Josetxo Beristain: “Gaixotasunak ez ditu nire ametsak akabatuko”

Etxean etsita nengoen, euskaljakintzarako elkarrizketa nori egin ez nekiela. Sukaldeko leihora gerturatu eta, orduan, hantxe ikusi nuen Josetxo bere gurpil-aulkian eserita, beti bezala, margoa eskuan zuela…

Sara eta Josetxo elkarrizketa egunean

Josetxo telebistan azaltzen den pertsonaia ospetsu horietakoa ez bada ere, pintore aparta dugu. Hala eta guztiz ere, ez da hori hain miresgarri egiten duena, bizitzarekiko duen ikuspegia eta bere jokaera eredugarria baizik. Josetxo Beristain ordiziarrak, 25 urte inguru zituela, elbarritasunera eramango zuen esklerosi-anizkoitza gaixotasuna jasan zuen. Zorigaitz honi aurre egiteko erlijioari irmo eta tinko helduz, ez du une latzenetan ere umorea galdu eta, eguna joan eguna etorri, bere ametsei gogor eusten die.

Esklerosia 1Oker ez banago, 25 urte inguru zenituenean agertu zitzaizkizun gaixotasunaren lehen sintomak. Nola izan zen guztia?
Bai, hala da. Orduan, aitari lagunduz, taxi gidari bezala egiten nuen lan. Milaka proba egin zizkiaten eta, azkenean, esklerosi-anizkoitza nuela esan zidaten. Segituan gertatu zen dena, eta denbora laburrean hankak mugitzeko nuen abilezia galdu nuen. Egia esan, ez zen erraza izan niretzat. Negar pila egin nuen, ez pentsa…baina, oraindik ere izugarri laguntzen didan lagun bati esker ez nuen etsi. Lagun hori Jaungoikoa da. Bai, sinesmen handiko pertsona naiz, eta fede hori izan da, hain zuzen ere, jarraitzeko gaitasuna eman didana.

Esklerosi-anizkoitza izugarri aldatzen da pertsona batetik bestera. Zure kasuan nolakoa izan zen?
Beno, gaixotasun hau nahiko serioa da kasu guztietan, egia esan; izan ere, nerbioetako gaixotasuna da eta ez dauka inolako erremediorik. Hala ere, LOTERIA GALANTA tokatu zitzaidan niri! Izan ere, mila kasuetatik bakarra izaten da hau bezalakoa eta niri tokatu behar… A ze suertea, e! Txapeldun, ni irabazle! (barre egiten du).

Garai hartan gaitz honek zure bizitzan ekar zitzakeen ondorioak kontuan izanda, zein izan zen zure erreakzioa?
Aurretik esan dudan bezala, oso garai txarra izan zen niretzat. Baina ondoren, aldiz, etsipenari uko eginez, bizitza zen bezala onartzeari ekin nion. Badago jendea horrelako kasuetan amore ematen duena, “bizitzak ez du zentzurik”, “Jainkoaren kontua gezur hutsa da” eta antzeko gauzak esanez, eta hori da, hain zuzen ere, egin behar ez dena. Hau ez da amaiera eta zenbait gauza egitea mugatuta bazaude ere, milaka gauza gelditzen dira oraindik! Behingoz, gauzak eskatzeari utzi eta dugunarekin konformatu eta jarraitu behar dugu. Hortxe dago gakoa…

Beti izan al dituzu familia eta lagunak zure ondoan? Nolako eragina izan du horrek?
Bai familia, baita lagunak ere, beti egon dira nire ondoan. Gaur egun ere lagun pila izaten jarraitzen dut. Horrek, noski, eragin positiboa izan du zentzu guztietan. Hau horrela bada ere, “propion” ez dut inor. Izan ere, bakarrik bizi naiz eta ni neu moldatu beharra daukat eguneroko “koxketan”. Eta aipatutakoek izugarri lagundu badidate ere, bizitzeko neureganatzen dudan indarra, Jaungoikoarengan dudan sinesmenari esker lortu dut. Hori da nire sekretua.

Esklerosia2Gizarteak laguntza eskaini al dizu arazoei aurrera egiteko orduan?
Tira, ba, batzuetan lagundu dit, bai. Hala eta guztiz ere, ezin izan du asko egin. Izan ere, lehen esan dudan bezala, nire gaitzak ez du berezko erremediorik. Noizbehinka, ahal izan duen neurrian lagundu dit, alegia.

Taxi-gidaria zinela jasan zenuen elbarritasuna. Lanbide hau baztertzera behartuta sentitzean, pentsatu al zenuen beste lanbideren bat bilatzea?
Beno, taxi gidaria izan aurretik beste lan batzuetan ere jardun nuen, “Kamarero” eta margoketako irakasle bezala, besteak beste. Era horretan, etxean ekonomikoki laguntzea lortzen nuen. Elbarri gelditu nintzenean, ordea, hau aldatu egin zen. Orain, beraz, nire denbora meza joateari – ze arraroa, e! (barre egiten du)- eta margotzeari eskaintzen diot. Bestalde, Donostian badago Fraternidad de Enfermos izeneko zentroa, non pertsona elbarrituak laguntza eskuratzeko aukera duten. Noizbait bertara joan banaiz ere, zaila da niretzat egunero Donostiarainoko bidaia egitea; zuek esaten duzuen bezala, “piparra” egiten dut!

Pintore amorratua zarela badakigu. Betidanik gustatu zaizu edo gaixotasuna izan da margotzeko zaletasunaren eragilea? Nola eragin du gaixotasunak marrazteko orduan?

Betidanik gustatu zait margotzea. Gaztea nintzenean ere, oso gustuko nuen. Hala eta guztiz ere, nire gaitza dela eta, orain denbora gehiago eskaintzen diot margotzeari. Ikusiko zenuen bezala, denbora asko pasatzen dut kalean Ordiziako paisaiak eta kaleak margotzen. Ez nuen esango gaixotasunak nire marrazteko eran eragina izan duenik. Denetatik marrazten jarraitzen dut: paisaiak, erretratuak, etab. Taktika aldetik, teknika berdina mantentzen jarraitzen dut, borragoma alde batera uzten duena, hain zuzen ere.

Marrazteak psikologikoki aurrera jarraitzen lagundu al dizu?
Margotzeak aurrera ateratzen lagundu badit ere, aurretik esan dudan bezala, erlijioa izan da benetan lagundu didana. Egunero errezatu dut (baina ez memoriaz, barrutik, BIHOTZEZ!), eta Jainkoak aurrera jarraitzeko indarra eman dit. Beti lagundu dit horrek, horregatik egunero mezatara joaten naiz, nire indarrari eusteko.

Honek guztiak psikologikoki eragin badizu ere, beti optimismoari eutsi diozula esan dezakegu. Zer esango zenioke antzeko arazoa duen pertsona bati bizitzeko itxaropena galdu ez dezan?
Ba, lehenik eta behin, ANIMO! Eta erraza ez bada ere, aurrera jarraitzeko indarra sekula ez galtzeko. Ezin dugu lehenaldian trabatu; momentuan duguna estimatzea eta gogoz aprobetxatzen saiatu behar dugu. Pozaz eta umorez, ametsak betetzeari ekin behar diogu, ahal den neurrian, behintzat. Hitz hauek esatea guztiontzat oso erraza bada ere, esandakoa BETE egin behar da; eta hortxe dago zailtasuna. Horretarako, ezinbestekoa da zure ilusioekin jarraitzea, hauetan oinarrituz, beti indarrez jarraitu ahal izateko. Hori da sekretua.

Benetan harrituta utzi ninduen Josetxoren borondateak eta, are gehiago, haren baikortasunak. Bere elbarritasuna dela eta, zenbait gauza egiteaz arnegatu behar izan bada ere, duenarekin konformatuz eta bere ilusioekin aurrera jarraituz, beste askok baino zoriontsuago bizi izatea lortu du. Hori da, hartan ere, pertsonaia hau hain goresgarri egiten duena. Garbi asko utzi digu Josetxok, bere kasuan, erlijioa eta pintura izan direla bere bizitzaren oinarri nagusiak, aurrera egiten lagundu dioten harroinak; eta horixe erakutsi zuen elkarrizketa bukatu eta “Coca-Cola” bat eskaini ondoren, zera esan zuenean: “Beno orain nirekin etorriko zarete 19.00etako mezatara, ezta?”

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/gnVotFh9JEA" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

4 Responses to Josetxo Beristain: “Gaixotasunak ez ditu nire ametsak akabatuko”

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.