Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160

Leire Olaberria: “Dopatzea norberaren erabakia da”

Elkarrizketa hau prestatzen hasi aurretik, ez nekien zein izango zen nire elkarrizketatua. Aukera batzuk banituen, baina ziur bat ere ez. Orduan, Maiterekin hitz egin nuen eta nik emandako aukeren artean Leire Olaberriari egiteko esan zidan, aukera ona zela eta. Hau entzun bezain laster hasi nintzen galderak prestatzen, berarekin hitz egiten saiatzen eta, batez ere, elkarrizketa eguna bilatzen.

Eguna iritsi eta dena ia prest zegoen, kamera baino ez zitzaigun falta. Zoritxarrez, hainbat gelakidek ere egun berean adostuta zituzten hitzorduak, eta Maiteren buelta eta gorabehera batzuen ondoren, kostata, baina lortu genuen kamera elkarrizketa baino minutu batzuk lehentxeago. Ez zen hori guztia izan. Elkarrizketa bukatutakoan dena ongi atera zela frogatzeko, aita eta biok grabatutakoa begiratzen hasi ginen. A zer nolako ezustekoa! Bat–batean, konturatu ginen ez zegoela grabaziorik, eta berriz hasi behar izan genuen elkarrizketa osoa egiten. Eskerrak Leire, kirolari aparta izateaz gain, oso jatorra eta pazientzia handikoa den. Berriz grabatzen ari ginela, kamera itzali egin zitzaigun, bateria gabe geratu baitzen. Gauzak horrela, beldurrez geratu ginen elkarrizketa baliagarria izango ote zen galdezka. Maitek arratsaldean etxean begiratu eta esan zidan grabazioa bertan zegoela eta ez kezkatzeko. Nolako lasaitua hartu nuen dena ongi zegoela jakin nuenean! Esan behar da kamerak ez direla nire alderik indartsuena… Baina gatozen harrira. Jarraian, Leirerekin hitz egindakoa irakurri eta ikusteko aukera izango duzue.

Azkenaldian, zuri eginiko hainbat elkarrizketa ikusi ditugu. Denetan Olinpiadei buruz galdetzen dizute, baina inoiz gutxitan lehendik egindakoari buruz. Badakigu Olinpiadetan arrakasta lortu aurretik beste proba batzuetan lortu zenuela, adibidez, Munduko Kopan laugarren postua lortuz eta Espainiakoan lehena eginez. Zure ustez, Joko Olinpikoetan lortutakoak merezimendu handiagoa al du lehenago lortutakoak baino? Edo beste arrazoiren bat dago?
Hori ez da kirolarion gauza. Guk lan piloa egiten dugu, ondoren gure egitekoa ongi egiteko eta gure helburu garrantzitsuena, normalean, Munduko Txapelketa izaten da. Honen aurretik, Munduko Kopa jokatzen dugu eta entrenamendu gisa erabiltzen dugu. Oso jakina da, egun, jendeak prentsak adieraztera ematen duena dela jarraitzen duena, eta, antza denez, Joko Olinpikoek daukaten oihartzuna izugarria da. Orduan, kirolariok oso garbi daukagu Joko Olinpikoetan zerbait egiteak kirolaren munduan aukera ugari izatea suposatzen duela guretzat. Hala ere, adierazi behar da Joko Olinpikoak lau urtean behin izaten direla eta mundu guztiak mimo handiz prestatzen dituela. Jokoek zailtasun handia dute kirolari batentzat, baina, nire ustez, Joko Olinpikoak duten zailtasun maila Munduko txapelketa batek duenaren parekoa da. Esan duzun bezala, Munduko Txapelketan laugarren geratu nintzen, bertan lortu nuen, gainera, Joko Olinpikoetan egoteko txartela eta horrek nire bizitzan ez zuen inolako aldaketarik ekarri; alabaina, gero ikusi dugun bezala, Joko Olinpikoetan lan ona egiten duzu eta horrek badu bere eragina. Dena dela, aurretik esan bezala, ez da gure gauza, prentsaren eragina da eta, azkenean, jendeak ezagutzen du prentsak adierazten duena. Kirol moduan, nik pistako txirrindularitza egiten dut. Hau, kirol txiki bat da, baina gure ibilbide osoan aldi bakarra da beste edozein kirol moduan baloratzen dena eta hori Joko Olinpikoetan gertatzen da. Horrek izugarrizko garrantzia duela uste dut.

Badakigu orain dela lau urte hasi zinela bizikletan. Aurretik korrika aritzen zinen eta, esan didatenez, ez zinen batere txarra. Nolatan igaro zinen korrikatik bizikletara?
Nire ustez, bizitzan oso garrantzitsua da egiten duzun guztia gogoz eta ilusioz egitea eta nik atletismoan, urteak pasa ziren neurrian, ilusio edo gogo hori galdu nuen. Beti izan dut gustuko kirola, beti gustatu izan zait entrenatzea, baina bizitzan momentu bat iristen da, non erabaki batzuk hartu behar dituzun, eta nire ustez erabaki bat hartzeko momentu egokia da egiten duzuna gustatzen ez zaizula konturatzen zarenean. Erabaki hori hartzeko momentuan, pisu handia dauka zure ingurunea nolakoa den. Momentu horretan nire bikotea pistako txirrindularia zen eta berak sekulako gogoa zuen ni pistako txirrindu baten gainean jartzeko eta pixka bat errua berea ere izan zen. Hala ere, esan behar da, momentuan ez ninduela gehiegi erakarri, baina poliki–poliki bizikleta baten gainean oso gustura sentitzen hasi nintzen eta, gaur egun, egiten dudana oso pozik egiten dut, momentuan benetan gustuko dudana da.

Leire Joko Olinpikoetako podiumeanOlinpiadekin jarraituz, denok ikusi genuen zure irudia podiumean negarrez. Zein edo zer zenuen buruan? Zer sentitu zenuen bertan zeunden bitartean?
Askotan errepikatu dut eta egia da oso zaila dela hitzez adieraztea emozionalki sentitu duzuna. Lehen aipatu dugun bezala, nik kirolean ibilbide oso luzea izan dut, nahiz eta emaitzak nahikoa heldua naizenean iritsi zaizkidan. Eskertzen ditut ere bidean pasa zaizkidan gauza guztiak, denak ikasketa bat izan direlako eta, momentu horretan zaudenean, lagundu dizun jende piloaz gogoratzen zara eta une oso–oso berezia da. Nire ustez, bizitza osoan gogoratuko dudan momentu bat izango da, eta ez dakit inoiz berriro bizi ahal izango dudan; dena den, uste dut bizitzan behin bakarrik bizitzeagatik momentu hori bidean egindako lan guztiak merezi duela.

Lehen esan duzu Joko Olinpikoen ondoren bizitza aldatu zaizula. Zertan aldatu zaizu bereziki?
Nire bizitza pertsonala ez da aldatu. Neuk aukeratu dut nolakoa izan, oso gustukoa dut eta ez dut ezer aldatzerik nahi. Hori oso garrantzitsua da, hau da, bakoitzak zer nahi duen konfirmatzea. Beste aldetik, nire agenda nahikoa estutu da, leku pilo batera joateko eskaintzak ditudalako, baina entrenatzen ordu asko joaten zaizkit eta ezin izaten dut leku guztietara joan. Dena dela, oso garbi daukat nire lana entrenatzea dela eta hortik kanpo egin ahal ditudan gauzak edo egon ahal dudan lekuetan egongo naiz, baina nire entrenamenduak ez ditut sakrifikatuko, hau baita nire lanbidea.

Nolakoa da famatu baten egun bat?
Ni ez naiz famatu sentitzen. Neu oso zoriontsu sentitzen naiz, gustatzen zaidana egin ahal dudalako eta horrek bizitzeko modua ematen didalako. Nire egunak duela gutxi arte bezalakoak dira. Asko deskantsatzen dut, entrenamenduak gogorrak izaten direlako eta, agian, hamar orduko loa behar izaten dut eta posible badut hamabikoa. Ez naiz siesta egiten duten horitakoa, baina entrenamenduak lo ondo eginda errekuperatzen ditut eta, gero, beste edozein pertsonaren antzeko bizitza dut. Egia da lagunekin nahi baino gutxiagotan egoten naizela eta gutxi ikusten ditudala, baina, horrez gain, ordutegi normala daukat. Goizean entrenatzen dut, bazkaldu normal, arratsaldean entrenamendua baldin badut, entrenatu egiten dut eta hortik kanpo libre baldin banago, nire gauzak egiteko antolatzen naiz, baina ez dut ezer apartekorik egiten. Zure bizitza edo beste baten oso antzekoa da.

Leire eta Arantzazu 2Zure arrakastak pistako txirrindularitzan aldaketak ekarriko dituela uste al duzu? Jende gehiago erakarriko ote du?
Niri Joko Olinpikoetan asko gustatu zaidan gauza bat pistako txirrindularitzaren arrakasta izan da. Orain arte jendeak ez zekien ezta zer zen puntuazio proba bat eta, orain, lehen pistak erakartzen ez zuen bat, hurbiltzen zait eta konturatzen naiz molestatu dela proba hori nola den eta pistak dituen beste aukerak jakiten. Hori niretzat satisfazio handi bat da. Euskal Herrian, gainera, txirrindularitza oso gogokoa da eta afizio handia dago; hala ere, egia da pista askoz ere jende gutxiagok ezagutzen duela. Ondorioz, jendea kirol hau ulertzen molestatu izana arrakasta bat da niretzat eta horrela jarraitzen badu, hobe; dena den, hori ez da nire lana. Hala ere, niri norbait pistari buruz galdezka etortzen bazait, gustura erantzungo diot.

Ziklismoan oso entzunak dira dopin kasuak. Zer iruditzen zaizu dopatzea?
Dopatzea norberaren erabakia da. Egun errepideko txirrindularitzan positibo kasuak behin eta berriro daude eta, nire ustez, egoera kaskarrean dago. Pistakoan, hala eta guztiz ere, badirudi ez dagoela horrelako kasurik; Dena den, norberak dauka bere ibilbidea aukeratzeko aukera eta norberak jakin behar du gauzak nola eta zergatik egiten dituen. Gainera, nire ustez, dopinaren barnean errespetu handia eduki behar da, bakoitzak hartzen dituelako norberaren erabakiak. Alabaina, jakin behar da arau batzuk daudela eta arau horien barnean egon beharra dagoela eta jakin badakigu arau horietakoren bat saltatuz gero, arazoren batean sar gaitezkeela.

Hala ere, ez ote litzateke hobe izango proba motzagoak egitea dopatzea baino? Zuk zer aldaketa egingo zenuke?
Oso kuriosoa da; izan ere, lehen esan bezala, jendeak afizio handia baitauka, baina jendea ez da askotan jabetzen txirrindulari profesional batek bete beharra dauzkan eginkizun guztiez. Buelta batean, azkenean, hogeita bat egun dira eta etapa guztiak gogorrak egin nahi dituzte ikusgarriak izateko eta horrek sekulako desgastea dakar. Nik uste dut afizionatu batek berdin baloratuko lukeela kirolariaren esfortzua edo bere burua gainditzeko duen ahalmena, nahiz eta batez bestekoak horren handiak ez izan, nahiz eta etapak hain gogorrak ez izan. Azken batean, nire ustez, hori baloratzen baitu jendeak. Neuk pentsatzen dut ez dela beharrezkoa horrenbesteko ikuskizuna ematea eta afizionatu normal batek, nahiz eta etapak mantsoagoak izan, berdin jarraituko lukeela. Hala ere, interes piloa mugitzen da eta, nire ustez, horren ondorioz sortzen dira dauzkagun arazo guztiak.

Asteburuan oso ondo ibili zara Frantzian. Gainera, egun gutxi barru Munduko Kopara joango zara. Zein da zure helburua han?
Joko Olinpikoetan puntuazioan lortutako postuagatik, nire helburu garrantzitsuena Mundialerako klasifikatzea da eta hori lortu nahian noa Munduko Kopara. Puntuazioan jadanik klasifikatuta nagoela esan dezakegu, eta egiten dudan beste proban, jazarpenean, klasifikatzeko nago. Hasieran, jazarpenean finkatuko naiz, ea antolatzen dudan, baina garbi daukat nire lan onena puntuazioan egingo dudala. Agian, hurrengo Munduko Kopan puntuazioko emaitzak sakrifikatu beharko ditut jazarpen on bat egiteko. Hala ere, ni beti ongi egitera irteten naiz, lehiakorra naiz pista baten barnean eta, ez banago lehiakor, ez zait gustatzen lekuetara joatea. Oraingoz, nahikoa sasoi onean nagoela uste dut eta aurrean egotea gustatuko litzaidake, intentzioa hori da behintzat.

Leire eta Arantzazu 3Munduko Koparen ondoren, atsedenik hartu behar al duzu edo lehiaketan jarraitzeko asmoa duzu?
Aurten Munduko Kopa luze egingo da guretzat. Orain arte lau txanda izaten genituen eta orain bost izango ditugu. Ondoren, gainera, Mundiala dator. Ondorioz, martxora arte ibili beharko dugu lehiaketetan. Dena dela, aurreneko probetan lortutako emaitzek asko markatuko dute ibilbidea, saio gehiago edo gutxiago egiteko. Nire intentzioa hiru Munduko Kopetan egotea da, Mundiala garrantzitsuena izanez. Hau guztia egin ondoren, ez naiz geldirik egongo. Hala ere, uda aldera, pistako lana lasaitu egiten da, martxotik abuzturaino gutxi gorabehera, beraz, errepidean arituko naiz entrenamendu gisa oso ondo etorriko baitzait.

Orain Cespa-Euskadi taldean zaude. Inoiz pentsatu al duzu taldea utzi eta ospe handiagoa duen batera igarotzea?
Ez, nire ustez oso garrantzitsua da zauden lekuan gustura egotea. Nik Cespari asko zor diot txirrindulari izateko amets honetan inork ezagutzen ez ninduenean, nire alde apustu egiten zuelako eta gaur egun gustura nago nagoen lekuan. Nik gustura nagoen lekuan jarraituko dut. Eskaintza berriak egongo dira, baina dirua ez da dena eta nire erabakietan pisu asko du ongi egoteak.

Esan behar da Ikaztegietan jaio zinela eta bertan jaiotako hainbat ospetsu ere badagoela. Jose Ramon Eizmendi, futboleko entrenatzailea; Juan Jose Olaberria, politikaria; Iñaki Zubeldia, idazlea; zu zeu… Zer dauka berezia Ikaztegietak? Metodo edo trikimailu bereziren bat al dauka?
Ikaztegieta oso herri txikia da, laurehun biztanle inguru izango ditu. Bertako jendea oso jende umila eta xumea da. Arrakasta lortzeko unean, nire ustez, norberak gustuko duena egiteko aukera badu, errazago da eta gainera horrek bizitzeko modu bat ematen badizu, hobe. Lehen esan dituzun horiek, nik bezala, lana ongi egiten saiatuko ziren, ondoren etortzen da jendeak gehiago edo gutxiago ezagutzea. Ondorioz, esan genezake, Ikaztegietan ez dagoela metodo edo trikimailu berezirik.

Lehen esan duzu ilusioagatik igaro zinela korrikatik bizikletara, orain zure buruan beste kirolen bat agertzen al da edo oraindik badaukazu behar den ilusio edo gogo hori?
Momentuz, pasatu diren gauza guztiengatik, nire ilusioa tope dago. Inoiz ez nuen pentsatuko nire kirolaren inguruan horrelako egun berezi bat pasatzeko aukera izango nuenik. Hala ere, nire aurretik eta atzetik geratu direnei errespetu handia diet, kirolari handitzat jotzen ditut eta behin beraien artean borrokan sartzen zarenean, hortxe egotea gustatzen zaizu. Gainera, Olinpiadekin nire bizitzako amets bat bete dut eta hemendik aurrera nire helburuak kalkulatu beharko ditut. Amets egiten dut, Munduko txapeldun inoiz izateko, baina beste amets bat da. Saiatuko naiz lortzen eta saiatu ondoren lortzen badut, ongi eta, bestela, ikusten badut saiatu naizela eta nire aldetik daukadan guztia eman dudala, konformatu egingo naiz.

Mila esker, Leire, zure denbora garrantzitsuaren zati bat emateagatik eta ea Munduko Kopan ondo ibiltzen zaren. Zorte On!
Mila esker zuei eta esan beharra daukat oso gustura egon naizela.

Momentuan esan nion bezala, asko eskertzen dut Leirek eman zidan aukera, esan beharra baitago elkarrizketa hau lehengo larunbatean, hilak 18, egin nuela eta hurrengo asteazkenean, hilak 22, bazihoala Munduko Kopan parte hartzera. Ez dago esan beharrik, entrenamenduz beterik zuela bere agenda. Ondorioz, entrenamenduen artean zuen tarte bat eskaini zidan eta hori ez du edonork egiten. Gainera, bi aldiz grabatu behar izan genuen elkarrizketa eta berak izugarrizko pazientzia duela erakutsi du, horrek ere izugarrizko meritua dauka. Mila esker, Leire, eta zorte on Munduko Kopan, Munduko Txapelketan sailkatzen bazara, seguru baietz, eta ondoren izango dituzun beste proba guztietan.

,

7 Responses to Leire Olaberria: “Dopatzea norberaren erabakia da”

  1. eagirresarobe 2008(e)ko urriak 26 at 2:09 pm #

    Leireren moduko kirolariek, beste ezer baino lehen, langileak direla erakusten digute eta ametsak lortzeko borrokatu eta ahalegindu egin behar dela. Ahalegin horien emaitzak askotarikoak izan daitezke, ordea, eta badira lan eta lan egin eta Leireren lorpenetara iritsi ez direnak. Erdiespen horiek lortu eta lortu ez dituztenek ere, ondo merezita dute guztion eskerrona.

  2. Iñaki 2008(e)ko urriak 27 at 9:50 pm #

    Zorionak elkarrizketarengatik Araaaaaaan! O:-)

  3. eneko 2008(e)ko urriak 29 at 10:15 pm #

    Eztizenekin ados nago. Hemen ikusten da garbi, zerbait lortu nahi baduzula ahalegin bat egin behar duzula. Ez da erraza, noski. Baina Leire asko saiatu da eta gogor entrenatu da. Zorionez, azkenean lan horrek fruitu ona eman dio, Joko Olinpikoetako brontzea!

    Zorionak Arantzazu! Elkarrizketa oso interesgarria.

  4. xzabala 2008(e)ko azaroak 6 at 10:41 pm #

    Eztizen eta Enekorekin erabat ados nago, Leirek bezain besteko meritua dute sustantzia dopatzaileak alde batera utzi eta norberaren lan eta esfortzuaz baliatzen diren kirolariek.Hala ere, denek ezin dute txapeldu izan, onenak bakarrik lor dezake ohore hori eta onena kasu honetan Leire izan da.
    Oso artikulu interesgarria. Zorionak!!

  5. Maite 2008(e)ko azaroak 21 at 11:41 pm #

    Arantzazu, badakizu Leirek zilarra irabazi duela pistako Munduko Kopan? Hementxe Berrian irakurri dudana…

    Zorionak Leireri euskaljakintzatik eta zorionak zuri ere elkarrizketa bikain honengatik! 😉

  6. arotegi 2008(e)ko azaroak 25 at 8:48 am #

    Bai, Maite irakurri nuen bai aldizkarian eta asko poztu nintzen merezi zuen eta.

    Zorionak Leire eta segi horrela!!! =D>

Trackbacks/Pingbacks

  1. euskaljakintza» Blog Archive » Ongi etorri euskaljakintza 5era! - 2009(e)ko urriak 8

    […] testuetatik hasi eta iritzi testu konplexuenetaraino. Euskal kulturan ezagunak diren pertsonaiei (kirolari, sukaldari, musikari, idazle…) eginiko elkarrizketek ere aparteko garrantzia hartu dute […]

Utzi erantzuna

-->