Klimak postontzia irekitzen duenean

klima-aldaketaAzken egun hauetan nonahi agertu dira. Ziurrenik lehenengoz, eta zalantzarik gabe azken aldiz, erakutsiko dute euren gorpu beharra kameren aurrean. Mundu mailako berria izan da. Baliteke azken hatseko irudiak Lur osoan zabaldu izana hileta duinena ez izatea, baina Kenian ez daude behiei hiletak egiteko. Gainera, irudi gogorrak erabili ezean, zaila dirudi titularretako monopolioa irabazia duen hitza ordezkatzea. Izan ere, krisiak beste arazo ugari bigarren planora bidali ditu, hala nola, ustez, hildako 1500 behi hauen atzean dagoen klima aldaketa. Bai, klima aldaketak hor jarraitzen du.

Klima aldaketa adierak faktore natural eta antropogenikoen ondorioz klimak denbora tarte konparagarri batean jasan dituen aldakuntza adierazgarriei egiten die erreferentzia. Azken mende hauetan gizakiak fenomeno honetan izan duen eragina dela eta, ordea, espresio honen zentzua aldatuz joan da; gaur egun, Nazio Batuen arabera, denbora tarte konparagarri batean, zuzenki edo zeharka, gizakiak atmosferan eragin duen aldaketa da. Berotegi-efektua ere deitzen zaion arren, Zientzien Akademia Nazionalak termino honek fenomenoaren ezaugarri guztiak biltzen ez dituela, eta ondorioz, “klima aldaketa” erabiltzea egokiagoa dela dio.

Esan bezala, klima aldaketa berotegi efektua baino areago doa, lurraren berotzeaz gain, prezipitazio maila, itsaso maila eta ekaitzen intentsitate aldaketa, ipar nahiz hego poloen urtzea, desertizazioa eta bere ondorio zuzena diren goseteak, uholdeak, baso-soiltzea… suposatzen baitu. Edonola ere, zer da berotegi efektua? Labur-labur esanda, atmosferako hainbat gasek lurrak igorritako erradiazioari atzera irteten uzten ez diotenean gertatzen den fenomenoa da, lurreko tenperaturen igoera dakarrena. Hau, hein batean, naturala eta beharrezkoa da, bestela lurra hoztu eta bizitza ezindu egingo baitzen, baina gaur egun gizakion CO2 igorpenen eraginez gehiegizkoa bilakatzen ari da. Atmosferan dagoen gas honen kontzentrazioa XVII. mendearen amaieran hasi zen igotzen, Lurra bere historia geologikoan pilatzen joan den erregaiak erabiltzen hasi ginenean. Petrolio, ikatz eta gas naturalaren erreketak atmosferako CO2 kantitatea igoarazi egin du, eta gas honen metatzeak tenperaturen igoera ekarri du. Gizakiak tenperatura neurtzen duenetik (duela 150 bat urte), tenperatura 0,5ºC igo dela baieztatu da. 2020rako 1ºC eta 2050erako 2ºC igoko dela aurreikusten da. Estatistiken arabera, 1860tik, neurketa fidagarriak egiten hasi zirenetik, alegia, izan diren uda beroenak azken bost urteetan izan dira. Nolanahi ere, gogorrena zera da, berotegi-efektuko gasek denbora luzez dirautela; eta beraz, gaur isuritako gasak ondorengo generazio askok jasan beharko dituztela: igorritako CO2ren %50ak 30 urte beharko ditu desagertzeko, %30ak hainbat mende, eta geratzen diren %20ak, milurteko ugari.

Ondorioak mila dira, eta gehienak kaltegarriak. Glaziarrak eta mendi garaietako izotzak urtu, eta itsas maila igo egingo litzateke, hainbat hiri eta kostalde urperatuta geratuz. Hiri horietako jendeak emigratu egin beharko luke, eta honek arazo politiko eta ekonomiko latzak lekarzke. Bestalde, klima berotzeak gaitz tropikalen zabalkundea ekar lezake, beroarekin intsektuak asko hedatzen baitira. Malaria, sukar horia, eskistosomiasia eta beste hainbat gaixotasunek lurralde tropikalek ez ezik, egundaino eritasun horiek izan ez dituzten herrialdeek ere pairatuko lituzkete. Halaber, bero eta hotz uhinak, sekulako tifoi eta urakanak, lehorte bortitzak eta euriteak aurreikusten dira beste hainbat gertakariren artean.

kenya-dead-cow-close-upAgian, bati baino gehiagori zera otuko zaio: “Eta zer egin daiteke arazo larri honi aurre egiteko?” Bada, aurrez aipatu bezala, ezin ditzakegu naturari eginiko kalteak konpondu -edo geure buruari azken batean, natura milioi urte batzuen baitan berregingo baita, giza espeziea, berriz, bidean galduko-, gizakion boterea, naturarenarekin alderatuz, hutsaren hurrengoa baita. Konpondu ezpada, gutxienez, badugu okerrak murrizterik, hala nola, gas kutsakorren igorketa txikiagotuz. Horretarako, erregai fosilak ordezkatu egin beharko lirateke, eta ordainetan energia iturri berriztagarriak erabili. Mundu mailako lehenengo akordioa, 1997an adostua eta 2005ean indarrean jarria, Kyotoko Protokoloa izan da, beroketa globalaren arduradun nagusi diren 6 gasen -karbono dioxidoa (CO2), metanoa (CH4), nitrogeno oxidoa (N2O) eta beste hiru fluorodun gas- igorketa gutxitzeko helburuarekin sortu zena. Edonola ere, gobernuei euren lana ondo betetzea eskatzeaz gain, bada gutako bakoitzak egin dezakeenik. Adibidez, eztanda motordun garraioak ahalik eta gutxien erabili (eta erabiliz gero, garraio publikoa izan dadin saiatuz), aerosolak erostea ekidinez, plastikozko poltsak ahalik eta urrien kontsumitu, birziklatu…

Ziur aski, hau irakurri izanak ez du gustuko duzun desodorante hori -atmosferarentzat bonba itzela dena- erosi, plastikozko poltsan sartu eta autoan etxera itzultzea ekidingo. Alabaina, ez legoke gaizki gure arduragabekeria Kenia bezalako herrialde txiroek ordaintzen dutela gogoraraztea; izan ere, klimak ez baititu igorle eta hartzaileak bereizten, eta mezuak helbide okerrera banatzen baititu. Ez ahantzi, bada, Nazio Batuetako Idazkari Ban Ki Moon-en hitzetan, munduaren segurtasunerako mehatxurik handiena denaren aurrean ezer egin ezean, hurrengoan, behien ordez, gure senideak izan daitezkeela. Eta, apika, ez da okerreko helbidea izango.

Esteka interesgarriak:

 

Gazteenentzat:

, ,

5 Responses to Klimak postontzia irekitzen duenean

  1. eagirresarobe 2009(e)ko urriak 13 at 8:07 pm #

    Arrazoi biribila Garazi! Badirudi krisi ekonomikoa dela munduko arazo bakarra une honetan, baina ez, ez da munduaren arazoa, arazoa eragin eta euren akatsak pairatzen ditugun gizakiona baizik. Klima aldaketa, ordea, munduaren kontua da, naturarena eta krisiaren arazoak baino pisu handiagoa duela esatera ausartuko nintzateke. Izan ere, krisiak ez liguke lorik kenduko klima aldaketaren ondorio latzek mundua suntzituko balute. Azkenik, amaitu nahi nuke joan zen hilean burututako G-20aren bileran (“itxurakeriaren bileran”) “landu” zutena burura ekarriz. Zer erabaki hartu zen klima aldaketaren inguruan? Bat bera ere ez! Erregai fosilak erosteko diru-laguntzak etetea…bla bla bla. Neurri eraginkorrak behar dira, baina zoritxarrez, munduko “potentzia” handienei klate egiten hasi arte ez da ezer egingo.

  2. Maite 2009(e)ko urriak 14 at 9:23 pm #

    Klimaren aldaketaren ondorioei buruz zertxobait gehixeago jakin nahi baduzue, ez galdu gaueko 21:30ean, EITB 3n, estreinatuko den Teknopolis eraberritua. Minutukoa izango den Climatetrackers atala sartu dute eta bertan protagonistak animaliak izango dira, klima aldaketaren ondorioz arriskuan dauden animaliak. Ondo landutako artikulua, Garazi, eta informazio gehigarri interesgarria! 🙂

  3. Patxitrapero 2009(e)ko urriak 18 at 2:02 pm #

    Kaixo Garazi. Lehenik eta behin, zorionak artikuluarengatik, bikain bat gutxienez merezi du 😉

    Beste alde batetik, esango dizut gogoan hartzeko iristen zaizun informazio guztia, baina zaintzeko asko-asko beste jarrera bat, beroni toki txiki bat behintzat eskeiniz: eszeptizismoa. Asko lagunduko dizu bizitzan. (neri behintzat laguntzen dit)

    1985 urtean, “globe 2000” izeneko txosten bat kaleratu zuten. Klima aldaketaz eta. 2000. urterako, ia-ia munduaren akabera aurreikusten zuten. 2009an gaude, eta apenas aldatu da mundua 24 urte hauetan.

    Nik itsu-itsu sinistu nuen txosten hura. Alper-alperrik sufritu nuen bildur txoro bat, bolara luze batean.

    Nik Anton Uriarteren bloga irakurtzen det, oso gustora. Berarekin ere eszeptikoa naiz, hala komeni da, baina hainbat datu, oso kontuan hartzekoak iruditzen zaizkit.

    Hona, berotze globalaz BBCko artikulu bati egiten dion aipamena

    http://antonuriarte.blogspot.com/2009/10/la-bbc-se-sorprende.html

    Ea hamar urte barru topo egiten degun, eta ateratzen ditugun ondorio batzuk 🙂

  4. garazi.otegi 2009(e)ko urriak 18 at 3:24 pm #

    Epa Patxi! Bat nator zurekin eszeptizismoari buruz diozunarekin; arrazoia duzu, ez dago dena sinisterik, eta gustura hartu eta jarraituko dut zure aholkua. Egia da, ordea, bizimodu eroso onek ezin gaituela bide onetik eraman, eta beraz gure eskuetan dagoena, behintzat, egin beharko genukeela. Horretarako azaldutako oinarri zientifikoa erabat egiazkoa den edo ez… bai, agian ikusteke dago eta hamar urte barru atera beharko genituzke ondorioak. Eskerrikasko!!

Trackbacks/Pingbacks

  1. Twitter Trackbacks for euskaljakintza» Blog Archive » Klimak postontzia irekitzen duenean [euskaljakintza.com] on Topsy.com - 2009(e)ko urriak 12

    […] euskaljakintza» Blog Archive » Klimak postontzia irekitzen duenean berria.euskaljakintza.com/2009/10/12/klimak-postontzia-irekitzen-duenean – view page – cached DBHO 2. mailan Euskal Hizkuntza eta Literatura lantzeko bloga — From the page […]

Utzi erantzuna

-->