Lo egiteko bidaia

Aurrekoan, nire lehengusu txikiarekin Bilbora autoan nindoala, 4 aldiz galdetu zuen ea iritsi ginen, baina behin eta berriz erantzun bera jaso zuen: EZ! 7 urteko lehengusua ere kontziente zen gurasoek euren artean aipatutako legedia berriak ekarritako ondorioez. “Aita polikiegi zoaz, berandu iritsiko gara!” “Barkatu, baina pixka bat azkarrago joanez gero isuna jarriko digute”.

Argi eta garbi ikusten da abiadurari lotutako legedia berri honek zeresan handia ekarri duela. Autobietan eta autopistetan 110 kilometro orduko abiaduran zirkulatu ahal da gehienez. Petrolioa garestitzen ari da, eta Alfredo Perez Rubalcabak dio petrolio barrila hamar euro igoz gero, 6.000 milioiko gastua ekarriko lukeela. Horregatik, abiadura berri honetan ibiliz gero, 18 milioi aurreztuko liratekeela aurreikusten da, hau da, 1.400 milioi euro. Neurri hau petrolioaren arazoa amaitu bitartean izango dela diote, uztailera arte gutxienez.

Egia esan, datu hauek ikusita, teorian aurreztu beharko litzatekeena kopuru handia izango litzateke, baina egia izango ote da kopuru hori aurreztuko dugula? Zuen ustez, abiadura maximo hori errespetatuko al da?

Galdera hauek ez dira oso zentzuzkoak; izan ere, garbi dago ez direla neurri hauek beteko. Pazientzia handia behar da kilometrotako bide zuzen batetik abiadura horretan joateko. Gainera, denbora asko beharko litzateke helmugara iristeko. Hau ikusi eta gero, dirua aurreztea bada helburua, ez al da diru mordoa gastatu seinale aldaketarekin? Ez hori bakarrik, lege hau bete dadin eta jendeak muga hauek errespeta ditzan, radar gehiago jarri dituzte. Honek ere gastua izango zuen, ez?

Beste ildo batetik, badago nor edo nor hartu berri diren neurri hauek isunen bidez dirua irabazteko metodo bat baino ez dela esaten duenik. Egia esan, ez da inolako astakeria; izan ere, zenbait lekutan abiadura hau motzegi gelditzen baita. Honen aurrean, jendeak azeleragailua zapaldu eta, konturatzerako, abiadura muga pasa du.

Honela, hasieran kontatzen ari nintzen pasartearekin jarraituz, Bilbora iritsi ginen, baina gidaria ez zen gai izan abiadura horretan bide osoa egiteko, lehengusu txikiari jaramon egin behar izan zion autoa 120an jarriz. Honela, bada, hirira iritsi aurretik radarrak argazkia atera zigun. Arazoak arazo, aurrezteko jarria den neurri honek gure bidaia garestitu zuela esan daiteke.

, , , ,

One Response to Lo egiteko bidaia

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.