Lurrak minbizia dauka

Ofiziala da jadanik. Lurra oso gaixo dago, eta egora oso larria da. LURRAK MINBIZIA DAUKA!

Aspaldi hasi zitzaizkion lehen sintomak. Ondoezak, hotzikarak, dardarizoak, botagura… Dirudienez, CO2 gehiegi arnasten du eta horrek izugarrizko sukarra eragiten dio, eta horrenbeste igo zaio sukarra non bere izotzezko begirada hori urtzen ari zaion. Negar zotinka ari da eta bere aurpegia urak estaltzen du jada, zati handi batean. Galdu du bere irribarre eder hori, garai batean mendira joan eta bertatik ikusten zenuena, dena berde-berdea, eta zuhaitzez betea, eta lorez, eta ibaiez, errekaz, lakuz… Orain azala lehor-lehor dauka, hori-hori, pikorrez beteta. Eta eguzkiak gogor jotzen dio. Gainera, eguzkitik babesteko zuen biserak zulo handi bat dauka orain eta bertatik iristen zaizkio izpi guztiak azalera. Lurra babesik gabe dago. Eta honek guztiak ondorio tamalgarri bat dakar: Lurreko bizitza desagertzen ari da. SEIGARREN SUNTSIPEN MASIBOAREN AURREAN GAUDE!!! Eta hori gutxi balitz, gu gara Lurraren gaitz sendaezin honen kausa.

Lurra behin baino gehiagotan egon da kinka larrian. ActionBioscienceblogean Niles Eldredgek adierazten duenez, seigarren suntsipen masiboa da hau (batzuk zazpigarrena dela diote). Ezagutzen den lehenengoa duela 440 milioi urte gertatu zen klima aldaketa baten ondorioz, lurreko bizidun ia guztiak desagerraraziz. Esaten dutenez, bizitzaren %95 desagertu zen. Baina suntsipen guztien artean ezagunena Cretaceo garaian gertatu zena izan zen, duela 65 mila urte. Pentsatzen denez, kometa batek Lurrarekin talka egin zuen eta garai hartako animalia eta landare ia guztiak suntsitu zituen. Bertan dinosauroak desagertu ziren besteak beste. Suntsipen hauetan guztietan, kometarenean izan ezik, aldaketak pixkanaka-pixkanaka eman ziren. Tenperatura aldaketak, poloen urtzeak, glaziazioak… milioika urte pasa ziren faunan eta floran eragin zuzena izan baino lehen. Animalia eta landare batzuk hobe egokitzen ziren aldaketa horietara eta horregatik biziraun egiten zuten eta gehiengoak, berriz, ez zuen lortzen ekosistema berrira egokitzea: desagertu egiten ziren. Izan ere, klima aldaketa batek milioika urte irauten du. Adituek diotenez, Lurrak askotan ezagutu ditu bi poloak erabat urtuta eta alderantzizko egoera ere bai, ia mundu osoa izoztuta. Baina oraintxe aipatu bezala, bizitzak egoera horietara egokitzeko denbora izan zuen. Oraingoa, berriz…

80 BIZIDUN ESPEZIE DESAGERTZEN DIRA EGUNERO
Lurraren tenperatura abiadura bizian ari da igotzen. Julio Lopezek bere blogean dio urtero 0,2ºC eta 0,5ºC artean igotzen dela lurreko tenperatura, horrenbeste entzuten den berotegi efektuaren ondorioz. Honen ondorioz, natura ari da saiatzen bere ekosistema aldatzen; adibidez, basoak mendian gero eta altuago sortzen dira, baina aldaketak hain handiak ari dira izaten -nahiz eta guri ez iruditu-, non ez baituen denborarik ematen ezertarako. Horregatik, ekosistema ugari desagertzen ari dira: basoak, lakuak, ibaiak… Hauek desagertzearekin batera, bertan bizi diren animalia guztiak ere desagertzen dira, ekosistemaren kate osoa erabat hautsiz. Lopezek dioenez, zientzialarien aburuz, 80 espezie desagertzen ari dira egunean, 28.000 urtean eta martxa honetan jarraituz gero, hemendik mila urtera bizitza osoa desagertuko da lurrean, gizakia barne. Eta hau irakurritakoan jendeak esango du: “Oraindik asko geratzen da!” Baina ez da horrela, azken batean, zer dira mila urte? Mila urte ez da ezer. Mila urtetan ez du denborarik ematen baso bat basamortu bihurtzeko; mila urtek ez dute denborarik ematen poloak erabat urtzeko; edota ugaztun guztiak desagerrarazteko; edota… Baina bizitzaren desagerpen masibo honetan hori posible dela ere ikusten ari gara, eta lehenengo aldiz bizidun batek beste guztien suntsipena ekarriko du. Guk ekarri dugu suntsipena Lurrera, eta gure suntsipenaren bidean goaz.

Zalantzarik gabe gizakiak sortu du txikizio hau. Gu izan gara sutea sortu duen metxeroa, lurrikararen epizentroa, urakana sortu duen haize bolada. Duela 100.000 urte azaldu ginen lurrean, eta Lurraren kontrola hartzen joan ginen. Lehenengo mundu osora zabalduz eta gero, pixkanaka-pixkanaka, lurralde bakoitzean gure legea inposatuz, gizakien diktadura ezarriz. Gure industriak eraiki genituen eta inguruneak kutsatu (CO2 eta euri azidoarekin); ibaiak zikintzea ere gure ardura izan zen; basoetara sartu ginen motozerrekin, zuhaitz guztiak botaz; barku erraldoiekin itsasora sartu ginen, milaka arrain batera arrantzatzera… Istorio luzea da. Ekintza hauek guztiak, hala ere, ez dira nahikoa orain jasaten ari garen suntsipen hau azaltzeko. Baina badago arrazoi nagusi bat: SUPERPOPULAZIOA.

Arestian aipatu dugunez, suntsipen honek besteen aldean duen desberdintasuna aldaketak ematen ari diren abiadura eta aldaketa hori gizakiok sortua dela, hau da, ez dela modu naturalean eman. Hori guztia gertatu da gizaki gehiegi bizi garelako Lurrean. Erdi Aroan pentsatzen zen 1.000 milioi pertsona bizi zitezkeela munduan. Julio Lopezek bere blogean dioenez, 1999. urtean 6.000 milioi gizaki bizi ziren munduan. Gaur egun, 8.000 milioi inguru bizi gara eta 2030erako 10.000 izango garela diote adituek. Horregatik, aurreko paragrafoan aipatu ditugun ekintza horiek guztiak gero eta neurri handiagoan egiten ditugu. Kyotoko Protokoloa sinatu dugu, baina gero eta gizaki gehiago garenez, gero eta kotxe gehiago erabiltzen dugu eta gero eta CO2 gehiago emititzen dugu atmosferara. Gero eta elikagai gehiago behar ditugu eta, horregatik, arrantza eta ehiza masibora jo dugu. Gero eta zabor gehiago sortzen dugu eta, horren ondorioz, kutsadura mundu guztira zabaltzen ari gara.

Beraz zer esan dezakegu amaitzeko? Bada, seigarren suntsipen masiboa abian dela, eta jada ezer gutxi egin daitekeela Lurrean orain ezagutzen dugun bizitza aurrera ateratzeko. Nik, hala eta guztiz ere, gizakiak honi buelta emango dion esperantza daukat. Gaur egungo gazteok daukagu etorkizuna ongi gauzatzeko bidea. Gure ondorengoei zor diegu. Eta sinisten dut, egunen batean gizakiak begiak ireki eta soluzioa aurkituko duela. Izan ere, badakizue zer esaten duten: “Gizakia bakarra eta apartekoa da”.

Hona hemen aurkitu dudan diapositiba bat. Sentitzen dut baina gaztelaniaz dago.

, , , ,

6 Responses to Lurrak minbizia dauka

  1. Carlos 2011(e)ko azaroak 18 at 3:30 pm #

    Artikulu interesgarria benetan, Jau. Arrazoia daukazu, sekulako suntsipena ari gara egiten lurrean eta ez gara hortaz konturatzen edo hobeto esanda, beste alde batera begiratzen dugu.
    Asko gustatu zait artikulua, batez ere sarrera hori, ederki asko islatzen baitu egoera, segi zak horrelako lanekin!

  2. Mikel Aiestaran 2011(e)ko azaroak 18 at 4:52 pm #

    Hasi nahiz irakurtzen eta ezin izan dut gelditu bukatu arte. Ez nekien horren kalte handia jasaten ari zela gure planetak. Orain konturatu nahiz zerbait egin beharra dugula eta lehenengo pausua bakoitzak eman behar duela. Artikulua benetan txundigarria Iñigo. Espero dut ondorioren bat edukitzea irakurleengan.

  3. Iñigo J. 2011(e)ko azaroak 18 at 4:53 pm #

    Eskerrikasko Carlos. Bai nire ustez zerbait egin beharra daukagu egoera honeik eta behereala. Nire ustez gutako bakoitzak lagundu dezake eguneroko ekintza txikiekin: birziklatu, konposta egin, garraiobidepublikoak gehiago erabili…

  4. Irati 2011(e)ko azaroak 18 at 6:48 pm #

    Benetan uste duzue eguneroko ekintza txikiekin arazoa konponduko dela? Ondo dago birziklatzea, garraio publikoa erabiltzea, konposta egitea… baina arazoa ez da horrela konponduko. Lurrak eskaintzen duena baino gehiago kontsumitzen dugu eta hori lurralde batzuetako biztanleek egiten dugula soilik. Imajinatzen duzue zenbat egun iraungo zuen munduak txinatarrek eta afrikarrek guk bezain beste kontsumituko balute? Garbi dago daukagunarekin baino gutxiagorekin konformatzen ikasi beharko dugula, eta horrek gizarte osoaren aldaketa eskatzen du.

  5. Lierni 2011(e)ko azaroak 19 at 1:14 pm #

    Bat nator Iratirekin, dagoeneko beranduegi da eguneroko ohiturak aldatuz gure planeta GUZTIZ sendatzeko. Etorkizunean pasako dela badakigun hori atzera dezakegula? Akaso. Baina MUNDU MAILAKO ALDAKETA da behar dena, Kyotoko Protokoloa sinatu duten herrialde horiek CO2 emisioak gutxitzen dituzten bitartean AEB edo Protokolotik kanpo dauden beste zenbaitek hauek bikoizten jarraitzen duten bitartean, egoerak okerrera egingo baitu. Artikuluari dagokionez, lan txukuna, Iñigo! =D>

  6. Iñigo J. 2011(e)ko azaroak 19 at 1:59 pm #

    Noski eguneroko ekintza txikiekin ez dela nahikoa, baina horiek ere behar-beharrezkoak dira, (eta denak inplikatu beharko ginateke bai AEB, bai Txina, bai India…) Eta nire ustez eguneroko ekintza txiki horietan sartzen da ere gutxiago kontsumitzearena, hainbeste pertsona garenez, ekintza txiki horiek izugarrizko emaitza onuragarri handia ekar dezaketelako. Arazoa hor dago, nola mundu osoa horretaz jabetuarazi

Utzi erantzuna

-->