Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Josu Agirre (Euskaltel-Euskadi):”Gehiegizkoa da dopingari buruz telebistan esaten den guztia”

Josu eta ImanolJosu Agirre txirrindularia 1981eko maiatzaren 23an jaio zen Tolosan. Pilotan eta futbolean aritu ondoren, aitaren zaletasunak eraginda, txirrinduarekin probatzera ausartu zen. Tolosako Oriako taldearekin eman zituen bere lehen pedal-kolpeak, eta baita bere lehen garaipenak lortu ere. Garai haietatik gaur egunera arte momentu latzak igaro izan ditu (erorketak, emaitza apalegiak…) eta honek guztiak hain lur jota utzi du kirolaria, non bere bizitza beste bide batetik bideratzea pentsarazi baitu behin baino gehiagotan. Dena den, pixkanaka hasi dira emaitza onak iristen eta, azken urte hauetan oso denboraldi txukunak egin ondoren, profesional izatera heldu da. Gaur egun, entzute handiko Euskaltel-Euskadi taldean dago.

Bere gainditze eta hobetze ahaleginak direla eta, kirolari hau elkarriztatzea erabaki nuen. Egia esan, ez nuen inongo arazorik izan: berarekin hitz egin, ordua eta lekua adostu eta kito! Hori gutxi balitz, ez nuen etxetik mugitu beharrik izan, egun, Ordizian bizi eta bera izan baitzen nire etxera etorri zena. Beraz, bertan elkartu eta, hitz batzuen ondoren, ekin genion elkarrizketari.

Txikitatik argi al zenuen txirrindulari izan nahi zenuela edo beste lan mota bat zenuen buruan?
Nik uste dut ez dela argi izaten hori. Oso gustuko nuen txirrindua hartu eta inguruko mendateetatik gora eta behera ibiltzea. Noski, gaztetan amets bat baino ez zen honetatik bizi izatera heltzea, baina azkenean, esfortzu handia eginez, lortu dut. Dena den, ez, ez nuen nire burua profesional bezala ikusten.

Nork animatu zintuen kirol honetan hastera?
Gehienbat familiak, baina bereziki nire aitak. Berak betidanik izan du txirrindularitzarako izugarrizko afizioa eta modu batera edo bestera niri pasatzea lortu zuen. Horrela, hamabi urte nituela, nire herriko Oriako taldean hasi nintzen.

Gaztetan lagunekin parranda ugari egindakoa zara edo zure gorputza zaintzen saiatzen zinen?
Ez, ez nintzen askotan ateratzen. Ez nuen nire gorputzagatik egiten, oso gustuko nuen bizikletan ibiltzea eta ibiltzea eta igandetan goiz esnatzea atsegin nuen. Eta berandura arte parrandan ibiltzen, hogeita bat urterekin edo hasi nintzen. Beraz, ez, ez naiz parranda ugari egindakoa (Josuk barre egiten du).

josu3.jpgErdietsitako lorpen guztietatik izango duzu baten bat modu berezian oroitzen duzuna...
Egia esan, bi dira modu berezian oroitzen ditudanak. Lehenengoa, Gipuzkoako txapelketa batean izan zen. Gainontzekoei minutu gutxi batzuetako abantaila ateratzea lortu nuen eta, orduan, epaileetako batek kotxetik hankak pedaletatik altxatzeko esan zidan, lortuko ez nuelakoan. Nigan izan zuen konfiantza gutxi horrek benetan izorratu eta indarrak eman zizkidan gogo biziz ekiteko eta azken pankartapetik lehenengo igarotzeko. Bestea, joan den urtean izan zen Madrilgo itzulian. Nik ez nuen parte hartu nahi, baina parte hartzera behartu ninduten eta erlojupekoan denborarik onena lortu nuen. Gainera, nire neskalaguna eta bere anaia joan ziren eta nirekin egon ziren bidaia osoan. Oso polita izan zen.

Zer sentitu zenuen Euskaltel-Euskadi bezalako talde handi bat zure atzetik zebilela jakitean?
Izugarrizko poza. Talde hau Pro-Tourrean sartuta dago eta niretzako lekua zutela jakiteak ikaragarri poztu ninduen. Harro nengoen.

Nola ikusten dituzu zure taldekideak?
Oso indartsu. Jende oso ona dago: Samuel Sanchez, Aimar Zubeldia eta orain fitxatu berri duten Hegoi Martinez. Gainera, gazteenetarikoa naiz eta, jakinda itzuli garrantzitsuenetan nolako maila erakutsi duten, ez dakit beraien mailan egotea lortuko dudan. Halere, gogotik saiatuko naiz.

Txirrindularitzaren barruan zein jarduera-motatan sentitzen zara erosoen?
Orokorrean, nahiko erregularra naizela esango nuke. Aldapa gora ni baino hobeak asko dira, baina okerragoak ere badaude, eta ordekan eroso sentitzen naiz. Baina, agian, emaitzei begiratuta, erlojupeko probetan aritzen naiz ongien.

josu1.jpgNolakoa izaten da goi-mailako txirrindulari baten egun arrunt bat?
Bada, nahiko goiz esnatu, ondo gosaldu -nik garrantzi berezia ematen diot gosariari-, interneten egunkariek zer dakartzaten irakurri eta, hamaikak aldera, beste txirrindulari batzuekin elkartu eta entrenatzera joan. Amaitutakoan, bazkaldu eta gero lagunekin egon. Meriendatu, segituan afaldu eta noizean behin lagunekin bueltatxo bat eman. Gehienetan, afaldu eta ohera joaten naiz gauerako nekatuta egoten bainaiz.

Nor da gehien gustatu izan zaizun txirrindularia?
Abraham izan da. Abraham Olanok dena zeukan ondo zegoenean: aldapa gora ondo ibiltzen zen, erlojupekoan ere ondo…baina hori bere lorpenekin ikusten da. Amstrong ere gustuko nuen; Merckk ere bai, ez da nire garaikoa baina asko gustatzen zait. Denak oso desberdinak dira, baina denek zuten txirrindulari irabazleek izaten duten gauza hori.

josu2.jpgHiru itzuli handietatik zeinetan parte hartuko zenuke gustukoen?
Ja! Ez dakit, oraindik ez dut horietan parte hartzeko zorterik izan eta horrela kanpotik…Italian izanda nago lasterketa batzuetan eta hango parajeak asko gustatzen zaizkit, aldapa gorrak, baina politak. Esan didatenez, Tourra da hiruretatik bereziena, jende ugari…baina esango dizut hiruretan parte hartzen dudanean… (barre egiten du).

Izan al duzu inoiz gertaera bitxiren bat edo anekdotaren bat bizikleta gainean?
Makina bat ditut. Orain burura etortzen zaidan bat hauxe da: lasterketa batean, taldeko lagun bati laguntzen ari nintzaion azken kilometroetan berak irabaz zezan. Helmugatik lehenengoa pasatu zela uste nuen, nire aurretik, eta pozez garrasi egin nion zorionak emateko eta, orduan, berak aurretik hiru txirrindulari sartu zirela esan zidan. Uff! A zer nolako momentua!

Zer pentsatzen duzu gaur egun txirrindularitzari buruz esaten ari diren guztiaz dopinga dela eta?
Bai, egon daiteke, ez dut ezetz esaten, baina gehiegizkoa da telebistan esaten duten guztia. Kalera irten eta “begira hau txirrindularia da“, eta orduan besteak, “beste drogadikto bat“. Hori da sortu dutena, eta asko izorratzen du. Itzuli handi batean, liderrak hogeita hiru proba pasatu behar izaten ditu, bai hormonak analizatzeko eta baita beste zenbait gauza aurkitzeko ere. Hau gehiegizkoa da. Ez dago dopinga horrenbeste jarraitzen den kirolik. Aurreko batean, Nadal tenislariaren elkarrizketa bat irakurri nuen eta kexatu egiten zen urtean zazpi proba pasatu behar izaten dituelako, eta guri zazpi proba, taldeak berak egiten dizkigu, batere abisatu gabe, noski. Eta aurten talde berriarekin gehiago pasatu behar izango ditut.

Nola ikusten duzu kirol honen etorkizuna, aldaketa nabarmenak izango dira lasterketen luzera eta gogortasuna direla eta?
Nik uste dut ez dela aldaketarik ezarriko. Esaten da lasterketen gogortasuna jaitsi egingo dela eta luzeraz motzagoak izango direla, baina norgehiagoka berdintsua izango litzateke, beti egongo baita irabazle bat eta atzetik gainontzeko guztiak.

Zer eskatuko zenioke denboraldi berriari?
Hasiera batean, lesiorik ez izatea eta ondo hastea, ondoren joango naiz ikusten zer egin dezakedan…

Eta horrela amaitu zen nik berarentzat prestaturiko alkarrizketa. Dena den, zin dagizuet elkarrizketa amaitu eta hizketan jarraitu genuela, bai txirrindularitzari buruz eta baita beste zenbait gairi buruz ere. Bere umiltasunak, gainera, harrituta utzi ninduen. Azken finean, nork ikusi du elkarrizketatua elkarrizketatzailearen etxera joaten? Euskaljakintzatik eskerrik beroenak eman nahi dizkiot Josuri eta orain duen erronka berrian zorte ona opa. Ea hemendik gutxira bere garaipenen berri emateko moduan garen…

4 Responses to Josu Agirre (Euskaltel-Euskadi):”Gehiegizkoa da dopingari buruz telebistan esaten den guztia”

  1. Maite 2008(e)ko otsailak 5 at 11:50 pm #

    Aupa, Imanol! Aitortu beharrean nago izugarri gozatzen dudala zuen elkarrizketekin. Pertsonaia zein baino zein interesgarriagoa aukeratu duzuen zalantza izpirik ez dago eta Josu, interesgarria izateaz gain, oso jatorra eta umila ere badirudi. Elkarrizketaren amaieran diozun bezala, ea hemendik gutxira euskaljakintzan bere garaipenen berri emateko moduan garen… Oso pozgarria litzateke!!  😉

    Segi lanean, Imanol. Ikusten duzu(e) gai interesgarriei buruz idatzita, Sustatun ere ager zaitezke(t)ela? =D> Eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula…

  2. arianeh 2008(e)ko otsailak 10 at 8:01 pm #

    lan bikaina Imanol! =D>

  3. MAIDER 2008(e)ko ekainak 10 at 8:48 am #

    Kaixo Imanol,
    Oraintxe jakin izan dut elkarrizketa hau interneten zegoela eta piloa gustatu zait, horrexegatik Josuren webgunean jarri dut.
    Ondo segi,
    Maider

Trackbacks/Pingbacks

  1. euskaljakintza» Blog Archive » Haimar Zubeldia: “Txirrindularitza momenturik zailenetarikoa ari da bizitzen” - 2008(e)ko abenduak 31

    […] hasi baino lehen, bi pertsonei eskerrak eman nahi dizkiet. Lehenengoa, Josu Agirre da; izan ere, bera izan baitzen Haimarrekin harremanetan jartzeko bidea. Ziur nago aurten […]

Utzi erantzuna

-->