Kirol batzuk beste batzuen azpitik…noiz arte?

prieto.jpg Gaur egun, denok dakigun bezala, bai Espainian eta bai Euskal Herrian ere, bi kirolek agintzen dute besteen gainetik. Espainian, futbolak eta saskibaloiak agintzen dute; Euskal Herrian, aldiz, futbolak eta esku-pilotak. Bien bitartean, beste kirol guztiak, besteak beste, errugbia, eskubaloia eta atletismoa baztertuak izaten dira hainbat arrazoirengatik.

Zergatik? 

Lehenik eta behin, erruaren zati handiena komunikabideek dute. Telebistak, irratiak edota egunkariek ez diete kirol gutxitu horiei batere laguntzen. Honen ondorioz, kirol hauek ez dira gehiegi ezagutzen eta, noski, jendeak ia ez ditu praktikatzen. Adibide bat jartzearren, EITBk urtean 50 futbol partidu emititzen ditu eta errugbikoak, berriz, 3 gehienez. Gainera, aurreko urtean errugbi partida bat ematen ari zirela, eskubaloiarekin partekatu zuten eta txandakatuz emititu zuten. Lotsagarria!

Bigarren, etxeko txikienek ez dute kirol eskastu horietan etorkizunik ikusten. Euren begiez ikusten dute futbolariak ondo bizi direla eta dirua ere soberan dutela, beraz, zergatik praktikatu beste kirolik? Ondorioz, gazteek ez dute errugbia praktikatzen eta honek ekartzen du jarraitzaile gutxiago izatea, jende gutxiagok ikustea eta, azkenik, baztertzea.

errugbiaAzkenik, kirolek duten itxura daukagu. Errugbia, astakiloen kirola bezala ezagutzen da eta zikina dela esaten da. Hau guztia kirol hori praktikatu ez dutenek esaten dute; izan ere, praktikatu izan balute, iritzia azkar asko aldatuko zuketen. Baina, zergatik dira kirol batzuk “onak” eta besteak “txarrak”? Dirudienez, gizarte honek ezagutzen ez dituen kirolak kalifikatzen ditu eta hori ezin da onartu.

Zer egin beharko litzateke?

Arrazoi horiengatik eta beste batzuengatik kirol batzuk beste batzuen azpitik daude. Denak maila berean jarri beharko lirateke eta denei garrantzi bera eman. Horrela, ez zen bazterketarik egongo eta jendeak kirol gehiago praktikatuko lituzke. Nik ez dut esan nahi errugbiari futbolari baino garrantzi gehiago eman behar zaionik, justuena denak maila berean egotea izango litzatekeela baizik.

Amaitzeko, dakizuen bezala, duela gutxi amaitu da Imanolek lehengoan azaldu zigun errugbi mundiala. Nire idatziaren helburuetako bat hura ikustera animatzea bazen ere, pixka bat berandu natorkizue horretarako. Dena den, errugbiko munduko txapelketaz gozatu izana espero dut, nahiz eta ordaindu behar izan, zoritxarrez, hura jarraitzeko. 🙁

[kml_flashembed movie="http://youtube.com/watch/v/DICdXTPYgpA" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

7 Responses to Kirol batzuk beste batzuen azpitik…noiz arte?

  1. eagirre 2007(e)ko azaroak 25 at 8:06 pm #

    Guztiz ados kirol batzuk besteen gainetik jartzen direla diozunean (esku-pilotarena eztabaidagarria iruditzen zait baina tira). Hala ere, hik ez al duk obsesio pixkat horretan eta horri helduta errugbia babesterakoan? Ez ote haiz gehiegi hirea babesten ari?

  2. aidiakez 2007(e)ko azaroak 26 at 1:51 pm #

    Eñaut, agian biktima gisa noala irudituko zaizu baina uste dut errealitatea azaldu dudala nik ikusten dudan bezala. Zer egin behar dut ixilik egon? Nik nirea babestuko diat hik hirea babestu beharko huke…

  3. eagirre 2007(e)ko azaroak 26 at 1:59 pm #

    Gauza bat duk norberak berea defenditzera jotzea eta bestea monotematiko bihurtzea. Ukatu egingo al didak bestela hik gusturua ikusiko hukeela errugbia futbolaren mailan? Gainera, eztabaidaezina duk Ingalaterran edo beste zenbait tokitan errugbiak duen garrantzia, futbolak ez izan arren. Txoko bakoitzean kirol batek izan behar dik indarra, tradizioaren arabera; eta gurean behintzat tradizio gehiena duena futbola duk. Izan ongi!

  4. aidiakez 2007(e)ko azaroak 26 at 2:22 pm #

    Nik hemen zer gertatzen den azaldu diat. Zer egin beharko litzateken ere bai (irakurri al duk artikulua? :-D) zer izango zen justuena. Hi nire iritziarekin ados bahago primeran. Ez bahago hire arazoa duk.

  5. mbarreiro 2007(e)ko azaroak 26 at 2:32 pm #

    Aupa aitzol!!!bueno ba zer esango dut nik ba…arrazoi osoa daukazu,kirol batzuk azpian gelditzen dira eta errugbia adibide garbia da. Ea gizarte hau benetan aldatzen den. Zorionak!!!Aio!

  6. eagirre 2007(e)ko azaroak 26 at 2:32 pm #

    Gauza ez duk zeinen arazoa den, arazoa ez duk ez nirea ezta hirea ere. Hik artikulu ederra idatzi duk, eta nik nire iritzia eduki zezakeat eta horixe azaldu diat. Eta hik hobe huke erantzunen egokitasunaren inguruan hitz egin ordez funtsari helduko bahio, oraindik ez diat nik proposaturiko ideiaren inguruan erantzun dezente bat ikusi, zain geratzen nauk!

  7. Ibson 2007(e)ko azaroak 30 at 3:08 pm #

    “Denak maila berean jarri beharko lirateke eta denei garrantzi bera eman”
    Hori esaten erraza da. Nola egin ordea?

    Hala ere badirudi zure kritika errugbia eta futbolaren arteko parekotasun ezean xedatzen duzula. Jakin ezazu bada, errugbia baino okerrago dauden kirolak ere badaudela, nahiz eta lizentzia kopuru handiagoa izan.

Utzi erantzuna

-->