Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Klaudio Landa: “Ez dut uste gauza ona denik dena dakizun jarrera izatea”

Egun batzuetan zehar elkarrizketa prestatzen ibili eta aurreko egunetan zenbait gorabehera izan ondoren, iritsi zen elkarrizketa eguna. Amaia eta biok lehenago atera ginen klasetik tren geltokira denboraz iristeko. Gelakideari azken momentuko aholkuak eskatu ondoren -ordurako hark bere elkarrizketa egina baitzuen-, urduri, Klaudiori egin behar nizkion galderak errepasatzeari ekin nion. Amaiak lasai egoteko eta elkarrizketa patxadaz hartzeko esan zidan, dena ondo aterako zela. Konturatzerako, Donostiako Londres hotelean geunden. Hantxe zegoen Klaudio gure zain.

Klaudio Landa kazetaria Euskadi Irratian hasi zen lanean. Bertan urte batzuk eman ondoren, pantaila txikira pasatu zen. Hainbat programa ezberdinetan arrakastaz aritu ondoren, Oh Happy Day programa ezagunaren kasu, EITB 2ko Ni mas, ni menos programan ikus dezakegu orain aurkezle lanetan.

Lehenik eta behin mila esker euskaljakintzari tarte hau eskaintzeagatik, Klaudio. Elkarrizketari ekiteko, axola ez bazaizu, denboran atzera egingo dugu. Noiz erabaki zenuen kazetari izan nahi zenuela?Txikitatik izan duzun ametsa izan da? Ez, umetan arkitekto izan nahi nuela gogoratzen dut, etxebizitzak-eta egitea izugarri gustatzen zitzaidan. Etxebizitzak ikusi eta aztertzea betidanik gustatu izan zaidan gauza da. Gero, institutu garaian, antzerkia ikasten hasi nintzen eta asko gustatu zitzaidan. Kazetaritza eta antzerkia antzekoak izan zitezkeela pentsatzen nuelako kazetaritzan sartu nintzen. Dena den, konturatu nintzen hori ez zela horrela, beste gauza bat dela, eta asko gustatu zitzaidan. Kazetari lanetan irratian hasi nintzen; ondoren, Euskadi Gaztean kazetaritzarekin zerikusirik ez duen beste gauza bat egiten hasi nintzen. Azkenik, telebistakoa suertatu zitzaidan. Beraz, noiz pentsatu nuen? Bada, nik uste dut zure adinarekin izan zela.

Esan duzun bezala, Euskadi Irratian hasi zinen lan egiten; nola zabaldu zitzaizkizun bertan lan giteko aukerak? Beka bati esker. Gaur egun ez dakit nola dagoen egoera, baina garai hartan, nik eta beste askok bekei esker izan genuen Euskadi Irratian lan egiteko aukera. Nik Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nuen kazetaritza. Garai hartan Euskal Herriko Unibertsitateak akordio bat zuen EITBrekin . Horren bitartez, diru-laguntzak ematen ziren praktikak egiteko eta bertako lana ezagutzeko. Horrela hasi nintzen lanean Andia kalean, bertan baitzegoen orduan Euskadi Irratia. Beka bukatu ondoren, beste gauza batzuk sortzen joan zitzaizkidan, ordezko kontratu bat besteak beste.

Irratian lan egin ondoren, telebistara egin zenuen jauzia. Alde handia dago irratian edo telebistan lan egitearen artean? Irratia eta telebista medio ezberdinak dira, komunean gauza batzuk badauzkate, baina baita bere berezitasunak ere. Irratian lan egiteko, mezu bat igortzeko edo programa bat egiteko, ez duzu lan talde handia behar, norberak egin dezakeen lana da. Guk Euskadi Gaztean autokontrola egiten genuen eta gaur egungo Gaztean ere horrela egiten dute: mahai bat, mikrofonoa eta mp3 zein diskoak sartzeko tokia. Horrekin zuk zeuk egin dezakezu irratia, ez duzu inoren beharrik. Hori telebistan ezinezkoa da. Dena den, gaur egun interneten ikusten den bezala, zure kamera etxean ipini eta besterik gabe telebista egin dezakezu, gauzak teknologikoki eta teknikoki asko aldatu baitira. Hori alde batera utzita, gaur egun, telebistan lan egiten dugunok lan talde handia behar dugu, jende asko, eta horrek xarma berezi bat ematen dio.

Zuk zeuk non nahiago duzu lan egitea? Argi esango dizut. Gaur egun, pertsona gehienek diruagatik egiten dute lan. Nahiz eta askok irratiak xarma berezia duela esan, telebistan gehiago kobratzen da eta hori kontuan hartu behar da. Ni oso ondo sentitzen naiz bietan. Ikusten duzunez, asko hitz egiten dut eta hori oso ona da irratirako, ezin baita hutsune gehiegi utzi. Telebista ere oso gustuko dut; beraz, biak.

Nola ikusi zenuen zure burua lehenengo aldiz telebistan aritu zinenean? Ez dut lehenengo aldiz gauza berezirik sentitu nuenik gogoratzen. Jende askok esaten du oso natural ikusten zaituela, baina naturaltasuna galdu egiten da kamera aurrean duzun unetik. Zure burua ikusten duzunean edo zure ahotsa irratian entzuten duzunean arraroa egiten zaizu, baina ni ohitu egin naiz. Gainera, telebistan lan egiten dugunontzat oso komenigarria da nork bere bere burua ikustea, autokritika egiteko eta egiten ditugun akatsak ikusteko.

Kazetaritzak arlo asko ditu erreportari gisa kalean ibiltzea, prentsa arrosa deitzen den sekzioan lan egitea,…Zeinetan sentitzen zara gusturago? Lan ezberdin asko egin ditut eta bakoitzean gauza berriak ikasi ditut. Nik zuzeneko eta grabatutako programa asko egin dut. Zuzeneko platoak izenekoa egiten luze aritu naiz eta hori da gehien gustatzen zaidana, plato bateko aurkezpen lana. Sorginen Laratza gogoratzen dut, osagai askoz osatutako programa zen: umorea, elkarrizketak… Zuzenekoa zen eta hori asko gustatzen zait. Horretaz gain, nire ustez, garai ezberdinak daude. Hasieran, adibidez, kaleko erreportajeak egiten hasten zara, geroago platora joaten zara…

1998. urtean, Benta Berri telesailean hartu zenuen parte aktore moduan, nolatan aukeratu zenuen proiektu hau? Bertan parte hartzeko aukera eman zidaten. Zoragarria izan zen lan taldea, aktore on askorekin egin nuen lan. Nire aktore lana, sentitzen dut, baina ez da ona edo niri behintzat ez zitzaidan gehiegi gustatu; besteena, berriz, bai. Eta haiei esker, nire ustez, nahiko telesail txukuna egin genuen. Nire mugak baditut eta nahiz eta erraztasun handiko jendea egon, aktore izateko lan asko egin behar da eta prestakuntza handiagoa behar da.

2003. urtean hasi eta hiru urtez Esta es mi Gente “talk show”-a aurkeztu zenuen. Bertan jende ezezagunek beraiei gertatutako istorio bitxi eta arazoak kontatzen zituzten. Zein izan zen kontatutako gauzarik arraroena ala gehien harritu zintuena?Asko, egunero kontatzen zizkidaten. Batzuk harrigarriak ziren. Egia esan, ez ditut denak gogoratzen; hainbeste gauza kontatzen zizkidaten! Behin Iruñako gonbidatu bat ekarri zutela gogoratzen dut… Lantalde handia zegoen programaren atzean eta haien lan paregabeari esker egiten genuen eguneroko programa. Beraiek lortzen zuten informazio guztia eta, horrela, nik errazago egin nitzakeen galderak. Normalean, zuzenean sartu aurretik, beraiekin egoteko tartetxo bat izaten nuen, haiek ezagutzeko, aurkezteko, lasaitzeko… Normalean nahiko urduri egoten dira. Kontua da, egun hartan arazoak zirela eta, ez nuela beraiekin egoteko denborarik izan. Zuzeneko programaren ordua iritsi, platora sartu eta bera zen lehenengo gonbidatua. Nik banekien Afrikatik etorritako emakume bat zela. Goitik behera beltzez zegoen jantzita, izugarrizko beldur aurpegiarekin. Begiak baino ez nizkion ikusten. Eseri zenean, bere gaia kokatzen hasi nintzen. Lehenengo galdera egin ondoren, ikusi nuen ez zidala erantzuten. Entzumen arazo bat zuela pentsatu nuen eta galdera errepikatu nion. Niri eta nire ingurura baino ez zuen begiratzen. Nik ez nekien zer egin, gainera oso luzea egiten da dena telebistan.Ondorioz, bere ondora joan eta bertan eseri nintzen urduri zegoelakoan eta shock bat eman ziolakoan. Bertan nengoela, mesedez, bere istoria kontatzeko eskatu nion. Kasurik egin gabe jarraitzen zuen. Ez zuen gaztelania ez ulertu, ez hitz egiten! Eta hori egoera barregarria izan zen, batez ere, oso surrealista izan zelako. Baina, honetaz gain, istorio harrigarri eta barregarri asko entzun nituen.

Maila nazionaleko telebista-programetan ere lanean ikusi zintugun, zein ekarpen egin dizu esperientzia honek? Profesional ugari ezagutu izan, batik bat. Azken finean, lana berdina edo antzekoa da leku guztietan, aldatzen den bakarra medioak dira. Agian, Madrileko telebista kateetan lan egiteak kontaktuak ematen dizkizu. Lan bat da eta enpesa ezberdinak daude; beraz, leku horietan lan egiten dutenekin kontaktuak izatea komenigarria izaten da profesionalki. Horretaz gain, lan talde handiagoak dituzte eta diru gehiago dago kamera edo dekoratuentzat.

Orain dela gutxi arte Oh Happy Day aurkezten ikusi zaitugu. Proiektu hau musikarako zaletasuna duzulako edo zergatik aukeratu zenuen? Alde batetik, bai. Gainera, koroen edo abesbatzen munduarekin harremana izan dut bai pertsonala eta baita profesionala ere. Betidanik gustatu izan zait. Proiektua eskaini eta aurkeztu zidatenean interesatu piztu zitzaidan, batez ere ordura arte ez zegoelako horrelako gauzarik. Badakit Euskal Herrian abesbatzen munduan jende gazte asko dagoela parte hartzen. Nire ustez, programa polita egin ahal izan genuen eta jendeari gustatu zitzaion. Espero dut hurrengo Oh Happy Day edizioa laster izatea.

Gaur egun gazte askok ikasten du kazetaritza, baina zuk izan duzun adinako arrakasta lortzea zail samarra da. Zure iritziz, zeintzuk dira kazetari batek eduki behar dituen nolakotasun edo ezaugarriak arrakasta lortu ahal izateko? Bakoitzaren araberakoa da. Nire ikuspuntutik arrakasta lortzea gaur egun lanean jarraitzea da, ez baita gutxi gaur egungo egoera zein den ikusita. Horretaz gain, izandako esperientzia horietan guztietan hainbat jende ezagutzeko aukera izatea. Nire iritziz, telebistan edo komunikabideetan lan egiten duen jendeak ikasteko grina edo jakingura eduki behar du, telebista munduan beti ikasten baitira gauzak. Ez dut uste gauza ona denik dena dakizunaren jarrera izatea. Beti ikasten dira gauza berriak eta beti saiatu behar zara jakin-min hori mantentzen. Hori ez baduzu, dena ikusita duzula eta ezerk ez zaituela harrituko uste duzunean, dena bukatu da. Nik uste dut hori dela garrantzitsuena.

Noizbait gustuko ez zenuen pertsonaren batekin lan egitea suertatu al zaizu? Nola joan zen? Lan honetan gauza bat dago: aurreiritziak. Hauek alde batea utzi behar dira telebistan lan egiteko. Nik jende askori egin dizkiot elkarrizketak: Raphael, Boris Izagirre, Alaska… Jende ezaguna ez denari ere, “Esta es mi gente”-n esaterako. Batzuek modu jakin batean jardun dute eta beste batzuek, berriz, beraien izaeraren arabera. Nork bere puntu interesagarria izaten du eta, lanean ari naizenez, ez dut bakoitzaren izaera pertsonalki baloratzen. Egia esan, ni ez noa lagunak egitera. Elkarrizketatuari profesionaltasuna eskatuko diot, ez beste ezer. Elkarrizketatuaren lana, agian, gehiago edo gutxiago gustatuko zait, baina momentu horretan garrantzitsuena nik prestaturiko galderak nola erantzuten dituen eta nik dudan jakin-mina asetzea da.

Zein motatako proiektu berri gustatuko litzaizuke egitea? Bat aukeratzekotan, elkarrizketa programa bat egingo nuke, asko gustatzen baitzaizkit. Hala ere, ez nituzke hauek egin ohi diren bezala egingo. Agian, orain gauden bezala: beste era, ingurune… batean.

Zein proiektu berri dituzu etorkizunerako? Normalean, proiektuak direnean, ez aipatzea da onena; izan ere, telebistan proiektu asko airean geratzen baitira. Dena den, Oh Happy Day programaren edizio berria egiteko asmoa egon badago eta horretan gabiltza, baina auskalo…

Kate motzean

Uda ala negua? Uda
Herri bat? Ea
Gehien miresten duzun kazetaria? Julia Oterok nola egiten dituen elkarrizketak asko gustatzen zait.
Paisaia bat? Itsasoa eta mendia bat egiten dutenean.

Eta honelaxe, kontu-kontari, eman genion amiera elkarrizketari giro ezin hobean. Elkarrizketa bukatu ondoren, baina, kamerarekin arazotxo bat izan genuela konturatu ginen Amaia eta biok: azkeneko galderak ez ziren grabatu kamera itzaldu egin baitzen. Dena den, elkarrizketaren beste zatia kameran zegoela ikusi genuenean, lasaitu ederra hartu genuen! Elkarrizketa egin ahal izatea
esperientzia benetan polita iruditu zait. Horregatik, Klaudio Landari berriro eskerrak eman nahi dizkiot elkarrizketa posible egiteagatik eta tarte hori hain atsegina egiteagatik. Mila esker, Klaudio, eta zorte on!

, , ,

2 Responses to Klaudio Landa: “Ez dut uste gauza ona denik dena dakizun jarrera izatea”

  1. Amaia 2011(e)ko ekainak 19 at 10:56 pm #

    Lan dotorea egin duzu Natale! Zorionak 😉

  2. amaia.ruizdegauna 2011(e)ko ekainak 19 at 10:58 pm #

    Zorionaak Natalee 😉
    Asko gustatu zait elkarrizketa, galdera interesgarriak egiteaz gain, oso eroso nabaritu zaitut elkarrizketatuarekin berriketan. Horrek oso elkarrizketa atsegina lortzeko lagundu dizu.

Utzi erantzuna

-->