Kaxianoren omenez…

KaxianoEneko elkarrizketatzaileaKaxiano Ibarguren (Antzuola, 1932 – 2002) euskal soinujole ospetsuak Lizartzan eman zituen bere bizitzako urterik gehienak; horregatik eta gaztetan izandako istripu bat tarteko itsu geratu zelako, Lizartzako itsua ezizenez ezaguna zen eta da. Itsutu ondoren ikasi zuen soinua jotzen, akordeoi handia, hain zuzen ere. 2002an hil zen.

Joxepa Atxegari egindako elkarrizketa aurkezten dizuegu oraingoan. Joxepaz eta, bereziki, bere senarra izandako Kaxianori buruzko bitxikeriez eta bizitako hainbat pasartez arituko gara, Lizartzako itsua izandakoaren memoria gal ez dadin batik bat. Beraz, Kaxianoren omenez…

♣ Kaxiano, Lizartzako itsua, deskriba ezazu hitz gutxitan.
Niretzat munduko senarrik hoberena besterik ez. Bestela, pertsona ona eta denen laguna zen beti.

Kaxiano bertsolariekin ♣ Noiz eta nola ezagutu zenuten elkar?
Ezagutu? Txiki-txikitatik ezagutzen ginen. Bion gurasoak lagunak zirenez, Kaxiano nire baserrira askotan etortzen zen. Bost urterekin umezurtz geratu zen eta bere osabekin Antzuolara joan behar izan zuen. Helduago egitean, bost senideak Lizartzan elkartu ziren eta hogeita bi urterekin elkarrekin maitemindu eta hiru urtetara ezkondu egin ginen. Hiru seme-alaba eta zortzi biloba ditugu.

♣ Kaxiano gaztetan, 17 urterekin, geratu zen itsu Lizartzako tunela egiten ziharduela izandako eztanda batean. Esaten da gertaera honek ez zuela eraginik izan bere bizitzan. Egia al da?
Erraz gainditu zituen gertaera honek eragindako oztopo guztiak, batez ere, bere nortasun sendoak zuzendua. Hala ere, pentsa dezakegu zorigaitz hori zorion ere bihurtu zitzaiola, bere bokazioa landu baitzuen.

♣ Esan duzun bezala, gertaera honen ostean ikasi zuen akordeoia jotzen. Hala ere, bertsotan ere ibiltzen zela entzun dut. Hala al da?
Horrela da, bai, baina musikako ikasketak gertaera lazgarri hori baino lehendik bazituen eta soinua ere jotzen zuen noizbehinka. Hala ere, esan beharra dago ordutik ekin ziola gogo handiagoarekin. Braille sistema ere oso azkar ikasi zuen. Beti izan zen oso pertsona burutsua, ikasi izan balu urrutira iritsiko zen seguru. Gaztetatik koadrilarekin tabernetan zehar ibiltzen zen bertsotan. Jende aurrean kantatu zuen lehenengo aldian Uztapiderekin lehiatu zen. Berezkoa zuen bertsotan aritzea, bertso eskolarik gabe.

Axariak♣ Hasieran, akordeoiarekin ezkontzetan eta plazetan jotzeko ohitura zuen “Axariak” bere taldearekin. Askotan deitzen al zioten eta gustuko al zuen festa horietan jotzea?
Axariak taldea hiru lagunek osatzen zuten, saxofoi-jole bat, bateria jotzaile bat (azken postu honetan aldaketak izan ziren) eta Kaxiano bera soinuarekin. Plaza eta ezkontzetan jotzea oso gustukoa zuen bai, jendearen pozak ikaragarri animatzen baitzuten.

♣ Laster bere kantu propioak idazteari ekin zion. Ba al dakizu nondik ateratzen zuen inspirazioa kantak idazterakoan?
Hasiera-hasieran gaztelaniaz idatzitako kantuak euskaratzen jarduten zuen denbora. Geroago hasi zen bere abesti propioak paratzen eta diskoetxeak segituan deitu zion. Sei disko eta azken bilduma bat atera zituen. Hil zenean, beste batentzat materiala bazuen, baina hor segitzen du konpondu eta argitaratu gabe.

♣ Akordeoitik aparte, zein beste hobby edo zaletasun zituen?
Txistua, pianoa eta organoa ere jotzen zituen. Azken hau elizetan 30 urtez jo zuen eta bertako kantuak ere idazten zituen. Musikaz aparte, lagunekin kartetan, Braille kartetan, ibiltzea oso gustukoa zuen eta Lazkao Txikirekin hizketaldi luzeak izaten zituen, elkarri adarra joz ibiltzen ziren denbora osoa.

♣ Aipatu beharreko mania edo ohitura arrarorik?
Orokorrean ez. Hala ere, esan beharra dago oso perfekzionista zela eta ez zuen lanik uzten bere azken pasara bat eman gabe.

Joxepa emaztea♣ Ondo eramaten al zuen musikari, senar eta aita izatea?
Bai, harro zegoen aita eta aitona izatearekin. Asko maite zuen familia eta bere abesti asko guri eskainiak ziren. Hor dago bere bilobarentzat sortutako “Zorionak” kanta famatua.

♣ Kaxianok hainbat disko atera du. Denetatik zein duzu gustukoen? Eta kanta gustukoena?
Denak gustatzen zaizkit, baina egia da bati estimu berezia diodala, “Gaztea nintzen” abestia konkretuki, niri eskaini zidana. Bai, hori dut gustukoen. Antzuolan egindako omenaldian orkestrak jo zuenean, guztiz hunkiturik geratu ginen.

♣ Seme alabaren batek bere aitaren pausoak jarraitu nahi al ditu?
Alabak beti lagundu izan dio senarrari bere abestiekin, gehienbat hauek euskara egokira zuzentzen. Egun bi biloba piano ikasketak egiten ari dira eta esan beharra dago Kaxianoren herentzia artistikoa bete-betean jaso dutela.

♣ Zure ustez burutu al zituen bere proiektu eta amets guztiak?
Lehentxeago esan dizudan bezala, zenbait abesti argitaratu gabe geratu dira, bere gaixotasunak ezustean harrapatu baitzigun guztioi. Baina ziur nago bizi izandako guztia gustura igaro zuela, denekin oso esker onekoa baitzen, eta nahiz eta ia bizi osoa itsu pasatu, bizia nolakoa zen bazekiela esaten zuen, “Nere andrea beti gazte ikusten diat” zioen, noski, aurpegia ikusi zidan azken aldia 17 urte zituela izan baitzen. Honelako hitzek erakusten dute Kaxianok izandako nortasun sendoa eta alaia.

Agurtzen ditut maite minakin izatez zoragarriak Euskal Herriko baso ta mendi sagasti ta belardiak, errota zaharrak, errekatxoak, ibai eta iturriak, baserri, borda, mendiko ermitak eta ohitura garbiak.

Bere hitz propiorik ezin izan dut atera, bere abestietatik baino ez; halere, esan beharreko guztiak esanda ditu Kaxianok. Mila esker, Joxepa, solasaldi honengatik eta zorte on.


9 Responses to Kaxianoren omenez…

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.