekonomiko bat zeukan eta udaletan aurkezten zen, eta ondoren hauek interesatzen zitzaien edo ez erabakitzen zuten. Oso ondo funtzionatzen zuen, sekulako arrakasta izan zuen. Baina, era berean, nik behintzat izugarri sufritu nuen.

Alde batetik, egundoko erantzukizuna zen musika jarri eta horrekin sekulako kostu ekonomiko bati erantzutea. Bestetik, ni ez naiz DJa kontsideratzen, nahiz eta egia den DJ batek diskoak jartzen dituela, eta nik diskoak jartzen ditudala. Zentzu horretan, beharbada, DJ bat naiz. Baina, gaur egun DJak diskotekeroak edo hip-hop musikarekin scratch-ak egiten ibiltzen direnak kontsideratzen dira. Nik ez dut hori egiten, nik musika jarri eta horrekin animazio bat egiten dut. Orduan, DJen partetik kritika batzuk izan genituen, eta jada azkeneko urteetan egurra eman ziguten, eta horregatik utzi behar izan genuen. Hori horrela izanik, jendeak hemengo musikaren aurka ari ginela esaten zuen, diskoteketako musika elektronikoa, droga… bultzatzen ari ginela. Erabat eskandalosoa izan zen, inondik inora errepikatuko ez nukeen zerbait.

Hainbat egunkaritarako artikulu batzuk ere idatzi izan dituzu. Hortaz, komunikabideen hiru alorrak probatu dituzu. Hiruretatik bat hautatzekotan, zein aukeratuko zenuke? Ez nuke bat aukeratuko. Egia da nik irratian adina ez dudala beste ezertan lan egin; irratian urte asko eman ditut eta oraindik ere bertan jarraitzen dut lanean. Orain ez naiz telebistan lanean ari, eta prentsan ere ez dut garai batean bezainbeste idazten. Hirurak oso ezberdinak dira, eta bakoitzak bere enkantu berezia dauka. Telebistak egundoko indarra eta pisua dauka. Irratiak, berriz, gertutasun bat transmititzen du eta askoz azkarragoa da. Prentsa oso interesgarria da. Nire kasuan, behintzat, nork bere bakardadean egiten duen gauza da prentsa, gehienbat artikuluak, iritziak, musikaren inguruko gaiak… idatzi ditudalako; hots, ez dut presakako prentsa hori ezagutu. Egia da kazetaritza egin duzun momentutik presa hori beti presente dagoela, agian gaur kontzertu bat ikusi eta bihar berri bat eman behar duzulako, baina nik behintzat presa hori ez dut egunerokotasun batez bizi. Hala eta guztiz ere, prentsaz gain, irratian ere gauza batzuk idatzi egin behar izaten dira. Nik urteak daramatzat irratian, eta normalean inprobisatu egiten dugun arren, gauza batzuk idatzi egin behar izaten ditugu, publizitatea, esate baterako. Eta, egia esan, asko gustatzen zaidan gauza da hitzak elkartuz esaldiak osatzea.

Erabat lotsatuta

nago egungo

kazetaritzarekin

Eta, hartzaile gisa, hiru arlo horietatik zein duzu gogokoen eta zergatik? Kasu honetan ere ezingo nuke bat aukeratu. Elkarrizketa hau gaur egungo kazetaritzarekin erabat lotsatuta eta aspertuta nagoela esateko aprobetxatuko dut. Gaur egun, kazetari batek ez du albistea ematen, sortu egiten du, eta horrekin ez nago batere ados. Lotsagarria da medioetan kazetaritza munduarekin egiten ari direna. Fakultatean, kazetaritzan objetiboki jokatzea ezinezkoa dela erakutsi ziguten, kazetari batek beti eransten duelako subjektibotasuna albistean. Istripu bat gertatzen bada eta batak edo besteak errua izan badu, zuk hori kontatu behar duzu, baina ezin duzu istripua asmatu. Eta gaur egun horrelako asko gertatzen da, batez ere, politika munduko kazetaritzan. Konkretatuz gero, “El Mundo“, “El Pais“… ikusiko ditugu albiste batzuk puzten, beste batzuk husten, beste batzuk asmatzen… Zer egiten ari gara? Lotsagarria da.

Musika

nire familia eta gero

munduan dagoen gauzarik

inportanteenetako bat da

niretzat

Zure bizitzan zehar argi dago musikak garrantzi handia izan duela, bai irratian eta baita telebistan ere, musikarekin erlazio zuzena duten saioetan aritu zarelako. Lanetik kanpo, 1etik 10era, zenbaterainoko garrantzia izango luke musikak? Musika nire familia eta gero munduan dagoen gauzarik inportanteenetako bat da niretzat. Egun osoa igarotzen dut musikara konektatuta, musika entzuten… erabat elkartuta bizi naiz musikarekiko. Ez dut esango eguneko 24 orduak musika aditzen pasatzen ditudanik, baina nik musika oso presente daukat egun osoan zehar, familia edukitzea bezalakoa da niretzat. Gauza jakina denez, niretzat lehendabizikoa familia da; hala ere, niretzat musika ezinbestekoa da. Gainera, onartzen dut eta askotan esan dut, nik lanean erabiltzen dudan musika estiloa ez datorrela bat nire musika estiloarekin, nik beste musika gustu batzuk ditudala. Dena den, ikasi egin dut musika horrekin lan egiten, eta oso komodo bizi naiz musika mota horrekin; halere, ez da nire musika estiloa. Zenbaki bat ematekotan 10a emango nioke, eta familiari 11.

Gaur egun, garai batean baino jende gehiagok ezagutzen zaitu. Zer-nolako sentimendua sorrarazten dizu ospeak? Beno, nire ospea oso ospe txikia da. Egia da dudan itxura honekin jendeak gehiago begiratzen nauela, baina nire ospea oso txikia da. Hori argitzeko, Azpeitia batean festetan ezin naiz atera; edo Ordizia edo Beasain batean aspaldi atera ez naizen arren, pentsatzen dut oso arraroa izango litzatekeela. Baina, Bilbo edo Donostia batean oharkabean pasatzen naiz. Eta jada Euskal Herritik kanpo, zeharo ezezaguna naiz. Gertatu izan zait, Madrilera edo hiribururen batera joan eta ezagunen bat ikustea, baina ez naiz behatua sentitzen; beraz, fenomeno daramat. Gainera, jendearekin daukadan tratua oso ona da, jendeak oso ondo tratatzen nau eta ni ere ahalik eta jatorren izaten saiatzen naiz. Izan ere, norbait zerbait esatera etortzen zaizunean, zu ez zara inor hura haizea hartzera bidaltzeko; guztiz kontrakoa, etortzen dena ahalik eta ondoen hartzen saiatzen naiz. Gainera, nik horrela bizi dut: imajinatu zuk torlojuak egiten dituzula eta denbora guztian daukazula norbait aldamenean, “ze onak zure torlojuak!” “zure torlojuak mundialak!”… Ba, gora nire torlojuak orduan! Oso ondo daramat.

joseinaUrte hauetan guztietan anekdota ugari biziko zenituen. Kontatuko al zeniguke bakarren bat? Horrela, bat-batean, ustekabean harrapatu nauzu, hainbeste gertatu zaizkit… Aspaldi honetan gehien gertatzen zaidan anekdota, eta erremedioren bat bilatzen hasi beharrean nagoena, egun batean pertsona batekin egon eta hurrengo egun batean pertsona hori ez ezagutzea da. Ez da jende asko ezagutzen dudalako; arazorik handiena da oso egoera ezberdinetako jendea ezagutzen dudala: batzuk ezkontzetan musika jartzeagatik, beste batzuk irratian lanean aritzeagatik, beste batzuk telebistakoak, beste batzuk prentsakoak, beste batzuk lagunen lagunak… Beraz, jende hori bere eremutik at ikusten badut, zalantza sartzen zait; badakit ezagutzen dudala, baina ez dakit nondik. Hori dela eta, barregarri geratu izan naiz, eta azken aldi honetan, gainera, gehienbat ezkontzetan. Behin, ezkontza batera joan nintzen eta hurrengo larunbatean beste ezkontza batean gonbidatuetako batek esan zidan: “Gogoratzen al zara nirekin?” Eta nik: “Bai gogoratu bai, baina ez dakit nondik ezagutzen zaitudan.” Kontua da aurreko larunbatean ezkondu zen neska zela… Irrigarri geratu nintzen! Baina, beno, anekdota bat kontatzekotan, sekula ahaztuko ez dudan bat kontatuko dizut. Irratian, nire lehenbiziko zuzenekoa egin eta etxera joan bezain laster, nire amak emozionatuta esan zidan nire amona bizi izan balitz, ni irratian entzun ostean, izugarrizko negarrak egingo zituela, biziki atsegin baitzuen irratia.

Amaitzeko, asmo berezirik ba al duzu etorkizunerako? Bai, bai, egurra! Nik arazo bat daukat, ez dakit ezeri ezetz esaten, eta aukerak etortzen zaizkidanean, zerbait egiten saiatzen naiz; proiektu ezberdinetarako irekita nago. Hala ere, orain oso lanpetuta nabil, estresatuegi beharbada. Hainbeste lan egiten ari naiz azkenaldian, non osasunean ere eragina izaten ari den, eta horri amaiera eman beharrean nago; ez dakit ezetz esaten, baina.

Elkarrizketa amaitu eta argazki batzuk atera ondoren, agurtu eta nork geure bideari ekin genion. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiot Joseinari, arratsalde hartan bere denboraren zati bat eskaini eta solasaldi atsegin hau egiteko aukera emateagatik; izan ere, benetan eroso sentitu nintzen elkarrizketan zehar, eta uste baino errazagoa egin zitzaidan. Mila esker, Joseina!

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->